BEDERATZIGARREN ESKENA
AIPATUTAKOAK eta LUKA
POPOVA: Bidal ezazu gizon hau hemendik!
LUKA: (SMIRNOVengana hurbilduz). Jauna, agintzen zaizunean aldegin ezazu mesedez. Ez duzu zertan hemen jarraitu beharrik.
SMIRNOV: (Salto batekin zutituz). Zu ixilik! Ba al dakizu norekin ari zaren hizketan? Txiki-txiki egingo zaitut!
LUKA: (Eskua bihotzera eramanez). Ai ene!... Zeru-goietako santuak!... (Besaulki batean erortzen da). Ai!... Ai!... Zorabiatu egiten naiz! Arnasarik gabe nago!
POPOVA: Non da Dascha?... Dascha! (Oihu egiten du). Dascha! Pelagio! Dascha! (Txirrina jotzen du).
LUKA: Ai!... Denek aldegin dute marrubi bila!... Inor ez dago etxean! Zorabiatu egiten naiz! Ura!
POPOVA: Alde hemendik oraintxe bertan!
SMIRNOV: Izan zaitez konplituagoa mesedez.
POPOVA: (Eskumuturrak estutuz, hankeraginez). Basapizti bat zara! Nekazari bat! Monstruo bat!
SMIRNOV: Nola? Zer esaten duzu?
POPOVA: Basa-pizti bat, monstruo bat zarela esan dut!
SMIRNOV: (Emakumearengana aurreratzen). Ikusi dezagun! Ze eskubiderekin iraindu nauzu?
POPOVA: Iraindu egin zaitut, bai! Eta zer? Beldurra dizudala uste al duzu?
SMIRNOV: Eta zuk uste al duzu ere, ametsezko izaki horietako bat izateagatik ni iraintzeko eskubidea duzula, horregatik ordaindu behar izan gabe?... Bai? Ba erronka egiten dizut!
LUKA: Ai ene! Zeru goietako santuak! Ura!
SMIRNOV: Elkarrekin borroka egitera!
POPOVA: Eskumutur ederrak eta zezen-eztarria izateagatik ere, uste al duzu ni zure beldur naizela?... Bai, ezta?... Monstruo!...
SMIRNOV: Erronka egiten dizut! Inork ez nau irainduko! Ez dut kontutan hartuko zu, emakumea, izaki ahula zarela.!
POPOVA: (Gizonaren ahotsa berearekin estaltzeko asmoarekin). Basa-pizti! Basa-pizti! Basa-pizti!
SMIRNOV: Beti dira gizonak irainengatik ordaintzen dutenak, ba horrek bukatu behar du! Ze demontre! Eskubide berdintasuna badago, bete-beharra ere badago!
POPOVA: Elkarrekin borrokatzea nahi al duzu? Ondo da ba, elkarrekin borrokatuko dugu!
SMIRNOV: Berehala!
POPOVA: Berehala! Hil zen nire senarra, baina hortxe daude haren pistolak! Oraintxe ekarriko ditut! (Ateratzen da eta berehalaxe itzultzen da). Ze gustorekin sartuko dudan bala bat zure altzairuzko kopetean! (Ateratzen da).
SMIRNOV: Konejo bati bezala botako zioat! Ez nauk mukizu bat! Ez nauk umegorri sentibera bat! Ez da niretzat izaki ahulik existitzen!
LUKA: Aitatxo maitea! (Belauniko jartzen da). Mesede egizu! Erruki agure zahar honetaz! Alde! Hiltzeko sustoa eman eta gainera borrokatu nahi al duzu?
SMIRNOV: (Arretarik jarri gabe). Elkarrekin borrokatu!... Hortxe zegok eskubide berdintasuna! Hori duk emanzipazioa!... Botako nioke tiroa hari, baina... Hori emakumea! (Errepikatuz). Bala sartuko diot altzairuzko kopetan!... Hori emakumea! Musu-gorri ziokeen! Begiek diz-diz egiten zioten! Onartzen diat erronka,! Halako emakumea, lehendabizikoz ikusten dudala ohorezko hitza ematen diat!...
LUKA: Alde hemendik, aitatxo! Betirako erregutuko dut zuregatik!
SMIRNOV: Hori da emakumea izatea! Hori!... Egiazko emakumea!... Ez da artaburu bat! Sua, polbora, suziria da!... Nola hilko diat ba!
LUKA: (Negarrez). Aitatxo! Alde, maite hori!
SMIRNOV: Zalantzarik gabe gustatzen zaidak! Zalantzarik gabe! Masail xulodunak izanda ere gustatzen zaidak! Zorra barkatzeko gauza nauk ere, eta nire amorrua... itzali nian! Emakume zoragarria duk!
© Anton Txekhov
© itzulpenarena: Begoña Lasa
"Txekhov: Bi antzeki labur" orrialde nagusia