HERAKLES-EN LANAK ETA MINAK

 

Mizenas-eko gazteluko seme-alabek armonia gutti zeukaten ondasunak banatzeko garaian, liskar eta sesio bizitan sartuta baitzebiltzan. Bukatu ezinezko borroka haietan, a ze pena! gisa batera edo bestera familiako guztiak bizia galduz joan ziren, osaba eta iloba ezik. Baina osaba eta iloba ere muturka zeuden, nork bere burua jarri nahi baitzuen aurreskua eramaten Mizenas-en.

        Etxe guztietan lapikoa beltza; baina azkenean etxebarneko etsaikeria hura inguruetako auzoetara ere zabaldu zen. Hara nola Alkeotarren gazteluko seme batek ere bertan sudurra sartzen duen; sartu ere, osabaren alde sartzen du, honen alabarekin txorabiaturik baitabil.

        Gudari batzuk hartu eta osabak urrutira joan behar izan zuen egun batean. Etxea eta alaba nork zainduko? Alkeotar gaztea ipini zuen zaindari: «baina zin egidak, ez duala nire alaba Alkmena ukituko». Zin egin eta gero, osabari azkar itzultzeko desioak aurkeztu zizkion eta agurra esan ere bai. Baina gudari sutsu hura ez zen gehiago itzuli, bere gudariekin batera odol iturriak irekita gelditu baitzen urrutian.

        Alkeotarra Alkmena-rekin bizitzeko unea etorri zitzaiola iritzirik, bere ezkontzeko asmoa adierazi zion.

        — «Hemen naukazu, Alkmena maite horrek, hemen zure eraztuna», baina neskak ezetz, aita etorri arte ez zuela horrelakorik egingo zin eginik zeukala eta aita zena bengatzeko eskatzen zion.

        Hor doa Alkeotarra urrutira, Alkmena-ren ezetza burutu nahian; baina ze arraio! maitasunak gurutze astuna arindu, garratza ezatu... Agindua zorra, esan ohi da, eta beheak eta goiak tragatu behar izango zituen Alkeotar hark, galtzak bete lan edukiko baitzuen denbora luzean.

        Bien bitartean senargaiaren zain egonbehar luze hura luze zihoakion Alkmena-ri, oso luze joan ere.

        Zeus, jainko ahalguztidunak, Olinpo-ko zeru ortzietatik neskatxaren pena hura ikusirik, Alkeotarraren itxura hartu eta Alkmena ederrarengana joatea asmatzen du, besteren karga berdintzeko, nonbait. Gauez, lozorroan dagoela, heltzen zaio Alkmena-ri eta honek, senartzat hartuz, maitasun gau oparoa eskaintzen dio. Gau hura luzeago bihurtu omen zuen gainera Zeus ahal-guztidunak, hain baitzegoen gustura Alkmena-ren ukondoan eta! Hala bada, hala bedi: seme baten haziarekin gelditu zen Alkmena, Herakles orduantxe ernatu baitzitzaion sabelean.

        Biharamunean, hara! Alkeotarra bera dator jauregira. Bere promesa bete duelarik, hitza hitz, andretzat hartzen du Alkmena eta beste seme batetaz ernaturik uzten. Bederatzi hilabete geroago erditzeko puntura etorri da Mizenas-eko etxekoandrea.

        Semea ala alaba izango dut? «Bat ez, bi; biritxiak izango dituzu, Alkmena, eta lehenik jaioko den Alkeotarra Mizenas-eko jaun izango da eta hilgaitz bihurtu dut nire andrearen tititik edango baitu» —hala esaten dio Zeus-en partetik etorkizuna asmatzen dakien aztiak.

        Baina Zeus ahalguztidunaren andrea, Hera jainkosa, jeloskor hutsa da. Senarrak su horretarako egur asko biltzen dio, prakak ipurdietan ongi betetzen bai baitaki. Gau hartan Alkmena-rekin izandako seme harekin ezin entzun betean dago gainera Hera, eta haurra galdu egingo duela esana dio senarrari.

        Txakur zaunkalaria, ez haginkalaria, baina Hera horratio esanda bezala egiten dakiena izan! eta bestela ikus ezazue nola dagoeneko beretarik egiten hasia den: Alkmena-ri erditzeko garaia hilabetez luzatu baitio, eta honen lehengusinari berriz, bi hilabetez aurreratu!

        Alkeotarren gazteluko umea zen lehengusina hura ere eta lehenik jaio zen Alkeotarra bere semea izan zenez geroz, berari zegozkion Zeus-ek egindako promesa hura. Lehengusu zazpikia izango zen, beraz, Mizenas-eko errege, denen jaun eta jabe. Hilgaitz ere izango ahal zen? Hori beste hariko ezpala zen, horretarako Zeus-ek haurra besoetan jaso eta Hera-ren bularretan ipini behar baitzuen, eta Zeus-ek bere semea baizik ez zuen onartu nahi, bixtan da. Baina bere aldetik Hera-k ere esanda zeukan Alkmena-renik ez zuela besoetan hartuko, ezeta bularra emango ere.

