Kulturaren desbideratzeak

 

        Pertsona batek edozein mensaje bere egiazko kontestuan jaso ezin duenean, komunikazioaren patologia gertatzen da. Adibidez eskizofreniko batek ezin du asmatu zerbait noiz brometan esaten zaion eta noiz serio. Telebistari begira zaudela, presentatzaileak Madrilera joateko esaten badizu, eta harako bidean jartzen bazara, presentatzailearen hitzak kontestu okerrean ulertu dituzu. Alkoholismoaren adikzioan edo kontrolatu ezineko joko-zaletasun baten kasuan ere, subjektuaren kontzienteak eta nahiak resistitu ezineko zaletasun horren aurrean ezer ezin dezakeenean, orduan ere ekintza-modu disfuntzional batekin aurkitzen gara. Pertsonalidadearen mailan gertatzen diren antzeko patologiak gerta daitezke kultura mailan ere: sistema orokorreko alderdi baten gehitze esajeratuak, edo kontroletik kanpo gelditzeak, kulturaren ordenamendu guztia kolokan jar dezake. Antropologoak ohiturik daude halako kultura baten autodesegintza ikusten, sinesmen oker, txaman paranoiko, kontrolatu ezineko adikzio edo profeta faltsu bati salduak gertatu direlako.

        Publikoak nahi omen du bertsolarien txapelketa. Seguru baietz. Publikoak ere nahi du Athleticek edo Realak liga irabaz dezaten, Lejarretak Italiako «Giro»a, eta nahiko zukeen Urtain munduko boxeolari txapeldun izatea. Era berean publikoak bertso-futbolaren ligan kanpeoi bat ikusi nahi du; edo bertso-txirrindularien arteko kontrarrelojean, kronometroa, juradua, eta telebista lagun direlarik, bertso onenak etapaz etapa jarraitu, klasifikazio orokor batetan sailkatu, eta denen artetik txapeldun bat atera. Bertsolaririk ba omen da beste herrialdeetan ere, eta espero dezagun laster txapelketa internazionalen bat montatzeko moduan izango garela... Bertsolaritzaren promozioan etxe publizitarioen laguntza ere ez letorke gaizki. Eta apustu-egarriak erabat ase ahal izateko, bertso-kinielaren bat antolatzea izango litzateke gauzarik egokiena, edo frontoietan ibiltzen diren korredoreak ekarriz, mila duro baietz / ezetz halako bertsolari baten alde edo kontra. Aberrazio hauek publikoak nahi balitu, zergatik uko egin?

        Aho batez esaten da bertso-txapelketek bertsolaritzari asko lagundu diotela. Hala izango da. Alde daudenen argumentu nagusia gaur egun hau dirudi: txapelketa batetan Balda frontoia tope betetzen dela; bestelakoetan ez. Ezingo dugu esan, Balda frontoia jendez betetzea bertsolarien kontrakoa denik, baina galdetu beharrekoa da ia hori den bertsolaritza promozionatzeko kondizio nagusia. Lehen ere entzun izan ditugu, publikoak hala eskatzen zuelako, bertsolariak mitinero bihurturik, eta gozamendu handiarekin entzun ere; gaur egun politikoak eta periodikoak aski ditugu mitinero-lanak egiteko, eta nahiago dugu bertsolariak beste zerbaitetan ari daitezen. Pentsa genezake San Mamesen, Atotxan, edo Anoetan gure joko-egarria ase zitekeela, baina dirudienez, bertsolariaren laguntza ere beharrezkoa da gure joko-zaletasuna pizturik gordetzeko. Edo, hobeto esanda, bertsolariak gure jokoen sua behar omen du indarberritzeko. Ni bezala beste gehiago ere izango dira bertsolaritza hil zorian zegoela konturatu gabeak; baina enteratuagoek diotenez, bertso zaletasuna beheraka zihoan eta txapelketak bultzada handi bat eman omen dio. Jokoak, ezer egiatan promozionatzekotan, gauza bat behintzat seguro: joko-zaletasuna. Hau guztiz sanoa izan daiteke, baina ez du aseguratzen luzarora bertsozaletasuna ugarituko duenik. Antzeko fenomeno publiko bat gogora ekarriaz, orain urte batzuk gure kantanteak frontoi eta antzokiak lepo betetzen zituzten, eta —kalitatearekin zerikusi handirik gabe— segun ze disko-etxek promozionatzen zuen, hiru mila edo hirurogei mila kopia saltzen ziren; gaur euskal kanta baten mitinak eta txaloak ezer gutxi utzi dutela konturatzeko ez dago edozein pub edo diskotekatan sartu besterik.

