HITZAURREA

 

«Oscar —poéte-forçat—» bezala sinatzen du Wildek, bere bihotzeko Bosieri bidalitako eskutitzetako bat, agian, maskarek balio izan ez zioten ara bakarrean: Readingen. Beste poeta batek zioen legez badira bi gauza, ondo tristeak direnak: tximeleta saldoa, itsasoan barneratzen eta Oscar Wilde Londoneko geltokian eskuak lotuta eta, guztien isekak pairatuz, Readingerako bidean.

        Bere jenioa bizitzan txertatu omen zuen eta, soilik talentua bere obran. Horregatik dira behar bada hain banagaitzak biak. Horregatik egiten zaigu hain zaila, hitzaurre hau egitea, poetaren bizitzari erreferentziarik egin gabe. 1854. urtean jaio, eta 1900.ean hil zela aipatu gabe; irlandarra zela baina ingelesez idatzi zuela; «dandy»-aren estetikaren eredu izan zela, eta bere bizitza arruinatu zuen homosexualitatearen aferaz hitzegin gabe ezin gelditu bada.

        Baina horiek guztiak sakontzeko beste iturri gardenagorik izango delakoan gure hitzaurretxo honetan Oscar Wilderen antzerkiaz arituko gara, eta batez ere, gaur itzulita kaleratzen dugun «Salome» ekintza bakarreko drama honetaz.

        Hitzari hizbidea emanez esan dezagun gure autoreak frantsesez idatzi zuen obra bakarraren aurrean gaudela. Ez da harritzekoa, estraina iruditu dezakeen bezala, kontutan hartzen badugu hizkuntza honi buruz zeukan miresmena. Idatzi ere idatzita utzi zuen: «Frantsesa naiz bihotzez, irlandarra jatorriz eta ingelesek behartua Shakespeareren hizkuntza mintzatzera». Azken-azkenean kartzelatik atera eta Parisek arindu bait zion hondar urteetan, atzerriaren ardo garratza. Orduan idatzi zuen ondoko hau, zoritxarrez gutxi iraungo zuen baikorraldi batean: «Jakina, asko galdu dut; halaere Will maitea, gelditu zaidanaren inbentarioa eginez: eguzkia, eta lur eder honetako itsasoa, urrez lausoturik goiz txintak eta, gau eiskegi zilarrezkoak; aunitz liburu eta loreak oro eta adiskide apurren batzuk; eta burua eta gorputza, indarra eta osasun faltarik ez dutena... »

        Parisen bertan izkribatu zuen gainera antzerki hau Wildek, kartzelan sartu aurretik 1891. urteko azaro eta abenduan. Bere azken orrazkeretako frantsesa Pariseko lagun batzuk errepasatu zioten eta dirudienez ez omen zituen haiek azaldutako ohar guztiak zuzendu. Berehala atera zen urtebeteren buruan (1894) ingeleserako tranlazioa Bosie, «bere mutilak» egina eta segurasko Wildek berak zuzendua. Azken edizio hau Andrey Beardsleyk ilustratua azaldu zen, nahiz eta gure irlandarrari gehiegi gustatu ez [1].

        Obraren estrenoak Parisen, kartzelan harrapatu zuen autorea eta dirudienez bere Readingeko kondizio beltzak arintzeko balio izan omen zuen estrenaldiak. Londoneko estrenaldia Lord Chamberlain zensoreak debekatu zuen, bertan pertsonaia biblikoak azaltzen zirelako. Salomeren papera Sarah Bernhardt orduko aktoresa famatuak jokatu behar omen zuen. Richard Straussek bestalde, 1907. urtean opera paratu zuen testu frantsesa hartuta, Herodesen papera tenore batek egiten zuelarik, Herodiasena mezzo-sopranoak, Salomerena sopranoak, eta Iokanaanena baritonoak.

        Beste lau komedia egin zituen Wildek: «Lady Windermereren abanikua», «Garrantziarik gabeko emakumea», «Primerako senarra» eta «Erneast deitzearen garrantzia.» [2].

        Azken honek badu hain zuzen ere, Salomerekin batera heltzeko muturra. Bi antzerkiotan erabiltzen diren gaiak «Dorian Grayren Erretratua» nobelan dagoeneko esbozatuak bait daude: alde batetik gaizkiaren tentaldia «Salomen» eta gizartearen iseka «Erneast deitzearen garrantzian». Alderdi formala ere, amankomun dute biek, estetika eta, sensualitateari gorpuzkera linguistikoa ematearen saioan. Halaere, esan genezake «Erneast...» aurreko prezedenteen fruitu dela, eta «Salomek» berriz «Dorian Gray» duela iturburu zuzena. Bi gizarte ezberdinetarako idatzi bait zituen, ez alferrik, bi antzerki lanok: Ingalaterrakoa eta Pariskoa.

        «Reading Espetxeko Baladan» ere hizneurtuz ondua dago «Salome» antzerki lan honetan azaltzen den gai nagusia:

 

«Baina gizon orok hilerazten du maite duena, entzun, entzun guztiok

Zenbaitek begirada, mingotsez, hita arinez besteek,

Ankerrak laztan batez, zangarrak ezpataz.

Zenbaitek gazteetan hilerazten du bere maitea, zahartzaroan besteek; Errukiberatsuenak aiztoa erabiltzen du, hila azkar hoztu dadin... »

 

        Horregatik, Salomek hainbeste maite duen Iokanaan hileraziko du. Eta, Herodesek Salome hiltzeko agindua emango «gehiegi behatu duelako». Siriar Gazteak berak ere bere buruaz beste egingo du, sarriegi behatzen bait zuen bere burua ibaiaren ispiluan...

