Gaizkile arrunt baten
bi aldizko heriotza
1. Latza eta urrutikoa da herri hori. Indico itsasoa eta jaitsi eta igotzen diren mendi-katearen artean ibarrez betetako lurralde bat dago, kostatik gertu. Tropikala da klima han. Ozeanoan, marrazo eta beste arrainak daude: batzuk handiak, besteak txikiak, kolore ilunekoak, edo zilarrezko edo marfilezkoak. Lurrean, arbola distiratsuak, lore nabarrez asetutako arbola mamitsuak: bananondo, palmondo, mangondoak; buganbilek lorezko ortzadarra eskulpitzen dute eta arbola batzuk izar zaurituen gisako lore gorriz beztitzen dira. Badaude beste tipokoak, inurri beltz eta iletsuekin, guztiak beren hanka likitsez kukuluetan gordeta dagoen nektarra bilatzen. Badaude Indiako kainabera eta Ceilan-go larrosak. Gauez, iluntasun bustian magnolia, kamelia, gardenien usaina sartzen da sudur zuloetatik. Fruituak, sarritan aritsu, itsaskor eta gozoak dira. Guayaba bezalako arbolak beren usain bereziez daude inguratuta, argi-hesia balitz bezala, eta usain honek izerdi patsetan dagoen emakume galant baten urrina ematen du. Beroak eta hezetasun handiak berehala zoratzen du esnea, harian eskegita edo armarioetan gordetako arropa urdintzen du eta egurra usteltzen. Burdina eta altzairua herdoilak jaten ditu. Ipar eta Mendebaldean azukre-kainadiak zabaltzen dira. Asiarrek landu eta ebakitzen dituzte. Hauek gaztain koloreko begiak eta ilea beltz eta lakatz gabea dute. Maiz, «itsas kaffirrak» deitzen zaie. Han hemenka azukre kanaberek marrazten dituzten uhinen artean, durundio lehorren oasian beren jainkoentzako baselizak eraikitzen dituzte. Barruko paretak koloretako irudi altuez margotzen dituzte: batzutan Kali agertzen da, Ama Jainkoa, azal zimelarekin. Askotan Parvati itxura, edo Saravasti-rena hartzen du, hodei tankerako trono hegadunean; edo Shakti-rena, emazte, lagun eta Shiva Suntsitzailearen alter ego denarena. Landaretza honetan txoriak, tximeletak eta gorputz beltzezko eta distirantezko zomorro mota askoren nondik norakoak ikusi daitezke. Ozeanotik urrutiago ere bai, aizkolariek ebaki eta botatzen dituzten arbola gorri eta gazteak landatuak daude basoetan. Haruntzago ere ikuskizun antzekoa. Sugeak ez dira falta. Herritarrek ontziak konpontzen dituzte, saldu eta erosteko erabiltzen dituzten beraiexek. Eta udatiarrak eta atsegin bila dabiltzanak guayaba kolorea duten hondartzetan etzatera etortzen dira, eta olatu epeletan bainatzen dira, sareek marrazoengandik babesten dituztela. Barrerak jaso orduko, marrazoak hantxe daude torpedo txuriak bezala. Usteldura, likistasuna, alperrik galdutakoa eta azukre-olen bafada sarkorra kaleetan sentitu daiteke. Batzutan ere, espezie eta belay aromatikoen usain fuerteagoa. Dantzalekuak, taxiak eta bultza-bultzak ikusten dira. Erretzen ez dutenek dagga izeneko oso droga gogorra hartzen dute. Baditu beste izenak hala ere: bhang (benetako arroza) jane, maryjay, rooney, D.P, xixari belarra, stup, popeye, ezagumenaren arbola. Erdian beltzago eta betazalak ikutzen dituzten puntuetan gorriagoak bihurtzen ditu begiak, eta ahotsean kea moduan biribiltzen da. Denboraren ezagumena galtzen da eta arrain batek mauka-mauka jan izan balu bezala uzten du. Apetitoa pizten da.
Kostaldea eta Erdialdea urrutitik urdinak diruditen mendiez daude banandurik. Herensugearen mendiak dira hauek. Ehun kilometrotan luzatzen dira, Txinako harresia bere ate jagoleekin bezala. Baina ziudadela honen zenbait tontor handiak dira eta kolore osoa galtzen dute. Elurrez edo izotzez zipristindurik baleude bezala dir-dirka ari dira.
