Agian zeure bizitza da salbatzen ari zarena
Baserriko bidean barrena Mr. Shiftlet heldu zenean, atsoa eta bere alaba eserita zeuden etxeko barandan. Atsoak silloi puntaraino irrista egin eta aurrealdera begirada bat eman zuen, ilunabarreko eguzkiaren argi itsuarazlearen kontra eskuarekin begiei estalpe emanaz. Miopea zen alaba eta bere behatzekin jolasten segi zuen. Baserri galdu honetan atsoa bere alabarekin bakar bakarrik bizi zen arren, eta Mr. Schiftletekin inoiz topatu gabea izan arren, begi onekoa zen eta ezezagun hura, nahiz urrun egon, trenbidetako langile eta inolako kalterik egin ezin zezakeen horietakoa zela ohartu zen. Haren zamarraren ezkerreko mahuka bitan tolestua zegoen, mahuka barnean besomotz bat besterik ez zeukala garbi uzteko; eta bere haragi meharreko silueta alde batera okertuta zihoan, haizekirriak etzana edo. Janzki beltza zeraman eta feltroko sonbreiru marroi bat, aurrean altxatu xamarra eta oso sartua atzealdean; burdinazko erreminta kaxa bat ere bazeraman kirtenetik helduta. Ttapa-ttapa, astiro zetorren, mendi apal baten tontorrean orekan ezarrita zirudien eguzkirantz aurpegia okertua.
Atsoa ere ez zen batere mugitu beste hura baserriko etxaurreraino iritsi zen arte; eta orduan zutitu egin zen, esku muturrak gerrian zituela. Orduantxe bat-batean ohartu zen alaba; bere organdi urdineko soineko motzak hezur-haragi zabalak azpimarratzen zizkiola, salto egin eta zutitu egin zen. Behatz erakuslea beste harengana xuxen-xuxen ipini eta lurrean ostikoak ematen hasi zen, lau haizetara hots konprenigaitzak jaurtikiaz. Mr. Schiftletek, etxaurrean pauso bat aurrera egin, bere kaxa lurrean laga eta sonbreiruari pittin bat gora eragin zion, alabarengana eragin ere, inolaz ere elbarri gajo bat ez balitz bezala, gero atsoarengana itzuli eta sonbreirua erantzi egin zuen, agur bero bat eskaintzeko asmoz. Ile beltz luzea zeukan, leuna oso, xede batek erdibanatua eta belarrietatik gainezka. Aurpegia ia-ia kopetak betetzen zion eta begitartea orekan edukitzeko edo, nolanahi egina zeukan masailezur zorrotza eta gogorraz kokotsaldea, altzairuzko zepo baten gisa. Gazte zirudien, baina ez zeukan asean eta betean dagoenaren planta, bizitzaren berri ondo dakien batena baizik.
Arratsalde on, esan zuen atsoak. Itxituretako zedrozko hesola baino luzeago ez zen atso hura izango eta buruko zapi gris bat zeraman sartuta.
Trenbidetako langileak ezer erantzun gabe begiratu zion. gero atsoari ipurdi eman, eguzkiari begira jarri eta bere beso osoa eta bestearen erdia poliki-poliki altxatu egin zituen, zeruko bazterren bat adierazteko edo; gurutze oker baten irudia egin zuen. Eta egiten utzi zion atsoak, besoak belaunetan gurutzatuz, eguzkiaren jabea bera balitz bezala. Alabak ere begiratu zion, burua tenk, besoak dilindan. Ilea luzea zuen alabak, arrosatik gertu xamar zebilen urre kolorekoa, eta begiak errege-indioilarren lumak bezain urdin.
Era hartan, ia minutu bat egonean egon zen gizona, gero bere kaxa jaso eta barandara igoaz lehendabiziko mailan eseri zen. «Etxekoandre, esan zuen sudur ahots batez, baina ziur. Dirutza ederra emango nuke nik hemen bezala arratsaldero eguzkia horrela sartzen ikusten den bazter batean bizitzeagatik».
Egunero horrelaxe da, ba, gurean, esan zuen atsoak eseriaz. Alabak berdin egin zuen eta gizonari begira-begira egon zen, begi maltzur eta zuhurrez, gertura zitzaiokeen txoriari egingo liokeen antzera. Prakatako poltsikoan zerbaiten bila gizonak zeharka egin zuen eta chewing-gum paketetxo bat atera eta tabletatxo bat eskaini zion. Alabak hartu egin zion, papera zuritu eta ahogozatzen hasi zen, gizona bere bistatik utzi gabe. Gero atsoari paketetxoa luzatu zion, baina honi aski izan zitzaion gaineko ezpaina behatz batez altxatzea, hortzik ez zeukala erakusteko.