        Adimen onak ordea aurkitu egiten eta Zeus-ek bere jatorrizko haurra besotan hartu eta Hera-ren bularretan ezarri zuen. Esnatu egin zen Hera eta, daka! haurra urrutira bota zuen, baina beranduegi: ahuntzaren umea beti antxume, bular hartzen hasia zegoen dagoeneko haurra. Hera-ri titi puntatik irten zitzaion esnetantak zeru-ortzietan lorratz zuri bat utzi omen zuen, eta Esne Bide edo Via Lactea deritza gaurdaino.

        Zortzi-hamar bat hilabeteko haur zirela, bi anaia birixkiak sehaskan lo zeuden egun batean, Hera-k gelan sartu eta bi sugetzar bota zizkien, bere eletatik ez baitzen ateratzen eta. Bata erdi ittorik negar ahozabalez hasi bazen ere, besteak eskutan bi sugeak hartu eta ezker eskubiaren soinuan dantza eginarazi zien akabatu arte. Belearen arraultzetatik ez dator usorik, koanto! Aita etorri zenean, seme hura jainkotiar zela ohartu zen, ohartu ere. Birixkiak irin bateko opilak ez ziren nonbait eta Herakles deitu zion ume hari, Hera jainkosaren laudorioa izango zelako. Besteari Ifikles.

        Kiron zentauroa izan zen bi mutiko haien maixua, eta musika eta letrak irakatsiz gain, ihizan, gudua egiten eta minak sendatzen irakasten zien. Ifikles ttikia oso ikasle on eta azkarra bazen, Herakles bihurri eta maltraste. Irakaslearekin zorria baino lotsagabeago zelako, eskolatik atera eta idizai eduki zuten bizkortzen hasi orduko. Hantxe ikasi zuen arkuz inork ez bezala botatzen.

        Hemezortzi urteko odolberoko gizon zenean, beste gazte guztiak baino zain dobletakoa egina zen Herakles eta ez zuen inolaz ere bere lehengusuaren aurrean burua makurtu nahi izan. Egun batetan inguruko artaldeak iresten ari zen lehoia, aitaren artaldearen buru bat baino gehiago ere jaten hasi zen. Ihiztaririk ez omen zegoen pizti beldurgarri hari bere ordaina emateko. Baina Herakles-ek «neronek lehoiari hautsak kendu baietz!» aditzera eman eta berrogeitamar egun ibili zen piztiaren atzetik esku hutsean gauero etxeratuz. Bere begiak ordea ez zeuden, ez, lo, eta azken batean aurrez-aurre eduki zuen. Begi gora-behera batean ipurdiz gora utzi zuen. Etxerako abiaduran jarri zen, lehoia buztanetik arrastaka zekarrela, eta Tebas ondoko bidegurutze baten aurrean pasatzerakoan, Tebastarrei zergak itxura gabe leporatzen zizkien errege baten mandatariekin topo egin zuen. Bai azkar aurpegia eman ere, kontuak eskatuz. Inork inori larrua bero bero egiten dionean, burua bi belarrien artean ezarri diola esan ohi da, eta han gertatutakoaz horixe bai esan genezakeela, denei belarriak moztu egin baitzizkien Herakles-ek, bai eta sudurrak ere. Sudur belarriak lokarri batetik zintzilik ezarri zizkion haietako bati eta Tebastarren partetik erregeari zergaz koilare huraxe eramateko esanaz bidali zituen. Errege hark auhena altxatu zuen, eta hartutako laidoa bengatzeko, gudua egitera joan zitzaien Tebastarrei. Baina Herakles-ek berea egin zuen behin eta berriro, errege hari baten bia bihurtuz. Zabaldu ona eta ez begira norengana: horixe egin zuen Herakles-ek eta Tebas-eko jaunak esker onez bere alaba Megara eman zion.

        Ezkondu eta semeak ere egin zituzten. Zorionaren lehen harria ekarrita zutelakoan zeuden, baina jakina, usterik gutxienean, gurutzea atari aurrean! zer izango eta, bere onetatik aterata bezala Herakles-ek semeak ez ditu ba hiltzen!

        Herak-k propio bidalitako erokeria baten eraginez, bere anaiaren semeak ere hiltzen hasia da Herakles. Atenea jainkosak orduan harri batez bularretan jo eta zoko botatzen du, erokeriak laster utz dezan.

        Iratzarri zenean, bere buruaz beste egin nahi zuen Herakles-ek, noski; umeak maite ez dituenak, harrizko bihotza. Baina berehalaxe igartzen du, Hera aditzera ematen ari zaiola: Zeus-en hitza eta eskriturak bete daitezen, bere lehengusuaren aurrean burua makurtu beharko du Herakles-ek. Mizenas-eko jaun bakartzat lehengusua errekonozitu zuen erraiak jaten eta lehengusuarekin onezkoak egin behar izan zituen.

