LEHENDABIZIKO ESKENA
POPOVAren etxeko salan
POPOVA, erabateko luto jantziz, begiak argazki batean itsatsirik, eta LUKA
LUKA: Ez dago ondo andrea!... Horrela ez duzu zeure buruari mina egitea besterik lortzen! Mirabea, eta sukaldaria basora joan dira, marrubi bila. Pozez gainezka guztia. Katua bera ere pasiatzen da poz-pozik pasiloan xoriak harrapatzen, eta zu berriz hortxe egoten zara egun osoan etxe zuloan sartuta, konbentuan bezala, zeure buruari gozamen bat ere eman gabe. Eramango duzu honez gero urtebete etxetik atera gabe!
POPOVA: Eta ez naiz aterako sekulan... Zertarako?... Bukatu da nire bizia! Hura hilobian, atsedenean, eta ni lau hormen artean lurperatuta!... Hura ta biok hil gara!
LUKA: Hara! Horrelakorik entzun behar izatea, ere! Nikolai Mijailovich hil zen. Hala behar zuen izan, Jaunak hala nahi izan zuen. Goian bego. Zuk nozitu duzu... baina aski nozitu duzu. Ez... Ez zara beti negarrez eta, lutoz jantzia ibiliko... Behinola hil zen ere nire atsoa!... Eta zer? Izan nuen nire pena... hilabete pasa nuen negarrez, eta nahikoa izan zen horrekin. Atsoak beraz ez zuen merezi ere beti negarrez ibiltzea! (Hasperen egiten du). Auzokoak ahazten dituzu... ez duzu bisitarik egiten eta ez zaude inorentzat ere... Bizi gara, zure barkamenarekin, armiarmak bezalaxe... mundurik ere ikusi gabe. Arratoiek uniformea jan didate. Jende jatorrik izango ez balitz hemen... ulertuko nuke... gure lurraldean jende jator asko dago! Riblov-en errejimendu bat dago ostatuan, eta ofizialak bonboi hutsak dira!... Kanpamenduan ia banda militarra musika jotzen aritzen da... Andre hori!... Amatxo!... Gaztea eta polita zara! Sagartxo hutsa! Biziaz gozatu beharrean zaude! Ematen zaigun edertasuna ez da betirako izango! Inork al daki, zerorrek, hemendik hamar urtetara, harrokeritan ibiltzea nahi izango ote duzun, ofizialak liluratzen, berandu izango da orduan!
POPOVA: (Adoretsu). Ez etorri berriz niregana, horrelako lantuekin! Badakizu zuk ongi. Nikolai Mijailovich hil zenetik, biziak ez duela baliorik niretzat! Bizirik nago ustetan... Hori, egia esateko, zure irudipena besterik ez da. Zin egin dut lutoa gordeko dudala hilobiraino eta mundurik ez dudala ikusiko. Entzun al duzu?... Ikusiko al du haren itzalak zenbateraino maite dudan! Bai! Ezin dut ixilean eduki injustiziaz eta krudelki tratatzen ninduela! Ezleiala zela ere! Baina ni hilobiraino leal izango naiz berarekin, eta nik adieraziko diot zenbateraino maite dezakedan! Handik, hilobia baina urrutiagotik, ikusiko nau oraindik hil ez zenean bezelaxe.
LUKA: Hizketan horrela aritu beharrean, hobe zenuke lorategitik paseatzen ibili, «Toby» edo «Pelikan» zaldiak lotzeko agindu edo, auzokoei bisitatxo bat egin...
POPOVA: Ai!... (Negar egiten du).
LUKA: Zure esanera. (Txirrinotsa zorrotza entzuten da).
POPOVA: (Dardarka) Nor ote da? Ez nagoela inorentzat esan.
LUKA: Zure esanera. (Ateratzen da).
© Anton Txekhov
© itzulpenarena: Begoña Lasa
"Txekhov: Bi antzeki labur" orrialde nagusia