Mr. Shiftleten begi zorrotzak dagoeneko begiz jota zeukan etxaldeko ondasuna: etxe ertzeko uhaga, pikondo mardula eta honen gainean gaua pasatzeko kokatzera zihoazen hiruzpalau oilo eta, gero, garaje antzeko zerbaiten barnean automobil baten atzealde karratu eta herdoilduari ere begia bota zion: «Konduzitzen ba al dakizue, andereok?» galdetu zuen.
Hamabost urte badira kotxe hori ez dela ibili, esan zuen atsoak. Nire senarra hil zenez geroztik ez da gehiago ibili.
Garai hura bezalakorik ez dagoela, etxekoandre, ez dagoela. Mundua usteltzen ari dela...
Benetan; esan zuen atsoak, ingurukoa al zaitugu?
Niri Tom T. Shiftlet derizt, bota zuen ahopean hark, kotxearen pneumatikoei begia luzatuz.
Poz pozez nago zu ezagutzearekin, esan zuen atsoak. Nire izena Lucynell Crater da, eta hau nire alaba Lucynell Crater. Zer zabiltza ba, gure bazter hauetan, Mr. Shiftlet?
Automobila 28 edo 29ko Ford bat zelakoan zegoen gizona. «Etxekoandre, esan zuen arreta osoa andre hartan ez beste edozertan ipiniaz, gauza bat esango dizut. Ba omen da Atlantan mediku bat, eta labana hartu eta ez dio, bada gizon bati bihotza atera! giza-bihotza, alajaina! esan zuen atsoarengana makurtuaz eta bihotza ikertu egin omen du gero, bizpahiru egunetako txita batena balitz bezalaxe, eta gainera, etxekoandre...» Adieraz betetako ixilgune bat airean utzi zuen, bere burua mantso-mantso beheratuz, lokatz koloreko begiak argi biziz pizten zitzaizkiola. «Eta gainera, etxeko-andre, mediku hark ez omen daki gizon hartaz zuk edo nik baino gehiago».
Hala da, bai, esan zuen atsoak.
Ezta labanaz zirika eta zirika erabilita ere, ez zuen zuk eta biok baino gehiago jakingo; ezetz. Nik apustu egingo nuke ezetz!
Ez, esan zuen atsoak zentzun. Nondik zatozkigu, Mr. Shiftlet?
Besteak ez zuen erantzun. Eskua poltsikoan murgildu eta barrendik tabako pakete bat, papera eta zigarroak atera zituen; zigarroa egiten hasi zen, taxu handiz egin ere bere esku bakarrarekin, eta gaineko ezpain azpian utzi zuen, besterik gabe bertan itsatsiz. Poltsikotik pospolo kaxa atera eta zapataren zoruan piztu zuen. Pospoloa sutan eduki zuen, pospoloa erre eta ia behatzetaraino arriskutsu zetorkion su haren misterioa ikertzen ari balitz bezala. Iskanbila batean jarri zen neska, erretzera zihoan esku hartara bere behatz erakuslea zuzenduz, baina garra ailegatzen ari zitzaion une hartantxe gizona makurtu egin zen, eskua itxi sua gordeaz eta sudurreraino eraman zuen gero, honi su eman nahi balio bezala, baina zigarroa piztu zen.
Pospolo errea jaurtiki eta ke-laino gris bat jalgi zen bere ezpainetatik. Etxekoandre, esan zuen, oraingo gure garaiotan jendeak edozer gauza egingo dizu, eta edonola. Nik zuri nire izena Tom T. Shiftlet dela esango dizut, eta Tarwatertik natorkizula ere bai, Tennesseekoa natzaizu beraz; baina zuk ni inoiz ez nauzu ikusi, nola jakingo duzu, bada, harpa jotzen ez natzaizula ari? Nola jakingo duzu Aaron Sparks Singleberriko georgiarra ez naizela, edota Lieyko George Speeds, alabamarra, edota Toogagallseko Thomson Bright misisipiarra?
Zutaz ezer ez dakit nik, marmaratu zuen atsoak, geroz eta aspertuago.
