Bertsoaren epaiketa zer neurritan den posible
Joko baten norgehiagoka epaitzea ez da inolako arazorik: Joko beraren arauek automatikoki erabakiko dute nor den irabazle; ez dago zalantzarik nork egin dituen altzada gehienak, nork osatu dituen 22 tanto, nork zapaldu duen lehenik metako arraia. Erabat diferente litzateke jolas baten norgehiagoka epaitzea: nor dibertitu da gehiago? zeinek sartu dio ziri handiagoa? norena izan da txiste zorrotzagoa? nork asmatu du gezur borobilagoa?. Posible izango litzateke, nola ez, txiste-txapelketa bat eratzea, juradu eta guzti; baina honek, serioski, arazo bat ekar zezakeen: nola erabaki juradu hori bera ez ote zen txapelketako txisterik handiena. Jokoa neurketa hutsa da; jolasa neurriak haustea da (jokoarenak, hitz literalarenak). Bertsogintza, jokoa den neurrian, epai daiteke; jolasa den neurrian, epai ezinekoa da.
Gure kirolak, apustuak, lehiaketak, sariketak, txapelketak, eta abar, denak funtsean jokoak dira. Hau da, sekuentzia lineala dute, helburu garbi batekin alegia, amaiera positibo ala negatibo bat izango duena, errepetitu ezinekoa, zehatz-mehatz kuantifikatu daitezkeen bariableekin, joan-etorri guztia amaierako erresultadoaren gorabeherak agintzen duelarik. Txapelketa hitzak adierazten duen bezala, txapelaren atzetik doa ekintza guztia; irabazle gertatzea du helburu bakartzat. Adibidez, mus-txapelketa batetan sartzen bazara, zure kontrarioak aldian-aldian eliminatuz, azkeneraino iristea da zure helburua. Musak bere arauak garbi ditu, edozein jokok bezala, eta ez dago dudarik puntuak nola konta. Juradurik apenas behar den mus-txapelketa batetan nor den irabazle jakiteko, partaide guztiek bai baitakizkite jokoaren arauak, eta nortzuk diren irabazleak.
Bertsolari txapelketan, alderantziz, epai-mahaiaren lana guztiz da kritikoa. Honek erabaki behar du bertso baten «puntuazioa». Musean argi eta garbi dago enbidoak, bost gehiagoak, hordagoak, hogeitamaikak, dupleak, eta abar, zenbat «puntu» edo «tanto» balio duten. Bertso batek 5, ala 7, ala 5,30 puntu balio ote duen, bertsogintzaren arauek ez dute inolaz ere erabakitzen. Musaren prozedura neurtzeko tantoak dauden bezala, errima, erritmoak eta etenak markatzen dute bertsoarena; baina musaren neurketa erabat kuantitatiboa den bezala, eta tanto horien norgehiagokan amaitzen den bezala, bertsoaren alderdi formalak aitzaki bat dira bertso on bat botatzeko, eta bertsoaren beraren balioa ez du errima edo melodia egoki batek determinatzen. Mus-txapelketa batetan juraduak joko beraren arauak bete daitezen beste zereginik ez du. Bertso-txapelketa batetan juraduari lan inposible bat eskatzen zaio: kuantifikaziorik onartzen ez duena, zenbakiren bidez neurtzea; alderdi formalen «tantoak» oinarritzat harturik, bertsoaren balio artistikoa (kualitatiboa) puntuazio zehatzez neurtzea; fikziozko egoera eta ofizioak, metaforazko imajina eta harremanak, neurri ordinarioen mugak hautsiaz sortzen den bertsoaren mundu guztiz imajinarioa, bariable kuantifikagarri batzuen arauetara makurtzea. Musean tanto guztiak berdin balio dute: horregatik zenbatu daitezke. Bertsoan ez daude bi tanto berdinak: horregatik ez dute zenbakirik onartzen.