        Salome aunitz egon zen XIX. mendearen bigarren erdian, «Fin-de-Siécle» delakoaren osagai funtsezkoa izatera helduz. Gogora ditzagun gaur plazara dakargun O. Wilderenarekin batera, Mallarmeren «Hérodiade», zeina, ez baita Salomeren goitizen erritmikoagoa besterik eta Flauberten «Salambó». Gogoratu gazte birjin hura helkaitza oso, jauregi luxo haundikoetan ezkutatuta, melankoniari astia emanez.

        Dekadentzia estetikoaren aldia da.

        Hiztegian bertan ere antzematerik dago, «Dorian Gray»tik hasita: amodioa, eta, heriotza (Gogoratu Pierre Louys «maitasuna herioa bezain indartsua baita») odola, arnoa, eta, era guztietako kolore, usain exotiko, harri bitxi, marfilak eta zura arraroak.

Hitzek elkarketaren bidez sentsazioaren mundura garamatzate.

        Hala ere, Salomek ezaugarri nabarmena baldin badu, hori hizkuntzaren melodia da. Ez zuen alferrik frantsesez ondu bere lana. Esaldiak laburrak dira, agian Maeterlincken eraginez Peter Funkek dioen bezala. Garai bateko Timeseko kronikalari batek frantses gramatikaren antza ere hartzen zion, laburraren laburrez. Baina hala aliterazio eta paralelismoen bidez, nola gauzak behin eta berriz gogaigarriro errepikatuz denboraren kurpilean lotuta bagina, Itun Zaharraren kutsu eta giroa txertatu nahi izan zuen bere lanean. Itun Zaharra bai, eta aintzinako ingeles baladen estribillo usaina, autoreak berak Douglasi igorritako gutun batean adierazten dion bezala:

 

«Balada da drama erromantikoaren benetako jatorria. Shakespeareren prekursoreak ez dira griego eta latina, eszenako, trajikoak, Esquiloitik Seneca bitartean, eizpadira, mugaldeko baladen egileak. «Gilderoy» bezalako balada batean, «Romeo eta Julieta» erromanzelaren hazia aurkitu da [...] Salomen behin eta berriz errepikatzen diren esaldiak, motibo ezberdinak elkarren artean bilduz musika pieza batelan bezala, aintzinako baladen estribilloen kideko artistikoak izan ziren eta dira neretzat» [3].

 

        Bestalde, adjetiboak, maiz antitesia bikoteetan agertzen dira: eder / izugarri; mingots / gozo... Wildek, objetuak sortzen duen sentsazioa deskribatzen du eta ez objetua bera. Sensualitatezko itomena nabarituko du irakurleak orrialdeetan barrena. Ez du Peter Funke, bere biografoak dioen bezala, Mallarmé eta Maeterlinck bezalako sinbolista batzuk lortzen duten sakontasuna. Wilderenak, gehiago dira pintore inpresionista baten pintzelada trinko baina solteak. Hainbestetan agertuko diren arnoa, harribitxiak, marfila, usoak... elkarketa sentsitiboak sortzearren azaltzen dira. Ez dute agian, sinbolismo sakonegirik. Horregatik konparaketa moduan agertzen ditu: «usoen antza dute», «arnoa bezain gorriak dira»...

        Eszena osoan zehar, ilargiaren presentzia itogarria izango da. Ilargi zilarrezko baten sorginkeriapean gertatuko dira gertatu beharrekoak. Ilargiaz aritzean pertsonaia bakoitzak bere irriki eta leihak azalduko ditu. Beren solasetan pertsonaiek ez diote elkarri erreparatzen. Ez dute elkarrekin hitzegiten, areagotuz horrela berez haundia zuten isolamendua. Nolabaiteko nostalgia erotiko baten paradisuan mugitzen dira hara eta hona, sonanbuluen gisara. Edertasun eta izuen zaztadeei soilik kaso egiten diete. Alde batetik, beldur dira edertasuna zuzenean behatzeko eta bestetik, ezin kendu sorik edertasunetik. Sorginduak bezala daude. Herodesek erabakitzen du auzi hau azken aldean, bere maskarapean ezkutatzen den Wilderen eritzia, azalduz: «Ezin dira ez gauzak, ez gizakiak behatu. Ezin da mirailetan ezik behatu. Zeren mirailetan maskarak soilik ageri bait dira... »

 

Inazio Mujika Iraola

87ko Udazkena

 

        [1] Aubrey Beardsley (1872-1898), Ingalaterrako dekadentismoaren marrazkilaririk haundienetakoa. «Art Nouveau» delakoarekin zerikusia izan zuen. Giro dekadente, eskisito eta satanikoak agertuko ditu bere lanetan.

        [2] «Lady Windermere's Fan», «A Woman of No Importance», «An Ideal Husband», «The Importance of Being Earnest».

        [3] Wilde, Oscar. Cartas a Lord Alfred Douglas. Tusquets ediciones, Marginales 96. Mayo 1987. Barcelona. Prólogo y notas de Luis Antonio de Villena.

 

OHARRA ITZULPENARI BURUZ. Itzulpenari dagokionean esan beharra dago, Duvoisin eta Axularren kutsua eman nahi izan diodala testuari. Arrazoiak asko dira eta ez guztiak arrazoizkoak. Alde batetik giro eta estetika dekadentea jasotzeko hobea iruditu zaidalako eta bestetik garaikideak izaki, Duvoisin kapitainak Salomeren pasartea, Bible osoaren barruan itzulita zuelako.

 

 

 

© Inazio Mujika Iraola

 

 

 

 

"Oscar Wilde / Salome" orrialde nagusia

Oscar Wilde euskaraz