Etxekoandre, esan zuen besteak, a ze trufa egin ohi duen jendeak gezurra botaboleo diharduenean! Dena den, esan diezazukedan onena zera da, gizona naizela; baina zaude, emakume...» apur bat gelditu eta doinu oraindik kezkagarriagoa hartuz: «Zer da ordea gizona?»
Atsoa ale bat marruskatzen hasi zen. «Zer da burdinazko kaxa horretan daramazuna, Mr. Shiftlet?» galdetu zion.
Erremintak, esan zion. Arotza naiz eta.
Beno, ba hona lan egitera baldin bazatoz, dirudik ez baina non lo egin eta zer jan eman diezazuket. Lanean hasi aurretik nahiago dizut hori esan.
Besteak ez zuen berehala erantzun eta aurpegia ez zitzaion ezta zipitzik ere aldatu. Barandari eusten zion zutabe txastarraren kontra ezarri zen. «Etxekoandre, esan zuen eztarria bare-bare, dirua baino gehiago beste gauza asko estimatzen duen gizonik ez da falta». Atsoa bere sehaska-silloian bilintzi-balantza zebilen ezer esan gabe, eta alaba gizonak lepoan dilin-dilin zerabilen pitxiari so. Halako hartan, jende gehiena diruak bakarrik grinatzen duela esan zion gizonak atsoari. «Baina, baina, zertarako egina izan da gizona? galdetzen zion. Dirurako egina izan ote da?». Atsoa, bere ustez zertarako egina izan zen? Baina atsoak galderari ez zion ezer erantzun, silloian kulunkan jarraitzen zen, baratzeko txabolaren teilatua konpontzeko gai ba ote zen pentsatuz. Beste galdera pila bat galdetu zion gizonak, baina atsoak ezta txintik ere. Hogeita zortzi urte ba omen zuela eta joan-etorri ugariko bizitza izan zuela. Elizako kantaria izan omen zen, trenbidetako langile-taldeko kapataza, funerariako enplegatu, eta irratian ere hiru hilabetez aritu izan omen zen Uncle Roy eta bere Red Creek Wraglersekin batera. Bere herriaren alde gerla egin eta odola isuri zuela, estranjeria osoa ezagutzen zuela, eta bizitzan jator ala ez jokatzea bost axola zitzaion jendearekin nonahi topo egin zuela. Bera ordea, ez zen era hartan hazia izan, ez horixe!
Pikondoaren adarretan ilargi hori guztiz bete bat azaldu zen, oiloekin batera bertan kotaratzera edo. Baserrira etorri behar omen zuen, esaten zuen gizonak, kaletik ihes egin alegia, mundu guztia benetan ezagutzeko: honelako toki mortuan bizi baledi! hemen bertan arratsaldero jainkoaren nahia beteaz eguzkia sartzen ikus baleza!
Ezkondua ala ezkongabea zara? galdetu zion atsoak.
Ixilune luze-luzea joan zen azken batetan zera erantzun arte: «Etxekoandre, aurki al dezaket inon emakume inozenterik? Aurkitzeko, makurtu besterik ez duzun horietako putakumerik ez nuke nahi, gero, nik».
Alabak burua guztiz aurrean ezarria zeukan, ia belaunetan, aurpegian eta ileartean egina zeukan leihatila triangular batetik begiratzen zion gizonari. Bat-batean, orea bezala, plast! erori eta aiumaka hasi zen. Mr. Schiftletek jaso eta berriro esertzen lagundu zion.
Zure ninia al duzu hau? galdetu zuen.
Ez dut bera baizik izan, erantzun zion atsoak, eta munduko alabarik goxoena da. Ez nuke ezeren truke emango. Gainera, zera hori baldin badu ere, oso iaioa da; badaki lurra eta arropa garbitzen, bazkaria atontzen, oiloei zahia ematen eta jorratzen ere bai. Ezta urrezko bitxiez betetako kutxatila baten truke ere ez nuke emango.
Ez, esan zion besteak ahots maitagarriaz, etzaiozula inoiz inori alaba eramaten utzi.
Honi begia botatzen dionak, esan zuen atsoak, hemen gelditu beharko du.
