TROIA-KO GUDUA, BAI GUDU LUZEA
Izango da hiru mila urte gutxienez, Grezia-ko Mizenas-en Atreo jauna bizi zela. Hixtoria ez da gaurkoa. Garai eta leku haietan jaun izatea, biztanle guztien faraon antzeko izatea zen: denen aita, denen gudari-buru eta denen apaiz saindu baitzen jauna.
Besterik ezean, bazirudien Atreo jaunaren lekua bere bi semeetako batek gordeko zuela. Baina ipurdiz gora bota zuen Egisto izeneko batek seme bien esperantza, Atreo jauna bete betean jo eta hil egin baitzuen. Agamenon eta Menelaos zerizten bi semeei eta ihes egin behar izandu zuten, buztana hankartean, gero. Hegoaldera jo eta jo, azkenik Esparta-ko jaunak besoak zabalik errezibitu eta gorde zituen bere gazteluan, bai eta azkar asko etxeko bi alaba ederrak eskeini ere.
Agamenon izeneko anaia zaharrena Klitemestra-rekin ezkondu zen; bestea berriz, Menelaos, Helena ederrarekin eta bikote gazte hauxe izan zen, halako batean, Esparta- ko buruzagitzarako aukeratua. Menelaos Esparta-ko jaun eta jabe izatera iritxi zen, bada, eta patxada ederrean bizi izan zen jauregian hamarren bat urtez bere Helena maitearekin eta jaio zitzaizkien bi seme-alabekin batera. Ikuiluan ere aziendak, behi nahiz ardi, nola nahi eta hala: urtetik urtera ugariago. Baina zoriontasun osorik ba al dago munduan?
Etxekoandrearen aita hil zenean, ohitura zaharrak agintzen zuen eran, hiletara joan behar zena suhia zen, Menelaos alegia. Eta joan, Kretaraino joan behar izan zuen, hantxe ospatzen baitziren hiletak.
Menelaos Kreta-n zen bitartean, eta etxekoak hura noiz bueltatuko zain jarrita zeudela, Paris izeneko Troia-ko printze gazte bat etxeratu zitzaien. Handik laister, etxekoandrearen edertasunak zorabiatu eta barnea estali egiten zion Paris-i, eta batak besteari muinak janda bezala, elkar maitatzen hasi ziren, eta nolal elkarrekin Troia-ra alde egitea erabaki baitzuten. Asmatu bezala egin zuten eta besoz beso joan. Bihotzak maite duen tokira, oinak bizkor helduko dira!
Halako batean Menelaos etxeratu eta guztia jakin zuenean, negar batean jota gelditu zen, hainbeste maitatzen baitzuen andrea. Zer egin ez zekielarik, bere anaia Agamenon, familiako beste zenbait eta lagunik minenak bildu egin arazi zituen Pilos ugarteko Nestor jaun zahar eta zuhurraren bidez.
Denak laguntzeko prest azaldu zitzaizkion: Baietz! Baietz! Helena-ren bila Troia-raino bertaraino lagunduko diotela eta bere onez Helena etxeratzerik ez balego, indarrez erakarriko dutela! Tratua zerratu zuten «begia begiaren, hortza hortzaren» zina eginaz.
Untzian nagusi asko arrantza gutxi. Kapitain bat behar zenez, Agamenon izan zen gudari taldearen lehendakari hautatua eta ahal zituzten itsasuntzi eta gudaririk gehienak bildu ondoren, hortxe dauzkagu Troia-rantz, txango hartatik su eta salda gertatuko dela asko sumatu gabe!
Zein baino zein izen famatuago bildua zen guda-dei hartara. Bertan ziren Akiles, Tesaliako jauna, 50 itsasontzirekin; Salamina-ko Ayas ere han zen 12 itsasontzi prestatu ondoren, eta beste hainbesterekin Ulises, Itaka ugarte ttipiko jauna. Zazpi itsasontzi eta 50 arkulari zeramatzan Filoktetes arkuzale ospetsuak. Menelaos-ek berak 60 itsasontzi fleitatu zituen. Pilos-eko Nestor jaun zaharrak 90 barkuz gain, Antilokos eta Trasimedes izeneko bi seme apartak ere bazekarzkien. Hura soinu! hura dantza! Odola, su gabe irakin, zera.