Mendietatik haruntzago Erdialdea hasten da. Lur babesgabea da, ia desertu. Handik aurrera, ordea, desertu osoa, duna gris eta iluna bihurtuko da, duna mugikorra. Lautada handia da eta aldagaitza, belar iherra izan ezik landarerik gabea. Neguan, desmargotu den argazkia bezala zuritzen da. Han hemenka, arrailak edo sakanak; goi-herrietako pliege, hegal, erlaiz eta zelaiak, azken hauek goi-goiko mendietan. Uda heldu ezkero, sekulako hodeiek inbaditzen dute zerua eta ez dira gainetik kentzen. Historia aurreko tximistak libratzen dituzte, elektrizitatezko ezpatekin. Eta ez dira falta izaten argizko geziak, kez beteak. Azkenerako, hodeiak desegin, desagertu, irekitzen dira, eta urjauziak lur horikailean zehar sakabanatzen dira. Hemengo gizonak gogorrak, motzak, bipilak bezain zuhurrak dira, lurrak eta klimak besterik agintzen ez baitu. Begi-zulo galantak dituzte bekain lodien azpietan, zimurretan ezkutatuta; eta gaztetan hortzik gabe geratzen badira, sarri askotan gertatzen dena, beren matrailetako giharrak gogorrak eta mingotsak dira. Ez dute kultura sendorik. Artoa erein eta jaso egiten dute gorriz pintatutako traktore, gurdi eta beste nekazal tresnen laguntzaz. Giberrita eta abelgorri talde ugariak dituzte gobernatzen: zorigaiztoko konkordun zebuak, lur kolorezko idiak, buruaren alde bakoitzean adar zuri bat dutela. Nguni edo Afrikanner deitzen diete.
Aspaldi ekarri zituzten gizon horikailek animalia hauek. Handitasun honetan, asiar jiteko arrazaren ondasun bakarra da. Erdialdean, benetako aberastasuna lur-azal azpian dago, gordeta baina. Lurra mogitu egin zen eta urrea eta kobrea sailetan pilatu ziren. Hego aldera diamantez betetako sumendi, lubera eta zainak daude lurperaturik. Bizilagunek beren etxeak aberastasun honen gainean eraiki dituzte: beiraz, hormigoiz edo altzairuz. Desertuan altxatzen dira, goitik datozen eztanden poderioz zapuztuak eta lur-azaletik ezabatuak diren arte. Kaleetan zehar automobile luze eta bajuak ibiltzen dira herrestan eta eguzkiaren argia isladatzen dute heliografoen moduan; autoetan gehiegizko elikadura jandakoak joaten dira. Sekulako orrazkera dute; biboteak, izerdia gordetzeko eta zabal zabal joaten dira, belaunak separatuta. Besteak, karraiatzeko modurik ez dutenak, ilunagoak dira larruz. Zaldiz mugitu behar dute eta beren lebiten hegalek erritmoki dantzatzen dute erakus-apalen aurretik pasatzean. Hiri hau da nagusia, hemendik administratzen dituzte Kostaldea, Hegoaldea, Mendiak, Lurralde Zaharra, Lepoa, Estadu Erdikoa, Muga, Erretserbak, Desertua eta beste kolonia eta jabegoak.
Gure gizona Kostaldeko probintzian da jaiotakoa eta koskortutakoa. Haurtzarotik oroipen gutxi geratu da bere buruan eta asko gehiago ez bere heldu-aroaz. (Zahartuta hil zitzaion ama eta soineko beltz eta artilezkoekin janzten zen. Konkor ikusgarria zuen lepauztaien artean). Handia eta indartsua zen. Ile marroia eta zertxobait koipetsua, bekoki gainean erortzen zitzaiona. Hanka iletsuak zituen eta irriparre egitera ausartzen bazen, ahoko eskuinaldea altxatzen zuen giharren kontrakzio pittin batez. Ezin jakin kirol-zaletasunik inoiz izan al zuen. Batzuk egin zezakeen lan batez hitz egiten dute. Ez da semerik aipatzen. Gaztea zen artean: hogeita zazpi urte.
Ez dago inpernurik. Unetik unera doa sortuz, errukirik gabe gainera. Guztiz pertsonala da, gizabanakoa. Norberak berea. Horrek ez du esan nahi besteak ikutzen edo besteengan eraginik ez duenik. Argi-tutuak bezala, inpernuek zeruetan eztanda eta argia egiten dute, ingurumarian dagoen guztia aldatuz. Orduan, segundo zati batez, ekintza, kaltea, kate-erreakzio bat sortzen du, aldaketa bat, oihartzun handiagotan loretzen dena, eta hortxe aurkitu daiteke; ezkutupeko odol-isurtzeak, krimen bakoitzak inpernua darama. Sugearen azalak sugea eztaltzen du plegu faltsorik egin gabe. Eginkizun gaiztoa, gaizkilearen egitekoa burututa dagoenean inpernua irekitzen da landa gainean. Eta azkenean lehertzen denean, jende aurrean bada ere, barkamena erortzen da. Bata bestearen adierazia da. Batak bestea ezabatzen du.
Clochard bihurtu zen inork ez daki zergatik, ezta nola ere. Emakume batekin egin zuen topo. Bera baino askoz zaharragoa zen, laguna eta alter ego, beraren moduan hiriko gaizkin giroetan trebatua. Dirua zutenero erre edo edan egiten zuten. Orduan, lo egiten zuten larrean ezeztatzen zen zikinkeria ondoan edo gainbeheratuak izateko zeuden etxe hotzetan. Aldian behin ere ur-bideetan loak hartzen zintuen. Bazekiten dantza egiten.