        Semeen kontrako hobena garbitzeko, Hera-ren partetik lehengusuak hamabi betebehar izugarri eta neketsu agindu zizkion eta hamabiak burutu arte, ezeta zazpi herrietako kanpaiak jota ere, Herak ez ziola bekainondotik utziko jakinarazi zion.

        Aditzaile onari, hitz gutti! Herakles lanean dugu. Hera jainkosaren gloriarako azken hariraino aurrera eraman zituen hamabi betebeharrak hauexek dira:

        1. Nemea-ko lehoia bota

        2. Lerma-ko hidra hil

        3. Erimanto mendiko basurdea bizirik ekarri

        4. Lizeo mendi inguruko oreina harrapatu

        5. Arkadia-ko aintzirako hegaztiak bota

        6. Augias erregearen ikuiluak txukundu

        7. Kreta-ko zezena itsasoz Greziaratu

        8. Diomedes-en behorrak etxeratu       

        9. Hipolita erreginaren gerrikoa eskuratu

        10. Geriones izeneko erraldoiaren idien bila joan

        11. Zerbero zakurra infernutik ekarri

        12. Hesperiatarren sagarrak lapurtu

       

        Geriones izeneko erraldoi aberats bat ba omen zen mendebal ertzeko ugarte urruti batean, Espainia-ko Cadiz inguruan nonbait. Ikaragarria zen. Gerri gainetik hiru gorputz zituen erraldoiak. Mundu zabalean zegoen idibururik ugarien eta hoberentsuenak zeuzkan hark, bai eta idizai erabiltzeko berealdiko zakur batzuk ere. Zakur hauetatik, Orto izeneko baten hazitik alegia, Sugegorri zeritzan emakumeak lehoi bat izan zuen semeko; Judas-en larruko lehoi tripazai gaiztoa noski. Lehoia ilargiak hazi omen zuen eta gero Nemea-n utzi, bertako gizakume eta ganaduak oro irensteko. Lehoia zaurtezina zen eta sarrera biko leizezuloan gordetzen zen. Inork ezin zizkion bazterrolak kendu piztia hari; Herakles-en geziek ere ez zuten zauritzen. Tresna berriren bat beharko zuela iritzirik, bere neurriko zurmailu bat asmatu zuen olibondo zeken batetik. Makilak tanka! tanka! egiten zuen harriaren gainean.

        Herakles zelatan jarrita zegoen batean goseak zegoen, hamalau jango zuelakoan. Sardina erdi jan, sardina erdi jan, «gose hau nola hala hil behar dut» eta baserri batera hurbildu zen. Baserritarrari ardi bat besterik ez zitzaion gelditzen, lehoiak artalde osoa jan egin ziolako. Gizajo haren semea bera ere irentsi omen zuen bezperan lehoiak. Halere, etorri berriari harrera ona egiteko, ardia hiltzeko zebilen baserritarra. Jakiteko hartzen, ikas ezazu ematen, baserritarraren legea. Baina gizon hartaz urrikaldu egin zen Herakles eta ardia ez hiltzeko, mesedez: «Hogeita hamar egunen buruan baserrira etorriko ez banintzaizu, hil ezazu ardia. Zeus ahalguztidunari opari gisa eskaini» esan zion, eta hanka egin zuen handik ezer jan gabe, lehoi haren hil beharrez begi bietaraino sartuta baitzegoen.

        Odol hotzeko plana asmatu zuen halako batean Herakles-ek. Makila galanta haren laguntzaz kobazuloan sartuko zuen lehoia, eta gero bi sarrerak itxiko, bera ere barruan geldituz. Horrelaxe egin zuen. Kontuz Herakles! hor zegok piztia; bi argi hori, elkarrengandik ez urrun, bi argi luze eta mehar geroz eta gertuago. Urak eta suak hartuta, lehoiak salto egin zionean, lepotik hartu eta ito arte airean eduki zuen haren bihotzaren tanpa! tanpa! sentitu ez zuen arte. Lehoia hil eta larrutu nahi izan bazuen ere, ez ezpataz ezeta suaz ere ezin izan zion zauririk egin. Larrua inolaz ezin urratu, hi!... baina larru honetaz behetik-gora jazten banaiz, ezin izango naute neu ere zauritu! Ongi gogorrari hagin zorrotzak ezarri, eta huraxe lortu arte bere hartan egon zen; pizti beraren atzaparrez baliatuz larrutu zuen azkenean lehoia.

