Dena ez zen hiriaren pasiloetatik ibiltzea, egunez nola gauez gelak ere egon ziren, maitatzaileen gartzelak hiria gela itxia zen une batetan. Eta gela guztiak gela zaharkitu batetan. Maitasun guztiak maitasun zaharkitu batetan. Honek ez dituela gorputzak behar gorpuzteko konturatu ginen; nahiko zaio haiek elkartzean uzten duten zirrikitua, destaina gisako zarata mutua. Ideiak ere ez ditu bokabloak behar, nahiko zaio difuminatzea. Behin baino gehiagotan nire mingostasuna zure menbru guztietan barna luzatzen saiatu nintzen. Zure begiratuek erruleta errusiarrean jolasten zuten; begiratuetan giltza guztiak, barrenean ortzadarra irekitzeko sekretua, isladatzen ziren (Zuk bakarrik zenekien jeroglifikoaren irtenbidea). Eta gero banan-banan erortzen ziren nire sabeleko kantoietan zintzilikatzeko. Horrela zen, horrelakoak ziren gure gelako egonaldiak, oihuen arteko itoaldiak. Hurreko aho batetako, hiriko aho guztietako negarrak gure negarraren gainean eta hiriko hortzak, zuriak haurren barreak bezala. Ez genuen sekula denboraren oinazea sentitu, graziazko tiroa, ostikada falta izan zitzaion denboran berarengandik urruntzen ginenean, gela guztietan sustraitutako gela, gu bezala, biluztu arte.

 

Denbora, nostalgia 30.

 

 

 

© Felipe Juaristi

 

 

"Felipe Juaristi: Denbora, nostalgia" orrialde nagusia