Dena horrela da, ikusten dugun bezala.

Ezerk ez du misteriorik gordetzen,

ilargi biguna zatitan gainbeheratzen da,

eguzki-errainua agurtzen urre zaharreko abarrartean,

itsasoak beste lurraldeen minez nekez besarkatzen du hondartza.

Batek, alfabetoak argitzen ez duen fantasia margotzen du.

Batek, itsaso alfer edo maitemindutako

horren zioak imajinatzen ditu.

Musukatzen, laztantzen zaitut,

zure eskuak lehorte baten aldarriak bezala inguratzen zaizkit.

Zure ezpainak abuztu batetako urjasak bezala erortzen zaizkit.

Beste bat musukatu, besarkatu nahi nukeela pentsatzen dut.

Batek, bizitza,

heriotza ere beharbada horrela izango dela dio.

Bati, lasaitasun, gogogabetasun hau betirako gustatuko litzaioke.

 

Denbora, nostalgia 28.

 

 

 

© Felipe Juaristi

 

 

"Felipe Juaristi: Denbora, nostalgia" orrialde nagusia