Emakume zaharra ahalegintzen zen gautarrak berarengana ekartzen, azal eta hezur besterik ez izanik. Mozkorrak, marinelak, gentleman nabarmenak ziren urliak. Arazoetan zeudenak, inor konturatu gabe abilki kaleetan zehar zebiltzanak. Gau beheran beti (bizitzaren loratzearen beheran, heriotza-bidean jaistean). Emakumea, puta; eta gizona, amua. Arrantzu-kainabera, makua eta makilaren trinidadea. Emakumeak urli inozo bat engainatzea lortzen zuen. Hankak lizunkeriaz jartzen zituen balantzan eta ezpainen zauriaren ondoko gorri eta biziaren artean odol-maila bezalako lerde luze eta Hun bat erakusten zuen. Emakumeak izkin desertu edo apartaturen batetara eraman orduko, lagunak atzetik jauzi egiten zion gainera gizonari. Makila edo labain batez, eta noizean behin piano soka batez egindako urka laster batekin. Helburua hiltzea zen, asesinatzea. Badakigu hiru aldiz lortu zuela. Zenbait hildako moztuak izan ziren eta zatitan jaurtiak estolda-aho batetik. Badirudi bultzatzailea ez zela lapurretarako afana. Agian, satisfazio gaiztoa zen edo sexoaren pizgarria. Gau batetako sarraskitua zilargin itsu bat izan zen. Ohituta zegoen harri ederren koskak edo erlojuan mugimendu zalapartaria bere behatz sentikorrez aditzen. Baliteke zilarginaren itsua indarkeriak eragindako zauria izatea.
Luze gabe poliziak harrapatzen ditu. Ondoren epaiketa eta bertan erruduntzat hartzen dituzte biak. Eta zigorra ezarri: emakumea, ahoa irri faltsu batez okertuta, eroetxe batetara!; gizona, heriotza-zigorrera kondenatutako zelda batetara. Kasu honetan hauxe esan ohi da: hau, sokarako. Eroriko den beste burua. Haren buruari soka batek emango dio buelta. Hiri handi batetako adreilu gorriak dituen etxe batetako zeldara eramaten dute. Mesedea eskatzen du. Alperrik. Hasten da luzaroko esperoa. Deitzen du, baina ez diote kasurik egiten. Urte t'erdi pasa beharko ditu.
Astelehenean, zera hori hurrengo asteartean gertatuko dela abisatzen dio borreroak. Artean, aste bat. Labealdi berean beste bost kondenatu. Txuriak ez, larmintz gaztekoak eta zama bezala zenbait gaiztokeria dutenak. Elkarrekin joango dira baina ez dira momentu berean kulunkatuko. Bizitza ezak maila berean jarriko ditu agian. Paper plegatutako orri bat ematen diete, marra beltz batez inguraturik, eta hantxe iragartzen da egun fatidikoa, heriotzaren eguna. Borreroak pisatu, neurtu eta lepoa hartzen dio. Datu horiekin, sokaren luzaera sumatu daiteke huts edo oker handirik egiteke. Astelehena zen. Udan eta aro horretan, hodeiak egunero durrundaka ari dira eta urezko gudua lur gogor eta kraskatuaren gainean.
Baten batzuk beren heriotzarekin hiltzen dira. Txuriak ez direnei atzetik aurrerako kontua hasi dela iragartzen dietenean, bapatean ekiten diote abesteari eta hitzak laba moduan hasten dira erortzen. Berehalakotasun hunkigarria edo dago kantu horretan, beraien ahotsak bizirik erretzen aditzeko balitz bezala. Beste kartzelatu guztiek, beraien txandaren zai egonik, une horretatik aurrera laguntza ematen diete: ahots apalak, tenoreak, bigarrenak, koroa. Bidaiari-gai bakoitzaren ahotsaren hegada sostengatua da, besteen ahotsekin bultzatua. Tipus-tapas, inurritegi batetan bastoi bat sartuko balitz bezala, ahotsen soinua lepoko behien modukoa da, abereen marruma odol usainean, aurrerantzean ezerk libretuko ez dituela jakinda. Litekeena da juduek, beraiek ere kantariak balira, gelatan gasa irekitzen zutenean kantatzea. Egingo ote zuten hori? Gau eta egun irauten du aho-atetik ateratzen duten zarata honek. Eguna eta gaua ezabatzen ditu, alde egin behar dutenak goizeko zazpiretan jaikitzen diren arte. Agurrik onena goiz-nabarrean egiten dute. Azken bidaia egingo dutenez beste inork ez du kantatzen. Horrela jarraitzen dute eguna joan eta eguna etorri. Goizeko lehen argiekin zurrumurru got bat da, inoiz lorik hartuko ez duena. Ur bazterrez aldatu besterik egiten ez duen itsas murmurioa. Era horretan, azken astean zehar, beldurra, zina eta mina, herstura eta bizitza ahotik isurtzen dira apurka-apurka. Sendagarri bat. Eta azken goizean pasilotik joaten dira, ispilu batetik bezala, izuan baina erritmoz. Gizon bakartien urratsa baino gehiago, kantu bat mugimenduan. Ez daude han; beraien ezpainetik etengabe sortzen den hats bero eta hezeak besterik ez du irauten. Azaldu daiteke alderantzizkoa: azken hastean bizitza gozo eta iheskorra kanturako sentikor eta ohargarriago bihurtzea; jakinduria argiko oihu urragarria egiten den arte.