Mr. Schiftleten begirada paratxokearen zati batean tinka-tinkatua zegoen, hantxe, ilun nahasian ñir-ñir zegien hartan. Etxekoandre, esan zuen, bere besamotza ustekabean altxatu eta etxea, ataria eta uhaga adierazi nahian bezala. Baserri honetan neronek konpondu ahal izango ez nizukeen gauza bat bakarrik ere ez da, naizen besamotza naizela ere. Ni gizona naiz gero esan zuen duintasun apur batekin, beso puska bat falta bazait ere. Zera daukat nik esan zuen esatera zihoanaren garrantzia nolabait azpimarratzeko edo, baranda zoruan esku gibelarekin zartaka batzuk emanaz, adimen morala daukat, zera». Bertan behera, ilunpean zeukan aurpegia argitu egin zitzaion ate batetik irazika zetorkion argitasunaz, eta atsoari begira-begira ari zen, bota berri zuen sekulako hark zeharo harritu balu bezala.
Hark botatakoak ordea atsoa harritu ez. «Esan dizut hemen apur bat lanean jardun zaitezkeela; etxea eta jana izango dituzu, kotxean lo egiteko eragozpenik ez baduzu behintzat».
Etxekoandre, esan zuen poz-pozezko barre handia eginaz, garai bateko fraileak zerraldo barnean egiten zuela lo, zera.
Gu bezain aurreratuak ez zeuden ordea, esan zuen atsoak.
Biharamun goizean, baratzeko txabolaren teilatuari ekin zion. Lucynell, alaba alegia, harri baten gainean zegoen eserita, lanean ari zenari begira. Ez zeraman astebete lanean eta aldaketa nabaria zen. Aurreko eta atzealdeko eskaileretako zuloak itxiak zituen, txerritoki berria egina, itxitura bat konpondua eta Lucynelli «Ford» hitza esaten ere erakutsia zion, neskatoa mutua bezain gorra izanik ere. Masaila arrosako neska lodikote hura beti atzetik zebilkion, txalo-txalo egin eta «Forttddt» «Mmforrttddt» esanaz. Atsoaren begiak ez zituen uzten, eta zein atsegin ezkutuarekin gainera! Suhia izateko gogo basati batek hozka egiten zion.
Mr. Shiftletek automobilean egiten zuen lo, hankak leihoz kanpo atzealdeko eserleku estuan, giltzurrunetarako hain gogor zen hartan. Mesanotxetarako kaxa bat bazuen, bizarra mozteko labana eta ur pote bat gainean zituela; ispilu zati bat atzealdeko kristalaren kontra ipinia zeukan eta ate batean pertxa batetik zintzilik bere zamarra.
Arratsaldean, gogoetan jardun ohi zen Mr. Shiftlet barandako maila batean eserita, beren silloietan bilintzi-balantzan zebiltzan ama eta alabaren erdian.
Atsoaren hiru mendiak, zeharo beltzak, eten egiten ziren arratsaldero zeru urdin ilunean, eta aldian behin planeta batzuk eta ilargia agur bat egitera etortzen zitzaizkien, oiloak oilategian itxi eta gero. Etxea behar bezala txukuntzen ari bazen, bera bertan interesaturik zegoelako zela ohartarazi zuen Mr. Schiftletek. Kotxea ere martxan ezartzera zihoala, zera. Kapota altxatu eta motor barrenak ikertuak omen zeuzkan, eta kotxe hau kotxeak benetan egin ohi ziren garai hartako alea zela esan omen zezakeen. «Orain berriz, esan zuen, langile batek buloi bat, beste batek beste bat, besteak bestea, eta buloi bakoitzarentzako gizon bana. Gero kotxeak garestiak izan behar, koanto! gizon horiengatik pagatu egin behar baita. Baina gizon bakar bati pagatu beharko bazenio, zure kotxea merkeago litzateke, eta gizon hori lanean atseginago ariko, eta kotxea hobea izango, noski». Atsoak arrazoibide hau onartu zuen. Gero Mr. Shiftletek adierazi zuenez, munduan ongi ez doana zera zen: jendeak den-denari trufa egitea, inork lanik egin nahi ez izatea eta behar den denbora guztia hartzen ez jakitea. Bazioen ere, Lucynelli ezin ahal izango ziola inoiz hitzik eginarazi, hartarako denbora hartu izan ez balu edota hartara buru-belarri lotu izan ez balitz.
Beste zerbait esaten erakutsi egiozu, bota zion atsoak.
Orain zer nahi duzu esan dezan? galdetu zion Mr. Shiftletek.
Atsoak hortz gabeko irribarre luzea botan zuen. «Nire laztana erakutsi egiozu esaten», bota zuen atsoak, hartatik asko adierazten zuen doinu batetaz. Ongi zekien Mr. Shiftletek atsoak buruan zer zerabilen, ongi zekienez.
