ULISES
Itaka izeneko ugarte greziar ttipi eta lasaian sortu zen Ulises, ugarteko Laertes jaunaren jauregian. Abereak ziren leku hartako aberastasun eta ondasun nagusia, eta dena berarentzat eman zion aita jaunak, gaztarora heldu zenean: txerri eta behi, txekor, ardi eta idi.
Ttikitatik ehizean ibiltzen zen muturrak apurtuz Ulises, eta Parnaso mendian basurdea botatzen zebilen egun euritsu batetan, hortzak bete betean sartu zizkion urde batek belaunean. Sendatu egin zen Ulises, baina nahi ala ez, amak eginda bezala ez zen gelditu, belauna erdiz erdi zaurimarkaturik baizik.
Penelope izeneko emakume ederrarekin ezkondu zen eta seme bizkor bat izan zuen, nondik eta ez zaion belarrietara iristen Troia-ko gazte batek Helena andere ederra bahitu berri duela eta honen senar gizajoa lagunei hoska dagoela! Andrarik gabe gelditu zen Esparta-ko Menelao jaun gizajoa!; greziar banderaren jabe bera zen, horregatik guztiz gehienak esku eta laguntza eman behar zioten.
Zer egin ez daki Ulises-ek, familiarenganako zaletsuago baitago inoren kontra gudurako baino: «Bakean bizi nahi baduzu, besteen joan-etorrietan ez sartu!, eta Paris-en enbidoa ez zuen altxatu nahi, baina Menelao-ri ere ez zion ezetz esan nahi «hiretzat nahi ez duana, ez besteri opa», eta bide erdian nola geldituko zer asma zegoen, Pernandorena egitea asmatzen duenean. Itaka-ra bere bila heltzen direnean, soroan aurkitzen dute lurra goldatzen, astoa eta idia uztarrian dituela eta gatza ereiten. Halere buruz belarri egiten ari zitzaiela ziur zeuden Menelaos-en mandatariak eta semea etxetik ekarri eta goldearen azpian ezarri zuten ea Ulises indarra jotzen ote zebilkien jakiteko: gizon zuhurrak beti darama lepo gainean burua, gero. Ulises-ek, noski, ezin izan zuen proba hartako txapela jaso, bere Telemako seme laztana soroan iraulita uzteko kopetarik ez baitzeukan.
Gogo txarrez, bai, baina Troia-ren kontrako gudura joan behar; Ulises-i ordea guduak ez dio arditik axola, ez horixe!, greziarren taldearen alde leial eta ausart jokatzen baitu. Hasteko, aztiarengana lagundu egiten dio Menelaos-i, Troia-ren aurkako gudua ahalik eta ongien egiteko balizko eta menturazko guztiak argitzearren.
«Harik eta Zeus-en jatorria daukan Akiles bera borrokan sartzen ez den arteino, jai izango duzue greziarrok» esaten die aztiak «Akiles-ekin batera borrokatuz bakarrik irabaz dezakezue».
Inork, ordea, ezin die esan non sartuta dagoen Akiles gaztea, mutikoa aitak ezkutaturik baitauka bere andre ugarien aposentoetan andrez jantzi eta apaindurik. Zeus-i noizbait entzunda badaki aitak, seme gazte hura Troia-ko guduan fama handia hartu baina bertan hilko zaiola eta horlakorik gerta ez dadin, semea ezkutatzea erabaki du. Zertarako nahiko duk kanpokoen fama? Etxeko kea auzoko sua baino hobea. Semea bizirik behar dut.
Akiles, bada, giltzapean sartzen du aitak bere andrategian. Kirru zelako, Akiles-i errubiatxoa deitzen zioten andrategi hartan; bertan ba omen zegoen gainera bera baino marimutil itxura handiagorik!
Saguhartzaile bizkorra da ordea Ulises, eta hortxe duzue! sal erosten dabilen edozein perizale kaiku balitz bezala, Akiles-en aitaren etxe inguruan, zein den eta zertara datorren esan gabe: katu miaukaria ez da ehiztaria. Andrategira sartzen lortzen duenean, bere salgaia erakusten duelarik, batek ez beste guztiek josteko eta bordatzeko tresna-oihaletara jotzen dute. Errubiatxo zeritzana, berriz, ezpatak ikustera gerturatu zen bakarra izan zen. Kukuak kantatu egin zuen! Akiles salatu eta berarekin eramaten du Ulises-ek Troia-rako guda-deira.
