ZORTZIGARREN ESKENA
POPOVA eta SMIRNOV
POPOVA: (Burumakur sartzen dela). Jaun agurgarri hori. Etxe-zuloan sartu naizen hontan, giza ahotsa entzuteko ohitura galdu dut, eta ezin ditut garrasiak eraman. Ez zaitez etorri mesedez pakea urratzen.
SMIRNOV: Ordain iezadazu diru hori eta aldegingo dut.
POPOVA: Ez al nizun ba esan argi eta garbi diru hori ez daukadala, eta itxaroteko etzirarte!
SMIRNOV: Eta nik ere izan nuen ohorea gaur eta ez bihar behar dudala esateko. Gaur ordaintzen ez badidazu bihar lepoa moztu beharko dut!
POPOVA: Zer egingo dut nik, dirua ez baldin badut?
SMIRNOV: Ez duzu ordaintzeko asmorik orduan?
POPOVA: Ezinezkoa zait.
SMIRNOV: Hemen geratzen naiz orduan, eta kobratu arte hemen geratuko. (Eseritzen da). Etzi ordainduko didazula?... Primeran! Etzirarte izango nauzu eserita honelaxe! (Altxatzen da, bat batean, salto batez). Zera galdetuko nizuke: korrituak ordaindu beharrean al nago?... Txantxetan ari naizela uste al duzu?
POPOVA: Jaun agurgarri hori... Ez garrasirik egin arren. Ez bait zaude ikuilu batean.
SMIRNOV: Zer ikusteko dauka nire galderak ikuiluekin? Korrituak ordaindu behar ditudan da nire galdera!
POPOVA: Ondo traketsa zara emakumeekin!
SMIRNOV: Traketsetik nik ezer ere ez!
POPOVA: Traketsa. Oso traketsa! Lotsagabea! Astoa! Ez dira horrelakoak izaten legezko pertsonak emakumeekin.
SMIRNOV: Hori ere entzun behar!... Nola hitzegingo dizut ba? Frantsesez agian? (amorrazioz eta begiramen itxurazkoarekin), «Madame» «Je vous prie»... Zein zoriontsu jartzen nauzun zorra ez ordaintzearekin!... Oh!... Barkatu molestatzeagatik... Eguraldi zoragarria dago gaur!... Ba luto hori! Ongi aski dihoakio zure aurpegiari! (Itxurazko keinuak egiten ditu).
POPOVA: Ez zara ba azkarra batere, eta gutxi bada lotsagabea gainera!
SMIRNOV: (Errepikatzen). Ez zara ba azkarra batere, eta gutxi bada lotsagabea, gainera! Traketsa bait naiz emakumeekin!... Jakin ezazu andrea, txolarre baino emakume gehiago ikusi ditudala, nire bizi osoan! Hiru bider borrokatu naiz, eta beti emakumeengatik. Hamabi emakume baztertu nituen eta hamabik baztertu ninduten ni! Bai andrea! Garai batean ibili izan nintzen ergelaren moduan. Emakumeen oinetan auspezten nintzen... olerkiak egiten nituen... atergabe agurka egoten nintzaien... maitatu, sofritu, hasperenka aritzen nintzen ilargira begira, urtu, jelatu eta zurturik geratzen nintzen!... Gartsuki maitatzen nuen, edonola, ze demontre! eta mika bat bezala aritzen nintzen emanzipazioari buruz hizketan! Bihotz-zabal izateagatik nire ondasunen erdia galdu nuen! Baina hori bukatu da! Ez didate engainatuko gehiago! Nahikoa da! Begi beltzak, pasioz beterikoak, ezpain gorriminak, masail xulodunak, ilargia, zurrumurruak, hats lotsatia...
Horietako ezeren truke, txakur txikirik ez nuen emango!... Hemen dagoen inoren aipamenik ez dut egiten, baina esan beharra dago, emakume guztiak dotore nahiak, pertxentak, milikiak, berritsuak, zilibokariak, ziztrinak, krudelak direla, logika nardagarriaren jabe, eta gauzatxo honen inguruan (Eskua bekokira eramaten du) esango dizut zure baimenarekin, txolarre berak filosofo gonadun batek baino mila bider gehiago balio duela. Har dezagun adibide bezala, ametsezko izaki horietako bat... muselina eta eter... erdi jainkosa bat miloi bat liluratasunez jantzia... Baina, begira dezagun haren arima, egia esateko, zer da? Kokodrilo arrunt bat! (Heltzen du aulkia, zart egiten du honek eta puskatu egiten da) Baina gehien amorratzen nauena da, kokodrilo horrek, zergatik ez dakigula, uste duela bere-berea duela bihotz zabaltasuna... ! Eta ze demontre! Iseki nazatela iltze horretan hankaz gora!... Maite al dezake ba emakumeak bere pekineseak beste inor?... Amodioa egitean ez daki negarra eta negar musina besterik egiten!... Gizona sofritu eta, saiatzen den horretan, emakumeak, maitasuna adierazteko modu bakar bezala gonaren isatsa indar handiagoarekin eragiten besterik ez daki!... Zuk emakumea izateko zoritxarra daukazu, ezaguna izango zaizu beraz emakumezkoen izaera!... Orduan ba... esaidazu egitan: Ezagutu al duzu inoiz emakume leial edo konstanterik? Ez! Ez duzu ezagutu!... Zaharrak eta itsusiak dira leialak eta iraunkorrak izan daitezkeen bakarrak! Errezagoa litzaizuke katu adarduna edo xoxo zuria aurkitzea, emakume iraunkorra baino.
