HIRUGARREN ESKENA
NATALIA STEPANOVA eta LOMOV
NATALIA STEPANOVNA: Hara!... Zu zinen ta! Aita berriz, merkagai bila zetorren merkataria zela esaten!... Egunon, Ivan Vasilievich!
LOMOV: Baita zuri ere, Natalia, Stepanovna!
NATALIA: Barka iezadazu mantala jarrita eta apaindu gabe etortzea. Ilarrei azala, kentzen ari ginen gero lehortzen jartzeko. Zergatik ez zara etorri lehenago, gu ikustera? Eseri zaitez! Bazkaldu nahi al duzu?
LOMOV: Ez, eskerrik asko. Bazkaldua naiz.
NATALIA: Erre nahi baduzu. Hor dituzu poxpoluak. Eguraldi zoragarria dugu gaurkoa... Atzo, berriz, hainbesteko euria ari zuela eta, morroiek eguna besoak gurutzatuta pasa zuten... Zenbat sorta bildu dituzu gaur?... Beldur naiz ni, zikoizkeriz larre osoko belarra mozteagatik, belartzimela ez ote zaidan ustelduko!... Itxaron izan banu, hobe!... Nire begiek ikusten dutena! Frakez jantzita heldu al zara? Ene, bada! Dantzaldiren batera al zoaz?... Oso polita aurkitzen zaitut! Baina, tira, bene-benetan esaidazu... Zergatik heldu zara seinorito bat eginda?
LOMOV: Ba, zera... Ene Natalia Stepanovna maitea... Esango dizudana entzuteko erregutzen dizut! Harrituko zara noski eta hasarretuko ere agian, baina egia esateko (beste lekutik). Hotzak akabatzen nago!
NATALIA: Zer gertatzen zaizu? (Etena). Esaidazu, esaidazu!
LOMOV: Laburra izaten saiatuko naiz... Badakizu ene Natalia Stepanovna maitea... Aspaldidanik... txikia nintzenetik hain zuzen, zeure familia ezagutzeko ohorea dudala... Nire izeba zenduak eta haren senarrak, goian bego, lurrak ondoretan utzi zizkidaten... beti izan zituzten haiek zure aita, eta zure ama zendua estimaziorik handienean... Lomov eta Chubukov sendiek halako adiskidetasunezko harremana izan zuten elkarren artean, senideak izango balira bezala. Hortaz gain... Jakiteko ohorea daukazunez, nire lurrak eta zeureak elkarren ondoan daude. Gogoratzen bazara, nire «Volovi-Lujkiak» zure basotxoarekin muga egiten dute.
NATALIA STEPANOVNA: Barkatu mozten badizut. Esan duzu nire «Volovi-Lujkiak»... Baina... «Volovi-Lujkiak» zureak al dira ba?
LOMOV: Bai andereño, nireak.
NATALIA: Hau bai dela xelebrea!... «Volovi-Lujkiak» ez dira zeureak, geureak baizik.
LOMOV: Oker zaude Natalia Stepanovna maitea, nireak dira.
NATALIA: Ez nuen hori ezagutzen!... Eta, nondik ateratzen duzu zureak direla?
LOMOV: Nola nondik?... Zeure lertxun baso txikia eta Goreloe lupetzaren artean laban bat osatzen dutenei buruz ari naiz.
NATALIA: Horixe... Bai. Horiexek dira geureak.
LOMOV: Ez!... Oker zaude, Natalia Stepanovna maitea. Nireak dira.
NATALIA: Pentsa ezazu ongi, Ivan Vasilievich!... Noiztik dira zeureak?
LOMOV: Nola noiztik?... Gogoratzen naizenetik, geureak izan dira beti.
NATALIA: Barkatu baina!
LOMOV: Eskuizkribuetan agertzen da hori, Natalia Stepanovna maitea!... «Volovi-Lujkietako» jabegoa eztabaidatua izan zela inoiz, ukatzerik ez dago; baina gaur badaki mundu guztiak nireak direla. Eztabaidatzerik ez dago hori!... Hara... Nire izebaren amonak, goian bego, zergarik gabe eta, denbora mugagaberako utzi zizkien «Volovi-Lujkiak» zure aitaren aitonaren nekazariei, erabil zitzaten, egiten zioten adreilu egosketaren truke... Zure aitaren aitonaren nekazariek berrogei urtetan erabat dohainik «Lujkietako» probetxua gozatu eta gero lurrak beraienak bezala kontsideratzeko ohitura hartu zuten... Alabaina... agindu berria kaleratu zenean...