Gudurako antolaketak berehalaxe egin eta hamabi itsasuntzi hartuta, bazterrak astindu zituen Ulises-ek lehen bait lehen Troia-ra ailegatzeko: berak erakarri omen zuen engainaturik Ifijenia, Agamenon-en alaba, apaizak lepoa moztuz, haizea atera zedin; Filoktetes hanketako min eta zornez zegoenean ere, Ulises-ek hartu eta abandonatu behar izan zuen ugarte batean; oraindik Tenedos-en zeudela eta ez Troia-ko lurretan, Ulises-en ausardiari esker jakin ahal izango zuten greziarrek.
Troia-ratuz gero ere, ez zitzaizkion odolak mehatu Ulises-i eta gibel oneko mutil izan zen: gudariek aholkuak entzun behar zituztela-eta, han zeukaten Ulises zuhur hura gudariei hitz-orraztu bat ematen; hitz diplomatikoak egin eta inor konbentzitu behar zenean, Ulises zen mingaineko minez egoten ez zena; alproja xamar, axeri edota tranpatako sarearekin arrantza egin behar zela eta, Ulises inor baino azkarragoa zen. Troia bertaraino sartzeko egurrezko zaldia ere berak asmatu zuen. Ordu batean ezin zena, bitan egiten zekiena zen Ulises.
Troia suntsitu eta zapaldurik, eta okerkeria bat baino gehiago egin ondoren, txoriei hegaka begira egonean egon ordez, Ulisesek lehen bait lehen etxeratu nahiko du. Telemako eta Penelope laztanak besarkatzeko amorratzen dago: maitasunak lo gutxi, amets asko. Horregatixe Agamenon-ekin batera Troia-tik lehenik alde egiten duen buruzagi bakarra da; baina ekaitz gogor batek beren itsasuntziak galdugordean erabiliz, galdu egiten ditu azkenean.
Aitzinera inoren eskuko ez da Ulises izango, zirt edo zart berak egin beharko du egitekoa, nongo seme den azaldu nahi badu. Agamenon eta bera galdu eta gero, bada, Trazia-ko kostaldera eramaten du Ulises ekaitzak, Ismaro hiri aurrera alegia. Hemen, lehorreratzen hasi orduko, bertakoen etsaikeria ez zen ezkutuka ibili, Ulises-en gudariei ateaz aurpegian eman eta ezpataz errezibitu baitzituzten. Ismaro-ko hirikoak Troiarren aldeko zirela garbi zegoen. Ulises-ek orduan erosi bezala saldu nahi izan zuen, eta hiria kiskali egin zuen inori eta ezeri begia eduki gabe. Biztanle oro pasa zuen ezpataz baina Apolo jainkoaren apaiz zahar baten aurrean lotsa piska bat gorde zuen horratio eta bizirik utzi zuen: agure onari, ez aterik itxi. Esker onez, apaizak ardo goxoz betetako hamabi zahagi eman zizkion, zenbait etsai azpiratzeko ardo haren beharra izango zuela adieraziz.
Ismaro-ko hiri hartan gudakin bila lasai gelditu ordez, laster aldegiteko deia egin zien gudariei, ogi erreberria etxearen galgarria eta. Baina hauek, entzungor egin eta bihotza itsasoa baino zabalago, gelditu egin ziren bertan. Behingo batean, Traziar gehiago azaldu eta odola mara-mara jaitsi zen berriro. Itsasontzietara iheska heldu zirenerako, seiren bat gudari falta zen gutxienez ontzi bakoitzean.
Handik Hegoalderantz doazela, bi egun geroago Grezia-ko kosta fir fir begiari atsegin ematen hasten zaionean, ipar haize bortitz batek soin soin eramaten ditu, eta nola eraman! amaraunezko soka baten antzera Zitera-ko lurraldetaraino urrutiratzen ditu. Bertako herri jende lasaia zen eta ogia bakean jaten zekiena: aisean bizi zitekeen bizi zitekeenez, nahi hainbat loto baitzeukaten jateko. Ulises-en gudarien iritziz hilak pizteko moduko herria zen hura eta bertantxe planto egin nahi zuten, loto hura gogo betez sartzen baitzitzaien beraiei ere. Loto jaleen herritik apartatzearren, egundoko zigorra astindu behar izan zuen Ulises-ek, bere gudariek euliak baino fundamentu gehiagorik ez zutela zioen bitartean.
