HITZAURREA

edo topikoak nola gorde behar diren
liburu berria argitaratzean

 

        Beti pentsatu izan dut Miltonek bezala poesiak apal, sentsual eta suharra izan beharko lukeela. Beti pentsatu izan dut bizitzak ere horrelakoa izan beharko lukeela, baina bizitza, besterik gabe bizitzen duguna edo biziarazten gaituena, ez da horrelakoa izaten eskuerki; ezta poesia ere, poetaren identitatearen galeraren truke ez bada, egunerotasunak bere pena eta bere logika ezartzen baitu, bizitza eta poesia poetarengan loturik baitaude. Poetak ez du behin ere poema liburua edo poema bakarra idazten bukatzen eta idatzitako poematan momentuan momentuari atxikitzeko saioa besterik ez dago; gustatuko litzaioke betiro aldatzea, beste une batek dakarkion bizi-sentipenari berriro lotzea, eternoa egin nahian.

        Aspaldi da lehendabiziko poema-liburua irakurri nuela, eskola testuez aparteko poematxoen atzetik. Uste dut G. A. Becquerrena izan zela eta ondotxo dakit zein atsegin eta plazera eman zizkidan. Ia-ia urtu nintzen orri goxo haien artean. Hortik aurrera bizitzak nire aurrean irekitzen zituen lore guztien petaloak, neska guztien misterioak, sakrifizio guztien erritoak, eta lehendabiziko poemak ezkutuan eta monja kolegioko bata grisdun udaberria bezain maitagarriaren esku leunean gordetako (inoiz ahantziko ez den zirrara eta dardara) papertxoan. Eta erantzuna, ez zituela poetak gustuko, batek bere burua maitatzaile inpenitente baino ikusten ez zuenean.

        Erdeinatu ninduenak (ez zaitut ahazten) intuitzen zuen beharbada beste aspaldi batean J. Keats, poeta miragarriak idatzi zuena: «Ez dut konfiantzarik poesian. Ez nau txoratzen; harritzen nauena da jendeak hainbat poesia irakurtzea».

        Ez gaude Keats-en Ingalaterran, eta gure lurralde honetan ez da poesia gehiegi irakurtzen. Erdaraz alderantziz gertatzen bada ez zait axola handirik, poesiaren hizkuntza unibertsala da eta. Horrelako ondorioa atera daiteke Octavio Pazek esandakoaz: «Testu bakoitza bakarra eta era berean beste testu baten itzulpena da». Inork ez du berea den errealitatea isladatzen, kolektibo handi batena baizik. Hala ere poetarentzat hizkuntzak sekulako garrantzia du eta inoiz hizkuntza batez idaztea aukeratzen badu, poesiaren kontzeptuaren aparteko zerbaitengatik izaten da. Ez naiz luzatuko zein diren poetaren munduak, sentipenak, pentsamenduak esplikatzen. Herri honetako kritikoen ahotan uzten dut lana.

        Eta orain irakurleari eskaintzen dioguna argitaletxe berri baten jaiotza ospatuz, pasa den urteko garaian garaiko poemen aztarnak dira, memoria ezabatzera ausartu ez baita.

 

 

 

© Felipe Juaristi

 

 

"Felipe Juaristi: Denbora, nostalgia" orrialde nagusia