Ez du grazia hori, bere taldekoek —atal berean, presondegiko zati berean dauden lagun kondenatuek, larru argikoek, koloredunak ez direnek, klase nagusietakoek— ez baitute erraztasunik abesteko. Ez dago zelda kolektiboan, besteen moduan-seguruasko, horietan gehiago daude txuriak ez direnak, beltzak edo ilunak ez direnak baino. Errezuaren bidez, bere baitarik herioa (edo bizia) kanporatu behar du. Artzaia laguntzeko eta hitzak ahora emateko dago. Hitzak herioa lehertuko uneetako zuloak baitira. Beste mode batez esateko, hilko da hil aurretik. Bere buruaren mamua bilakatzen da. Begi distirantak begi ohetan hondoratuak ditu. Horrek damaio bere jiteari hilhurrearen antza. Ile sorta bat zintzilik bekokian behera. Irri gaiztoa marrazten du zaintzaileenganako beldurrik gabe. Gogortutako presoak bere oinetakoak galtzerdi motzik gabe daramatza, soka ezaguna duenaren gisan.
«Esperantza oro galdua da,
barkamenik lortzerik ez. Zer da txarrago?
Esperantzarik gabe, ez dago beldurrik.»
Milton itsuak.
Artzaia.
Administrazioan gradu batekoa. Izatez emalea. Gizontxo burusoila da, azken erara eta neurriz jantzita. Sabel, gintzurrun eta alboetan lorez zipristindutako alkandorarekin. Begi azpietan poltsa gorri eta hanpatuak dauzka, eta imajina daitekeen bezala haragi, zurizko gerri eta istondoak. Zeregina: arima prestatzea, indartsu egitea; errotik atera, xahutu eta errepasatzea. Eta nahikoa ez balitz bezala otzentasunez ereitea. Beharrak trebezia handia eskatzen du. Arima kearen modukoa da eta behatzen artetik isurtzen da. Denbora ugari pasatzen du belauniko eta hori ez da ona galtzentzat. Bokale batzuk neurririk gabe luzatzen ditu, mantso-mantso ahoskatuz, eritziz aldatu dadin haur bat animali handi bad zuzentzen zaion moduan. Errezatzen, begiak ixten ditu eta kondenatuari eskutik heltzen dio. Begiak itxita, aho goraz hitzeginik, beste maila batetara pasatzen zara. Eta hor dagoena ez dago hor. Hor ez dagoena hortxe agertzen da ala beharrez. Paradisua handitzen da betazal itxien atzetik. Oso handia da bere agintea. Azken astean zehar kondenatuarengandik datorren zernahi ustegabean batu egiten da klerikoarengan, honen baitan gauzatzen da. Arima, bizidunen artean geratu dadin desiratzen du, gorputza ezerezera bihurtuko denean. Berak, barraskiloa bailitz, kuskuilu berria lortuko dio. Eta gorputza, gero eta arinago.
Borreroa (atezaina, urkamendiko jainkoa, sokarekin trebea, hilketa ematen dutenen artean artista).
Garaia da gorputzez, neutralitate samurrezko jazkera ilunekin beti, taju malenkoniatsuz. Bere lanpostu eta egoera ondorengoa pribatua da eta ondo zehaztuta. Lanpostua libre geratu ezkero, bere kasa utzi duelako edo hiltzeagatik, edozeinek hartu dezake: adibidez, erretiratu batek edo dirua behar duen edozein familiaburuk, beharrezko baldintza betetzen badituzte. Buruko edo hildako hainbatetan hartzen da postua (orain, dirugaltzea dela-ta zazpi rand-etan dago ordaindua). Zenbat buru, hainbat diru jasotzen du. Laguntzailerik izatekotan, berarekin batera urkabea zeregin horretarako presto dagoela baieztatu behar du, askotan baita erabilia. Izendatzen diote talde bat eta hark berak iragarri behar ditu prestatzeko behar direnak. Bizitza berri batetarako hornitzen zaituen irudigilea da. Zorigaiztoko goizean, goizargirako dago tente. Buruari burdin-hesien kontra pausatzen uzten dio, bere behatz lotuen artean, errezatuko balu bezala. Hilko dituenak ekartzen dituztenean zainpean —hurretik zaintzen dituzte begiraleek— tinkatzen ditu soka lasterrak lepoaren bueltan, belarrien azpian, sokak eta lepoak neurri bera hartu arte. Gero kapelutzarraren aurrekoa ixten die begien parean, eta behatz zurbil batekin tranpa irekitzen diren botoari sakatzen dio. Orduan diren garaiak baino bi bider garaiagotik erortzen dira. Ikuskizuna laburra da, gutxitan irauten du zazpi segundo baino gehiago. Zazpi pertsonarentzat lain izaten da. Zutik eukitzen dituzte marra bakar baten gainean, bi ezkonberriak aldare aurrean bezala. Gorpua hamar minututan egoten da zintzilik zuloan. Kolpeagatik kraskatua izan ez dena ito egiten da. Gero, gorputzilak artean bero eta pisuak (herioa pisua da) ustaga baten laguntzaz igotzen dituzte. Esku-burdinak kentzen dizkiete. Erantzi eta berriro behera eramaten dituzte. Hasi behar dena berriro, zuzeneko