Kostaren bizkarra itsasoz segituaz, ahuntzez gainezka zegoen ugartetxo bateraino heldu ziren, eta bertan itsasuntziak haragiz bete ondoren, Sizilia-ko lurraldeetara jo zuten begi bakarreko ziklopeen herriraino alegia. Jan-edariaz hornitu eta lekuko gizasemeekin opariak trukatzekotan, hamabi gudarirekin batera jaitsi zen Ulises hondartzara, nork bere bizkar gainean zahagi bana ardo zeramala. Gertu xamar aurkitu zuten kobazulo batean sartu ziren. A zenbat esne, gazta eta gaztanbera zegoen koba hartan! Bertatik batere neurririk gabe hartu eta gero «enbido, ez dago hemen giro» hanka egin behar zutela, zioten gudariek; baina Ulises-ek ezetz eta ezetz: horren merke zuhurrean ez zela deus hartu behar eta etxeko nagusia etorri arte bertan egongo zirela. Baina soldaduen iritzia behingoz behintzat bidezkoa zen: bat batean kobazuloko jauna atetik barrena datorkiela, Polifemo ziklopea zein den agudo jakingo dute eta!
Ziklope-gizon handi eta indartsu haiek kopetaren erdian begi bakarra zeukaten; ziklope guztien antzera artzain galanta zen Polifemo bera ere, baina beste guztien dobleko. Sua ezagutzen bazuen ere, haragi gordina nahiago zuen eta ardo edateko ohiturarik ez zeukan. Bere atzaparretan erori ziren bezain prest, katetan ezarri eta hiruzpalau gudari gordinik jaten hasi zen tripazaku hura. Ulises-ek bizkarrean erakarritako zahagietako ardoa edanaz jateko esan zion eta ziklopea edaten hasi zen ardo goxo hartatik, zahagi zahagi eginik gelditu arte.
Zein zara zu? galdetzen zion Ulises-i.
«Inor ez»» erantzuten honek.
Ziklopea ardoaren loak hartuta gelditu zenean, eta ezertarako gauza ez zela ohean zetzalarik, gudariak makila zeken bat sutan goritu eta ziklopeari begian sartu zion. Etsai ttikiak gaitz handiak, txinparta batek etxea erre, gero! Haren eztarriaren eten beharra! karraxi eta oihuak ugarte guztian entzuten ziren; eta edonondik zetozela, ziklope lagun asko hasi zitzaion etxeratzen. Polifemo-k muturra beltza zeukala eta begitik oso zauritua zegoela ikusten zuten bere lagun haiek, baina ez nork min egin zion. «Nork egin dizu hori»? galdetu eta gizajoak inork ezin erantzuten zien eta kobazuloan ezkutaturik «inor ez» zegoela birrerantzuten. Txoroen hitzei belarriak itxi; ardotan zopatua zegoelakoan alde egin zuten kobatik ziklopeek. Bien bitartean, Ulises eta bere lagunak artaldean gordeta zeuden, bakoitza ardi baten ileartean. Biharamunean, artaldea larrera irteten ari zela, atarian ezarririk zegoen Polifemo, baina presoei begia bota ezin zielako, banan-bana ukitu egiten zituen ardiak. Presoek ez zioten, ez, ihes egingo; baina hauek, ardipean gordeta, irten eta itsasuntzietaraino dantzatu zituzten zangoak.
Ulises-ek mingainean haririk gabe sekulakoak esaten zizkion itsasontzitik ziklope kopetilunari, eta honek itsu-itsuan harkaitz handienak hartu eta bota egiten zizkien, baina intxaurrak bost, hotsak hamabost!
Oraindik beldurtu xamar aldegiten ari zirelarik, itsasoko jainko Poseidon, haserre bizian mehatxuka entzun ahal izan zuten gudariek, Polifemo bere semea baitzen. Abixua bezain agudo eduki behar zuten kaltea, bai horixe!
Ugarte antzeko zerbait lirain urgainean flotatzen agertu zitzaienean, Eolia-n zeudela aditu zuten. Eolo, haize guzien jainkoa, ugarte arraro hartan bizi zen eta hortz argiz eta sinpatia handiz hartu zituen bere etxean. Ulises eta adiskideak agurtzekoan, haize mota guztiak gordetzen zituen idi-zahagi handi eta eder bat eskaini zien opariz eta, despedidarako, itsasaize atsegin baten bidez Itakarantz zuzen bidali zituen Eolia-tik.
Itaka-ko artzainen gausuak itsasontzitik ikusi zituen ante egon zen Ulises bi egunez loak hartu gabe, hain baitzen handia gizon haren etxeratzeko gogoa! Azkenean etxean zen, alafedetan! Lozorro zegoen ordea eta nagiak ateratzen jarraitzea alferrikakoa zenez geroz, lo kuluxka bat egitera joan zen Ulises, biharamuneko ezkur ametsak buruhauste guziak ahaztuko zizkiolakoan.