        Airean joan ziren hogeitamar egun eta Herakles-en aztarnarik inondik ez zegoelako, baserritarra Zeus-i bere oparia egiteko prestatzen hasia zen. Ardia eskutan zeukan hartantxe ordea, zerutik emanda bezala heldu zitzaion Herakles lehoilarruz jantzirik. Pozaren pozez ardia odolustu egin zioten Zeus garaileari eta honen ohorez Nemea-ko herrialdean Joko Olinpiko batzuk eratu zituen Herakles-ek. Mende askoz geroago, oraindik eratu egiten zituzten Nemea-n Herakles-en omenezko jokoaldi olinpikoak.

        Ahotan dabil, Herakles-ek lehengusuari lehoia eraman zionean, zur eta lur gelditu zela. «Halako basapiztia bota dezakeenaren ondoan lasai nola biziko naiz?» zioen lehengusuak. Azeri zaharrak buztana luze, bera bezalakoak besteak uste. Horregatixe handik aurrera beste betebehar guztien gudakinak Mizenas-eko atarian uzteko agindu zion Herakles-i eta jauregi barnera sartzen galarazi.

        Herakles-i bidea trabatzeko, Hera-k beste munstro bat sortu omen zuen. Sugegorri-gandik. Inork ez daki zenbat buru zuen, bost, hogei... ehun; gizaburuak ala sugeburuak ote ziren ere inork ba al zekien, ba! gerturatzen zen edonor muturretako hats beroaz eta ahohaizearen kiratsez ito egiten zuen hidra zatar hark. Bekainpean su zeriela begiratzen zuten begiek, mingain beltzez miazkatzen ehun muturrek. Lehoien antzera batzutan, zezen gisara bestetan. Miauka eta zaunka orain, gero uluka eta txistuka.

        Gauza bat zegoen garbi, Lerma-tarren bistatik munstro zatarrak ez zuela aldegiten eta soroetako garia eta larretako abelgorria irentsi egiten zizkiela. Sabel hutsetik ez dator dantzarik, eta triste zeuden oso lermatarrak, Herakles herriratu zitzaienean.

        Baina geziz egiten zizkion zauriak, egin bezain laster sendatzen zitzaizkion. Ezpataz ere hasi zitzaion buruak mozten, baina alperrik! bat moztutako tokitik beste berri bat ernatzen zen eta.

        Lerma-ko basoari su eman zion azkenean Herakles-ek; gero, egurrikatzez munstroaren zauriak gori-gori erre, lepo bakoitza gehiago zaharberritu ez zen arte.

        Baina gizon handiak etsai asko. Eta hor duzue Karkino karramarroa, hidraren lagun zintzoa. Adiskidea azkenetan ikusten duelako, bere aldera nolabait egin nahiz, gordelekutik irten eta orpoan ez dio, ba, hozka egiten Herakles-i!

        — «Hara bestea berriz, demonio alua» eta hanka zoruarekin zanpa zanpa txikitu zuen. Karramarro haren ausardia bistan egon zedin eta bere bihotz ona nolabait eskertzearren zeru-ortzietan ipini omen zuen Hera-k, Kantzer edo Karramarro konstelazio bihurtuaz. Hala diote behintzat lermatarrek, eta esaera zaharrak gezurrik ez. Hartaz geroz, garisoroak oparo omen dituzte bertakoek.

        Erimanto mendiaren magaletan basurde handi izugarri bat bizi zen bere aisiara. Lohi lodienetan ere hankak lirain, muturra beltz, betortzak beti sartzeko prest. Ale huraxe bizirik ekarri behar zion lehengusuari; hau zen behintzat Herakles-i ipinitako hirugarren betebeharra.

        Mendi haren inguruetan zegoelarik, Folo zentauroa bisitatzera hurbildu zen ea basurdearen berri ematen zion. Atea jotzen lanik ez zuen izan Herakles-ek, harrera onekoa baita zentauroa. Folo-k haragi errea eskaini zion jateko, berak gordina jaten bazuen ere. Edateko ez ote zeukan, eta baietz! ardo txarro bat bazeukala, baina zentauro guztiena zenez geroz, ez zuen txarroa ireki nahi, itxita gordetzeko hitz emana baitzegoen. Halere Herakles-ek emateko eta emateko. Hamaika arren egin ondoren, besteak ardotik eman egin zion, baina ardo usainaren akuiluak eraginda, beste zentauroak laster etxeratzen hasi zitzaizkien su gaiztoak hartuta noski. Banan-banan hamar bota behar izan zituen geziz Herakles-ek zentauroak iheska ezartzeko. Bi egunez haien atzetik ibili ondoren, bistatik utzi zituen itsas golko batean.

        Anartean, hildako hamar zentauroak lurperatzen ari zela, Folo-k ezin zuen sinestu zein gezi txiki ziren horren gaitz handi egiten zutenak eta bat eskutan begira zeukala, erori egin zitzaion hanketan. Zauria berehalaxe gaiztotu egin zitzaion gainera eta Herakles etxera heldu zenerako, zerraldo zegoen Folo. Errai oneko zentauro haren hileta handiak ospatu zituen Herakles-ek, basurdearen arrastoaren atzetik hasi aurretik.

