Bertsolaritza eta emakumeak

 

        Denok bizi gara kultura baten baitan. Weber-ek zioen bezala, gizakumeok gu-geuk sortutako esanahi eta sinboloen sareetatik zintzilik bizi garen animaliak gara. Kulturak ematen digu pentsaera eta sentikerarik. Eta abar. Eta baita geure kulturaren baitan ere ikasten ditugu konportaera disfuntzionalak eta aurreiritzi desegokiak, atzerakoiak, edo seko okerrak. Begiak ireki besterik ez dago eta ikusi militarismoak, kapitalismoak, edota supernaturalismoak (denak gure mendebaleko kulturaren bihotz-bihotzean) produzitzen dizkiguten munstrokeriak. Euskaldunak ez gara diferente: gure kultura tradizionala ere egon daiteke disparatez josia.

        Bertsolaritzari berari begiratu besterik ez dago. Galdetu ohi da, adibidez: Zergatik ez da orain arte emakume bertsolaririk egon? Erantzuna ez da zaila: gure kultura tradizionalean plaza eta taberna gizonezkoaren leku bezala definituak izan direlako, eta ondorioz, espazio horietan ematen diren ekintzak (jokoak, burrukak, txikiteoa, afariak, bertsogintza, musa, eta abar) gizonarenak dira bereziki. Gizonezko jokalari, bertsolari, edo «erdi-txispatu» bat gauza normala da; emakume jokalaria, edana, edo bertsolaria, gauza aldrebesa. Normala da kultura baten baitan jendeak normaltzat ematen duena, besterik gabe. Gure kultura tradizionalean bertsolari guztiak gizonezkoak izatea erabat «normala» da, «normala» den bezala gizonezkoak soziedade gastronomikora egunero joan ahal izatea eta emakumezkoak urtean behin (ez bakarrik normala, baizik eta hortara jartzen bazara, bere «bentajak» ere laster aurkituko dizkiozu). Eta hola gertatzen da kultura baten baitan, normaltzat bizi diren mila gauza kultura horretatik irtenez gero disparate bitxiak direla.

        Joko eta jolasari buruz euskal kulturak duen araudiak badu zerikusirik txapelketaren arazo hau argitzeko. Bada gauza nabarmen bat: gizon helduen artean jolasa debekaturik dago. Umeak bakarrik egin dezakete jolas, eta pertsona heldua jolasean basten bada, umeen portaerara itzultzen da. «Ze! umekerietan ibili behar al degu oraindik? », esaten da holakoetan. Hartu adibidez pilotan aritzearen kasua: bi ume edo mutil-koskor «jolasean» arituko dira pilotan (hau da, «pilotaka», ezer apostatu gabe, beren abildadeak neurtuaz, ondo pasatzearren, beren nortasunak galdu-ala-irabazi batean arriskatu gabe); baina bi gazte edo gizon inoiz ez pilota-jolasean, baizik eta pilota-jokoan bakarrik arituko dira (hau da, apusturen bat eginik, nor gehiago den jakitearren). Jolasak umearen portaera markatzen duen bezala, jokoak gizon helduarena definitzen du; heldutasuna jokorako gai izateak erabakitzen du, azken batean gizon helduaren nortasuna joko bat bilakatzen delarik.

        Emakumearen posizioa ez dago garbi joko/jolas oposaketa honetan. Alde batetik emakumeak ere pertsona helduak dira eta jokatzeko gai. Baina bestalde, kultura tradizionalak ez du normaltzat ematen emakume jokalaria. Joko-tratua egokia ez denez, gizonezkoak neska edo emakumearengana «jolas» giroan hurbildu behar. Gizonezkoarentzat emakumearen posizioa joko eta jolasaren tartean dagoen neurrian, ume eta pertsona helduaren tartean dago baita ere. Gizonezko batentzat ez da egokia emakumezko batekin burrukan, jokoan, edo musean aritzea; era berean, emakume eta gizonezko bat bertsotan aritzea kultura tradizionalaren domeinuak nahastea izango litzateke. Bertsolaritza, beste edozein joko bezala, gizonei dagokie; emakumeekin bertsotan aritzea gauza normala balitz, bertsolaritzaren definizio inplizitoa jokoa baino jolasetik hurbilago egongo litzateke, eta, ondo dakigunez, umeak bakarrik ari daitezke jolasean.

        Historian zehar ez da beti horrela izan ordea. Ondo ezaguna denez, XIV.etik XVI. mendera bitarte Euskal Herrian andre bertsolariak ziren bereziki; Garibayren denboretatik dama inprobisatzaileen eresi hunkigarriak aipatzen dira. Txapelketen defentsan lehenengo bertso desafioetara jotzen den bezala, bertsogintzaren joko-dimensioa azpimarratzeko, bertsolaritzaren historiak beste ikuspegirik ere bultzatzen du, hain zuzen bertsolaritzari joko-kontestua eta gizonaren domeinu esklusiboa errotik ukatzen dizkionak. J. Azurmendik bere «Bertsolaritzaren Estudiorako» artikuluan, (Jakin 14/15, 1980), garbi uzten du bertsolariaren funtzioa aldatuaz doala gizartea aldatuaz doan eran. Dena den, eta emakume bertsolariekin jarraituz, badirudi txapelketek ondorio positiborik ekar dezaketela. Ez txapelketa nagusia eta herrien arteko bertsolari txapelketa bakarrik, baizik eta ikastoletako umeen artekoak ere antolatzen dira; eskoletan neskak eta mutilak ikasle izanik, bidezkoa da denek lehiaketetan parte hartzea, eta hara nola neskak mutilak bezain bertsolari onak atera omen diren. Txapelketa nagusian ere emakumeak kantari noiz ikusiko zain jarri gaituzte. Txapelketen bidez emakumeei ere joko konpetitiboa zabaltzean, gizonaren domeinu bakarra gainezkaturik gelditzen da eta jokoa tradizionalki definitu duen alderdi funtsezko bat hautsirik. Era honetan, espero dugu, jokoaren poderioak berak desegingo dituela joko mentalidade zaharkituaren oinarri desegokiak, eta bertsolaritzak joko arrunt baten norgehiagokan erortzetik errazago ihes egingo duela.

 

 

 

© Joseba Zulaika

 

 

"Joseba Zulaika: Bertsolariaren jokoa eta jolasa" orrialde nagusia