Artzainen su haiek berotzen zuten lur hartako jauregian Penelope eta Telemako zeuden, barrena lehertuta, Ulises noiz letorkiekeen zain. Ulises ahaztuta nonbait ordea, inguruko printze asko eta zenbait gazte aberats ere honen andre eder hura nork nola bereganatuko zebilen. Itsas gizonaren emaztea goizean senardun, arratsean alargun, egia izan ohi da, baina Penelope-k ez zuen etsitzen eta bihotz guztiz senarra bizirik etorriko zitzaiolakoan, zutik irauten zuen. Halere, txoriburu haiek menpean zeukaten emakumea eta senarrak utzitako ondasuna dantzan agudo jaten ari zitzaizkion, etxebarnean sartuta bizi baitziren ezpainak eta bizarra koipetzen, andreak honela amor emango zielakoan, noski. Bai zera! Bakean utz zezaten, heietarik bat aukeratuko zuela esaten zien Penelope-k, baina aldez aurre aitaginarrebaren gorputz hila bilduko zuen oihala ehundu beharrean zegoela. Halatan, ehundu eta ehundu zebilen Penelope egunez, ehundutako oihala gauez deseginaz.
Hiru urte iraun zion tranpa honek andre hari, baina zerbitzari batek salatu egin zuen azkenean.
Hamazazpi urteko gaztea zen Telemako printze haiek amari kortea egin eta ondasuna jaten hasi zitzaizkionean; baina berak bakarrik ezin zituen sakela hustaile demonio haiek etxetik bota. Horrengatik, Menelaos eta Nestor zaharra Troia-tik bueltan Esparta-ra eta Pilos-era heldu direla jakin berri duelako, hara joana da Telemako, aitaren berrien bila eta etxean dituen alperren enbidoari hordago botatzeko laguntzaren eske.
Bien bitartean, itsasuntzian Ulises lo seko zetzalarik, Eolo-k eskainitako idi-zahagi ederrean urre eta zilarra zegoela sartu zitzaien bere gudariei, eta ireki egin zuten zahagia, haize guziak libratuaz. Hilak pizteko adinako galerna beltza piztu zuten itsasoan haizekolko zabal askatu haiek, eta Itaka-tik aldenduz Eolia-rantz eramaten zituzten berriro itsasontziak oro, enarak bezala jira eginaz.
Ulises errukarriak Eolo jainkoarengana jo bazuen ere, honek ezin zezakeela jainkoen ezinbesteko azken desio haren aurka deus egin esan zion.
Ahal zuen bezala eta mingain motz, berriro itsasoan daukagu Ulises, sator itsu baten antzera hegoaldetik iparraldera eta iparretik hegoaldera. Lestrigoniarren lurretara ailegatu zen halako batean, baina oso fidakaitz eta gibel beldurti eginda zegoen Ulises zorigaiztoko ziklopearekin zerikusi hartaz geroz. Horregatixe lur berrira bera jaitsi ordez, gudari kideak bidali zituen oraingo honetan. Erregearen alaba bera aurkitu zuten lehorrean eta jauregira eraman zituen, aita poztu egingo zelakoan. Bai zera! lotsa gaiztoko emakume hark aita nor zen ongi zekien, ongi zekienez! Errege erraldoiak aurreneko greziarra atarian sartu zenerako, hartu eta besterik gabe jan egin zuen amen santu batean. Deabruak hartuta bezala korrika ihes egin zuten besteek, baina itsasertzera ailegatu zireneko, lestrigoniarrak harriz itsasuntziak hondoratzen ari ziren. A ze hondamendi! Ulises eta bere itsasontziko gudariak ziren bizirik irten ziren bakarrak juxtu juxtuan urari burua emanaz. Geroko batean, Elea izeneko ugarte ttipira heldu ziren itsasontzikoak eta Ulises-ek zeuzkan gudarien erdiak bidali zituen, Euriloko kapitainaren agindupean. Gudaritaldea baso ilun batetik pasa ondoren, haran zabal batera iristen da. Ixo! zer da hura? Atze atzean drizt! drizt! izkina guztietatik distiratzen jauregi bat azaldu zaie eta bertaratzeko agintzen die soldaduei kapitainak.
Baina bera isil ostuka gelditzen da zernolako harrera ona egiten dieten ikusteko: arrotzerri, otso herri koanto! Halere oso ongi errezibitzen ditu gudariak Zirze zeritzan etxekoandre eder hark, bai eta exerarazi eta bazkari oparoa eman ere; baina gudariak jan edaten hasi orduko, makila majiko batez ukituaz, mota guztitako animali bihurtuta uzten ditu sorgin harek; txerri, lehoi, zakur... eta nor bere izaerari dagokion joeraren arabera. Sorginak gero ikuilu berezietan sartzen ditu eta animaliez zein beterik dauzkan garbi ikus dezake bere gordelekutik. Euriloko-k. Salto batean aditzera ematen dio Ulises-i eta sorginarengana propio joatea erabakitzen du honek hatz bat ere egin gabe, lagunak ezin baititu animali bihurtuta inolaz ere utzi.