        Halako batean asean eta betean atzeman zuen basurdea lohizuloan, eta oihuz eta garrasiz elurretara eraman zuen. Handik honaka eta hemendik haruzka etengabe metroko elurretan orpoz ipurdi erabili zuen, arnas hestuan utzi zuen arte. Azkenean, besoetan beste gabe hartu eta apo fardel hura bizkarrean eraman ahal izan zuen Mizenas-eko atariraino.

        Lizeo mendiko larretan bost orein aurkitu omen zuen Artemis jainkosak zein baino zein ederrago. Pentsa nolako aleak izango ziren, urrezko adarrak zituzten eta! Artemis, neskatila gazteen jainkosa da; bera ere neskatila denez, basati eta ederra behar du izan. Lotu gabeko behorrak nonahi aurkitu belardi onak; Artemis ere horietakoa. Lau orein bere gurdiari uztartzeko gorde zituen, bestea, berriz, inork ez ukitzeko abisua lepotik zintzilik zuela, utzi zuen Zerima-ko belardietan. Zein gaztetxok ez du kapritxoren bat?

        Inork ezin zuen oreina hil, ukitu hutsarekin ere hobena egiten baitzuen. Herakles urte osoan haren atzetik gau eta egun ibili bazen ere, ezin izan zuen oreina atzeman, hain arin eta lasterra baitzen beste hura. Baina urte bete korrika zeramala, geziarekin zauritzea lortu zuen horratio. Hartaz geroz, oreina ez zen lehengoa, eta hutsean aritu zen odola zeriola korrika, indarrik gabe gelditzen ari baitzen.

        Oreina ez ukitzeko abixuari entzungor egin dio Herakles-ek, eta bizkar gainean hartuta darama Mizenas-erantz. Baina hitz emana, zor, hoben haren demanda egiten dio bidean Artemis jainkosak.

        — «Jainko guzien izenean, Artemis, nere lehengusua da erruduna. Hari kargu hartu eta ez neri» Herakles-ek, eta lehengusuari errua leporatuz, oinak jaso ahal izan zituen handik.

        Otsotalde goseti batzuen atzaparretan ez erortzeko iparraldeko oihan eta bazterretatik ihes egin zuten hegazti guziek. Istilu beltzak ikusiak ziren, eta gehienak larrutik pagatu behar izan zuten. Orain Arkadia-ko aintziran zebiltzan txio-mioka. Aintziraraino iristerik izan zutenak, inguru hartako lasaitasun eta oparotasunari esker, asko ugaldu ziren. Gehiegi! gauza onerako. Herrialde haietako baratzeetan ez omen zegoen ezer gehiago ereiterik, hegaztientzat baitzen dena. Txorimaloek hasieran bai, baina gero ez zuten deus izutzen. Sekulako lanak ematen zizkieten, bada, inguruko baserritarrei ezer jateko bildu nahi bazuten. Laborariak lana eta hegaztiak jana. Egin eta irabazi ezin. Jendearen bizkar bizi ziren hegazti sabeldarraio haiek hiltzeko, agindu zion lehengusuak Herakles-i.

        Ehiztaririk trebeenari ere ez zegokion horren lan zaila hitz batetik bestera burutu omen zuen Herakles-ek, hegaztiak nola uxatu asmatu zuelarik.

        Honela egin zuen: lehendabizi brontzezko kraskitin pare bat sutegian landu zuen eta eskutan ipini; gero, geziz bete kanoatxo bat, eta han sartuta, kirrin-karran gurdi txar batek baino zalaparta handiago eginaz ibili omen zen egunsentian. Haren adinako karranka batek bakarrik izutu zitzakeen gorde-gorderik txapartegietan zeuden hegaztiak! Hegaka hasi bai, baina bi kandelarekin argi egiten ari zitzaien Herakles, eta geziz aise bota omen zituen guziak.

        Augias zuen izena jaun batek. Bera bizi zen erreinuko ganadu guztien buru bera zen. Hura zen aberats izatea, hura; baina bai alferra ere, arbilorea baino gehiago. Soro eta baratzetako behar zen simaurra baserritarrei ukatzen hasi zitzaien Augias jauna. Ikuilutan uzten zuen pilatzen simaurra, harria baino gogorrago bihurtzen zen arte. Eta jakina, simaurrik gabe, baserritarrak hutsean ari dira lanean. Lurra lurgose, baserritarraren lana lan alperra.

        Lehengusuak harri batez bi kolpe egitea erabaki zuen orduan: lehendabizi Augias gibel handiaren kaskailukeria apurtu, eta gainera, Herakles-en burua makurtu. Hau ikuilu lanetan ipini zuen, harri eta makila erabiliko ustetan. Baina Herakles itsumustuan, lan hartan ere fandangoa aterako zuelakoan, ikuilu jabearekin trato egitera joan zen zuzen zuzen.

