JAINKOEN SORRERA

 

Hasieran Huts zen. Nagitan bizi zen Huts, ezer egiteko asmorik gabe. Baina Hutsune hura betez Lur azaldu zen, sabel oparo eta bular emankor izango den ama-Lur. Eros, Ernagarritasun agertu zen azkenik, amodiozko indar leun, grina erotiko itsu, maitasunera bultzatzeko eta semeak egitera zaletzeko iaio. Huts, Lur, Ernagarritasun ziren, bada, hasera hasieratik zegoen guztia.

        Gero, Belztasun eta Gaubeltz ernarazi zituen Huts-ak. Baina Gaubeltza izaten hasi orduko bere barnetik Zuritasun eta Egunargi aterarazi zituen. Gaua, gogapenen ama!

        Bere aldetik Lur-ek neurri berdin berdineko seme bat sortu zuen: Zeru. Lurra bukatzen zenean Zeru hasten zen. Mendien gainean, nahiz beheko leizeen inguruan, han zegoen Zeru; beti Lurra zaindu, bildu eta gordetzen. Mendi eta Urgazi ere Lur-en sabeletik irten ziren handik guttira.

        Lur-en ukondoan egon ohi zen beti Zeru, begirik ezin apartatuz. Bihotzarekin bihotz, seme ugari izaten zuen Lur-ekin. Oporrik gabeko maitasun bero hartatik hiru motatako seme-alabak izan zituen ama-Lurrak: Titan kastakoak, Ziklopeak eta Ehunbesoetakoak.

        Titan odolekoak hamabi ziren, arrak sei eta beste seiak eme. Bata bestearentzat eginak. Hara hemen beren izen ederrak: Ozeano, Zerusapai, Zerukoahari, Zerukoibiltari, Japeto, Argitsu, Reia, Tinko, Oroitzapen, Distiratsu, Tetis eta Noiz. Aitaren odolekoak ziren batzuk eta izenez ere zerutiar. Amazulo ziren berriz besteak, umezale eta emankor.

        Ziklopeak begi bakarreko erraldoi galantak ziren eta suaz ongi baliatzen zekiten; noski, tximista beraiena zen. Hiru ziren ama-Lurraren seme ziklopeak eta tximistaren izeneko opil direla garbi uzten dute beren izenok: Trumoitsu, Oinaztargitsu eta Zirtzart.

        Ehunbesotako Lur-en semeak, azkenik, hire munstrotzar indartsu ziren. Ale apartako apartenak hirurak, borrokan inor baino hobe. Berrogei eta hamarna buru, ehun beso, odola beti irakiten.

        Baina ume guzti hauek Ama-Lurraren sabelean gordetzen zituen aita-Zeruak; ilunpe hartan giltza eman eta ez zien kanpora irteten uzten. Zelotsu zen Zeru: «Seme-alabek ez didate, ez, andrearen maitasuna lapurtuko». Andrea berarentzat bakarrik izango zuen. Beste denak gorde eta estali egingo zituen. Beraz, den dena blokeaturik zetzan: lur-zerutiarrik bizi ezin. Ez Ozeano ezeta Zeruko Argi ere. Trumoi Tximistarik ez. Ez Non eta ez Noiz. Eztare Oroitzapenik. Dena Huts balitz bezala zegoen.

        Aita lotsagarri haren jokabidea semeei ez zitzaien batere gustuko, eta guztien otoitz onak aitak hilerrian bilduko zituela zin egiten zuten. Baina katuari zintzarria nola lotu? Nork?

        Ama gaixoa ere horrenbeste semez puzturik lehertzeko zorian zegoen, eta gizona gainean beti. Gogait eginik, burdinazko igitai zorrotza eratu eta giltzapean zeuzkan umeengana jo zuen.

        — «Umetxo laztanok, bitan apurturik daukagu bihotza zuen aitaren irain eta kalteak sofrituz. Asto tentelari, asta-kirten makilari! Hartu bezala, eman egin behar dizkiogu guztiak».

        Baina seme-alabek begia hestea baino luzeago zeukaten, inor ez baitzen ausartzen hartu nahi zutena bideratzen. Gogoa bai, baina hesterik ez. Azken bestean, Noiz, titan gazteenak «ama neuk egingo» esaten du.

        Hitz gutti jakintsuak, alafede! jakinduria ez dagoela ezpainetan... Noiz-ek bakarrik aitari guztiz lotsa galdu! Noiz, noizbait, noiztik... Bai, denborak heltzen ditu intxaurrak. Igitai zorrotza eskutan hartu eta aitaren zain dago. Aitak maitasunaren bidea gauean hartu eta amaren ohera sartzen ari delarik, Noiz, gordelekutik irten eta, zart! zakil-barrabilak seko mozten dizkio aita-Zeruari. Moztu eta atzealdera botatzen ditu, urrutira. Urgazitan erori ziren. Zenbat odol erori zen Lurraren gainean aitaren zauri hartatik! haren min eta garrasi! Urkatean dagoena ere ikaratzeko moduko oihuak emanaz alde egin zuen betirako, Lur-retik, denentzat ondorio txarrak izango zirela aitortuz. Eta on atera ziren aita-Zeruaren mehatxuak: urte bete pasata, aitaren odol tanta bero haiek ama-Lurratik sekulako gaitzak sortu baitzituzten. Gaitzak hiru eta hauetxek. Bengantzak, Erraldoiak eta Lizar-Neskak. Senidearteko okerkeriak zigortzera zetozen Bengantzak, erraiez oso gogor baitziren. Beste bi eratako izakiak, berriz, guduak eta gerlak pizten ibiliko ziren non eta noiz nahi, odola irakinerraza baitzuten. Lizarra, Lizartza, Lizarrusti, Lizarribar, Lizarralde... non eta noiznahi odola eta gatazka, lizarrezko gezi, labana eta lantzaz.