Biharamunean, automobila konpontzen hasi zen eta bentiladorearen uhala erosi nahi bazion, kotxea martxan jarriko zuela, esan zion atsoari.
Baietz, dirua emango ziola, atsoak besteari, eta «ikusten al duzu txikitxo hau?» galdetu zion, Lucynell behatzarekin seinalatuz. Neskatoa, ilun nahasi hartan begiak urdin, gizonari begira zegoen, haren ondo ondoan barandan eserita. «Inoiz gizonen batek eraman nahi izango balu, zera esango nioke «inork ez dit nire txikitxoa kenduko». Baina halako hark esango balit: «Emakume, nik ez dut hori inora eraman nahi, hemen bertan zaindu baizik», hari nik: «Arrazoia duzu, gizona; zure lekuan neuk ere etxe bat eta dagoen neskarik gozoena edukitzeko okasioa ez nuke alferrik galtzen utziko. Hori alproja izatea, hori!», horixe esango niokeela.
Zenbat urtekoa da? galdetu zuen Mr. Shifletek, axola gabe.
Hamabost-hamaseiren bat, esan zuen atsoak. Alabak hogeita hamarra ez zuen urruti izango, baina bere bihotz xalo harengatik inork ez zizkion horrenbeste botako.
Oso ideia ona izango litzateke hari pinturaldi bat ere ematea, azpimarratu nahi izan zuen Mr. Shiftletek. Herdoilak janda ez zenuke nahiko, ezta?
Hori geroago ikusiko dugu, erantzun atsoak.
Biharamunean gizona hirira joan, eta gasolina bidoi bat eta behar zituen piezak ekarriz etxeratu zen. Arratsaldean, sekulako zarata izan zen garajean, eta atsoa zalapartaka irten zen etxetik Lucynellek krisialdiren bat zeukalakoan. Oilo kaxa baten gainean eserita zegoen Lucynell, lurrari ostikoka eta «Forrrttd» «Mmforrttd» garrasika, baina kotxeko dunbotsak haren garrasiak estali egiten zituen.
Burrunba haserre batzuk eginaz, automobila garajetik irten zen, handi-mandi, erregea bezala. Mr. Shiftlet bolantean xut zihoan; aurpegia serio eta apal, hildako bat berpiztu berri balu bezala.
Arrats hartan, barandan, atsoak buru-belarri ekin zion bere lanari. «Zuk emazte bihotz apala behar duzu, ezta? galdetu zuen, bestea nola behartuko. Putakume horietakorik ez duzu nahi...»
Ez, horietakorik ez, esan zuen Mr. Shiftletek.
Hitz egiten ez duen emakumeak ezin zaitu leporaino jarri, jarraitu zuen atsoak, ezta ehun eta berealdikoak ere ezin izango dizkizu esan. Horrelakoa da behar duzuna... eta hori ez duzu urruti, ez horixe, esan zuen atsoak Lucynell ohartemanaz, honek, bere silloian eserita, zamauak tolestu eta oinak eskuetan zituela.
Hala da, bai, bat etorri zen gizona, halako batekin bakea izango dut.
Heldu den larunbatean, kotxea har dezakegu, hirurok hirira joan eta zuek ezkondu.
Mr. Shiftlet, maila batean eseririk, patxaran ezarri zen.
Ezin naiz horren azkar ezkondu, esan zion. Zerbait eginez gerotan, dirua behar duzu, eta nik ez dut.
Dirua, atsoak gizonari, zertarako dirua?
Dirurik gabe ezin ba, esan zuen gizonak.
Gaur egun, bada jende franko edozer gauza nolanahi egiten duena; baina ni, nola ezkonduko nintzateke ni, emazteari ezin izango bainioke ezteiondoko ibilaldirik ere eskaini, begirune oso osoa merezi duen damari zor zaion legez! Motel batera eraman nahi nuke nik emaztea eta ongi zaindu, zera. Ezta Windsorko dukesa ere ez nuke nik esposatuko, esan zuen indarrez, hotela pagatzeko eta ongi zaintzekorik eduki gabe. Honela hezi naute, eta hori ni baino bortitzago da. Nire ama zaharrak eman dizkit honelako oinarriok.
