SEIGARREN ESKENA

 

NATALIA STEPANOVNA eta LOMOV

 

LOMOV: (Sartzen da ahulezia adierazten duela). Hau larritasuna bihotzean! Ezkerreko hanka mugi ezinik nago, eta saihetsean ziztadak dauzkat!

NATALIA: Barkatuko al didazu Ivan Vasilievich!... Gure onetik atera gara, baina gogoratzen dut argi eta garbi «Volovi-Lujkiak» zureak direla!

LOMOV: Hau larritasuna bihotzean!... «Lujkiak» nireak dira!... Tik-a orain bi begietan daukat!

NATALIA: Beraz... «Lujkiak» zureak dituzu. Eseri zaitez. (Erori egiten dira). Oker geunden.

LOMOV: Ni... Giza-legea errespetatzeagatik zen. Lurra, ez zait batere axola. Gizalegea errespetatu beharra dago.

NATALIA: Horixe, giza-legea. Baina alda dezagun elkar-hizketa...

LOMOV: Frogak nirekin ditudanean gainera...

NATALIA: Bai, bai.

LOMOV: Nire izebaren amonak, goian bego...

NATALIA: Tira, tira, utz dezagun betiko!... (Beste lekuan). Eta nola hasi. Laster hasteko asmoa al duzu ehizean?

LOMOV: Galeperrak harrapatzen, Natalia Stepanovna. maitea, segarekin bukatzean hastea pentsatzen dut. Ah!... Ba al dakizu zer nolako zorigaitza daukadan... Ugadai ene txakurra, zuk ezagutzen duzuna, kojoka dabil.

NATALIA: Gizarajoa! Zergatik bada?

LOMOV: Ez dakit ba.! Behar bada hanka okertuko zitzaion, besteren batek hozka egingo zion bestela... Denetan hoberena zen huraxe!... eta hori, balio duen dirua kontutan hartu gabe!... Ehun eta hogeita bost errublo ordaindu nizkion Mirnov-i!

NATALIA: Garesti samar ordaindu zenuen, Ivan Vasilievich!

LOMOV: Niretzat berriz merkea da oso. Txakur aparta da.

NATALIA: Aitak larogei ta bost errublo eman zituen Otkatairen truke, eta... Otkatai Ugadai baino askoz hobeagoa da.

LOMOV: Otkatai, Ugadai baino hobea?... Hori txoriburukeria! Otkatai, Ugadai baino hobea!

NATALIA: Horixe baietz! Otkatai gaztea da oraindik... Hori da egia... oraindik ez da tajuzko txakurra... Baina Volchanetzkii berak ere ezetz izan hoberik!

LOMOV: Barkatu, Natalia Stepanovna, baina badakizu mutur-zapala dela, eta halako txakurra beti izaten da txarragoa.

NATALIA: Mutur-zapala dela?... Lehendabizikoz entzuten dut halako astakeriarik!

LOMOV: Beheko matelezurra goikoa baino laburragoa duela ziurtatzen dizut. Akats handia da hori arrazako txakurrarentzat.

NATALIA: Neurtu al diozu?

LOMOV: Neurtu egin diot bai. Ehiza uxatzeko ona da, baina ez dut uste beste ezertarako balioko duenik...

NATALIA: Gure Otkatai, kasta onekoa da hasteko... Sapriagai eta Stameskaren semea... Zeurea berriz, auskalo zein kastatakoa izango den! Zaldikote bat baino zaharrago eta itsusiagoa da!

LOMOV: Zaharra dela? Agian bai, baina zure Otkatai bezalako bost ez nituzke aldatuko bera bezalako batengatik ere... Hori bururatzea ere! Ugadai tajuzko txakurra da, eta Otkatai!... Eztabaidatzen aritu beharra ere!... Zure Otkatairen gisakoak mila aurki daitezke edonon!... Hogeita bost errublo gehiegi izango lirateke harentzat!

NATALIA: Ezta barnean kontradizioaren deabrua eramango bazenu ere, Ivan Vasilievich!... «Lujkiak» zureak dituzula esatea bururatzen zaizun bezala, Ugadai Otkatai baino hobea dela esango duzu ba! Ez zait atsegin pentsatzen duenaren aurkakoa esaten duen pertsonarik, eta badakizu Otkatai bera zure Ugadai leloa baino mila bider hobea dela!... Zertarako orduan besterik adierazi!

LOMOV: Argi dago, Natalia Stepanovna, itsu lelotzat naukazula. Zure Otkatai mutur-zapala da.

NATALIA: Hori ez da egia!

LOMOV: Mutur-zapata da!

NATALIA: (Garrasi batekin). Gezurra!

LOMOV: Ez garrasirik egin!

NATALIA: Halako lelokeriarik esatea ere!... Lotsagarria da! Zure Ugadairi tiroa emateko ordua iritsi zaizunean, ene Otkatairekin alderatzen hasten zara.!

LOMOV: Barka ezazu. Amai dezagun eztabaida. Bihotza larritzen zait.

NATALIA: Konturatua nengoen lehenagotik, gehien eztabaidatzen duten ehiztariak direla gutxien ulertzen dutenak.

LOMOV: Isilduko al zara arren? Bihotza leher zorian daukat. (Garrasi batekin).

NATALIA: Oilo hutsa zara!

LOMOV: Ixilduko al zara!

NATALIA: Ez naiz ixilduko, Otkatai Ugadai baino mila bider hobea dela, onartzen ez duzun artean.

LOMOV: Mila bider txarragoa. Hilko al da Otkatai! Ene!.. Ene muinak, ene begia, ene sorbalda!...

NATALIA: Nola hilko da ba zure Ugadai lelo hori, erdi-hilik egonda!

LOMOV: (Negarrez) Ixo! Arteria lehertu zait!

NATALIA: Ez naiz ixilduko!

 

 

© Anton Txekhov
© itzulpenarena: Begoña Lasa

 

 

"Txekhov: Bi antzeki labur" orrialde nagusia

 

Anton Txekhov euskaraz