OIANONE
«Munduyan ezta gauçaric
hayn eder ez plazentic,
nola emaztia guiçonaren
petic buluzcorriric»
(Mossen Bernart Detchepare)
Gelan sarthu ginenean
Guerditan, ilhunean,
Munduan egin zan mutu
Zuten izarrek kantatu,
Biok etzan ginenean.
Oianone! Oianone!
Gau hunetan zaitut ene
Larru legun eta zuri,
Bulhar samur, sabel guri,
Nire neska Oianone.
Ezti bakhanez bethea
Zure matxantto maitea
Urtzen zan ene ahora,
Zabalik lore antzora
Eta gozokiz bethea.
Zure baratzeko borthan
Arrotz batek jo du. Bertan
Sarbidea emaiozu
Zama bat baithakar pisu,
Ez dezazula utz borthan!
Gauko oihanetan lasterka
Zure gainean zaldizka,
Behor zalhu eta bizkor,
Gau-bideetan gaindi, mozkor
Banaramazu lasterka.
Ezpain likhits, esku lizun,
Atseginetan jakintsun,
Bulharretik belhaunera
Haragi biok ikhara,
Jauzten zaitut, neska lizun!
Hiltzen naizela dirudi:
Batetan mila su-ziri,
Ene burmuinetan sarthu...
Botz-uhinak uzten gaitu
Hilik garela irudi.
Egin du irri Ilhargiak;
Hesten zaizkiola begiak
Neskatilak erraiten dau
Esker onetan othoitz haur,
Dantzularik Ilhargiak:
«Gora izan hadi, Suge,
Hi haizenik ene Rege,
Hi haizenik ene Jainko
Gau huntan eta bethiko,
Urrhe-buztaneko Suge!
Hathorkit berriz laztanik;
Janhari gozo badut nik
Ene baratzean are
Ezti gehiagorik Hire,
Bil ezak berriz laztanik».
Suge laztana nekhatu
Zan, ordea... loak hartu...
Ezti-loreetan etzanda
Atseden hartzen ari da,
Gaixoa baita nekhatu.
Ene maitea, moxu bat
Has dezantzat bertze hainbat!
Sugea baitatza lotan
Indarren bihurtzekotan
Oi! emaiozu moxu bat...
(Jon Mirande, 1930)