Hotelik denik ere ez daki ordea Lucynellek, marmar egin zuen atsoak. Entzun, Mr. Shiftlet!, esan zuen silloi puntaraino aurreratuaz, aterpea izango duzu, ur-putzu sakon bat eta munduko bihotz zurieneko neskatila ere bai. Diru beharrik ez duzu, gizona... Entzun nahi al didazu zerbait? Munduan ez dago aterpe eta lagunik gabeko trenbidetako langile herbalik nahi izango duenik.
Mr. Shiftleten burua gorrotozko hitzez gainezka jarri zen, putre sail batek arbolaren gaina garaitzen duen antzera. Ez zuen berehala erantzun. Zigarroa egin, piztu eta ahots zapalean zera esan zuen:
Etxekoandre, bi zati badaude gizakumearengan: gorputza eta arima.
Atsoak oiak estutu zituen.
Gorputza eta arima, berresan zuen. Gorputza, etxekoandre, etxea bezala da, inora ez baitoa; baina arima, kotxea bezala da: beti mugitzen ari dena, beti...
Adizu, Mr. Shiftlet, erantzun zuen atsoak, nire ur-putzua ez da inoiz agortzen, nire etxea neguan beti bero da eta hemen ez da ezer hipotekaturik. Eta bestela, zoaz notarioengana hortaz jakitera. Eta garaje barnean bada kotxe eder bat, gero. Tientoz beterik bere amua eskaini zion atsoak. «Gaurtik larunbatera bitarte pintatu dezakezu. Pintura neronek ordainduko dizut».
Ilunpean, Mr. Shiftleten irriak nagiak atera zituen suaren epelean iratzarri ohi den suge nekatuaren antzera. Handik laster, atzera itzuli zen gizona: «Zera esan nahi dizut bakar bakarrik, gizakumearentzat arima beste guztia baino gehiago dela, alegia. Onena zera izango litzateke, neronek emaztea hartu eta asteburu baterako hemendik eramatea, despensan zer ote dugun begira egon gabe. Nire arimak agintzen didan bideari lotu beharko natzaio, alafede!
Joan-etorrirako hamabost dolar emango dizut, esan zuen atsoak ahots mingotsez. Eman dezakedan guztia da.
Gasolina eta hoteleko gela ordaintzeko besterik ez da. Horrekin ezin izango diot janaririk eman.
Hamazazpi dolar eta erdi, esan zuen atsoak, daukadan guztia, eta alperrik zabiltza ezer gehiago atera nahiez. Etxetik bazkari hotz bat ere eraman dezakezue.
Mr. Shiftlet mindu egin zuten asko «ezer gehiago atera nahiez» hitzok. Ziur zegoen atsoak bazuela sos gehiago koltxoian josirik, baina atsoari esana zion dirua ez zitzaiola batere axola. «Moldatuko naiz ni, diru hori aski izan dadin» esan, altxatu eta ezer gehiago diskutitu gabe joan zen. Hiriko bidean zeuden larunbatean: pintura guztiz lehortu gabe oraindik. Mr. Shiftlet eta Lucynell senar-emazte izan ziren, atsoa testigu. Ezkontzeko bulegotik, irteten ari zirelarik, Mr. Shiftleten lepoa dar-dar hasi zen bere korbataren parean. Itxura berankorra eta samina zuen, norbaitek iraindu eta gero defenditzen utzi ez baliote bezala edo. «Guzti honek ez dit begia batere betetzen, esan zuen. Bulegoan denetaz arduratzeko emakume bakarra zegoen, eta horrenbeste gauza egiten badakitela esango dute gero, baina egiten dakiten guztia paper nahaste-borraste hutsa da, eta odol potetxoak atera. Zera jakingo dute beste horiek nire odolaz! Barnetik bihotza aterako balidate ere, esan zuen, ezer ez lukete nitaz jakingo. Ezetz, ezetz, ez nagoela batere gustura!
Baina legea egina izan da, esan zuen murrizki atsoak.
Legea! esan zuen Mr. Shiftletek lurrera listu eginaz, legea da ba, koanto, gustatu ez zaidana!
Gizonak automobila berde gordinaz pintatua zeukan, kristalen parean errenkada hori batekin. Aurrealdeko eserlekuan ezarri ziren hirurak eta zera esan zuen atsoak: «Ez al dago xarmanta nire Lucynelltxo? panpina dirudi eta». Bere amak kutxa batetik ateratako soineko zuri luzea zeraman Lucynellek baieta jipijapa gorri-gorri bat ere, ertzean egurrezko gerezi xorta bat zuelarik. Aldian behin, neskatxaren itxura baketsua zerbaitek asaldatzen zuen horratio: ezkutuka agertzen zitzaion pentsamendu maliziatsu eta bakartiren batek edo asaldatzen zuen, basamortuko hondarrean azaldu ohi den belar berdea bezain bakartia izanik ere.
