Balen gainean
AURKEZPENA
Azkenean aurkitu bide dut nire arazoentzako irtenbidea. Edo irtenbidearentzako aitzakia. Gaur goizean komunean bururatu zait hortzei errepasoa ematerakoan. Sinplea: Zergatik beharko luke azalpen edo horrelakorik, zergatik beharko luke aukera logiko baten itxura? Ikus dezagun: Errealitate gabeko adierazpen honen aurkezpenak (tenore garrantzidun honetan, batez ere, niretzat ilun xamar geratzen den kontaeraren zatian) ezbairik gabe irakurleari ulertzeko moduan eman diezaizkioke zera guztiak, edo hobeto esanda aurkezpenaren bidez irakurleak gauzak errazago ulertu ditzake. Niri ere baliogarria izan dakidake. Eta azkenaren azkenean hori guzti hori ikuskizun dago. Konturatuko zaretenez, zezena adarretatik hartu nahi dut.
Luzaroan egon naiz istorio amaitugabeari heltzeko gogotan. Bukatzeko gauza izan nahi nuen ordea. Zergatik? Nire beste idatzietan biltzeko, nire pertsonaien artean lerrokatzeko eta nire ohar-koadernoa betetzeko. Laburbilduz: azkeneraino iristeko irrikitan nengoen. Behin ere ez da gaztetzen. Eta larrera erakartzen zaituen behia sentitzen zara askotan. Alperrik, alajainetan. Istorioaren ardatza —tiroketa— aztertzen nuenero, trumoi batek bezala, zenbat tiro egin zituzten galdera horrexek egiten zuen eztanda. Eta zein izan zitekeen tiroen kopurua eta beste premisen arteko zerikusia? Ez nekien zer gehiago esan, zer gehiago galdetu nire buruari. Akitu egiten nintzen, agortu alabeharrez. Ahazteko tema besterik ez al zen? Ala, ihes egiten didan ondo ehortzitako gaia dago eta ni itsu moduan nago aldaketarik txikienei begira? Nire erara behartu beharko al nuke istorioaren norabidea, beste batetik joatera beharturik? Zeharka bazabiltza, espero ez duzunean dena belarrien ondotik lurrera daiteke; inozentzia-une batek piztu dezake argia. Eta zein legeren arauera, uzten ditut nik nire nahi eta gurariak emandako osotasunean? Gaurko goiza arte ez naiz nire ergelkeriaz edo ahazteko ahalmenaz jabetu. Ez dut ezer gordetzen, ez dut saiatzeko beharrik, ezta zerbait sinesgarririk finkatzekorik ere. Argi eta garbi azalduko dut bukaeraraino. Ni naiz idazlea, ezta? ba, nahi dudana egin dezaket!
L.L-k kartzelan kontatu dit bere istorioa. Arraroa bada ere, L.L ez zen bere benetako izena —lagun batena zen— eta azken honen ustegabeko heriotza ondoren (heriotza bortitza Hegoaldean) nire kontatzaileak beretzat hartu du —dudarik gabe buruan helburu gaizto eta ilunak zituelarik. Bestalde, hildakoa ordenurik egin gabe hil zen eta diru mordoxka zor zion nire kontatzaileari. Galdera bat daukat zirika etengabean: nire kontatzaileak benetako L.L-ren desagerketan par. to hartu bazuen, zergatik orduan haren nortasuna bereganatu? Zein ezagupide mota da? Berak zegoeneko ezagutzen zuen ondorio ez esperatu eta zatarra euki dezake arazo honek. Atxilotu eta kondenatu aurretik, mendian sigi-saga doan errepidetik behera botatzen saiatuko da bi ezezagunek gidatutako auto bat. Ondoren, herriraino suertatzen den lasterketa eroan, kotxeko aurrekaldeko haize-geritzatzailea mila zatitan apurtzen da. Poliziek bidea ixtea lortu zuten; eta komisaldegira eraman ondoren, «nortasun-nahasketa izan zela argitu zen: mengaizoa beste L.L. bati zuzendurik zegoen).
