PEPA ETA KOAKIN
Berri triste lizun bat jin zaut Baionatik,
Bi presuna desonest lazotuen gatik,
Fidelik igorria ahal dut hargatik,
Gu ebitatu nahi heien bekatutik.
* * *
Gizona, zein triste den esposa gal eta,
Lorikan ezin egin, beti pentsaketa,
Ohetik neskatuari: Zato hunat, Pepa,
Hemen egonen gira gostuz eleketa.
Eta Pepak eman du hor arrapostua:
Jauna, ez ahal zira zangoak hoztua?
Berehala heldu niz, itzaltzen dut sua,
Ez galtzerat uzteko holako kasua.
Horra nun bizi diren biak elgarrekin,
Gainerako berririk nik ez diot jakin;
Berek untsa dakite, enetako latin,
Gostuan bizi dira Pepa eta Koakin.
Xetobra bat egin du seme jaunak ere,
bi haur eginarazi hogoi urte gabe;
Bazteriak jarria da bi andreren jabe,
Bainan ez du aitortu haurrikan batere.
Familian on dira holako manerak,
Nunbait hatxeman ditu aitaren paperak,
Sekula gauz'onik ez, lohi ta alferrak;
Aise iotzen daizkote tut eta toberak.
Hemeretzi urtetan horrenbeste gaizki,
Jainkoak laguntzea ote du merezi?
Haurrak lagundu gabe ahal ditu utzi,
Amerikalat juan da guzien ihesi.
Pepa, zure berriak jakin ditut atzo;
Nola egona ziren hogoi egun preso;
Bero denak itzala batre ez du gaixto,
Handik atera zira aza bezein fresko.
* * *
Koakin horrek baditu lau dotzena urte,
Pepak oraidino ez Hmeretzi bete;
Deusik gabe hartzen du zeren duen maite,
Hortarik ukan dio on bezenbat kalte.
(Oxalde, 1814-1897)