ZAZPIGARREN ESKENA
AIPATURIKOAK eta CHUBUKOV
CHUBUKOV: (Sartzen da). Zer da?
NATALIA: Aita!... Esan ezazu egia!... Zein da txakurrarik hoberena, gure Otkatai ala euren Ugadai?
LOMOV: Arren, Stepan Stepanovich!... Hauxe esango al duzu bakarrik!... Mutur-zapala al da zure Otkatai?... Hala al da?
CHUBUKOV: Eta hala balitz... axola al du?... Hala ere ez da eskualde guztian bera baino txakur hobeagorik!
LOMOV: Erantzun ezazu bene-benetan!... Ez al da nire Ugadai hobea?
CHUBUKOV: Lasai Jauna... Tira... Zure Ugadai horrek ezaugarri ezinobeak bait dauzka... Arraza onekoa, hanka sendo eta bizkar indartsukoa... baina jakin ezazu polit horrek... txakurrak bi akats dituela... zaharra da eta aldapan behera dago.
LOMOV: Aldapan behera dagoela!
CHUBUKOV: Aurreko hankak atzekoak baino motzagoak dituela esan nahi dut. Halako animaliak nola egingo du ba korri!
LOMOV: Barkatu. Bihotza larritzen zait... Gertakariak har ditzagun kontutan!... Gogoratzen al zara, Umbria Maruskinon, nire Ugadai, kontearen Rasmajairekin belarriak parez pare, eta zure Otkatai berriz, atzean geratzen zen bitartean... Gutxienez versta bat urrutirago.
CHUBUKOV: Begiratzaile batek zigorkada bat emanda geratu zen atzean!
LOMOV: Arrazoiarekin gainera! Txakur guztiek azeriaren atzetik korritzen zuten bitartean, zure Otkatai ahariaren gainera botatzen ibili zen.
CHUBUKOV: Hori ez da egia!... Jenio bizikoa naiz, beraz amai dezagun eztabaida!... Zergaitik uste duzu eman ziotela zigorkada? Ba, mundu guztiak beste txakurren bat berea baino hobeagoa izango zen beldurragatik! Halaxe da bai! Jendea, beti berdin da! Eta zuk Jauna, pekatu bera duzu! Konturatzen zarenerako, zure Ugadai baino txakur hobeagorik ez dagoela... bata dela eta bestea dela hasiko zara!... Gogoan eduki dena gogoratzen dudala nik!
LOMOV: Nik ere gogoratzen dut dena!
CHUBUKOV: Nik ere gogoratzen dut dena.!... Ea, zer da gogoratzen duzuna?
LOMOV: Hau bihotzaren larritasuna!... Hanka mugitu ezinik nago! Ezin dut gehiago! (Iseka).
NATALIA: Hau bihotzaren larritasuna!... Hara zer ehiztaria zaudena zu!... Etzanda egon behar zenuke edo labezomorroak zanpatzen ibili, azeriak harrapatzen aritu beharrean!... Hau bihotzaren larritasuna!
CHUBUKOV: Ez dakit zergatik zaren ehiztaria! Larritasun hori dela-ta, etxean egon behar zenuke goxo-goxo eserita eta ez zaldi-zelaren gainean!... Ehiza egingo bazenu, hor nonbait! Baina zer da egiten duzuna, eztabaidatu eta besteren txakurrei traba egin! Jenio bizikoa naiz... amai dezagun eztabaida beraz jakin ezazu ehiztari abiletik ez duzula bat ere ez.
LOMOV: Eta zuk?... Ehiztaria zara ba? Zein da zure asmoa ehiza egitera zoazenean, kontea zuritu eta azpikeriatan ibiltzea besterik... Ene bihotza!... Bazternahasle hori!
CHUBUKOV: Nola esan duzu? Nahasle ni? (Oihuka) Ixildu zaitez!
LOMOV: Bazternahasle!