ondoriorik ateratzen ez bada. Dardara edo gorputz ikarak desagertu ezkero, garbitzeko kabarretan botatzen dituzte. Zerbitzuko-medikuek sarrastada bat egiten dio lepoan hautsita zein orno dagoen ikusteko-xehetasun hau bi aletan idatzi behar da. Odol-opilek lortu dute kabarren metalarekin nahastea. Odol-opilak, odol-mailak, mukiz bedeinkatuak ere nonahi: soka eta kapelutzarretan. Eta sokak borobilean gordetzen diren armarioak zoko-usain kerra du. Ondorengo orduetan ehortzen dituzte. Hildakoak soinekorik gabe uzten dituzte. Azken finean, estadua da beraien jabe. Honegatik edo horregatik baina gorpuren bat gorde behar denean, badago eginkizun horretaz pentsatuta konjeladore distiratsu eta moderno bat autopsia-geIan. Guzti hau ordu fresko eta xaloetan gertatzen denez, borreroa izatea ez da beste edozein lanbidetan aritzeko traba. Borreroa irakasle, sikiatra, politi kari, oilotegiduna, argitaraitzaile edo langabetua izan daiteke.
Potentziak - Urkamendia.
Aspaldi, ikusteko moduan eraikitzen zuten urka-lekua, plaza edo muino baten gainean. Eta zeremonia osoa publikoa zen eta pozgarria txorientzat: ondorio baztergarriarengatik baino gehiago eguneroko bizitza eta heriotzarekin lotuta zegoelako, eta horregatik libertimendu forma zaharra zelako. Jendeak elkar ez du ezagutzen, eta elkarrengana joateko ohiturarik ez dago garai honetan. Muturra herio-askan sartzen duten abereak baino ez gara. Irabazi gaituzte zibilizaziorako. Gure sasoian, hil tokia gailentzen da zeharo: pareten atzean gerizpea dagoen tokia, pasiloen buruan, ingurubilaren erdian. Apenas inork dakien bila dabilenak aurkitzen badu. Hantxe dago jainko herabe, idolo itsua bezala, mutu eta hasi berrien izurako, tradizio iluneko atseginerako. Zikina kanporatzea intimoa den moduan, barrukoak begi luzeengandik gorderik egon behar du. Izaera antsigabearen gezurrezko azala zaindu behar.
Ez dago askotan ez nazka ez desplazerik hilketan. Noiz edo noiz gertatu da zenbait kondenatuk ez dutela jokoarekin segitu nahi eta goiz batetan, haien zeldatxoko atea irekitzen dutenean estalkia funtzionariaren gainean botatzen dute; eta ahari bat bezala, buruarekin paretaren kontra jotzen saiatzen dira. Segidan, hilabeteetan lepoa luze-luze euki behar. Gertatu da ere flappie bat, tranpa irekitzen den segundo horretan, zehatz-mehatz kalkulatzen duela bere kolpea, eta aurretik dagoenaren bizkarrera jauzi egiten du. Modu horretan bestearen eroria moteltzea lortzen du eta aldeari ostikoak ematen dizkion eran igotzen dute. Eta berriz, hilketaren sasoia hasten da. Ebitaezina da, zulo itsua artastean bezala. Erritoak ez dio hutsari edo supitukoari lekurik uzten.
Azken bidatzak ez du galbiderik eta norberaren inpernuaren zatia baino ez da.
Erromesa (hiltzeko kandidatoa), arima lasaituta eta funtzionarien laguntzarekin badoa helmugara ondo iristeko apainduko duten gelara. Toki honi «azken gela» deritzote, abia-sala. Heriotzaren usain gozo eta nazkagarria, denetan inpregnatuta dago. Han, esku-burdinak jartzen dizkiote eta buruan kapelutzar zuria. Begien pareko aldea jasota geratzen da, urkamendian parterik hartzen ez duela. Salbuespen moduan, batzutan bizkar hezurra alde batetik eta lepo osoa bestetik bereizita geratzen dira, lurrak oin azpian ihes egiten duenean: burua gorputzetik banantzen da kasu horretan. Dilindan, burua besterik ez. Baina hau kandidatoa sifiliagatik ustelduta dagoenean. Eta gehienetan zuriak ez diren emakumeekin. Gertaera honen aurrean, estatistika aldetik axolarik ez duena, oso zaila da soluzio zientifikorik topatzea. Gehiagotan gertatzen dena zera da: gizagalduek azken momentuan orgasmo zoriontsua eukitzea. Seme bati bizitza ematea, heriotza modukoa da. Ilunbeteko azken pausoa nolabait betegarria da: azken besarkada Ama-Jainkoarekin. Sarrera eta barreiatze bat. Esaera batek dio: lepotik hiltzea, gaua sodomizatzea da... Hala ere, badaezpadako neurriak hartzen dituzte hilko diren emakumeekin. Kautxozko kulero inpermeableak ematen zaizkie eta soinekoa belaun aldean itxi eta josi egiten diete. Aurrerantzean, gizonekin gertatzen den alderantziz, uretan garbitzeko ez dituzte biluzten, baina hil diren jantziekin ehortzen dituzte. Azken arnasa hartu duten moduan. Arrazoia: kolpearekin, zuloan erortzean, emakume-zatiak (umegin, obarioak) odoleztatzen dira.
