Bero-bero, ardo xortek zintzurra eta barrena epeldu ondoren lagun artean hamaika bertso gordin, piperdun, lizun, zirikatzaile, lohi, desonestu, likits eta bero abestu ohi dira Xuberoatik Bizkaira. Noski, gordinkeria huts ziren bertsu eta kanta horiek ezin zitezkeen liburuetara iragan apaizen eltzean egosi, txukundu, dotoretu, piperra kendu eta literatur aratz baten aldare ohoragarrian garbizalekeriak kamusturik gabe.

        Faltseamendu honen aurka mintzatu ziren Jon Mirande [1], eta Txomin Peillen [2] bai hitzaldietan eta bai Parisen argitaratutako Igela aldizkarian.

        Baina antzinatik datorkigula bertso gordinen abestea eta irakurtzea argi eta garbi frogatzen digu Belapeyre xuberotarraren dotrinak XVII.mende hondarrean zatiño honetan:

 

                «G(aldera): Xahu eztiren khantoren erraitia eta irakurtzia gaizki deia?

                I(hardespena): Bai, hori da Jinkoari ogen egiteko bide agerian iartia.. . » [3].

 

        Alegia, xahu, garbi ez ziren khantoreak, erromantzeak irakurtzea eta esatea galbidean jartzea zela. Horrela konprenitu zuen eta modu paregabean interpretatu ere Mirandek «Goizian goizik jeiki nündüzün» khantorea «Eresi Kantari» Koldo Mitxelenari eskainitako ipuinean.

        XIX.mendearen hasieran ohiturak jarraikitzen zuela ere klarki eta garbi aski adierazten du Pray Bartolomek dioskunean:

        «Inpernuko espiritu loijak agertu dituban astuzijak dira iraingo gentiaren kantarik geijenak (...). Pekatu andija da... kanta desonestubak kantetia» [4].

        Beraz, izan baziren eta badira mostratto honetan agertuko den bezalaxe. Hemen bildu ditugun kanta eta bertsoak batzu ezezagunenak dira, herriak onduak, eta beste batzu aski idazle ezagun eta «ospe» dunenak.

        Kasu, poesia anbiguoa denez gero eta aditze anitzen sorburu batzuentzat dauden guztiak ez dirateke gordinsko, eta badirenak ez dira ageri, baina halabeharrez bakoitzak bere aukera giten du. Eros, eros... bertso eta poemak baratxe-baratxe, plazerez irakur eta dasta itzazu.

 

        [1] Mirande, J: Liburu lizunetaz. In: El nacionalismo vasco en el exilio, 1937-1960. «Beltza». Donostia 1977, 146. orr.

        [2] Igela, euskaldun heterodoxoen errebista. Paris, 1962-63.

        [3] Belapeyre, A: Katexima laburra... Paben, 1696, 96. orr.

        [4] Prai Bartolome: Ikasikizunak, II, Iruñea, 1819, VII.

 

 

 

"Eros, eros..." orrialde nagusia