CHUBUKOV: Gizatxar! Harroputz!
LOMOV: Arratoitzar!
CHUBUKOV: Ixilduko al zara, galeperrari bezala tiroa botatzea nahi ez baduzu!
LOMOV: Nork ez daki!... Ai ene bihotza!... Zure emazte zenduak jotzen zintuela!... Ene hanka!... Ene muinak!... Txinpartak! Erori egingo naiz, erori egingo naiz!...
CHUBUKOV: Eta zu, ez zara zeure seroraren zapataren zolara ere iristen!
LOMOV: Oraintxe!... Lehertu zait bihotza! Bere lekutik atera zait lepoa! Non da nire lepoa? Medikua arren! (Kontua galtzen du).
CHUBUKOV: Gaztetxo! Mukizu!... Gaizki jartzen ari naiz! (Ura edaten du). Gaizki aurkitzen naiz!
NATALIA: Hara zer ehiztaria zaudena zu!... Zaldian ibiltzen ere ez dakien gizasemea! (Aitari) Aita... Zer gertatzen zaizu?... Begira iezaiozu aita!... (garrasi batekin). Ivan Vasilievich!... Hil egin da!
CHUBUKOV: Gaizki aurkitzen naiz! Ezin dut amasa hartu! Haizea!
NATALIA: Hil egin ote da? (Besotik astinduz). Ivan Vasilievich!... Ivan Vasilievich!... Ederra egin dugu! (Besaulki batean eroriz) Dei iezaiozue medikuari! (Nerbioetako atakea ematen dio).
CHUBUKOV: Baina, zer gertatzen zaizu? Zer nahi duzu?
NATALIA: (Aiene artean). Hil egin da. Hil egin da!
CHUBUKOV: Nor hil da? (LOMOVi begiratuz). Hil egin da, bai!... Ai ene! Ura! Dei iezaiozue medikuari!... (LOMOVi ezpainetara baso bat ur hurbiltzen dio) Ez! Ez du edaten! Hilda, dagoela esan nahi du horrek!... Zorigaiztokoa ni! Zergatik ez diot ene buruari tiro bat eman?... Zergatik ez dut lepoa moztu?... Zeren zain nago? Eman iezadazue labana! Eman iezadazue pistola! (Mugitzen hasten da LOMOV) Pizten ari dela dirudi! Edan ur pixka bat! Horrela....
LOMOV: Nola?... Zer?... (Altxatzen) Nori?
CHUBUKOV: Nire alaba ados dagoela. Musu eman iezaiozue elkarri eta hor konpon!
NATALIA: Bizi da!... Ados nago, bai! Ados!
CHUBUKOV: Musu eman iezaiozue elkarri!
LOMOV: Nola? Nori? (NATALIA eta biak elkarri musukatzen diote). Atsegin dut!... Barkatu, baina, zer gertatzen da?... Bai, noski. Gogoratzen naiz!... Bihotza!... Txinpartak!... Zein zoriontsua naizen Natalia Stepanovna! (Musu ematen dio eskuan). Hanka mugitu ezinik nago !
NATALIA: Ni!... Ni ere oso zoriontsu sentitzen naiz!
CHUBUKOV: Ezta mendi bat kendu balidate ere bizkar gainetik! Uf!
NATALIA: Onartuko duzu baina... Ugadai Otkatai baino txarragoa dela!...
LOMOV: Hobea da!
NATALIA: Txarragoa da!
CHUBUKOV: Hauxe da ezkongaien arteko armoniaren hasera. Txanpaina ekar dezatela!
LOMOV: Hobea da!
NATALIA: Txarragoa da! Txarragoa! Txarragoa!
CHUBUKOV: (Garrasiak ixildu nahian) Txanpaina ekar dezatela!... Txanpaina!...
Oihala
© Anton Txekhov
© itzulpenarena: Begoña Lasa
"Txekhov: Bi antzeki labur" orrialde nagusia