Bi adinen arteko eslobakiarra da. Ez oso handia, ile beltzarana, orain grisasta. Errefuxatu gisa iritsi zen Nomansland-era [1]. Bere sorterrian —eta kanpoan?— ezagunak zituen hormigoiaren mundu kiratsa, kolore ozenak eta burdin-hesiak, baina orain badirudi guzti hori xede «nobleengatik» izan zela. Gaur azpilapur besterik ez da —iruzurrean artista moduan azaltzen du bere burua eta, garai batetan, kreditu txartelen faltsupeneko aristokrazian zegoen barneraturik. Iraulkako mastaren gaina ikutu behar duzu ahal duzun erarik onenean. Erretzaile amorratua zen —zigarro onak lortu ezkero, bestela edozein paper zaharretan eskuz bildutakoak. Batzutan zigarroa piztu eta lehendabiziko bafada bota orduko dardaratxo nerbioso batek jotzen zuen.
Berea izan ezik (buruz aipa zitzakeen herriko bertsorik lizunetan ederrenak, Turkiar zahar eta potzoloak beraien zalgurdietan oroirazten zutenak), beste hizkuntzen ezagutza ezdeusa eta barregarria zen. Nekez ateratzen zitzaizkion hitzetan saiatu zen bere istorioa kontatzen. Maiz ez da egoten elkarrizketa lasai batetarako beta kartzelan, are gutxiago mintzakidea terrorista denean, eta horrela bilera ugari egin behar izan zen nik oso-osoan ulertu aurretik. Denbora pasa ahala kontatutako asko eta asko ahaztu zait, baina bera adierazten saiatuko naiz aurrerantzean. Gogoratzen naiz (hala uste dut) zatiren batzuk batetan baino gehiagotan errepikatu zituela. Ez dakit kontatu zidana egiari lotuta al zegoen. Entzun bezala bihurtzen dut. Balio duenaz. Eta nire hizkuntzan.
Gero, desagertu egin da. Libre utzi zuten eta seguruaski legepeko mundu lainotsu batetan murgilduko zen. Beste izen batekin? Agian. Eta orain, haren gainean pentsatzen dudanean —luzean bukatzeke geratu den istorioarekin iharduten dudanean esaldi batzuk etortzen zaizkit burura: «Eztitan bizi nintzen» edo «Jainkoarekin lehian egon naiz». Edo horrelako narrazio bat.
KONTAERA EDO KONTAKIZUNA
Noiz edo noiz txori horiek, zuek kurlinkak deritzezuenak, gauean xilioka hegan hasten direnean, eta behean igelak urmaeletan korroka hasten direnean sare-hesi atzeko agiriak, ilargi azala, oilasko haragiaren ikara modukoak dira.
Igelak aipatu ditut —ez arrain, ez haragi—, anfibioak, hermafroditak, ezkatadunak, atzeman ezin dakiekeen adimendurik gabeak.
Beraz, durrunda ez da goibela, ezta ilargi kea ere. Hala eta guztiz hezurretan zehar igotzen zait izua.
