MAITASUNAREN SUTEGIA
Goizuetatik behera
gindoazenerako
maiitasunaren sutegiko
sutondoan
bildurik neduzkan
begirada oharkabeen ezpalak,
keinu kilikatzaileren batek
su eman zezaien.
Lainoek beren langa
ideki ordurako,
haize euritsua
kolpatzaile itsua,
gure gorputz nagituak
astintzen hasia zen,
ikutu bakoitzean,
loxintxa bakoitzean,
gure haragi geldoak
freskotasunez kilikatuz.
Goizuetatik behera
Arano parean
gindoazenerako,
dena prest zegoen,
baina...
Baina...
keinu jostalari bat
falta zen,
lotsak gorritutako
begirada txingartu bat,
arruntkeria ziztatzaile bat,
ausartkeria korriente bat,
sentimendu ezpalduek
su har zezaten.
Halako batean
lotsa zarratatu
hitzak erantzi
eta bilutsik
utzi nituen
zigarroaren ketik
zintzilik,
herabe ez zitezen,
eta suari
haize emanez
bertso zaharra
kantatu nuen:
«Txingi! Txanga! Sutegiko
mailuaren hotsa,
Ola Zaharreko neskatxak
ezkontzeko poza!».
(Mikel Arregi, 1977)