Troia-ra heldu zirelakoan zeuden gudariak, baina Tenedos-en desbideraturik zebiltzala konturatu ziren, bertako bat preso hartu eta itsasuntzietara eraman zutenean. Ulises maltzur hura izan zen, noski, gauaz lekua ikertzera joanik, gizona esku burdinaz jo eta preso altxatu zuena. Troiaratu nahi bazuten, iparralderago joateko esan zien preso hark. Filoktetes ere Ulises-ekin zegoen gau hartan bazterrak aztertzen, baina sugetzar batek hankan kosk egin eta erabat gaiztotu egin zitzaion. Zauritutako hanka hari mandoa ere botatzeko adinako usain kiratsa zerion, eta inor ezin omen zen Filoktetes-en ondoan egon ere. Azkenean ugarte bakarti eta galdu batean, hor konpon! utzi zuten.
Ezin izan zen horratio Troia-n lehorreratu greziar gudari taldea, ekaitz gogor batek galdu eta sakabanatu egin baitzuen. Itsasoko legeak, onak on, gaiztoak neurri gabeak. Ur guztien azpitik eta hodei guztien gainetik gudontziak biltzen ibiliz gero, eta guztiak bertan zeudela ikusirik, Aulide ugarte ingururaino aurreratzerik ahal izan zuten. Bainan hemen haizerik ez, eta gudontziak oin geldian, inondik eta inora ezin abia! Aztiarengana jo beharko du Agamenon buruzagiak jainkoak haserre ote diren eta zergatik haizea ukatzen dieten galdezka.
«Haizerik izatekotan, Artemis mantsotu beharko da, su bizian baitaukazue» esan zion hitzerdika Agamenon-i aztiak. «Zeure alaba eskaini beharko du Agamenon buruzagiak jainkoak haserretuaz».
Gudarien buru ausart eta trebe zela probatu beharrean zegoen Agamenon, baina nola hilko zuen, bada, bere alaba bakarra, Ifijeniatxo maite hura? Odolaren mintzoa nola ez jarrai? Gainera, ondasuna baino hobea, zahartzarorako alaba! Nestor izeneko lagun zahar bat badauka Agamenon-ek, hura bezain gizon zentzudun eta zuhurrik ez dago eta harengana jotzen du onena zer den galdetzera.
«Bitakoren bat, ala gudari ospetsuen aintza ala bihotz handiko aita baten oroimena. Tartekorik ez dago zuretzat, Agamenon» Nestor-ek erantzun.
Bihotza bitan, gogoa gaixorik, Agamenon ez dago odol epelean. Zer egin? aukeraren maukera, atzenean okerra? Halako batean, agurearen aukera bikoitzetik gudariaren fama eta ohoreari lotuko zaiola erabakitzen du eta alaba etxetik lehen bait lehen erakar diezaioten agintzen. Artemis jainkosari alaba opariz odola hustea erabaki du.
Noizbatean heldu dira gudariak alaba dakartelarik; hortxe doaz mendi gailurreraino aztia eta Ifijenia gauaz. Aztia goitik behera datorkienean eta labana odolberoz erakusten dien bezanbatean, haizearen karraxka entzun daiteke ugarte guztiko zuhaitzen adarretatik. Gudariak itsasontzietara iristen direneko, haize oihalak bete-betean lehertzen daude, ontziak urrutira bultzatzeko gai. Gudari taldearen oihu eta txaloen artean, Agamenon-ek gudariaren irrintzia bota eta untziak itsasoan murgiltzen hasi, dena bat izan zen.
Artemis jainkosaren partetik zetozkien zorioneko haize horiek eraginik, azkar asko azaldu zitzaien, harresi izugarriez gorde eta zainduta, hain desiatutako Troia hiria. Eskamandros ibaia harresietatik nahiko gertu itsasoratzen zen eta inguruan zelai berde bat bazegoen; haren ertzean lehorreratu nahi zituen Agamenon-ek bere gudontziak.