Aintzinako soinuek betiko kiriotzera zuzentzen direlako al da? Zergatik? oroiratzen dizkidate nire sorterrian igarotako gauak? Gauean kalatxoriek xilio ezberdinak aldarrikatzen dituzte —oina galtzerdi motz baten barruan bezalako zerbait. Oinek ahoskatzeko ahala balute? Zolaberritu al daiteke bularra? Nahiago nuke gauez ez oroitzea. Hondora eta desager daitezela ulermen aurreko abarretan. Eta gauak, arraroa bada ere, erabat ahaztuak dauzkat. Memoria estalkia baita. Hemen ere, gauez dei egiten duten txoriak dauzkagu eta soinuak berak hartezinak dira. Igelen antzean. Eta erresinolak, hemen ezagunak ez diren txori tristeak? Benetako erresinolez ari naiz, ez El Cabo-ko [2] erresinolez. Zerbait basatia eta gizakontrakoa dago gauean. Arrazoiak ezkutatu ezin duen urragarritasuna, ia historia aurrekoa. Beste koloreak, beste oihuak. Ilargi argia —bide mortua— neurri erabat ezberdina. Ba al dakizu ilargipean burua estali gabe ibiltzen dena ero bihurtzen dela pentsatzen dutela arabiarrek? Eta gauean kanpoan zabaltzen dituztela beraien oihalak zuritu daitezen? Argia zilarrezkoa da, hotza baina lodia. Hala ere, ez pisu ez mamurik. Antzeko gauetan, haize epelak jotzen duenean ehizatu behar da zilarrezko azeria, eta zakurrak laguntzen joan behar da, bilutsik. Zakurrek ez lukete aho-kordak euki behar. Eta arbola azpietako istilak ilunagoak dira, arbolak isladatzen askak bezala. Beste gaizkile batentzat sakondu duen zuloan erortzen da. Ez pentsa ni sinespera naizenik edo adimenatik haruntzago dagoenaz edo izpirituaren jokuaz arduratzen naizenik.
Orduan... Orain, entzun istorioa —ez dudala ezer bere onetik ateratzen zin dagizut. Zein izan daiteke gertaera hauen atzetiko argibide ezkutua, guzti honen zentzu, logika, ondorioa ez dago jakinean. Baina gertaera guztiak bere arrazoi edo azalpena euki behar al du? Hartu zerbait, gerra adibidez, eromena eta gizonen arteko heriotza. Zergatik? Aintziretan orroe egiten bakarrik al dakigu? Orain kontatzera noan ekintzen sasoia aspaldi hasia da. Gazte nintzen eta nire adatsa beltza zen. Badakizu nola saiatu nintzen erdipurdizka bizitzen —kontatu dizut dena behiala: muga alde batetik bestera jendea ezkutupean pasatzen. Also Gut [3], atxilo hartu nindutenean preso politiko gisan entzerratu ninduten, horrek politikarekin zerikusirik ez zuen arren. Dirua ez dago batarekin ez bestearekin. Ez du etiketa politikorik. Norbait nirekin harremanetan sartzen bazen muga pasatzeko, nire prezioa botatzen nion eta berak horretarako adina diru bazuen bon, bestela «hor konpon gizon-emakume» ez duzu adurrik, beste batean agian». Dirua argi eta garbi mintzatzen da. Ez zen lan izugarria —azoka beltza, ezagutu dezakegun etxerako lana bezala—, eta lurralde hartan gutako asko zebilen horretan. Muga gure herrixkatik bizpahiru kilometrotara zegoen, Osnabruck-etik ez urruti, eta Vienatik larogei kilometro baino gutxiagotara.
Egun batetan, lagun min bat etxera etorri zitzaidan. Keuner zuen izena eta dirua eskatu zidan. Zertxobait zurtzatuta geratu nintzen, K, nire garatzekoa baitzen beste leku batetan eta banekien ere eginkizun nahasi guztietan zikindu zela. Txanpon ederrak egingo zituen, antza denez. Batek daki —behingoan krisialdiren bat edo istripua izango zuen. «Nola ez, esan nion, zerbait aurreratuko diat».
— «Entzun, Lamortcek, esan zidan, ez haut hartzeko inolaz ere euki nahi. Emaizkidak bostehun kroner [4] pistola honen truke». Eta 6,35 bat erakutsi zidan, txekoa.
«Ez diat hire arma nahi. Ez daukak zer utzi beharrik bahituran. Emango dizkiat bostehun kroner eta albait lasterren bihurtuko dizkidak» .
— «Ez, ez! Esaten diat ez dudala prestamurik nahi. Hartzak hau. Begira! Berri-berria zegok, ia ia ez diat erabili-ta; erabiltzeko moduan, zin egiten diat. Gustoko baduk!