Hortxe dago Ulises, basoan harat honat birikak janda, gudariak nola askatuko burua urratzen. Azkenean Hermes jainkoa, aingeru goardako antzeko lagun delakoa, inguratzen zaio bazter batean eta Zirze sorgina ahoa bete hezurrekin musututs nola utz dezakeen adierazten dio:
Onik aterako zara, Ulises, sorginaren edari pozoituan landare honetatik bota eta ezpataz mehatxatzen baduzu esaten dio, «moly» izeneko landare arraro baten adartxo batzuk eskainiaz.
Buru belarri dabil oraindik Ulises, haranean zehar, eta azkenean jauregi distiratsuan sartu egiten da. Agurra eta ongietorria eman eta edaritxo bat ere eskaintzen dio Zirze-k, baina begietan dauka Ulises-ek jainkoaren abixua eta landare adartxoak nahasten dizkio edariari. Edariak ez ziola gogoan su egiten ikusirik, makila majikoarekin ukitzera zihoakionean, Ulises-ek zorrotik ezpata atera eta bihotz izan zuen, sorgina desafiatuz. Zartagina eskuan zeukan Ulises-ek jadanik, bai ongi eduki ere! eta Zirze-ren sorginkeriak fin gaitza egin zuen sekula guztiko, marinelak eta presoak oro nor bere izatera bihurtuaz, noski.
Zer esanik ez Ulises-ek eta Zirze ederrak onezkoak egin zituztela eta elkarren ezaguerak hartu ondoren, batak bestearentzat baizik begirik ez zeukalarik gelditu zirela. Nolako nobia, halako habia! eta gutxienez urte betez egon omen ziren elkarrekin bizitzen eta seme bat ere izan omen zuten. Bazirudien etxera joateko Ulises-en gogoak lur jota zeudela, are gehiago Itaka-rako buelta zein gaitza izango zitzaion Zirze-k ikusarazi zionean. Honela gertatu zen guztia. Egun batez, mila deabruren ikuskizunez itsuturik bezala gelditu da Ulises, katu zaharrak baino bizi luzeago zeukan Tiresias izeneko itsua datorkiola ikusten hasten denean. Itsuaren ondotik Ulises unatu eta zarpail bat ere bazetorren eta Itaka-ko etxera sartzen direla ikusten du. Penelope senargaiez inguraturik dagoelarik, ametsezko Ulises hark ezpataz banan-banan pasatzen dituela ere badakus. Gero, arraun bat bizkarrean hartu eta herriz herri itsasbizitzarik ezagutzen ez duen hiri baten bila dabilela ikus dezake. Ikuskizun fantastiko hartako Ulises zahar hura hil egiten da azkenean bake bakean seme ilobez inguratuta. Baina... hilei eta joan direnei adiskide gutxik jarrai... bai horixe!
Negarrez zainak etenik gelditzen da Ulises ikuskizun honen aurrean. Begien bixtan dauka, Zirze utzi eta behin eta berriro Itaka-rantz abiatu beharrean dagoela, han baitauzka oraindik zain andrea eta semea.
Bihotza estalita, agur esaten die Zirze, seme eta beste lagun guztiei eta itsasoan barrena murgiltzen da berriro. Etorriko da maiatza, jango duzu legatza, Ulises, baina hamaika pauso triste egin eta gero beste hamaikatxoren bat egin beharko duzu oraindik!
Halatan, itsaso uhinetan zebilen Ulises, Sirenen ugarteen aurretik pasatzen ari direla konturatzen denean. Erdi emakume erdi hegazti ziren itsas-jeinu haiek. Kanta eta dantza egiten iaio, baina melodia goxo haren melankolia sare antzera erabiliz, marinel eta itsasbidaiari oro bertan harrapatzeko prest beti. Nork daki zertarako! presoak jan eta irentsi egiten zituztela zioten batzuek; maitasunerako gorde egiten zituztela zioen beste zenbaitek. Ulises ere, erran-merran haiek zirikatuta edo, itsas-nesken soinuak entzun gura zegoen. Belarriak berak bakarrik tente jarriz itsasuntziko zutabe bati lotzeko agindu zien marinelei, baina estraina hauen belarriak argizariz itxi zituen Sirenen ugartetik pasatzerakoan aho bete hitz esaten bazuen ere, inork ez kontutan hartzeko esanaz, aurrera egin zuen. Urrutira helduko, gelditu gabe doana, gero!