Baina erne eta fermu zeuden harresietan Troiarrak bai eta ibaiaren inguruan ere buru egiten, untziz zetozkien Grezia-ko gudariek berena egin ez zezaten. Eta ezin! ezin izan ziren lehorreraino heldu.
Troia-ren kontra zuzenki jo ezinean, inguruak ezagutu eta miatzen hasi ziren greziarrak, egokiena non eta noiz ote zen zain, han hemenka idi, ardi eta ahal zen guztia depaso lapurtuz. Beste gudakinen artean, neska eder batzuk ere inguratu ahal izan zituzten. Ederrenak kapitainentzat zirelako, Agamenon-ek eta Akiles-ek Kriseida eta Briseida izeneko arrosa eder bana izan zuten; a zein poz handi! Baina denbora asko pasa baino lehen, Kriseida neskatxa hura zein zen jakingo zuten, bai horixe!
Egunak joan urteak etorri, baina greziarrek ez zuten erasotzen, ez baitzekiten Troia-ko harresien kontra nondik nola ekin. Halako batean eta gutxien espero zitekeenean, dagoeneko bederatzi urte paseak baitziren, Akiles-en ausardiari esker lortu zuten itsasuntzietatik lehorrera jaitsi eta ibai zelaian gudaletxe batzuk eraikitzea. Baina neguko lorea bezain iraungaitza gertatuko zaie balentia hura, zeren apaiz saindu bat jainkoei erregutu eta erregutu baitabilkie aspaldi honetan, bere alaba Kriseida bahitu dutenek merezitakoa izan dezaten. Apaizak gurtu eta zaintzen zituen jainkoek sekulako izurria bidali zieten greziarrei azkenean, aita errukigarriaren laidoa bengatzeko edo.
Batzarrean bildu ziren buruzagi greziarrak eta apaiz saindu harena jakin zutelarik, Kriseida aitarengana itzultzeko esaten zioten Agamenon-i, halatan izurriak gudari-txango guztia ez zuen alperrik galduko eta. Neska eder hura aitari itzuli beharra gogozkoa ez bazitzaion ere, kapitain handi zenez geroz, gudari buruen nahia bete egin zuen Agamenon-ek. Izurri gaiztoa desagertu egin zen, bai, baina izurria desagertu zen orduko, ez agur eta ez adio, neska galdu haren ordez Briseida ebatsi zion Akiles-i, ahoa bete hortzekin utziaz, noski. Eta honek ttintik ere egin ezin. Erantzunik gogorrena, askotan ixiltzea ordea, eta horixe egin zuen Akiles-ek.
Zintzarri mihi gabea, sasian usteldu; eta gerlarako burubero izan zena, ipurterre eta zaputzean usteltzen gelditu zen. Briseida-ganako bihotz egarria asetzeko, munduan iturririk ez, nonbait, eta neska harekin batera gerlarako odol beroa ere galdu egin zitzaion Akiles-i. Bere gudari guztiak itsumustuan bildu eta itsasuntzietara sartu zituen; bera ere kopeta ilunarekin borrokatik erretiratu eta asto zuriarena eginaz, alferkerian eta nagiak boteaz egon zen gudontzi barnean. Begiko zikina, baino gehiago ez zuen Agamenon ikusi nahi, utikan!
Akiles-en zaputzaren berri izan zutenean, asko poztu ziren Troiarrak, elkarterik gabe indarrik ez eta. Baina bizarra koipetzen etxean gelditu partez, troiarrek kontraerasotzeko unerik aproposena huraxe zela iritzi zuten. Hektor buru zutelarik, Troia-ko brontzezko ate pixuak irekiz geroz, irtenaldi sutsu bat egin zuten zelaietara. Bazirudien troiarrek gibela ahotik bota behar zutela; gogor, oso gogor zen beren erasoaldia eta greziarrak geroz eta atzerago, oiloak bezala ibaiaren uretan busti-bustiak. Borroka ia itsasuntzietaraino iristen ari zenean, Nestor zaharraren aholkuz, itsasuntzien inguruan egina zeukaten babes moduko parapeto bat, uretako hondarrean egurrezko oholak sartuz. Hau izan ez balitz, greziarren txangoa bukatua zatekeen, baina babes hontantxe eutsi ahal izan zieten, nahi ala ez, troiarrei. Hauetako asko ordea, babesa zenbait tokitan gainditu eta itsasuntzietara sartzen hasiak ziren.