Eta haren arma hartu nuen. Banuen beste bat, 9 milimetrokoa, alemaniarra, baina kalibre handitxoa zen, parabelluna, eta pistolotxoa soinean eraman nezakeen, nire jakako poltsikoan edo. Ez da nabarmena izango kalean edo tabernan! esaten nion neure buruari.
Orduan izan zen gertaera arraroen hasera. Estrainekoan ez ninduen horrek larritu erabat, esan dizudan bezala. Ez dut mamutzarrez sinisten, ezta lurreko edo zeruko irudiez ere. Ez naiz oilo busti bat. Haseran, kale egiten zutenak nerbioak zirela pentsatu nuen. Neramatzan legez kanpoko lanekin, beti erne egon behar nuen, eta azkenean leher zorian jarri nintzen. Gehiegi, karrakatuak izan diren armaren jogailu eta oilarra bezala. Bazirudien zarrazta arrotzak kentzeko gauza ez nintzela. Baina benetan ezin nuen.
Entzun: kalean nago eta sarritan guztiz sinestetuta daukat norbait nire atzetik dabilela, nire geriza bihurtu dela. Kale-kantoi batetan jiratzen naiz eta alabeharrez, kristalezko erakustoki baten aurrean geratzen naiz ikusteko, eta agerian inor ez! Aldiro kale hutsetatik zehar gauez etxeratzean, atzean pauso hotsa aditzen dut. Arnasari eutsiz bapatean bueltatzen naiz. Ezer ez, argi-dilindaren inguruan biribiltzen ziren laino mamuak, haizeak urratutako bandera zaharkituak besterik ez. Batzutan, norbait edo zerbaiten presentzia sentitzen nuen, —eta horren indartsua zen nire inguruan begiratu behar bainuen— alperrik. Nire etxean ere, ez nengoen seguru. Une bakan batzutan bizardun batek leiho batetatik begiratzen zidalako zirrara nuen (armatutako pertsonaia bat sortzaileari agertuko balitzaio bezala); baina ezinezkoa zen eta baretzen nintzen nire apartamenduan, balkoirik gabeko etxebizitza batetako bigarren solairuan bizi nintzelako. Behin, taberna batetan, oso sakon somatu nuen aldemeneko besaulkian «presentzia» hura, eta begiratu nuenean, artean larruzko ipurpekoan han eseri zen pertsonaren hatza zegoen, eta neure begien aurrean ipurpekoak bestearen itxura isladatzen zuen. Oraintxe esan dezaket: nire ileak laztu ziren.
(Oso gaizki zihoan dena, eta ez nuen nire errebolberrean konfiantzarik). Gau batez, berandu zen eta ez zegoen joan-etorririk karriketan zehar —nire lanaren gorabeherarengatik, askotan, abiatu behar nuen lege errespetatzaileak, hiritar onak, Schweyk [5] bertudunak beraien lumazko estalkipean zurrungaka zeudenean— neskatila batek sarbide batetatik katuak moduan jauzi egin zuen. Espaloian geunden biok buruz-buru eta pentsatzeko astirik gabe hantxe nuen tramankulua paradisura bidaltzeko gertu. Zorionez, berandu izan baino lehen konturatu nintzen azken tranbia edo azken trena presaka hartzera zihoan emagaldua zela, izterrak likisturik artean. Baina ulertu behar duzu zein mailataraino den arriskutsua-ia ia sekulakoa egin nuen. Eta egundoko arazoak sortuko zitzaizkidan. Ezinezkoa zen nire arma eta guzti karriketan zehar paseatzeko balentria euki, atzeko jagole edo jarraitzaile misteriosoa zela medio kale egingo zidala ematen baitzidan bihotzak.