        Gau beltza ari zuen, semeak aitari igitaia sartu zionean; eta Gaubeltzatik izugarrizko nahigabeak jaio ziren une hartantxe: Heriotza, Loa eta Ametsa lehendabizi, Burla, Auhena eta Mendekua gero. Eta azken azkenean, gizakumearentzat, hondamen izugarri handia erakarriko zuten Zahartzaro, Azpikeria eta Eztabaida. Horiexek dira Gaubeltz haren ondorio.

        Eta Eztabaidak bere aldetik Nekea, Gorrotoa, Gezurra, Hitzederrak eta Bikoizkeria ernatu zituen. Azken beltzean, Zin-eginbeharra ere sortu zuen eta hauxe ez da gaitz makalenetakoa izango gizakumearentzat.

        Bien bitartean, Urgazitan dabiltza aitaren potroak, harat hunat olatuak eraginik. Moztutako zakil hari darion hazia apar eta bits bihurtzen da itsasoan. Apar hartatik Afrodita sortzen da, «afros» aparra baita hain zuzen grekeraz. Arra eta emea bata bestearen ondoan plazeretsu eta atsegin ezarriko ditu Afroditak, baina aldi berean egonezin eta buruhauste franko ere sortuko die ar-emeei.

        Aitaren txikitze hark Zeru Lurrak eten egin zituen, eta gorde eta bildurik zegoena azaldu eta jaregin. Tarte handi bat ireki zen orduan, beste izakien artean, Gizakumearentzat ere lekua egiten baitzen. Jainko, gizakume eta animalien jatorria bideratu egin zuen Lurraren seme ausart haren igitaiak. Noiz? Aita-Zeruaren kaskailukeria moztu behar izan zuen une hartantxe. Noiz behar beharrezko izan zen, gauzak gertatzen hasteko, benetako denborari hasiera emateko.

        Hamabi Titanen etorria ugaria izan zen gero. Ozeanok bere arreba Tetis-ekin batera lurreko ibai guztiak egin zituen. Zerukoibiltariak berriz, Hiperion-ek, Distiratsuarekin ezkondu eta Eguzki, Ilargi eta Egunsenti egin zituzten. Noiz ausart hari seme alaba asko eman zion Reiak; jainko Olinpikoak derizte seme-alaba hauei, Olinpo-ko mendi gailurretako elurretan egon ohi den laino zerratuan bizi direlako. Hara hemen beren izenak: Hestia, Etxebarruko jainkosa; Demetri, amandreen jainkosa; Hera ezkontideen jainkosa; Infernu, hildakoei bake eta leku lasaia ematen dien jainkoa; itsasoko Poseidon, eta Zeus azkarra.

        Baina, semeok sortzen zihoazen eran, Noiz-ek banan-banan irentsi egiten zituela gertatzen zen. Aitaren belaunetan Amak jaioberria ipini orduko, akabo! amaren sabeletik aitaren sabelera pasatzen ziren haurrak amen laster batean.

        Aita-Zerutik hartutako poderea oinean eduki nahi zuen Noiz-ek, hartarako izeba-osaba Titanak zazpi giltzaren pean gorde zituen, ondo kateatuz geroz. Zeru-Lurretako jaun eta jabe bera bakarrik izango. Berarengan burutu eta bukatuko zen Zeruaren jatorria.

        Ama antxumeak saltzen ari zela jabetuz, haurdun zegoen azken hartan senarrari hortzak erakustea erabaki zuen. Gurasoengana joan zen laguntzaren eske eta bai azkar eman ere Zeru-Lurrak! Zeus izeneko semea jaiotzean, aitaren belaunetan ipini ordez, mutikoa Kreta-ra eramateko eta han Lurrak zainduko zuela. Haur jaioberriaren ordez aitaren belaunetan, haurzapitan bildu bildurik harri bat ezartzeko esan zioten gero.

        Esanda bezala egin amak, eta aitak begia bota eta irentsi egin zuen, semea zelakoan. Bai ongi zepoan erori ere! Baina Olinpo-n Zeus bezalakorik ez zen inoiz sortu: Olinpoko mendia aizkoraz mozteko adineko indar, eta txapela mintzarazteko buru... Noiz-en lekuan bera zutitu zen indarrez eta behin betirako dirau gaurdaino beste jainko guztien akorduz.

 

 

© Mikel Azurmendi

 

 

"Mikel Azurmendi: Kontu kontari Grezian barrena" orrialde nagusia