        — «Egun oso batean ikuiluak garbitzen badizkidazu —esan zion Augias jaunak— abere guztien hamarreko bat emango dizut».

        Banderilla ederra sartu nahian zebilen Augias, ikuiluren bat behintzat txukunduko baitzion gizon puska hark...

        Baietz esatearekin ez zuen ezer galtzen Herakles-ek, baina nola egin? hor zegoen koxka. Bururik ez duenak, txapel beharrik ez, Herakles! Azkenean asmatzen du nola: han gertuan pasatzen diren bi erreken urak ikuiluetara desbideratuko ditu. Bai azkar urak krozkak saltatu eta simaur guztia eraman ere! Baina Augias ez zen irin garbia, ez horixe! ateak baino maratila gehiago zeukan gizona zen eta. Agindutakoa Herakles-i eman ez, eta gainera, gudariz inguraturik kaskarra berotu nahi izan zion gero. Baina sudurraz haratago ez zuen nonbait jaun hark ikusten, guda-gizon batzuk hartzeko denbora eman zion Herakles-i eta. A ze zalaparta egun hartan! Ifikles bera ere gudu hartan hil omen zuten, baina azkenean Augias pikotara bidaltzea lortu zuen Herakles-ek. Gudatxango honen ondoren behin betirako eratu omen zituen Herakles-ek joko Olinpikoak: beti hala uste izan dute behintzat greziarrek.

        Dena den, Augias-ekin Herakles tratutan ibili izan zelako, lehengusuak ez omen zion ikuiluetako lan hura ontzat hartu nahi izan, eper erreak izan bazituen ere. Eta handik Kreta-ra bidali zuen Herakles. Zezenaren bila, alajainkoa!

        Eroturik, bazterrik bazter muturretik su zeriola zebilen Kreta-n zezena. Bertara itsasoz etorri omen zen. Egun hartan Minos jauna hondartzan zegoen itsasotik zer azalduko zitzaion zain: lehorrera zetorkiokeen lehena itsasoko jainko Poseidon-i sakrifikatzeko prest baitzegoen. Esan bai, baina zezen hari nork aurpegia eman?

        Herakles Minos-en jauregira zezenaren eske heldu zelarik, alimalia harrapatzeko baimena eman zion, baina bera bakarrik saiatzeko baldintzarekin, noski.

        Herakles-en aditzerik ez zuen oraindik Minos-ek nonbait, baina berehala ezagutuko zuen zein gizon zen hura. Zezena lepotik heldu eta hondartzara eraman zuen Herakles-ek. Gero bere gainean adarretatik eutsi eutsirik, Grezia-raino pasa omen zuen igeri itsasoa. Zakur handiak, zaunka handia, gero!

        Berriro atzerrira bidali zuen bere lehengusuak. Entzunda zeukan Trazia-ko jaun batek, Diomedes zeritzan batek alegia, lau behor bazituela zein baino zein gaiztoago. Lurralde haietara ez omen zegoen hurbiltzerik, inguratzen zen kanpotar gizagajoa amen santu batean jaten baitzuten behor haiek. Diomedes-en lau behorrok Mizenas-era ekartzea agintzen zion Herakles-i lehengusuak. Ez zen lan makala. Baina bai agudo Herakles-ek agindua bete! Oinez Trazia-raino iritsi zen orduko, tiroa bezain zuzen jo zuen jauregiaren inguruetara. Ez zitzaion, ez, odola gatzatu Herakles-i behorrak xaxatzen, Diomedes-ekin aurre aurrean topo egin zuelarik. Diomedes hartu eta behorretara bota zuen; eta Satanas-en larruko behor haiek mama handirik gabe bai jan ere nagusia...

        Haginak izerdi, hesteak igeri. Zertxobait asetu zirela eta behorrak, indarrez ekarri zituen Mizenas-eraino. Behin hemen, burdinazko kate lodiz lotu omen zituen brontzezko aska batetara. Bertakoek diotenez, Mizenas-eko zaldiak ale apartak badira, behor haien arrazakoak direlako omen.

        Herakles indartsua begi bistatik berriz urruntzearren zer asmatuko eta, bere alabaren kapritxoa egiteko agindu zion lehengusuak. Amazonen erreginaren gerrikoaren apetaz omen zegoen alaba kapritxosa hura. Gerrikoa luzitu nahi zuela eta ekartzeko. Amazonen iparlurretaraino joateko itsasuntzi bat fletatu beharrean zegoen Herakles eta fama atera zuen nor laguntzera etorriko zitzaion. Handik eta hemendik tantaka, gutxi batzuk heldu zitzaizkion. Borondate onezko hogeiren bat lagunekin partitu zen Herakles itsasoz, Hipolita erreginari gerrikoa eskatzera. Ederra eta errai oneko emakumea zen Hipolita, Amazonen erregina, eta baietz, gerrikoa emango ziola.