Gregor Samsa, nire kide bati, soldadutzara deitu zioten (ergelegia izan zen guk bezala gaixotasun bat asmatzeko eta joan behar zuen). Gutako askok, klaseko lagunek, nuba [6] bat egitea erabaki zuten pasatutako denbora ona omentzeko, eta bidenabar behar bezala agurtzeko. Week-end bat zen eta Gregor-ek astelehen gauean edota astearte goizean aldegin behar zuen. Larunbatean edo igandean bertan paratu genuen jaia. Lagun batek pianoa jo zuen eta kantatu eta dantzatu egin genuen. Eta edan, txerriak bezala. Pozkarioz uzten dituzu atzean zure gazte egunak, baina horrek ere ondoeza ekartzen dizu. Dei majikoa da. Zorionez mozkorraz edo tristuraz uluka hasi zaitezke, dena iragankorra, ez iraunkorra baita. Alde guztietatik begiratuta ulertezina. Beranduago, agian, nigar egiteko ere zinikoegia zarenean. Hala ere, orainak baizik ez du balio...
Astelehenean, Gregor-ekin topo egin nuen kalean eta gogorarazi zidan gau hura bera eta bere maitalearekin pasatzeko agindua eman nuela. Baietza eman nuen. Konforme, konforme baina ez nintzela oroitzen emandako hitzaz. Eta alderdi zaharreko enparantzako hotelean zazpiretan elkartzekotan geratu ginen. Urduri nengoen: ezin nuen gainetik kendu besto pertsonaren» sentipena.
Bazkalostean, K-k utzitako pistolarentzako balak erostera abiatu nintzen azoka beltzera. Ulergarria denez nik horretarako baimen ofizialik ez bainuen. Zailak dira lortzeko; eta paper faltsuekin arriskuaren pendizetik erortzeko hurrean. Ohitura nuen bezala herritik kanpora joan nintzen bi bala tiratzeko, bata ez baita inoiz zuhurregia eskupetik erositako gauzekin —batzutan polbora hezea dago, bestetan azalak hutsekin agertzen dira. Eta tiroa egin behar duzunean, ezin.
Seirak inguruan, berriz elkartu nintzen Gregor-ekin. Bere maitalea berarekin zegoen eta hotelerantz abiatu ziren. Beraiekin elkartu nendin nahi zuten.
Esan nuen: «Ez Greguska, zazpiretan geratu gaituk eta horrela egingo diagu. Nire kontu. Baina orain etxeratu behar diat zertxobait jateko; gero ikusiko gaituk».
Gregor-ek ez zuen amore eman nahi. Beraiekin zerbait hartzeko hotelean, eta elkarrekin geundela, azkeneko gaua zela... errepikatzen zidan. Arrazoi gordina: bere lagunarekin bi ordutako asperrari aurre egiteko gogorik ez zuela. Gero arte esateak nahiko sumintzen du. Nik, neure aldetik, bakarrik egoteko gogoa nuen, eta beldur nintzen —zertaz? Ez dut behin ere zehatz-mehatz jakin ahal izan. Jakinaren gainean utzi nuen soinean hartarako baimenik ez nuen pistola neramala, beldur nintzela alde egiten ikustearekin batera tiroka hasteaz. (Mozkor-mozkor banengoen). Eta istripuren bat gerta zitekeela.
«Gerra, piska bat berandurako, esan nion olgatan».
— Ach! esan zuen Gregor-ek parrez. Hori besterik ez al duk kezkatzen hauana! Zergatik ez diok kargadorea kentzen eta soinean gordetzen? Horrela legatza eta guzti ez duk tiro bat bera ere botako. Eta bihar, hobeto bahago, berriro kargatzen duk arma, eta ez galdu eta ez saldu.
Ez nuen kontra egiteko argudiorik. Orduan pistolari kargadorea kendu nion eta praken gerrikoazpian kutxa txiki batetan sartu nuen. Kargadorea osorik zegoen— sei bala. Eta kanoitik atera nuen bestea, zazpi. Gogoratzen naiz kontatu nituela. Pistola hutsa jakako poltsikoan gorde nuen.
