Aztorea eta oilarra

 

Bazen bere nagusia hainbesteraino maitatzen zuen aztore bat, nagusiak deitu orduko lasterka bizian ondoratzen baitzitzaion.

        Oilarrak, alderantziz, nagusiarengandik ospa egiten zuen; eta hurbiltzen zitzaionean, kokorokoka hasten zitzaion.

        Behin, aztoreak esan zion:

        — Zuek oilarrok, ez zarete eskerronekoak; morroi-itsu batzuk besterik ez zarete: janaririk ematen dizuetenean besterik ez zatzaizkiete nagusiei hurbiltzen. Bestelakoak gara gu, hegazti basatiok! Indartsuak gara; geure hegada zuena baino bizkorragoa da; eta, hala ere, ez dugu gizonengandik alde egiten; are gehiago, hitz egiten digutenean, euren eskuetan kokatzen gara, eta, geure janaria zor diegula ere kontutan dugu beti.

        Oilarrak erantzun zion:

        — Sekula santan aztore errerik ikusi ez duzuelako, ez duzue alde egiten gizonengandik; guk, oilarrak labean, egunero ikusten ditugun bitartean.

 

 

 

© Leon Tolstoi
© itzulpenarena: Bittor Madina

 

 

"Leon Tolstoi: Alegiak" orrialde nagusia