        Halere Hera jainkosa jeloskorrak begitan goiti hartuta zeukan oraindik ere Herakles, eta amazonaz itxuraldatuz sesio eta istiluak altxatzen hasi zen amazonen eta marinelen artean. Amazonek hitz bat ere zuzenik ez zeukatela uste izan zuen Herakles-ek. Beti bezala, orduan ere usteak alderdi erdia ustel. Armaz josi zuen Hipolita ederra eta bere gerrikoarekin ihes egin zuen handik ehun deabruk jauzia.

        Etxeratzekoan, zinak eta minak ikusi behar izan zituen Herakles-ek, amazonarren hilketa itsusi hura zela eta, Hera-k auhena altxatu baitzuen Olinpo-ko jainkoen artean. Hauek arantzez eta atsekabez bete zioten bidea eta erdi hilik, heldu zen azkenean Mizenas-era gerrikoarekin. Baina Geriones erraldoiaren idiak ekarri behar omen zizkion oraingoan lehengusuari. Nola erakar ordea itsasoz iditaldea? Nola Espainia-tik Grezia-raino bidea egin? Nola hilko zuen Orto idizai zakur maltzurra? Buruko ileak lazteko adinako zailtasunak zeuden betebehar ero hartan.

        Hariaren korapiloa poliki-poliki askatuz joan zen Herakles. Lehendabizi Mediterraneoa pasatu behar, eta hartarako, eguzkiaren kopa beharko. Ilunabarrean, eguzkia itsasoraino jaisten denean eta uretan sartzen hasi orduko, itsasontzi antzeko urrezko kopa bat hartzen omen du mendebaletik barrena itsasoz itsaso bere ekialdeko jauregiraino goizean goiz egunsentirako heltzeko. Herakles-ek kopa huraxe behar zuen, bainan eguzkiak eman nahi ez.

        Kopa nola lortuko burua urratzen Afrika-ko basamortutik barrena zihoala, eta eguzkia danga! danga! kaskarrean jotzen ari zitzaiola, Herakles gezia atera eta eguzkiari botatzeko zegoen. Ez botatzeko, arren! eskatu zion besteak. Ez zion bota, ez, baina koparen truke. Eguzkiaren kopan itsas barnera murgildu zen. Hura ikusirik, Ozeano jainkoa haserre. Kopatxoa kulunka larriegitan zerabilkiola eta kukurruku gorenegiak egiten ari zitzaizkiola, geziekin mehatxatu zuen Herakles-ek Ozeano ere. Honek ere ttintik ez. Olio itsas leunez ailegatu zen Cadiz-era halako batean.

        Hemen kontu motzak izan zituen. Nemea-ko lehoia akabatzeko asmatu zuen makilarekin jo eta Orto idizakurra zerraldo utzi zuen. Geriones-en idiak kopa barnean ontziratu eta martxa! berriz ere itsasoz itsaso. Bueltako bidaia hartan, Espainia eta Afrika arteko lurmokoetan bi kolumna zutitu omen zituela, kontatzen zen, itsasoari ateak irekiz. Dena den, istilu beltzak pasa ondoren idiburu batzuekin bakarrik heldu zen lehengusuarengana. Honek, Hera jainkosaren omenez, denak odolustu zituen.

        Bi agindu bete behar zituen oraindik Herakles-ek: Infernutik kan Zerbero erakarri eta Hesperiatarren urrezko sagarrak lapurtu.

        Infernuko atezaina Zerbero zakurra zen, zakur baino gehiago munstro zatar zela esatea hobe balitz ere; Sugegorriaren seme eta Orto zakurraren askazi bereko baitzen. Hiru buruko zakur zen Zerbero, buztanaz suge bat eta bizkar hezurretik tente sugeburu asko. Haretxek bai ez zuela maskararik behar!

        Infernuko atarian katez loturik zegoen eta hildakorik ez zuen irteten uzten, ezeta inor bizirik sartzen ere. Baina hilak behar duen bakea hautsi egiten zuen zakurtzar hark, hildakoak sartzera zihoazenean, ileak zutitzeko adina ikara sartzen baitzien.

        Zerbero zakurraren bila bidali zuten Herakles. Baina hara joan aurretik, Infernuko berri ikasten aritzen da Eleusis-eko konbentuan. Hil ondoren nola bake-bakean infernuratu irakasten du erlijio hark. Herakles fede hartako kideko egiten da azkenean. Erlijio hartan aingeru guardako antzeko jainkoa gurtzen dute, Hermes du izena. Hermesek ez beldurtzeko esaten dio eta infernuratzekoan zainduko duela, lasai motel! Jaitsi eta jaitsi Infernu-ko alorretara heltzen da noizbait Herakles, baina haren entzutea badaukate hilak eta beldurrez iheska hasten dira. Hor doaz denak ihesi!! Gorgona medusa izugarria eta Meleagro heroe handia ezik. Medusa-ren aurrean zorrotik ezpata ateratzen du Herakles-ek, baina itzal fantastikoa baizik ez dela abixatzen dio Hermes jainko zaindariak.