Hektor da horietako bat eta esku batez untziei su ematen saiatzen ari da, bestearekin gudariak ezpataz hiltzen dituela. Akiles, grina gaiztoa, begi lainoa, ez da horratio mugitu ere egiten; asto gainetik ez du jaitsi nahi, Agamenon bera apal-apal hurbiltzen zaionean ere: «Emakumea bueltatuko diat, Akiles, eta urrezko zenbait bitxi ere bai, baina mesedez, sar hadi borrokan, motel!». Akiles-ek ordea «zu hor eta ni hemen, in sekula sekulorum Amen». Halere, tantaka tantaka upela bete eta Akiles-en lagunik handienari, Patroklos-i alafede! bihotza erortzen hasia zaio greziarren odol gehiegi jausten ari delako. Borrokara irten nahi luke, nahiz bera bakarrik irten. Akiles-ek baietz esaten dio, gura badu, gudura irteteko, eta bere armadura eman egiten dio gainera. Troiarrekin ezpatara ateratzen da Patroklos. Hortxe doa bakar bakarrik.
Behin eta askotan gorritzen zaio Patroklos-i ezpata. Sarpedon gudari hilaren gorputza troiarrak zapaltzen ari diren tokiraino murgiltzen da eta lagun hilaren gorputza jaso egiten du eginahalak eta bost egin ondoren. Hogeitasei gudari troiar hilda omen ditu, Hektor-engana ailegatzen denerako. Honen zerbitzari bera ere hiltzea lortzen du, baina Hektor-ekin ukalditara pasatzen denean, Patroklos-enak egin du, bertan seko uzten baitu besteak.
Egia latz eta garratz: Lagunaren berri jakiten duen bezain laster, Akiles-en guda-irrintzia itsas zabalean entzun daiteke eta troiarrek, irrintziaren usaina hartuta nonbait, goitik behera jotzen dute odolak ur bihurtuta, Patroklos-en gorpua bertan utziaz. Akiles-ek jaso eta garbitu egiten du lagun zenaren gorpu mortua, baina hiletak ospatu aurretik, kontuak garbitu nahi dizkie troiarrei. Agamenon-ekin daukan zaputza alde batera utzi eta, zaldiak berak heriotza gertu daukala abixatzen dion arren, su eta gar ezpatara ateratzen da Akiles. Hura zen hura fandangoaren buelta!
Eneas kapitaina da atzera egin ez duen troiar bakarra, eta Akiles-ek kapitainaren bular zabala, burdinazko petoa eta guzti, aldetik alde pasatzen dio lantzaz.
Aurreraxeago Hektor berarekin ere neurtzen da. Goian dagoena, urrutitik ikusten da; a zer borroka ikusten den zelai hartan Hektor lurrera zerraldo jausten den arte! Gero, ibaiaren beste aldera jotzen du Akiles-ek eta hogei mutiko preso hartzen. Patroklos hilik dagoen egur pilan moztu egiten die lepoa azkenean.
Ardi eta behi asko hil zuten greziarrek egur pila haren gainean; Akiles-ek gainera bere bederatzi zakurretatik bi onenak hartu eta burua moztu zien egurren artean sartuz. Azkenean su eman zioten gurpilari eta guztia guztiz erre arte zutik egon ziren gudariak. Gero Patroklos-en hiletak ospatzeko festa izugarria eratu zuten, olinpiada eder antzeko zerbait alegia. Zortzi joko eratu omen zituzten; zaldigurdi lasterka zen proba nagusia eta Diomedes irten zen garaile, Agamenon eta Menelaos-en aurretik. Epeo izan zen boxeo probako txapeldun. Greko-borroka, berriz, geldiarazi egin behar izan zuten, Ulises eta Ayas-en artekotasuna ez batak ez besteak hautsi ezin zuelako. Oinezko korrikan, Ulises-entzat izan zen txapela. Ezpata-proba, disko jaurtiketa, arku proba eta palankarien arteko norgehiagoka ere izan ziren, zein baino zein goimailakoa. Baina odol eta festa giro hartan Akiles-en haserrea ez zen izpirik ere asetu: etxea hutsa, haserre hutsa, zera!