Ondorengoek aski frogatu zuten kontu guzti haiek alperrekoak izan zirela, ez baikinen gogor edaten hasi. Dudarik gabe, iragan gaueko gehiegikeriaz bete-beterik geundelako. Jan genuen, garagardo batzuk barruratu eta kafe-kikara ugari edan. Ez nengoen zerrepeldurik. Arrats-behera zoragarria zen, haize-izpirik gabe, lasaia. Zeruan, ilargi distirakorra, auto ondo garbitua bezala. Eta ilargiaren zuria kotxeak atzean utzitako hautsa bezala. Gau txoriak, txistuka eta kantari. Ixteko orduan paseatzera atera ginen. Week-end hartako lagunek ez lukete behin ere gure jokaeraren zuhurtasunean erreparatuko. Gure sorterrian sarri askotan kanpora bota behar dira gizonak ixteko orduan. Ez da zuekin —hemen— horrelakorik gertatzen. Han poliziak armaturik badaude ere ohizkoa da. «Gris» batek apenas duen «pipa» ateratzeko aukerarik. Ezin duzu imajinatu ere zenbat jende aurkitu dudan barruan, guztiak poliziari eraso egiteagatik. Ziur diotsut, han edozein hiritar arruntek polizia bati jipoia eman diezaioke. Eta horregatik ez zara politikan sartzen, egunerokoa baita.
Bizirik genuen ondo jan eta elkarrizketa onaren oroipena, eta ilargiaren zuripean malenkoniatzen ari ginen azken besarkadaz pentsatzen genuenean. Gregor Samsa-k bere maitea gurasoen etxera eraman behar zuen, herritik kanpora. Nik lagunduko nien etxerako bidea hartu arte. Astegun buru zurietan langileak oiloekin oheratzen dira. Abesten ari ginen:
Dir, dir uztaren gainean
dagi zeru altuan ilargiak...
eta tipus tapas, inondik ez zetorrela geure aurrean ahots batek hots egin zuen.
Ez naiz gogoratzen ahotsak zer zioen; ez dut uste gure izenik ahoskatzen zuenik. Bagenekien, ordea, guri zuzentzen ari zitzaigula. Eta orduan jakin nuen inolako ezbairik gabe eta argitasun osoz, beti segitu zidan presentzia ezkutua, tematsua zela.
Heldu baino lehen, gure aurretik, ahots liluragarria mugitu egin zen. Ezin genuen ezer ikusi. Ez argirik, ez mugimendurik. Gutaz trufaka denbora pasa ahala. Ausartuko al zen hurreratzera?
Herriaren mugaraino lagundu nien Gregor eta bere lagunari. Han, bidea bitan banatzen da. Ezkerrekoak aldemeneko herrira eramaten du eta han zuten neskaren gurasoek landetxe bat. Eskubitatik iraultza garaian suntsitu zuten baroiaren jauregira iristen da.
Hondamendiak ikusi baino lehen baso ilun bat dago. Ilargiaren ispiluan arbolen itzala beltza eta lodia zen. Arbolak airean zeuden jolasten hostail artetik pasatzen zen argi-inarretan. Ahotsa basoan geratu zen pausatuta eta hurreratzeko agintzen zuen.
«Greguska, eman neska! Arbola atzean ezkutatuta zer dagoen ikustera noatxik».
— Benetan erotu al zaik ala? —galdetu zuen Gregor-ek.
Gerriazpiko poltsikotik atera nuen kargadorea eta pistolari ipini nion. «Armaturik natxiok. Kargadorean sei bala zeudek. Kontatuta zeuzkat. Kanoian bat gehiago. Horrela justu zazpi. Ez nauk kakati bat!»
— Erotuta hago! Nola dakik hori segada bat besterik ez dela? Pentsa ezak! Beharbada haruntzago metraileta batekin norbait zegok ilunpean galduta eta hire zai! Zertarako balioko dik trantze horretan hire jostailuak? Ez hadi joan, lagun! Dudarik gabe norbait zegok hiri tiroak botatzeko presto herritik aparte. Utziok bere horretan! »
Hausnartu nuen esan berria zuena. Arrazoia euki zezakeen. Gure sasoian gauza bitxiak gertatu ohi ziren, bereziki Mugaldeko joan-etorrietan: Ezkutuko taldeak. Sareak. Kontu zuriketa. Egia zen, ehizaldi batetan ahozpez egon ninteke.