Maila inportante batetan, balegoke bertso baten balioa joko batean bezala «neurtzea»: alderdi formaletan batik bat. Baina bertso baten balioa neurtzeko orduan alderdi tekniko horiei lehentasuna ematea aurreiritzi hutsa da, jokalariaren aurreiritzia hain zuzen, horrentzat ekintzaren prozedura zehazki eta behin-betiko erabaki ahal izatea derrigorrezkoa baina, ekintzak inolako anbiguedaderik gabeko amaiera izan dezan. Txapelketak aurreiritzi horretan oinarrituak daude. Zergatik ez da, adibidez, aparato formala bigarren mailakoa izaten, bertsoaren «ziria» lehenengokoa izanik, edo hirugarren mailakoa bertsoa momentuko giroari nola egokitzen zaion lehenagokoa izanik? Txapelketa joko bat izanik, jokoak ezin du ziri edo broma baten anbiguedadea onartu, ez eta jokoaren arauak giroaren arabera aldatzea ere. Bertsoa joko den neurrian, neurketa formal horren arabera erabaki beharko da bertsoaren azken balioa. Ikuspegi honetatik, adibidez, potto batek erabat ezereztuko du bertso baten balioa; baina pentsa daiteke bertsolari batek guztiz nahita potto bat aukera lezakeela bertsoari grazia emateko (Lafittek honelako zerbait defendatzen omen zuen). Neurketa teknikoak erabaki behar balu bertso baten balioa, aurki gintezke gure bertsolari zaharren hainbat bertso memorable txapelketatan deskalifikatuak utzi beharrean, formaren aldetik akatsak zituztelako; eta bitartean haiek baino bertso askoz ere motelagoak, baina teknikoki erosoagoak, pasatuko liratekeela aurrera. Edo bertsogintza neurketa-tekniko hutsera erreduzitzea absurdoraino eramateko, erraz imajina daiteke, ajedrezean eta gertatzen den antzera, hala programaturiko robot batek edozein bertsolariri «irabazi» ahal izatea. Ajedrezeko jokoa, edozein joko bezala, erabat programa daiteke, eta robot batek ajedrez-zale bati irabaztea eguneroko gauza da. Baina robot batek ezin liezaioke bertso edo poesia bati zentzua eman, bertsoa inoiz ez delako tolestatze formal hutsa bakarrik.
Dena den, gure lehen mailako bertsolariak ez dute ia inoiz pottorik egiten, beren errimak txukuntasun miragarriaz osatzen dituzte, melodiaren erritmoa ederki gordetzen dute, eta jarritako gaiari paregabe lotzen zaizkie behin eta berriro. Bertsozale gehienok bat etorriko ginateke gure bertsolariak hankasartze handirik apenas egiten dutela aitortzeko, entzuketa normal batetan behintzat. Halaz ere, txapelketaren norgehiagokako probaleku estuan ikusi nahi ditugu. Eta hortarako juradu baten epaiketa behar, puntuazio bat eman, bertso «hobea» eta «txarragoa» bereizi. Baina bi bertso teknikoki errugabeak badira, eta bat bestea baino hobea dela erabaki behar bada, zeri begiratu behar dio juraduak? Bertsoaren «esanahia», «gaiari lotzea», «ziria sartzea», «sakontasuna», «grazia», «bihotza» eta holakoak hartu beharko ditu kontutan. Eta hementxe dago, nire ustez, bertso txapelketaren disparatea: «grazia» horren neurketa zehatz bat posible dela aurresuposatuz, bertsolariak norgehiagokako joko batean jartzea, azkenean grazia «gehiena» nork duen denok jakin dezagun. Dirudienez, bertso-entzuleok ez omen dakigu bertso bat ona den ala ez eta juraduaren erabakiarekin ikasiko dugu. Baina bertso baten grazia, txiste baten umorea edo igarkizun baten sekretoa bezala, norberak bakarrik ezagutu eta gozatu lezake.
Txapelketak bertsogintzari inposatzen dion joko-definizioa baztertuaz, zergatik ez alderantziz arrazoindu: bertsoaren esanahia eta grazia ez dago zenbakiz neurtzerik, gehiago eta gutxiago bezalako nozio kuantitatiboak guztiz desegokiak dira bertsolaritzaren artea neurtzeko, bertsotan aritzea joko bezainbat jolas da (broma, kontakizuna, ipuina, gezurra). Bertsogintzaren dibertimenduan zehar bata «irabazle» eta bestea «galtzaile» azken momentuan epaituaz erabakitzea, artegintza kreatibo horretan erabat sobran dago. Bertsotan, denen gainetik eta batik bat irabazteko aritzea bertsogintzaren ukazioa da. Jokoaren modeloa inposatuz eta bertsoaren jardunaldia zehaztasunez neur daitekeela uste izanaz, txapelketak bertsolaritzaren desbideratzea bezala jo behar lirateke.
© Joseba Zulaika "Joseba Zulaika: Bertsolariaren jokoa eta jolasa" orrialde nagusia