Egunak joan egunak etorri, Akiles-ek Hektor-en gorpua bere zaldiari lotu eta lurrean arrastaka darabil Eskamandros ertzetako zelaian. Hau ikusirik, emakume amazonarrak ere borroka hartan sartzen dira troiarren alde, Kaukaso inguruko oihanetatik jaitsiaz. Gudazale amorratu eta basatienen fama zeukaten emakume hauek, semeak hil egiten zituztela esaten baitzen, alabak bakarrik gordeaz. Halere, hauei txikitatik ezkerreko titia moztu egiten omen zieten arkua, lantza eta gudarako tresneria hobeto erabil zitzaten. Pentesilea, amazonarren buruzagia bera hiltzen du Akiles-ek eskubiko titi erdi erdian azkona sartuz, baina emakume hari aurpegiestalkia kentzen ari zaionean, aztunpa bezala negarrez lehertzen da Akiles, hain baitzen eder emakume hura!
Hantxe inguruan, nonbait ezkutaturik anartean, ba omen zebilen Tersites izeneko greziar gudaririk euli eta alperrena, barrez hesteak botatzen, mara-mara negarrez zegoenari burla egiten. Eta hori bakarrik ez; lantza hartu eta ez dizkio, bada, bi begiak ateratzen. Pentesilea-ren gorpuari! Euliak kalte gehiago basapiztiak baino; eta Akiles-ek kaiku hura hartu eta danba! muturra berotzen hasi zitzaion berrehun zati eginik hil zuen arte. Huraxe izango zen bere azken guda-hilketa.
Baina Akiles ez da oraindik otzandu. Hamabi egun badaramatza Hektor-en gorpu hila arrastaka; azkenean Priamo bera, Troia-ko agure jauna etorri beharko zaio errukarri bere seme zenaren gorpuaren eske, Akiles-en bihotza leundu behar bada. Anartean, jainkoek beraiek ere abixatu egingo diote Akiles-i, Hektor-ekin egiten ari dena okerrean aritzea dela eta kontuz ibiltzeko! Gaurko txar egitea, biharko zoritxarra.
Inori burua makurtu gabea zen benetan Akiles, baina aita gizajo haren aurrean makur-makur egin zuen eta semearen zerraldoa berberak Troia-ra eramango ziola agindu zion. Bai eta agindutakoa bete ere! Hara! Begira nola Akiles-i Troia-ko brontzezko ateak irekitzen ari zaizkion, gurasoei seme zena dakarkienean! Troia-n bertan duzue Akiles, Priamo eta Hekuba zaharren ondoan hiletak ospatzen. Baina zer diren gauzak! Hektor zenaren arreba xarmanta ikusi orduko, arnasa bakarrean gelditu eta maitemindu egiten da Akiles. Maitasunak gurutze astuna arindu, garratza ezabatu. Troia-ko agure jaun Priamo-ri bere alaba Polixena eskatzen ausartzen da: prest omen dago alaba eder hura hartu eta gudua uzteko. Baina ezti gogozko ilargia hasteko une hartantxe, neskaren anaiak, ditxosozko Paris hark alegia, atzetik gezia bota, orpoan jo eta non ez du Akiles hilda uzten? Lotsagabeak, herria bere.
Hamar urte luze irauten ari zen gudua berriro bizi-bizian jarri zen. Akiles-en gorputza Ulises-ek eta Ayas-ek jasotzerik ahal izan zuten istilu beltzak ikusi eta gero. Filoktetes-en gezi pozoitu batek hankartean jo eta azken fina izan zuen Paris-ek. Gudakontuak ez zeuden horratio azkenetan, ez horixe!