A zein musika zoragarri zen hura! Loturetatik libra zezatela; sirenenganaino gerturatzen utz ziezaiotela, karraxika, lotsagarri zegoen Ulises. Baina marinelek ez zioten ez entzun, ezeta jaramonik egiten ere. Honela ahal izan zuen Ulises-ek itsas nesken doinuak entzun bai, baina baita beraien sareak eta amuak desegin ere.
Itsasuntziko oihalak harro harro puztuta, hegoaldera zeramatzan haizeak, Sizilia-ko ugartea eta Italia-ko lurren arteko lepo estuetatik barnera sartu zirenean. Lurzintzur eta itsasarte haietan bazeuden ordea bi mamutzar. Batak, Karibdis zeritzanak, egunero hiru alditan itsas azalera irten eta ehun eta berealdiko ur pila irentsi ohi zuen, uretan zegoen guztia, itsasontzi nahiz arrain, irentsiz noski. Gero, bueltan, ura bakarrik bota ohi zuen sudurretatik: goseak, jolasik ez! Beste puntako ertzean zegoen mamua berriz, Eszila izeneko emakume bitxia erraldoi gaiztoa zen. Emakume haren soinaren azpi zatia sei zakur basatiz osatua zegoen, handik edo hemendik gerturatzen zitzaiena irensteko beti amorratzen.
Karibdis mamutzarraren atzaparkadak hamar metroko olatuak atera zituen Ulises pasatzerakoan, baina lemazain jarrita Ulises bera zegoen eta itsasuntzia beste ertzeraino eramaterik lortu egin zuen nekez baino nekezago. Halere, Eszila-rekin buruz buru egin zuela konturatu zenerako, honen sei zakurrek beste horrenbeste marinel irentsirik zituzten.
Sasi ttipititk atera eta handian sartzea, Karibdis-etik Eszila-ra joatea dela esan ohi dugu gaur oraindik ere nahiz bi mamu haien arteko pasadizoa bezain gaiztoa geuk pasatu beharrik ez izan. Gaur geu ere Ulises bezalaxe otsoari ihesi eta hartzak atzeman ohi gaitu eta. Ulises handik Trinakria ugartera heldu zen, haizerik gabe inguruetan geldituz. Jan-edan ere aspaldian eskas xamar zuelarik, eta marinelak goseak puskatzen zeudela, ugartean larrean ikus zitekeen iditalde baten ondora bidali zuen zenbait marinel, idiak norenak ziren jakiteko. Eguzkiarenak omen ziren eta idi haietarik inork ezin zuela jan esan zieten, baina hura gosearen hanka! hura tripazorri, hura! Eta jakina, sabel hutsetik ez dator dantzarik, marinelek bizpahiru idi hartu eta jan egin zituzten, Ulises-en ezezkoari kasurik egin gabe. Zeus-engana laster asko joan zen horratio Eguzkia kontuak goiz edo berandu marinelei eska ziezazkien. Zeus ez zen biderdian gelditzen diren horietakoa eta Ulisestarrak itsasoan murgildu bezanbatean, sekulako ekaitza piztarazi zuen eta untzia itsas hondargabe sakonera bidali. Ulises bakarrik irten zen bizirik zutabe bati helduaz, baina itsaslasterrak Karibdis mamutzarraren ertzeraino bota zuen berriro. Karibdis-en erpetan erortzeko zori larrienean zegoela, egur puska utzi eta indar guziez igeri egiten hasi zen, mamuaren ondoko harkaitzetan zegoen pikondo bati heldu ahal izan zion arte. Mamuak irentsitako egurra bota zuenean, honi berriro itsatsi eta olatuetan jira biraka gelditu zen bederatzi egunetan.
Gibraltar inguruko ugarte bateko hondartzaraino eraman zuen gero itsasoak eta hil zorian aurkitu zuten Calypso erreginaren morroiek.
