ZAZPIGARREN ESKENA
SMIRNOV eta LUKA. Azken hau sartzen da eta ura zerbitzatzen du.
LUKA: Andrea gaisorik aurkitzen da, eta ez dago inorentzat.
SMIRNOV: Alde hemendik!... (LUKA ateratzen da). Gaisorik aurkitzen da eta ez dago inorentzat!... Bost axola!... Zertan egon behar duk niretzat! Hemen geratuko nauk dirua itzuli arte! Astebetean hagoela gaisorik, astebetean izango nauk hemen!... Urtebete hagoela gaisorik?... Ni ere urtebete!... Nire dirua duk eta kobratuko diat, amatxo! Ez pentsa zure luto horrek eta zure masaileko xulotxoek bigunduko nautenik! Ezagutzen zizkiagu xulo horiek!... (Leihora ondoratu eta oihu egiten du). Semion! Aska itzazu zaldiak! Ez diagu honen goiz aldegingo! Hemen geratzen nauk! Joan hadi ikuilura eta zaldiei olo gehiago emateko esan! Astakilo, berriz korapilatu duk ezkerreko zaldia uhalean! (Errepikatzen) Deus ere ez duala... Nik erakutsiko diat duan ala ez deus ere! (Leiho ondotik kentzen da). Ah! Hau izorratzea hau!... Jasanezinezko beroa... Ordaindu hauen bakar bat ere ez... gaua begiak itxi gabe... eta orain hemen, hori gutxi balitz bezala, lutozko «gona isatsdun» hori umore triste horrekin!... Buruko mina zeukeat... Vodka piska bat edango banu?... Agian... (Oihuka) Morroi!... (LUKA sartzen da).
LUKA: Zer nahi duzu?
SMIRNOV: Ekar iezadazu kopa bat Vodka! (LUKA ateratzen da) Uf!... (Eseritzen da eta bere burua. aztertzen du) Beno... Hau al da gizonaren planta!... Hautsez beteta... zapata zikinekin... garbitu eta orraztu ere gabe eta lastoa txalekoan. Ez al zian ba andreak gaizkiletzat hartuko. (Ahoa zabaltzen du) Ez zegok esan beharrik ere, honelako itxurarekin saloi batean aurkeztea ez dela bidezkoa... baina zer egingo zaio... Ez nauk gonbidatua, kobratzailea nauk, eta kobratzaileek ez ditek jantzi berezirik eramaten... (LUKA sartzen da eta Vodka zerbitzatzen du).
LUKA: Ausarkeria gehiegirekin zatoz jauna.
SMIRNOV: (Haserretuta) Nola?
LUKA: Ni... Ez, deus ere ez... Nik nahi nuen...
SMIRNOV: Norekin ari zaren ba al dakizu? Ixilik!
LUKA: (Bazter batean) Malapartatu hau etorri duk ba gure zoritxarrerako. Indar gaizkileak ekarri zian berekin. (Ateratzen da).
SMIRNOV: Amorru bizian negok! Hainbesteraino, mundua txiki-txiki egingo nikela! Gaizki jartzen ere hasia nauk! (Oihuka) Morroi !
© Anton Txekhov
© itzulpenarena: Begoña Lasa
"Txekhov: Bi antzeki labur" orrialde nagusia