«Emantzak buelta erdia eta ezkutatu hadi —Gregor-ek hitz horietxekin eman zion amaiera estualdiari— bihar egunduko dik. Zergatik jarri tinka larrian hire larrua? Hamar baten kontra jokatzen diat gainera hiri ezertan ez dagokiana dela.»
Bihotz-bihotzez eskertu nion eta herri aldera zuzendu nituen nire urratsak. Eta orduan odola zainetan izoztu zidan zerbait izugarria gertatu zen. Jiteaz goragoko ahotsa, behinola arbolapetik deitzen zidana nire aurrean zegoen, ni eta etxe artean, eta berriro nitaz trufaka ari zen eta deitzen zidan.
Jo dezagun Europako herri bat gau sartuan: karriketan ez katurik ez arratorik, etxe bakoitza loa» deitzen den isolamendu batez inguraturik. Hiltamuzko isiltasuna. Gogoratu herrian biztanle ugari dagoela. Mundu guztia herrian bizi da, batzuk besteen gainean. Bizi zaren tokian kalera jaisten zara. Arbola zaharrak espaloiaren bi aldeetan. Eta ostotsa bezala, pausoen zarata ritmikoa. Eta: inpernuko burrunda. Tiroen klaskak, ahotsak orroeka, itzulipurdika erortzen ziren garren distira, polbora usaina, korrika presakakoa. Arnas-estua. Beldurraren itomena, adimenaren leherra, crescendoa, goratzarrea. Hausdura. Eta besterik ez.
Ez galdetu gehiago. Nire ohean etzanda esnatu nintzela, etxean bertan, sukarrez eta izerdi patsetan. Soinean nituen praka eta alkandora. Oroitu? Saiatu nintzen oroitzen. Dena pakean zegoen miragarri bat gertatu izan balitz bezala, eta garbi zegoen gauean loretu zena bururatze bat izan zela. Eta aurrerantzean lasai utziko ninduena. Eseri nintzen, bilatu nuen pistola. Eskuak zabarrak nituen artean, baina aurkitu nuen buruko azpian. Kendu nion kargadorea, balak kontatu nituen. Bi zeuden. Ez gehiago. Eta hala ere, ziur nengoen: ez nuen tiro bat bera ere bota.
ADIERAZPENA:
Gure herriaren historiako garai lainotsu bat izan zen. Errejimen-aldaketen aroetan, aginteaz jabetzeko borroketan, dena hemen bezalatsu da —ikusiko duzu esaten dizudana—. Maiz ehiztatzen zen gauetan zilarrezko azeria. Tiroka. Bazeuden karriketan oihu erdiragarriak edo ibai ondoko landare iharren artean. Ilargiaren zilarrezko isladak askotan nahasiak dira. Egun batetan preso atxitu ninduten, presoz betetako zelda batetan sartu ninduten. Balbeagatik. Presoen artean, nire harridurako hara non aurkitzen dudan Keuner. Ezpain zurbilak zituen. Urduritasuna nabari zuen eskuetan zigarroa pizten saiatzen zenean: gerra batera eta bestera mugitzen zitzaion.
«Kaixo, lagun, hik eskeini hidan ba pistola bat! Entzuntzak piska bat istorio hau! » Horrela joan nintzaion usariozko txorakeriak elkarri esan ondoren.
Ze... oraindik heuk daukak? »
— Ez.