NATALIA: Zuk diozun hori ez da egia inolaz ere! Nire aitonak, aitonaren aitonak bezala, beti izan zituzten bereak bezala. Goreloe lupetzaraino heltzen ziren lurrak... Horrek esan nahi du «Volovi-Lujkiak» gureak zirela! Argi eta garbi dago gauza!
LOMOV: Agiria erakutsiko dizut, Natalia Stepanovna!
NATALIA: Ez! Txantxetan ariko zara, ala nire onetik ateratzeko asmoz!... Harrigarria!... Hirurehun urte dira ia lur horiek ditugula, eta bat batean gureak ez direla esaten digute!... Barka iezadazu Ivan Vasilievich, baina nola sinetsiko dut nire belarriek entzuten dutena!... Ez ditut «Volovi-Lujkiak» behar noski!... Hedaduran ez dituzte bost «desiatin» baino gehiago izango, eta hirurehun errublo eskas balioko dute... baina injustizia ez dut onartzen!
LOMOV: Entzun ieadazu arren!... Zure aitaren aitonaren nekazariek, azaldu nizun bezala, adreiluak egosten zituzten nire izebaren amonarentzat... Nire izebaren amonak, goian bego, atsegin izan nahian, zergak kendu zizkien.
NATALIA: Aitona!... Amona!... Izeba!... Ez dut tutik ere ulertzen! Gureak dira «Volovi-Lujkiak» eta kito!
LOMOV: Nireak dira andereño!
NATALIA: Geureak dira!... Nahiz eta frogatu nahian bi egun pasa, edo hamabost frakez jantzita etorri, esaten dizut, geureak dira, geureak eta geureak! Zurerik ez dut nahi, baina, ez da ere nirerik galdu! Kontutan hartu!
LOMOV: Bost axola niri «Volovi-Lujkiak» ! Giza-legea errespetatu, horixe da nahi dudana. Oparitzen dizkizut nahi baduzu
NATALIA: Neu naiz oparitu diezazkizudana! Harrituta nago honekin, Ivan Vasilievich! Beti izan zaitugu auzoko zintzo bezala. Laguna bezala!... Iaz garijomakina utzi genizun, gu azaroraino garijogabe geratuta, eta ijituak izango bagina bezala portatzen ari zara gurekin!... Oparitu egiten didazu nirea den lurra! Barka... baina hori ez da auzoko zintzo baten jokatzeko modua! Hau iraingarria ere bada niretzat!
LOMOV: Orduan... zure ustetan... lapurra naiz!... Entzun ezazu! Ez naiz inoiz ere nireak ez ziren lurrez nagusitu, eta inork ez dit horren errua botako. «Volovi-Lujkiak» nireak dira!
NATALIA: Hori ez da egia! Gureak dira!
LOMOV: Nireak!
NATALIA: Gezurra! Erakutsiko dizut nik!... Gaur bertan bidaliko ditut nire segalariak hara!
LOMOV: Nola baina!
NATALIA: Gaur bertan joango direla nire segalariak hara!
LOMOV: Ba bidali egingo ditut!
NATALIA: Ez ahal zara ausartuko!
LOMOV: «Volovi-Lujkiak» nireak dira!... Ulertzen al duzu?... Nireak!
NATALIA: Ez ezazula oihukatu mesedez! Deiadar egin ezazu, nahi baduzu zure etxean, baina hemen ez galdu behar den errespetoa !
LOMOV: Ez balitz izango erasotzen nauten taupada izugarri hauengatik, eta zainetan dudan dardaragatik... Entzungo zenidake! «Volovi-Lujkiak» nireak dira!...
NATALIA: Gureak!
LOMOV: Nireak!
NATALIA: Gureak!
LOMOV: Gureak!
© Anton Txekhov
© itzulpenarena: Begoña Lasa
"Txekhov: Bi antzeki labur" orrialde nagusia