HUTSALAK MY LOVE
Hutsalak my love zure setazko galtzerdi diztiratsuak
hutsala fita doratuko zigarro forren fantasia
Oroimena edo zu ke beldurtia
Eta hauskorrak halaber maitasuna eta armiarmaren etxea
Kartoizko teilatu azpitan babestutako ametsak
Berokietan soilik iraun dezaketen Inoiz Beti edo Bihotza
Bezalako hitzek edo expresaren abistua gauean galduz
Eta zure begirada my love sagar jelatua
Espaloi horietatik zakur deslaien haginetan
Baina etzazula antsirik egin
Abrigoaren botoia bezain nimiñoa naiz esanez
Gezur ttipiak asma ditzakegun bitartean
Gizonilo bat (esate baterako)
Mozkor taberna berde batetan
Zuretzat bakarrik pianoa my love jotzen
Hatzamarretatik ahate basatiak sortzen zaizkiola
Zure izena ebakitzen duen bakoitzean
Zuhaitzak esate baterako zoratu egin dira bart
Odeiak beldurtzeraino haziz
Esate baterako eguzkia
Gizon biluzia bezala gure etxera sartzen
Tximeleta kargamentuarekin
Eta bota dezakegu baitaere txanpon bat makinan
Only you entzunez txorakeri batzuk esateko
Edo bestela my love nahi izanez gero
Hertsi itzazu begiak
Eta pentsa Bonny and Clyde garela eta zu soineko gorriz
Irlaren batetara joanen ginateke bestalde
Inon irlarik balego
Edo herri honetako proiektutan murgilduko
Utopia ausartenak ere hain zikoitzak ez balira hemen
Azken finean zer esan daiteke bizitza
Segurugilearen blagak bezanbat balio du
Eta modako pintorearen maitalea bezain estupidoa da
Igande arratsalde hilezin bat
Iragana aipatzen duzu: hastapenetako uraren burbuila
Soinua espia bat bezala izkutatuz galtzairuzko
Teloiaren atzean
Berresan ahal ditugu zenbait hitz etorkizunaz ere, anti
Ajuak adibidez, adjetibo kalifikatiboak
Komunerako paper agortezina
Kolorezko gantzontziloak
Medikuak minbizia gaurkotzen
Eta poeta panparroiak
Eta banku zuzendarien seme-alaben errebuelta
Ez, my love
Tximinoak ez dute planeta konkistatuko zoritxarrez
King Kong ez da iritsiko ziutate honetara
Eta izar zaharrenaren indar profetikoa profeituz
Koskortuko dira oraindik itxaropena
Eta balkoiko geranioa
(esan zuen Humphrey Bogartek sonbreilua okertuz)
(Jose Irazu «Bernardo Atxaga», 1978)