LAUGARREN ESKENA
POPOVA, LUKA, SMIRNOV
SMIRNOV: (LUKArekin sartzen da eta honi zuzentzen zaio). Ergela! Gehiegi hitz egiten duzu! Astoa! (Ohorezko keinua egiten du POPOVA ikusterakoan). Andrea... Neure burua aurkezteko ohorea dut. Grigorii Stepanovich Smirnov. Artileriako teniente erretiratua eta lurren jabea. Garrantzi handiko arrazo batengatik etorri naiz.
POPOVA: (Eskua luzatu ere gabe). Zer nahi duzu?
SMIRNOV: Zure senar zenduak, bera ezagutzeko ohorea izan nuen ba, mila rublotako bi letra utzi zizkidan zorretan. Kontua da, nik nekazal banketxeko interesak bihar ordaindu behar ditudala, hori dela ta, andre hori, diru hori gaur bertan ordaintzeko eskatuko nizuke mesedez.
POPOVA: Mila eta berrehun!... Zein arrazoirengatik zeuzkan nire senarrak zurekin zorrak?
SMIRNOV: Oloa berak erosten zidan.
POPOVA: (LUKAri hasperenka) Badakizu Luka... Ez ezazu ahaz Tobyri olo zortziren hori emateko esatea. (LUKA ateratzen da, SMIRNOVi) Nikolai Mijailovich-ek zorrik ba zeukan zurekin, noski nik ordainduko dudala... baina gaur barkatuko didazu. Dirurik gabe nago. Nire administratzailea etzi itzuliko da hiritik, iritsi bezain laster esango diot zor zaizun guztia ordaintzeko. Baina orain ezin dizut atsegin hori eman. Gaur, gainera, zazpi hilabete dira, nire senarra hil zela, eta ez nago diru kontutan pentsatzeko umorearekin.
SMIRNOV: Pentsa ezazu ni, zein umorearekin izango ote naizen! Bihar ez baditut interesak ordaintzen tximiniatik aldegin beharko dut hegaz!
POPOVA: Etzi jasoko duzu zure dirua.
SMIRNOV: Gaurko behar dut dirua ez etzi
POPOVA: Barkatu baina gaur ezin dizut ordaindu.
SMIRNOV: Eta, nik etzirarte itxadoterik ez dut.
POPOVA: Zer egingo diogu... Orain dirurik gabe banago?
SMIRNOV: Ezin didazu ordaindu beraz?
POPOVA: Ez, ezin dut.
SMIRNOV: Hum... Hori da, zure azkeneko hitza?
POPOVA: Azkenekoa.
SMIRNOV: Azkenekoa?... Benetan?
POPOVA: Bene-benetan.
SMIRNOV: Mila esker orduan. Kontutan hartzen dut. (Sorbaldari eragiten dio). Nola mantendu batek odola hotz! Bidean zergariarekin topo egiten dut eta honela galdetzen dit: Zergatik ibiltzen zara beti haserre, Grigorii Stepanovich?... Baina, Jauna. Nola ez naiz ba haserretuko, diru hori jana bera bezain beharrezkoa bait dut? Atzo egunsentiarekin atera nintzen etxetik, nire zordunekin izan nintzen, eta, bakar batek ere ez zidan ordaindu zor zidana. Txakur bat bezala nekatuta, gaua pasa behar izan nuen deabruak daki non! Judeotarren taberna kaskar batean, vodka kupel baten ondoan!... Noizbait iristen naiz hona... etxetik hirurogei ta hamar km-tara... zor zaidana kobratzea itxaroten dut eta txantxetan hartzen naute... Nola ez naiz ba haserretuko?
POPOVA: Argi eta garbi hitzegin dudala uste dut. Nire administratzailea bihar itzuliko da hiritik, zure dirua kobratzeko aukera izango duzu orduan.
SMIRNOV: Ni zu ikustera etorri naiz eta ez zure administratzailea. Ze demontretarako daukat nik zure administratzailearen beharra?
POPOVA: Barkatu, jaun agurgarria! Ez dut horrelako espresio bitxiak eta halako, tonua entzuteko ohiturarik! Ez dizut gehiago entzun nahi. (Presaka ateratzen da).
© Anton Txekhov
© itzulpenarena: Begoña Lasa
"Txekhov: Bi antzeki labur" orrialde nagusia