        Alegia, artistak edo bertsolariak ezin du publikoak eskatzen diona soilik egitera makurtu. Publikoa bera ere edukatu egin behar du. Eta bertsolariak aurki ditzake nahiko arrazoi bere publikoaren benetako bertso-zaletasunaz duda egiteko, txapelketako larritasunean eta kontestu desegokian bakarrik entzun nahi badio. Bertsolariak berak erabaki behar du noiz den artistago, txapelketaren jokoan ala hitzezko eta imajinazko argudioen jolasean; noiz den bertsolariago, juradu eta publiko jokozale baten gustua egiten, ala bertsoari festa-giroa ez ukatzen; noiz laguntzen dion hobeki euskal kulturari, umorearen, kantuaren, eta imajinazioaren lehentasun paregabea agertuaz, ala guztia joko literal baten neurketa, norgehiagoka eta diru-sariketara makurtuaz.

        Taberna eta sagardotegietako garai hartan publikoak bultzatzen omen zituen bertsolariak arlotekeriak kantatzera; Basarriren hitzetan, «Bertsolarien pekatua baiño geiago zan entzuleen pekatua. Artaraxe beartzen zituzten: uraxe egitea eskatzen zitzaien.» Gerora entzulegoak behartuko zituen baita sermoilari eta mitinlari izatera ere. Eta orain publikoak jokalari nahi ditu bertsolariak. Batean eta bestean bertsolaria bere gizartearen ispilu da. Azken boladako txapelketa-behar hau ere euskal kulturaren sintoma adierazgarri bezala har daiteke. Hitzaren benetakotasuna, aktibitatearen joko-bihurtzea, sinboloaren sakramentalizazioa, gure kultura tradizionalean tendentzia nabarmenak dira. Kulturaren rigorismo hau ironia eta anbiguedadearen tendentziarekin osatzen ez bada, patologia antzeko zerbait gertatzen ari zaigu komunikazioaren oinarrizkoenetan. Honelako zerbaitek ez ote duen gure kultura jotzen begira jarri ezkero, bada zer aurkiturik. Nola uler daiteke bestela gure kultura tradizionalak pertsona helduari jolasa debekatzea? Edo azken urteotan «burrukalari» izatea iraultzaile izatearen definizio nagusi eta kasikan bakarra konbertitu zaigula? Edo politika mailan inflexibilidadea bertuterik garaiena bezala jotzen dugula, horrek indarra eta errespontsabilitatea beste ezerk baino jatorrago adierazten duelakoan? Inflexibilidadea, burruka eta hordagoa, ezinbestean dagoenaren errekurtsoak dira. Hala gaude gu zenbait eremuetan; baina hortik, horiexek gure bertute idealizatua bihurtzera bada salto arriskutsu bat. Komunikazioaren munduan (eta bertsolaritza komunikatzeko kontestu guztiz berezi bat da) alderantziz da: zenbat eta flexibilidade gehiago orduan eta «indar» gehiago, zenbat eta esanari punta gehiago atera orduan eta aberatsago, zenbat eta alternatiba ugariago orduan eta posizio hobeago. Politika mailan militarizazioa, ekintza mailan hordagoa, aktibidade mailan jokoa, identidade mailan galdu-ala-irabazia, kolore mailan beltza ala zuria, esanahi mailan egia ala gezurra: hauek dira konportaeraren rijidifikazioa eta, azken batean, pobretasuna adierazten duen seinaleak. Tratantearen sal-erosketa, mediazioaren erdi-bidea, anbiguedadearen gutxi-gorabehera, jolasaren alferkeria, ironiaren gezurra, eta abar debekatzen dizkigun kulturarekin jai daukagu. Gure ondorengoek ez dute horrelako tradizio antzurik erosiko. Etologoek diotenez, animali kaiolatua da seinale anbiguorik onartu ezin duena; hau ala bestea garbi markatzen ez bazaio, galdurik aurkitzen omen da. Jokoaren galdu-ala-irabazira reduzitu gabe, bertsoaren anbiguedadea eraman ezina kultura kaiolatu baten komunikazio pobretuaren sintoma nabarmen da.

 

 

 

© Joseba Zulaika

 

 

"Joseba Zulaika: Bertsolariaren jokoa eta jolasa" orrialde nagusia