Sari nagusia zuretzat izan da, esan zuen atsoak.
Mr. Shiftletek ez zion begiratu ere egin.
Etxera itzuli ziren, atsoa utzi eta bazkari hotza hartzeko asmoz. Partitzeko prest zeudenean, automobilaren kontra ezarri zen atso eta kristalak atzaparkatuz, negar malkoak erne zitzaizkion aurpegiko ildo krakatsuetan goitik behera. «Bi egunetarako nigandik alde egiten duen lehen aldia da» esan zuen.
Mr. Shiftletek motorra martxan ipini zuen.
Zu ez beste inori ez nioke inoiz alaba harrapatzen utziko: baina zu... badakit dena ongi joango dela. Agur, laztana, esan zion soineko zuriaren mahukatik helduaz. Lucynellek begietara begiratzen zion, baina ez zirudien ama ikusten zuenik. Mr. Shiftletek astiro-astiro demarratu zuen eta besteak eskutatik utzi behar izan zuen.
Bazkalondo honetan, zerua garden zegoen, urdin hilxamar. Automobilak orduko hogeita hamar mila besterik egiten ez zuen arren, Mr. Shiftlet aldapa izugarriak igo, bizkor behera egin eta errebuelta arriskutsuak hartzen zituelakoan zegoen, imajinaziozko uste horrek mozkortu eta goizeko mingostasuna ahantz arazten baitzion. Bere betiko ametsa automobila edukitzea izan zen, baina inoiz ezin izan zuen bat sikiera eduki. Ahal zuen agudoen konduzitzen ari zen, Mobilen iluntzerako egon nahi zuelako.
Noizetik noizera, bere burutazioak utzi eta ondoan eserita zeraman Lucynelli begirada bat botatzen zion. Etxeko ataria utzi orduko, neskatoak bazkaria jan egin zuen; orain bere sonbreiruko gereziak banan bana eskuz eten eta leihoz kanpo botatzen ari zen. Gizonari etsipenezko erorialdi batek heldu zion orain kotxea bazeukan arren. Ehun bat mila eginak zeuzkan, neskatoa oraindik goseak egongo zela uste izan zuenean, eta lehendabiziko hirira heltzean gelditu egin zen, fatxada gris metalikoa zeukan «Bazter Bero» izeneko ostatuan, Lucynelli sartzen lagundu eta harentzat olo irinarekin urdaiazpiko platera eskatu zuen. Bidaiak neskatoari logurea sartua zion eta taburete hanka luzean eseri orduko, burua mostradore gainean ezarri eta begiak itxi zituen. Inor ez zen «Bazter Bero»-n, Mr. Shiftlet eta zerbitzaria ezik, hau mutil gaztea zen, zapi koipetsu bat bizkarrean zuela.
Platera atondu zutenerako, zurrungan zegoen Lucynell gozo-gozo.
Zerbitu iezaiozu esnatzen denean, esan zuen Mr. Shiftletek. Nik ordaindurik utziko dizut.
Mutiko gaztea neskatxarenganaino makurtu zen zorabiaturik; zorabiatu ere, Lucynell lokartuaren arrosa distirako urrezko ile luzeak eta erdi itxirik zeuzkan begiek zorabiatzen zuten. Gero, Mr. Shifleti so eginaz, «Jainkoaren aingerua dirudi» bota zuen ahapeka.
Auto stop eginaz dabil, adierazi zuen besteak. Nik ezin itxaron diezaioket, Tuscaloosaraino joan beharrean nago-eta. Gehiago makurtu zen oraindik mutiko gaztea eta behatzarekin leun-leun ukitu zuen urrezko ile xorta bat. Mr. Shiftletek alde egin zuen.
Nahiz automobilean bakarrik joan, geroz eta etsituago sentitzen zuen bere burua; arratsaldean sekulako bero sargoria sartu zen eta ingurua zapal zapala bihurturik zegoen. Zeru sakonean, trumoi hotsik ez, baina ekaitza gerturatzen ari zen, durrundan hasi baino lehen lurreko hatsak oro arnastu nahi balitu bezala.