Calypso izenak «ongi gordetzen dakiena» esan nahi du. Nolako zura halako ezpala; naufrago gizajoa onartu eta berarekin gorde nahi izan zuen emakume xarmant hark. Koba luze bat zen erregina haren jauregia; gela askotan banatzen zen kobazuloa eta mila baratz eder eta jardin itzaltsu zituen gela bakoitzak. Denen erdian hamaika errekek zekarten ur garbiak baso berde bat bustitzen zuen. Calypso-k baso horretan bidaltzen zuen bere denbora josten eta iruten, ehun neskatila eta ninfak kantutan laguntzen ziotela. Jadanik ez da Ulises-entzat eguraldi gorririk izango! hortxe dago Calypsorekin zorabiaturik, besarkada estu batean ezkontondoko sasoi amesgarrienean amildurik. Bazkal ondoan loaldi, apalondoan ibilaldi; honela, bost, sei ala hamar urtez egon ote zen inork ez daki, auskalo! baina Ulises-en gogoa handik oso urruti dagoela ongi dakite jainkoek. Halako batean, gizajo hura maitasunaren zazpi giltzekin ez gehiago gordeta edukitzeko agintzen dio Zeus-ek Calypso-ri. Honentzat, Zeus-en aginduak esan-eginak ziren, eta arima erratuen gisara, pena handirekin bai, baina bete egin zuen Zeus-ek agindutakoa. Bere basotik ontzi kaxkar bat egiteko behar zuen egur guzia hartzen utzi zion Ulises-i. Honek egurrezko almadia bat egin zuenean, bidaiarako jan-edana eman eta agurtu egin zuen, zeruko zein izarri jarraitu beharko zion ongi erakutsi ondoren. Urak dakarrena, urak eramana!
Baina Poseidon, itsasoko jainkoak, begiko zikina baino gehiago ez zuen Ulises ikusi nahi, ziklopearen gora-beherak zirela-eta. Atzaparrak betean egundoko denboralia atera zuen eta Ulises-en untzitxoa azpikoz gain utzi zuen, gizona beti eta gehiago aho bete hezurrekin. Nola hala, Ulises egur puska bati atxiki zitzaion eta eutsi egin zion Eskeria ugarteraino. Indar gabe ibai bazter batean muturrez aurrera biluzirik gelditu zen.
Iji-ajaka, neska gaztetxoren irriak eta barreak esnatu zuten goiz aldera. Arropa garbitzen ari ziren bitartean, broma eta jolasetan zenbiltzan neskatila lirain haien aurrean nola beldurtuko zen, bada, Ulises? Aurkeztu egin zitzaien eta bere joanetorria kontatuz, laguntza eskatu zien.
Nausikaa izenekoa erregearen alaba omen zela eta, zatoz! zatoz gurekin! etorriberria jauregira eraman zuten. Gurasoak asko poztu ziren eta su eta lo gelditu Ulises-en gorabeherak jakin zituztelarik. Festa handi baten ondoan, bere alabarekin esposatzeko eskatzen diote, baina urde goseak ezkurretan amets! Itaka-ko etxerako asmoa argi eta garbi azaltzen die gizonak. Nausikaa-ren gurasoek orduan itsasuntzi bat antolatu diote eta altxor bikaina eskaini ere bai. Bi egun geroago eta Ulises lo zegoelarik, marinelek Itaka-ko hondartza batean utzi zuten altxorrarekin batera.
Troia aldera irten zenetik, dagoeneko hogei urte pasa dira, baina azkenean etxera daiteke. Poseidon-ek ez die ordea barkatuko etxeratzen lagundu diotenei eta itsasuntzi eta marinel, dena harri bihurtuta utziko du itsaserdian.
Egunsentian Ulises, Itaka-n iratzarri zenean, ez zuen jauregira zuzenean joan nahi izan. Bere ikuiluetako Eumeo zaindariaren etxera baizik. Etxezale eta langile zintzoa, sendi guztiaren eguzkia! Gertatu oro morroiak argituko dit ongien. Fidakaitz eginda naukate hogei urtetako hamaikatxo pauso triste hauek; nola ote daude etxean? Nire zain egongo al dira oraindik?
Zerriei bazka ematen ari zen morroi leial hura, gutxien espero zezakeena bere aurrean azaldu zitzaionean. Noizbaiteko nagusia hantxe dauka, sinets al dezake? Hara! Telemako bera ere ikuiluetara etorri da zaldiren bat bila edo, eta non ez du aita bera aurkitzen! Besarkadak eta muxuak ugari joaten dira, baina noizbait aipatu beharko diote Ulises-i horrenbeste suminduko duena: gari gaineko txorien antzera makina bat senargai badagoela Penelope-ren inguruan! Alargun delakoan, amaren bizkar biziaz, ezerk ezin ditu izutu, aita!
Txisparen tiroa bezala doa Ulises jauregira, eskale zatar eta behartsuz itxuraldatu ondoren, kakalardo haiek lazo ederrez uxatzeko amorru bizienarekin. Jauregian, zakurrak bakarrik ezagutzen du eta nagusia hazka eta fereka dabil, bat batean azken arnasa eman eta zerraldo erortzen denean.