Noiz edo noiz, azken gau edo azken egunetan kondenaturen bat saiatzen da bere buruaz beste egiten. Esate baterako, burezurra zeldatxoko paretaren kontra txikitzen; edo-ta, burua oheko ohol gainetik botako du, eta saiatuko da zimenduan bere burmuinak isurtzen, eurite bat bezala. Inork ez dauka eskubide hori; azken finean ez da sakrifizioa eskatzen, besteei dagokien ejekuzioa baizik, eta hor nork berak bere papera antzestu behar du. Elkarrekiko erantzunkizunen arazoa da. Badaezpadaere, dena prest dago bihotz ahulen suizidioa aldez aurretik bertan behera uzteko. Heriotzara zigortuak izan direnak, bizitza gabe geratuko direnak beti argitan dauden zeldatxoetan gordetzen dituzte, eta gau eta egun zaindari batek agoten du ate-zulotik. Gauak eta egunak... Hilko dena aukeratzen dutenean, zeldatxoa bere luze laburrean arakatzen dute, ezkutupeko armarik ba al duen egiaztatzeko. Hortik kanpo, azken egunak errege moduan igarotzen ditu. Kondenatua bere gustoko janariak eskatzeko aukeran dago, oilasko errea bada ere.
Zin egin zuen bizirik sekula santan atrapatuko ez zutela, bakar bakarrik moldatuko zela. Punta borobilezko estiloaren tinta-bildegian, han gordeta zeukan jostorratz bat aurkitzen diote. Orratz beltza, urdina une hartan, besoaren goitik sartua izateko. Flortik, teorian bederen, bihotzerainoko bidaia laburra burutzeko; edo min batetan, dena, tximista edo sugea bailitz, zulatuko lioke gorputz zozkoa-aintzinean, Krishna jainkoak (Vishnou-ren gizakundea) alderik alde Kaliya sugetzarrari lantza sartu zion era berean. Bidaia labur eta sekulakoa. Ez daki bere jostorratza aurkitu dutela eta aste gaiztoan zehar berak bere buruaren egunei fina nahi ahala jarriko dielako sinesmenean bizi da. Horrek ez du axolarik. Azken goiznabarra ikusi aurretik hilko da beste modu batez. Hala ere, hobea eta indartsua izan zatekeen amarrukeriaz bizar-xafla pasatu balu haseratik! Egin zezakeen paperezko orri batetan irudiak isasteko aitzakitan. Orduak eta orduak pasatuko zituen ebakitzen, zaindariak labaina ahaztu arte. Zilarrezko pozoin hau, bitan zatitu zezakeen eta erdian komunetan desagertarazi: bestea beti soinean emango luke. Azken izarrek zerua zeharkatuko zutenean azken arratsean, zaindari guztiei gau ona pasatzeko opatu, bere ohantzean etzan estalki osagarriarekin eta bizkarra ateari emanda. Burupean dauka eskua, burkoan, eta kokotsa estali arte tiratzen du estalkia. Komeniko zaio azkar, arin ibiltzea, kondenatuek azken astean ezin baitute eskuak estalki gainean lo egin. Metal zatituaren ahoaz besamuturrean dagoen zaina, zart, besogaineko zirrikitukoa edo galtzarpekoa. Zart berriro: luzean zentimetro askotako ozka garbia. Eskua belarri azpian geratzen zaio; besoa plegaturik eta zauri ibaiak odoleztatzen dihardu estalkiaren aterpean. Ahoa, arnasatan. Gauean, bero tropikalaren usain misterioso eta ezti-jarioaren moduan odoleztatzen. Luze-luze dago, gorputza paretari begira, eta odola pilatu daiteke ohe eta pareta artean. Biharamun goiza iristean, azken eginkizunerako iratzartzekoan, gorputza ordurako marmorezkoa du... Edo —beste irtenbidea da— bere behatzez ahal izan ezkero tira ziezaiokeen bere mihiari. Gero hortzak irmoki itxi atea balitz bezala, eta beste eskuaz suabe-suabe sakatu azpiko matrailari. Horrela, beheko hortzek errotik gertu mozten dute mihia. Besterik gabe isurtzen da odola. Edo irents zezakeen mihia. Ai, zein ergela!