        Bizi zelarik, gizon ospetsu eta heroe handi izana zen Meleagro. Honen kontra gezia arkuan prest dauka baina bestea bake bakean inguratzen zaio eta iragan zuen bizitza gizonez gizon kontatzen hasten zaio. Bere arreba Deianira oraindik bizirik daukala eta harekin ezkontzeko eskatzen dio Herakles-i. Honek baiezkoa eman dio eta negar malko bat baino gehiago bota ere bai. Negarrez ari denak gutti ikusten, ondoren inoiz baino hobeto. Eta ondoren Infernugana jo beharrean dago Herakles.

        Zakurraren eske joan zitzaionean, batere armarik gabe zakurra menderatzen bazuen, eramaten utziko ziola, erantzun zion Infernu-k. Baina Herakles-ek beso hutsez bueltatu ahal izan zion atzaparra basapizti hari, ordu asko tink egon eta gero.

        Gora eta gora egin zuen gero, baina zakurra berriro infernura itzultzeko agindu zion lehengusuak, hainbeste ikaratu baitzen zakur haren aurrean...

        Zeus eta Hera ezkondu zirenean, Ama Lurrak eztei-opariz urrezko sagar preziatsu batzuk eskaini zizkion emazteari. Honek Atlas mendi inguruko baratze batean landatu omen zituen, hain baitzitzaizkion gogobeteko. Handik sagarrondo mardul bat irten eta urrezko sagarrak ematen zituen. Sagarrondoa zaintzeko hiru emakume Hesperiatarrak eta ehun buruko dragoi bat ipini zituen.

        Dragoi hau ere Sugegorri-ren seme zenez geroz, amaren seme atera zen; odolari zorrik uzten ez dion horietakoa, alajainetan! Hesperiatarrak hiru arratsetako ninfa ziren. Ederrez paregabe ziren Distiratsu, Ilunabar eta Gorrimin. Halakorik orraziak ezin apaindu, ez horixe!

        Nork ordea Herakles-i Atlas-ko baratze haren berri eman? Azken lana burutzeko, bada, Herakles baratzea non zegoen jakiteko premia gorritan zegoen. Txapela buruan eta ibili munduan. Jo Ondarru, jo Motriku, baina huts egiten zuen. Eta hori bakarrik ez, leku guzietan istilu beltzak izan behar.

        Baratze haren berri Nereo itsasgizon zaharrak bakarrik emango ziola jakin zuen noizbait. Non zen, indarrez atera arazi behar izan zion agureari, eta han doa bestea hankak dantzatuz Hesperiatarren baratzerantz.

        Libia-n erraldoi bati jipoia berotu behar izan zion. Egipto-n Osiris-en aldarean ia-ia odolustu zuten. Basamortua pasa eta gero, eguzkiaren kopa gainera igo eta beste itsasertzera hurbildu zen. Zeus-ek loturik zeukan Prometeo titan handia libratu zuen gero. Hartarako gauez gibela jaten zion arranoa gezi batetaz seko utzi behar izan zuen. Ekintza hura esker handitan edukiz, Herakles-i aholku bat eman zion Prometeo-k: bere eskuekin sagarrak zuhaitzetik ez hartzeko, baizik Atlante izeneko beste titan handiari hartzea eskateko.

        Zeus-ek ere zigortua zeukan Atlante beste titan handia. Zeruari bizkar gainean eusten egon beharko zuen betirako. Herakles Atlante-gana heldu zenean, sagarrak hartzera bidali zuen titana, berak bitartean zeruari soin-soin eutsiz. Atlantek, hesperiatarren sagarrekin heldu zenean ordea, ez zizkion Herakles-i eman nahi izan.

        — «Zu hor eta ni hemen. Neronek eramango dizkiot zeure lehengusuari». Ez zen argi laburrekoa titan hura!

        Etsita balitz bezala, Herakles-ek Mizenas-erako bidea erakutsi egingo ziola, baina estraina zerua bizkarrean zerbait hobexeago ipintzen laguntzeko eskatu zion Atlante-ri, gaizki heldu eta hainbeste kargak min ematen baitzion. Atlante-k zeruari eutsi zionean, besteak bizkarzapia ondo ezartzeko, Herakles-ek adio esan eta sagarrekin Mizenas-era hanka egin zuen.

        Lehengusu jaunak sagar haiekin ez omen zekien zer egin eta Herakles-i itzuli zizkion. Ez da gaitzik onik ez dakarrenik, eta Herakles-ek Hera jainkosari sagarrak eskaini eta gero bakea izan zuen betirako.

 

 

© Mikel Azurmendi

 

 

"Mikel Azurmendi: Kontu kontari Grezian barrena" orrialde nagusia