Penelope-ren senargaiak bazkaritan dabiltzalarik, mahaira gerturatu eta janaren eske dabilkie Ulises. Han bertan, Iro izeneko beste eskale bat ere badago mahaipetik afaltzen; kidekoa sartzen ikustean, frente egin nahi izan dio, baina Ulises-ek bere betea ematen diolarik, jaleak gaita txarrean ipini dira gizon zarpail etorriberri honekin.
Itaka-ra oso urrutitik eskale bat heldu zaiela entzunda gero, Penelope atorran kabitu ezinean dago, senarraren berri ba ote daukan galdetzeko morroiei, berriak gauean emango dizkiolakoan irrikatzen. Baina andreak galdezka bidalitako entzun die eskaleak. Hala bada, hala bedi, gau arte!
Bien bitartean, aitak agindu bezala, jauregiko goiko gela batetara igota zeuzkan Telemako-k etxeko arma guztiak. Noizbait heldu zen gaua, gogapenen ama, eta hitz emana, sor: «Nor zara, kanpotar hori? Nondik zatoz eta zein dira zure gurasoak» galdetu zion Penelope-k eskaleari, honek erantzun ziezaiokeenari begia tientoan edukiaz. Baina Ulises-ek zeharka erantzuten zion zozoarena eginaz, bere buruaz ez baitzuen oraindik ezei esan nahi. Batak den dena zekien, besteak ezer ez. Asko dakiena nekez harritu, gutxi dakiena edozerk ikaratu. Ulises joan denetik, jota nago eta bera ez bazait etortzen, bihotza ez dut altxatuko. Esan, arren! Ulises ikusi duzunentz.
Penelope-k egin berria omen daukan amets pozgarri batean senarra etxeratu egiten zitzaion. Baina horrenbeste urtez gero, «Ametsak amets, ez nago itxaropentsu» esaten dio eskaleari. Eskaleak ordea Ulises ikusi egin duela eta nola jantzirik zegoen ere, adierazi egiten dio. Bainan jazkien trazaz aspaldiegiko berriak kontatzen ari zaiola aditzen du andere gaxoak. Etsi etsirik, alarguntzat jotzen du bere burua Penelope-k. Erabaki bat hartzen du azkenean: bi etxetako zakurra goseak hil, bai, eta bera ere zinak eta minak ikusten jarrai ordez, senargai haien artean senartzat zein aukeratuko, biharamunerako utzi zuen. Eskaleari eskertu nahiz, garbitzeko, soineko dotorez jazteko eta gura duen arte etxean egon zitekeela agindu zion gero.
Eskale zarpailtsua garbitzen hasten dira neskameak, baina zaharrenak ezagutu egiten du bere nagusiaren belauneko zaurimarka. Ez al haiz gogoratzen, neska, nola gaztetan basurdeak hortzak bete betean sartu zizkion? Nagusia besarkatu nahi du, baina honek txintik ez egiteko keinua egiten diolarik, neskamea mutu egoten da.
Txapelketa bat antolatzen da hurrengo egunean jauregian. Kontuz, ezkondu baino lehen begira zer egiten den! Ulises-ek etxean utzi zuen arkuarekin nor gehiago huraxe senar eta errege izango! «Bi aizkora horietako burdina aldenik alde pasa beharko duzue txapeldun izateko». Senargai guztiak saiatzen ari dira txandaka, baina inork ezin du ezeta arkua bera tentsatu ere. Bai zera! Eskalea ere gerturatu egiten da azkenean, berak ere arma probatu nahiko lukeelakoan. Arkua tentsa tentsa egin, gezia bota eta, zart!, aizkoren bi burdinak zulatu egiten ditu erditik. Ateak ixteko oihu egiten du berehalaxe, laster ematen duenak, bi bider ematen du-eta, gero Telemako-ren laguntzarekin ezpataren puntatik pasatzen ditu senargaiak oro. Morroien artean ere eskuzuri izan zirenak berdin, beren txangoa hartzen dute. Gero Penelope-ri nor den argi eta garbi uzteko, hogei urtez gero inork ikusi ez duen jauregiko ezkontide gela nolakoa den aditzera ematen dio. Ulises! zu zara Ulises maitea!
Etxe hutsa negargarri, betea kontsolagarri. Itaka-ko jauregiko dorrean ez zen gehiago andre bat, alargun itxuraz, ehuna ehotzen kantutan entzungo: Itaka dorrea bai, Itaka dorrean, nengoanean, goruetan, bela beltzak kua! kua! leihoetan, Itaka dorreko zurubi luzea.
© Mikel Azurmendi "Mikel Azurmendi: Kontu kontari Grezian barrena" orrialde nagusia