Kostaldetik etortzen zaio ama, bere adats grisasta eta bizkar beltzarekin. Artzaiarekin egunero egiten dio bisita-baina seguruasko beirazko artesi atzean dago, zuzeneko buruz-buruak debekatuta baitaude. Herioak dena kutxatzen du. Errezatzen duenean, eskuak (behatz bizkarrak eta falanjeak) bata bestearen kontra estu-estu daude zerraturik; eta uzten duten lekuan babesa aurkitu dezakeen jainkoa txikitxikia izango da, okertutako ideia zaharraren adinako jainkoa, ezereztatua, bihia bezala.
Zutik dago zeldan, sabaiko argi baso biluziaren pean, eta zaindariei mintzatzen zaie. Horietako bat dena bukatuta egon baino lehen zertara bultzatuko dituen zain dago, azken gauetan bihurrikeriatan harrapatu baitute. Jaiotzen ari den eguna zilarrezko pozoina da, odola bezain beltza den isurki-katilu batetan, gaua artean jabe den etxe ilun batetan.
Astelehena iristen da lanbro fin eta izoztu batekin: erdialdean udan erortzen den euri isilkari bera. Baina itxutaz hori pentsatzeko ohitura dago, Ozeanotik datozen haize basatiek jotzen dute Kostaldean eta euri sarkor bat egiten du. Eguraldi arrotz hau Sortaldetik —Kostaldetik beraz— jotzen duen haizearen eragina da. Azken desira: zilargin itsuari bere begiak eman diezazkiotela. Berde distirakor batekoak ditu begiak, lepoko edo eskumuturrekoa egiteko noizbait zilar gainean zilarginek muntatzen dituzten harrien kolorekoak. Ez da jakina begiek oroipenik dutenik. Nork daki zehatz-rnehatz adimen-zentzuak non daudenik? Begiak edonori ematen zaizkionean, pertsona bat bestearengan txertatzen dela ez al du ba horrek adierazten? Baina ezin da begi bat txertatu baldintza onenetan begi txuriak izan ezik. Eta, dena den, ezingo dute azken nahia azkeneraino eraman, horretarako dauden araukeria guztiak bi eta hiru aletan idazteko betarik izan ez baitu.
Eguna zabaltzen duenean, eguzkiarekin jaikitzen da. Ez du argiastea ikusiko, ona eta txarraren jakinduriaren arbolan zintzilik dauden fruituen leku debekatua zimentu gainean baitago. Hemen ez da ezaguna egunaren aiztoa, ezta gauaren kapa ere. Ikertzaile batzuk etortzen dira galdezka ez ote den izango iraganari begira onena, krimen ez argituen andana bat gainean hartzea. Berak bakarra izan nahi du gizon bakoitza salbuespena balitz bezala. Ustelduko den hilobira eramango ditu berarekin hilketa asko. Hamabost pertsona edo akatu dituela uste izango dute. Funtzionariek eta arimak laztantzen dituenak gidatzen dute barreneko lurretatik zehar. Ez txuriei, pasioletako kantuak lagunduko die aurretik. Azkenez, itxoin-gelatan eta kanpoko saindutegitan hainbat galdu ezkero, garbituta eta prestatuta zirkulo sekretu eta sakratuan sartzera doa. Inpernu bat ezabatuko du, bestea. Berri bat eraiki daiteke. Kausa eta ondorioa elkarren atzetik dabiltza. Ez da, ordea, inondik ere hamazortzi hilabete atzerago zen gizona izango.
Prestatze-gelan, zaindari bakoitzari eskua ematen die. Esku-ahurreko marrek bestearenak estaltzen dituzte, behatzek bestearenak ikutu, zeharkatzen dituzte, bestearenetan korapilatzen dira. Topo egin eta banantzen diren ipurtargiak. «Han goian» laster aurkituko dituela baieztatzen du. Behean izardi-kiratsa dago. Goian-behean gau izoztua. jazten diote kapelutzarra, esku burdinak jartzen dizkiote. Orain, minotauroa da.
Hiletan belaunikaturik dago ama. Hara eramango dute kutxazatiekin, xahuketa-sakrifizioaren kuskuilua. Eskatu ezkero, ehorzketa ahaideen eskuetan uzten dute: Jainkoak nahi ez duenak lurra gizenduko du. Eskuartean ez dago espazio gehiagorik. Odol itxura daukan dena isurtzen da haren gorputz irakinetik: umekiaren oroitzapena, eta eztarrian pausatzen da use baten urruma gorra bezala.
Urkatokian dago zutik. Goian, hegatz eta sabaitik haruntzago zerua dago, zeru baketsu bat. Argiak izarrak xurgatu ditu. Arrain bat isladatzen da. Esku antxumatuetan burua utzi duen borreroak soka tinkatu du: zilbor-estea. Korapiloak belarri atzean etorri behar du justu, han orno-muina, adimena, argia joaten den haria, burezur bihurtzen baita. Borreroaren mugimendu zehatzak begiratzen ditu, azkeneraino. Aurrekoa itxi diote. Ilun dago.
Ilun dago.
Tranpa irekitzen da eta tente dauden guztiek dar-dar egiten dute. Ate bat ixten da: den luzean hodeia zulatzen duen gar itsugarria. Bularpeko gantz gunea alderik alde zarrastatzen duen labaina. Ilunpetara ateratzen zaituen bihotz taupada, erro eta isiltasunaren erronka guztien gainetik orekaren erdira, zainen paretaraino.