— Ah! (Isilunea). Eta gertatutakoa kantatzeari ekin zion. Halaber, niri enbarazoak sortzeko arazorik ez zuela izan, baina beldurrak janda zegoela eta bola edo hala pistola gainetik kendu behar zuela. (Ondo, pentsatzen nuen!) Guztiau hasi zen mugan zehar errefuxiatu-talde bati lagundu ondoren. Lau gizonezko eta emakume bat. Haseran ez zuen trabarik jarri lanerako. Beraien arrazoiak, beraien arazoa. Nahiko diru zuten eta alde egin nahi zuten —gainerakoa logistika-arazoa zen. Muga pasa baino lehen eraman zitzaketen armak berari emateko eskatu zien. Horrela jokatu ohi da. Mugaz bestaldeko soldadu-talde batek errefuxatu armatuekin topo egiten bazuen, suari ikatza botatzea bezala zen. Alde horretatik behintzat, gidari jaio eta trebe batek ezin zuen fusilkada baten arriskua onartu. Emakume bakar batek, liluratu zuen damak ez beste inork zuen berarekin arma bat: pistola zikin hori. Dena eragozpenik gabe gertatu zen. Ia egunerokoa. Bere dirua balio duen gidariak dena aurretik dauka kalkulatuta. Iritsi zirenean, hark —K-k— ohitura zen moduan emakumeari itzuli zion pistola. Ez, gorde zezakeela, berak ez zuela beharrik eta, honen erantzuna. Emakumeak irri gaiztoa egiten zuen. Berehala istorio bat kontatzen dio K-ri. Honi gustatzen zaio, edo ez. Izan ere, zioen emakumeak, senar bat zuen bera baino adinatsuago, polizia politikoan goi ofiziala. Era berean, dena nahasteko, bera erresistentzia talde ezkutuko bateko ekintzailea. Senarrak bazuen susmorik? Bazekien? Beharbada. Emakumeak pasarte asko oihal garbiaz estaltzen zituen beharbada harremanak zituen lau ikasleren arteko norbaitekin. Beharbada ezkontza kanpoko lotura hori zen bera eta taldeko besteak batzen zituena. Nork esan zezakeen? Senarrak erabiltzeko asmoa al zuen, lege kanpoko taldean sartzeko? Polizia politikoak esku sartzeko asmoa zuela jakin zuenean, musuhuts utzi zituen senarraren ahalegin eta helburuak eta pistola ohostu zion. Besteei buruz— nire lagun K ez zegoen horren argi. Arma horrekin gobernuaren ajentea hil zuten lehendabizi, ala taldeak besterik gabe ihes egin zuen? Joanak joan, mendekuaren marrak zeharkatu zuen zerua. Eta K-k ez bat eta ez bi muga gainditu zuen gau hartan bertan pistola ostua eta guzti. Berehala, gero nik nire bizkarrean ezagutu beharko nuen jazarpenaren pairatzailea izan zen. Lehertu ziren haren nerbioak eta trapu izaerara bihurtu zen. Jasanezinezko egoera batetan murgilduta zegoen eta ulertzen zuen zerbaitek hariak mugitzen zituena uste zuen.
Hori ezin izan zuena jasan. Neri eman zidan pistola, bistatik kentzeko. Gero, alde egin zuen. Aitzakiak, damu itxuraz egiazkoak, nire lagun zaharra! etab. (Beti burua zuritzen).
Hona hemen behinere oso osorik irenstea lortu ez dudan istorioa. Aitortu behar du bukaera aldean zertxobait moldatu dudala nire erara. K izan da saldu zidan armari buruz zirikatzailea eta nire nahigabe eta desditxez jakinarazi ondoren —eta bukaera onaren hildotik— hitzez-hitz kontatu dit istorioaren aurre historia, hastapena. Egiak kristal leun batek baino arpegi gehiago ditu.
[1] Nomansland: Inorena ez den lurra
[2] El Cabo: Hegoafrikako hiriburua
[3] Alemanieraz, jatorriz
[4] Kroner: Txekoslobakiako txanpona
[5] Schweyk: Txekoslobakiako literaturako pertsonai inozoa
[6] Festa edo jaia
© Breyten Breytenbach
© itzulpenarena: Felipe Juaristi
"Breyten Breytenbach: Gaizkile arrunt baten bi aldizko heriotza" orrialde nagusia