POPOVA: Zaude! Zein da orduan, zure ustetan, leiala eta iraunkorra amodioa egitean? Ez da gizona izango ezta?
SMIRNOV: Bai andrea, gizona.
POPOVA: (Farre egiten du sarkasmoz). Gizona! Gizona leiala eta iraunkorra amodioa egitean! Bai harrigarria! (Berotzen). Noren baimena daukazu hori esateko? Gizonak leialak eta iraunkorrak! Jakin nahi baduzu, ezagutu ditudan eta ezagutzen ditudan gizonetatik hoberena, nire senarra zena izan zen!... Gartsuki maitatu nuen, bihotz arimaz, emakume azkar eta burutsuak beste inork maite ez dezakeen bezala! Nire zoriona, nire bizia, nire ondasunak eman nizkion. Harentzat bakarrik bizi nintzen! Erreguka aritzen nintzaion idolatra bati bezala! Eta... Ba... Gizonetan hoberen honek, lotsagabekeria handienarekin engainatzen ninduen sarritan! Hil eta gero aurkitu nuen kajoi bat amodiozko kartaz beteta, haren mahaian eta bizi izan zen artean... ikaragarria da hura gogoratzea, bakar-bakarrik uzten ninduen aste luzetan! Nire aurrean aritzen zen beste emakumeei kortea egiten, engainatu egiten ninduen, nire aberastasuna derrotxatzen zuen, farre egiten zuen nire sentimenduez! Hala eta guztiz ere nik maite nuen, eta leiala izan nintzaion, eta, gutxi balitz bezala, hura hil eta gero, orain, leiala eta iraunkorra izaten jarraitzen natzaio. Betirako lurperatu naiz lau horma hauen artean, eta hilobiraino eramango dut ondoko lutoa!
SMIRNOV: (Mespreziozko farrearekin). Lutoa!... Ez dut ulertzen!... Nor uste duzu naizela? Soineko beltz hori zergatik daramazun eta lau hormen artean zergatik lurperatu zaren jakingo ez banu bezala! Horixe baietz! Hain bitxia geratzen da.!... Hain poetikoa! Zure leihopetik ofizial gazte edo poetarik igarotzen bada, begiak gora egingo ditu eta bere baitan esango du: Hementxe bizi da «Tamara» misteriotsua, senarrarenganako maitasunagatik lau hormen artean lurperatu dena. Kontxo, kontxo!... Ezagutzen ditugu horrelako aitza kiak!
POPOVA: (Bere onetik ateratzen). Nola? Noren baimenarekin hitzegiten didazu horrela?
SMIRNOV: Ez dakit hemen bizirik lurperatuko ote zinen, baina zure aurpegia hautsez betetzea ez zaizu ahazten!
POPOVA: Baina!... Nola ausartzen zara horrelako gauzak esaten?
SMIRNOV: Ez garrasirik egin, mesedez! Emakumea ez naizenez, nire iritziak biribiltasunez adierazteko ohitura daukat! Ez ezazu garrasirik egin, mesedez!
POPOVA: Ez naiz ni garrasi egiten duena, zu zara! Utziko al nauzu pakean!
SMIRNOV: Ordain iezadazu diru hori eta aldegingo dut!
POPOVA: Ez dizut ordainduko.
SMIRNOV: Bai andrea, ordainduko didazu.
POPOVA: Jakin ezazu, izorratzeko, ez duzula txakur txiki bakar bat ere kobratuko! Beraz... utziko al nauzu pakean!
SMIRNOV: Ez zure senarra, ez senargaia izateko gustoa ez dudanez, eskatuko nizuke ez itxuratan aritzea! (Eseritzen da) Gauza txarragorik!
POPOVA: (Haserre bizi-bizitan) Eseri egiten zara?
SMIRNOV: Eseri egiten naiz!
POPOVA: Alde hemendik mesedez.
SMIRNOV: Itzul iezadazu dirua (bazter batean). Hau duk hau amorrua! Hau amorrua!
POPOVA: Ez dut lotsagabeekin aritzeko gogorik. Alde hemendik! (Pausa). Zer egingo duzu? Ez al duzu aldegin behar? Ez?
SMIRNOV: Ez!
POPOVA: Ez?
SMIRNOV: Ez!
POPOVA: Ondo da! (Txirrina jotzen du).
© Anton Txekhov
© itzulpenarena: Begoña Lasa
"Txekhov: Bi antzeki labur" orrialde nagusia