Kanpoan, eguna. Zerua urdin gogor batez blai, ia gorrindola, goitik, abioi baten sabaizulotik mendi zuri eta zilarrezkoen gainetik ikusita bezala. Eguzkiak itsutzen du. Ez zara haren borobila bermatzeko begiratzera ausartzen, horren beroa baita. Airean, ezer ez, ezpata-erasoei muga jartzeko gai ezer ez. Hotz bizi eta argia, akigarria, izotza bezain gogorra. Hatsa zintzilik geratzen da ezpainetan, hodeitxo bigun eta lumatsua bezala. Nonbait, elurtu egin du, edo harria bota du. Mendian noski, nahiz eta uda izan.
2. Higuingarria da aurreko horren gainean azkarregi idaztea. Egunei beren bidetik joaten uzten diezu, edozein unetan horretara behartuko zaituela jakinaren gainean. Zure eztarrian uzten dituzu egunak lazten, lepo inguruan ubeldura bazenu bezala. Minbera da lehenbaitlehen ikutzeko, zain-hodietan estututako odolarengatik puztua baitago. Gero, hantura txikiak eta zauriak kolore gorrindola hartzen du; beranduxeago, urdin horaila bihurtzen da, eta azkenean hori argia, hatzmina hasi orduko. Segidan, latza dago memorian. Horregatik behar da zorna lehertu, gu ispiluak garelako; eta ispiluek beren bizitza dute, eta beraien baitan preso denak irauten du. Ispilu-imajinaren aldaketa da errealitatea. Literatur-gertakaria da nire lagunei aipatzea gustatuko litzaidakeena. Erritoa bete behar dugu gugan. Herioa agertu baino lehen Heriotza ere gure esku al dago?
Zuk esekitzen duzu bizitza
herioari lotuta,
bera hil arte.
Zuk botatzen duzu bizitza
herioaren urka-habean,
heriotza izan arte.
Ispiluan edozein gauza erraz sartu badaiteke ere, gutako inork ez daki zehazki noiz eta nola izango den hartua. Ispiluek beste ispiluak dituzte, ohantzeak, oihartzunak sakonagoan behar bada, hondorik gabeko amildegiak arakatzen. Hona hemen ondorioa: begi eta eskuak (deskribapena) gertaera baten kontaera apaintzen. Erritoan parte hartzen dut, jakinik bera gabe errealitateak hartzen ez duen antirrealitatea bihurtzen dela, deskribatzea entseiatzea baita. Lumak soka ehoten du. Lumatik zintzilikatzen dute... Zintzilikaturik dago ispiluan. Baina benetan espiritua edo imajinazioa bereizten den tokian, hezur bustiak, luzatuak edo zintzilikatuak, eraitsiak edo ehortziak izan dira. Aro bakoitza aurretik dago ikusia ispiluan. Ispiluak baltsamatzen du; edozein instante segidakoak ez du inoiz gainezka egiten, jakin daitekeen heinean zaharmin guztia abandonatzen du eta ez du denborarik ezagutzen. (Aldakuntza bat, bai... ) Horrela, oroimenean esekita geratzen da, ostikoak ematen. Nahikoa da betazalak ixtea begibistan xehetasun guztiak eukitzeko. Eta idazleak irakurlearen moduan (irakurlea ispilua da idazlearentzat) ezin du ezer amaitu gabe utzi. Ezin du lurra ireki, ezin du lepo hautsia osatu, ezin du berri arima haragiari lotu, eta bizitzaren argia eman begi zauritu eta errautsez betetakoei. Ezin du amaren bizkarra zuzendu, ezin ditu asesinatuak berriz altxatu, gizonak txikiagotu emakumeen sabeletako aleak izan daitezen, Kostaldetik baize beroak jotzen duen bitartean.
Ala ahal du?
Hau al da bigarren heriotza?
(Shiva-k, Nutaraya denez —Dantzarien errege— eskubiko eskuan soinu bat ateratzen duen tanborra du, unibertsoaren pinpiniratze eta hedatzearen lehengai; ezkerreko esku jasoak suzko mingaina du, munduaren suntsidurako gaia: lurrean gorputzak hauts bihurtzen dituen sua da, eta hurrengoko bizitza arte atsedena ekartzen du. Beste besoak bizitza-heriotza arteko oreka sekulakoaren adierazgarri dira. Oin bat du «Ahantzi»aren deabruaren gainean, bestea ezerezean dago dilindan, dantzan ohizkoa den gisan. «Kontzientziaren uhina) ezjakin egoeratik sartu eta ibiltzen etengabe ari dena». Heinrich Zimmer ezkeroztik hori errepresentatzen du. Shiva, suntsiduraren jainko eta sorreraren jainko, etab.)
Bihotza ispilua da. Ispilua, bihotza.
© Breyten Breytenbach
© itzulpenarena: Felipe Juaristi
"Breyten Breytenbach: Gaizkile arrunt baten bi aldizko heriotza" orrialde nagusia