Bere buruan beste sentipenik ere bazen: kotxedun bat besteen aurrez aurre nolabait ere beharturik balego bezalako zerbait alegia, eta zelatan jarrita zegoen auto-stopistaren baten aztarrenik ba ote zen. Tarteka-tarteka letrero batek dzast! dzast! «KONTUZ. AGIAN ZEURE BIZITZA DA SALBATZEN ARI ZARENA» zioen.
Bide estu haren bi bazterretan beroak erreta blaust eginik soroak ilara ilaran ikusten zituen, txabola bat han, gasolindegi bat hemen. Etzaten ari zen eguzkiaren ziztadak bete-betean hartzen zituen; aurreko kristaletik begiratuz, bazirudien pilota gorrizta hark azpia eta gaina zapalak zeuzkala. Bide bazterrean, gazte bat lanjantzian eta sonbreiru grisa buruan hauteman zuen: abiada gutxituaz, haren parean gelditu egin zen. Gazteak ez zion keinurik egin, baina kartoizko maletatxo bat zeraman eta sonbreirua janzteko tankera ikusirik, hura itzuli gabeko joana zela errez asmatzen zen. «Hi, mutiko, bistan zegok gustura igoko hintzatekeela».
Gazteak ez zuen baiezkorik eman; atea ireki eta eseri egin zen. Mr. Shiftletek demarratu egin zuen. Gazteak belaunetan zeukan maleta eta, honen gainean, besoak tolesturik. Burua beste aldera jiratu eta begirada kristalean kokaturik zeukan, setati. Mr. Shiftlet berriz, urduri xamar. «Hi, mutiko, esan zuen une bat igaro ondoren, nire ama zaharra munduko amarik onena eta lehena duk; hirea beraz bigarrena beharko». Gazteak begirada kopetiluna bota zion eta berriro leihorantz itzuli zuen. «Ama zaharra bezain gauza gozorik ez zegok. Bera duk semeari lehendabiziko otoitzak erakutsi dizkiona, semea inork maite ez badu ere berak bai, zer den ona eta zer txarra berak adierazten ziok, baieta bide zuzena jarrai dezan zaintzen duena ere. Hi, mutiko, neure bizitzan egunik damu badut, ama zaharra laga nuen eguna duk».
Jarreraz aldatu egin zen gaztea, baina ez zituen begiak Mr. Shiftletengana eraman. Besoak luzatu eta eskua ateko krisketan ipini zuen. «Nire ama Jainkoaren aingerua zuan, esan zuen Mr. Shiftletek eztarri erdi itota bezala. Jainkoak bere zerutik hartu eta niretzat ipini zian, eta nik laga egin nian, alajaina!» Begiak ganduz lausotu zitzaizkion; oinez ttaka-ttaka bezala zihoan automobila. Gaztea, haserre bizian gorri-gorri, itzuli egin zen. «Hoa zakurraren ipurtzulora, garrasi egin zion. Nire zaharra zirtzil petral bat duk eta hirea lerdea darion purtzil zital bat besterik ez». Atea bat-batean ireki eta bere maletarekin salto egin zuen bide bazterrera.
Ehun bat metro atea zabalik eraman zuen Mr. Shiftletek, hain baitzegoen zur eta lur. Gazte haren sonbreiruaren kolore berbera zeukan arbi baten itxurako hodei batek eguzkia estali zuen; beste hodei bat, itxuraz oraindik higuingarriago, automobilaren atzealdean kukuldu zen, salto egiteko prest. Munduko ustelkeria oro bera irenstera zetorkiola uste izan zuen Mr. Shiftletek. Besoa altxatu eta bularrondoan erortzen utzi zuen. «Jainko maite maitea, Zure haserrearen sutan kixkaliz mundu honetako ustelkeria garbi ezazu!» Arbia astiro-astiro jaisten ari zen. Handik berehala, trumoi burrunba bat bere atzean lehertu zen irri ikaragarriaren antzera, eta izugarrizko euri tantak, kontserba potetako tapakiak bezain zabalak, Mr. Shiftleten kotxeko atzealdea jo zuten. Azeleradorea zapaldu eta, besomotza haizetan, ur jasa baten azpian bidea egin zuen Mobileraino.
© Flannery O'Connor
© itzulpenarena: Mikel Azurmendi
"Flannery O'Connor: Jende ona nekez da aurkitzen" orrialde nagusia