HAMARGARREN ESKENA
AIPATUTAKOAK eta POPOVA
POPOVA: (Pistola batzurekin sartzen da). Hementxe dira pistolak, baina, elkarrekin borrokatu baino lehen, tiroa botatzen erakutsi beharko didazu. Ez dut sekula eskuartean pistolarik eduki.
LUKA: Lagun diezagula Jaunak! Korrika joango naiz lora-zaina eta kotxe-zainaren bila! Nola erori ote zaigu buru gainera hau? (Ateratzen da).
SMIRNOV: (Pistolak aztertzen). Zera begira... Pistola mota batzu aurki daitezke. Mortimer deiturikoak daude, dueluetarako bereziki. Zuk dituzunak Smith eta Vesson sistemei dagozkie, hiru tiro botatzen dituzte. Pistola apartak horiek! Bikoteak balioko ditu hogei rublo gutxienez! Horrela eutsi beharko duzu!... (Bazter batean). Ze begiak!... Nolako emakume kiskalgarria!
POPOVA: Horela?...
SMIRNOV: Bai, horrela... Gero katua altxa eta honela apuntatu... Burua, piska bat atzeragoxeago botata eta eskua, behar bezala zabalduta... Horrela... Gero, gauzatxo honi ematen diozu behatzarekin... horixe da dena. Arau bakar bat da garrantzitsua, lasai egotea eta presarik gabe apuntatzea... Saiatu behar da eskua ez dardarrean ibiltzen.
POPOVA: Ondo... Baina ez da erosoa gela batean borrokatzea. Goazen lorategira.
SMIRNOV: Goazen. Gauza bakarra esango dizut... Airean botako dut.
POPOVA: Horixe falta zitzaigun! Eta zergatik?
SMIRNOV: Ze... Ze... Zergatia nire gauza da.
POPOVA: Koldartu egin zara, ezta ... Kontxo! Ba ez Jauna! Ez zara orain itzuli-mintzulika ibiliko! Etorri nirekin mesedez! Ez naiz lasaituko zure kopeta zulatu arte! Hain higuingarri zaidan kopeta hori! Koldartu egin al zara?
SMIRNOV: Bai koldartu egin naiz.
POPOVA: Gezurretan ari zara! Zergatik ez duzu borrokarik egin nahi?
SMIRNOV: Ze... Ze... atsegin zaitut.
POPOVA: (Irri gaiztoarekin). Atsegin nauzula orduan? Ausartzen al zara atsegin nauzula esaten? (Atea seinalatuz). Alde hemendik! (SMIRNOVek, ixilik, pistola erortzen uzten du, bere txanoa hartzen du eta ate aldera abiatzen da. Bertara heltzean, atzera begiratu eta minutu batez, emakumeak eta biek elkarri begiratzen diote, elkarri hitzik ere esan gabe. POPOVarengana hurbiltzen da zalantzarekin).
SMIRNOV: Entzun... Haserretuta jarraitzen al duzu?... Ni ere oso amorratua naiz, baina ulertuko duzu... Ez dakit nola adierazi... Zera... Ikusi... honelako historiak... Hau da... (Oihu batekin). Atsegin zaitudala, eta nik al dut errua? (Bi eskuekin aulkia heltzen du, honek zart egiten du eta puskatu egiten da). Demontre! Hau da mobiliari hauskorra daukazuna!... Atsegin zaitut!... Ulertzen al didazu?... Zorabiaturik naukazu!
POPOVA: Alde nire bistatik. Ezin haut nire begien aurrean ikusi!
SMIRNOV: Eman! Ez dakizu zer nolako zoriona izango nukeen begi zoragarri horien begiradapean hilez gero. Hil, tertziopelozko eskutxo horrek erabilitako pistolaren biktima bezala! Zoratuta nago! Pentsatu eta oraintxe bertan aldegiten badut, ez bait naiz gehiago itzuliko! Erabaki!... Jauna, ohorezko pertsona naiz, badauzkat hamar mila errublo urtesaritzat, asmatu egiten dut txanpon bat airera botata, nire zaldiak apartak dira!... Nahi al duzu nire emaztea izan?
POPOVA: (Haserretuta, pistola erakutsiz). Borrokatzera! Erronka egiten dizut!
SMIRNOV: Zoratuta nago! Ez dut tutik ere ulertzen! (Oihuka) Morroi!... Ura!
POPOVA: (Hau ere oihuka) Erronka egiten dizut!
SMIRNOV: Erotuta nago! Zorabiatu egin naiz mukizu bat bezala, lelo bat bezala. (Eskutik heltzen du eta emakumeak etsipenezko oihu bat botatzen du) Maite zaitut! (Belauniko jartzen da). Maite zaitut, inoiz ez bezala! Hamabi emakume baztertu nituen! Hamabik baztertu ninduten ni... bakar bat ere ez nuen maite zu maite zaitudan adina! Hemen naukazu belauniko nekazari batean bihurtuta! Zurturik eta eskua eskainiz!... Hau lotsa! Hau lotsa! Baziren bost urte ez nintzela zorabiatzen! Ez berriz ere zorabiatzeko hitzemana nion neure buruari, eta orain, bat batean, hezurretaraino zorabiatzen naiz!... Nire eskua eskeintzen dizut!... Onartzen al duzu?... Bai ala ez?... Ez al duzu nahi?... Niri bost axola! (Altxatzen da eta ate aldera abiatzen da).
POPOVA: Itxoin ezazu!
SMIRNOV: (Geratuz). Zer?
POPOVA: Ezer ere ez! Alde! Bestela, itxoin! Ez! Alde! Alde!... Ezin zaitut begien aurrean ikusi! Ez... ez aldegin! Jakingo bazenu nere amorrua zein den! (Pistola mahaiaren gainera botatzen du) Zikinkeri honek lotan utzi dizkit behatzak! (Amorrazioa dela eta musu zapia puskatzen du). Zergatik geratzen zara hor? Alde hortik!
SMIRNOV: Agur! .
POPOVA: Bai, bai! Alde! (Oihuka) Nora zoaz? Zaude!... Bestela! ... Alde! Hau da amorrua! Ez zaitez hurbildu!
SMIRNOV: (Emakumearengana hurbilduz). Hau da nire buruaren kontra daukadan amorrua!... Mukizu bat bezala zorabiatzea ere! Belauniko jartzea!... Hotzikarak sartu zaizkit! (Gogorki) Maite zaitut!... Zergatik zorabiatuko ote nintzen zurekin?... Bihar ordaindu behar ditut interesak, hasia da segaldia, eta orain zu gainera!... (Gerritik hartzen du) Ez diot sekula barkatuko neure buruari!
POPOVA: Baztertu! Esku horiek! Ezin zaitut aurrean ikusi! Erronka egiten dizut! (Musualdi luze bat).
© Anton Txekhov
© itzulpenarena: Begoña Lasa
"Txekhov: Bi antzeki labur" orrialde nagusia