Helenak bazeukan nahi izanez gero bere alarguntza non apurtu, Paris zenaren anai bat, Heleno izeneko, gerturatu egiten baitzitzaion. Emakumearen gustukoa ordea mutila izan ez, eta itzal eta itzuli gabe bidali egiten zuen amorantegai berri hura. Denetaz nazkatu eta higuindurik gudua utzi eta Troia-tik urrundu egin zen Heleno, ez nora ez hara ez dakiela. Baina Ulises bizkorrak gainean atzaparra ezarri zion basoan zebilela. Priamo-ren seme hark ba omen zekien Troia nola mendera zitekeen eta Ulises-en torturak aguanta ezinik, esan egin zion nola Troia-n sar.
Troian bertan espiatzera sartzeko, Ulises eskalez disfrazatu zen baina estraina gorputza ere guztiz itxuraldatzeko, zigor zezaten agindu zien lagunei. Larrua bero-bero eginik, hauts eginda, eskale bat sartzen da gauaz Troia-n inork ez dakien nonbaitetik. Bertan dabil isil ostuka, gora eta behera den dena miatzen gudariak nolaz barneratuko ote dituen asmatzen. Halako batean, azeri zaharrari ilea joan, baina antza ez! Helena-k ezagutu egiten du eskale hura eta alarma eman duelarik, Priamo-ren emazte zaharrak, Hekuba gajoak, aldegiteko modua egiten dio Ulises-i. Baina honek asmatuta dauka dagoeneko Troia-n sartzeko erabili behar den engainua.
Egurrezko zaldi galanta egin arazten du eta sabel barnean, bera buru delarik, gudaririk ausartenak sartzen ditu. Menelaos ere zaldi barnean dago, bere Helena-rengana lehena iristeko asmotan. Bien bitartean, beste greziar guztiek itsasoz ihes doanaren itxura egiten dute.
Troia-ko harresietatik ikusten dena nola sinets? Zer da zaldi antzeko tramankulu hura? Nora joan ote dira greziarrak? Laokonte apaizak ez fidatzeko esaten badie ere, ausartu egiten dira, nor bere alde Troia-tik irten eta zaldiraino gerturatzen. Tap! tap! egurretan jo eta hutsunea nabari da.
«Esaten nizuen traste txukuna ez dela; zaldi hau ez dela fiablea, tranpa doilor bat besterik ez» dio apaizak eta eskuetan daukan lantza zaldi sakoneraino sartzen du, baina ezer ez du sumatzen. Inolako odolik ez baita ateratzen.
Beste gabe, batek daki nondik irtenda, greziar bat eskuak lotu-loturik atzematen dute ote larre baten ondoan, eta odol hotzean sekulako hixtoria kontatzen die. Beste greziar guztiek lau oinean etxera alde egin dutela jainkoen agindua betetzearren, eta hor duzuen zaldi handi hori, bihotz-bihotzez eskaini nahi izan dizuegula, zuei troiarroi, horrenbeste hil eta odolen truke oparitzat har dezazuen. Gudari bat ere jainkoei opariz hil behar genielako, neure buruari tokatu zaio zotzean, baina azkenean beldurtu egin naiz eta hemen nauzue izuturik iheska.
Gizonari hitzetik eta idiari adarretatik, ez dago dudarik. Kontuak handiegi badirudi ere, zergatik ez sinets? Zertarako zaldi handi hori, Troia-ko ate nagusitik ere pasatzerik ezin badu? Troiarrak amuari lotu egin zitzaizkion.
Oparia etxean, festa bikaina egin zuten Troia-n geroz, zaldia Troia barnera sartzea erabaki zuten. Hartarako harresi zati bat ere bota behar izan zuten: «Emaiok aterpea otsoari, izango duk, bai salatari».
Oparia etxean, festa bikaina egin zuten Troia-n guduaren amaiera ospatzeko. Troia loak eta ardoak hartuta zeukatenean, Ulises eta bereak zaldi barnetik irten eta zeuden zaindari apurrak berehalaxe akabatu zituzten. Itsasuntzietatik ere harresi ingurura beste greziar guztiak itzuliak ziren eta zelatan jarrita zeuden, Ulises-ek seinalea noiz emango. Troia kiskali eta errauts egin zuten, Heleno ez beste gizonezko guztiak hil eta emakumezkoak preso hartu.
Azken eguna, kontu eguna.
© Mikel Azurmendi "Mikel Azurmendi: Kontu kontari Grezian barrena" orrialde nagusia