Tximino saltaria

 

Munduaren biran ibili ondoren, itsasontzi bat kairatzen ari zen. Eguraldi bikaina zegoen eta, pasaiari guztiak ontzi-zubian aurkitzen ziren.

        Bitartean, han zebilen tximino bat jende tartean, harantz eta honantz, keinu eta salto eginaz, denon jolas grina bizkortu nahian.

        Tximinoa, guztiek begiratzen ziotela konturatuz, orduan eta keinu eta salto gehiago egiten ahalegintzen zen, jendea isekatuz eta imitatuz.

        Ziplo batetan, itsasontziko kapitainaren hamabi bat urtetako semearen bizkar gainean kokatu zen. Honi kapela kendu, eta, berak jantzirik mastan gora igotzen hasi zen.

        Mutikoak ezik, denek barreari ekin zioten; mutikoak burutsik gelditzean, ez zekien zer egin: barre ala negar. Tximinoa traparaino igo, eta, bertan eseri zen. Han, kapela puskatzen hasi zen. Tximinoaren asmoa mutikoa amorru bizian jartzea zen; kapela puskatua erakutsiz, zirikatzaile hutsa bezala agertzen zitzaion. Mutikoa erreta zegoen. Mehatxuka eta irainka hasi zitzaion tximinoari. Baina alferrik: tximinoak bereak egiten jarraitzen zuen.

        Marinelak, parrez.

        Bat-batean, mutikoa, haserre bizian jarri, eta, gaineko berokia erantsirik, tximinoa harrapatzera abiatu zen zalapartan.

        Ziztu bizian ondoratu zitzaion, baina tximinoak haizeak bezain arin, ihes egin zion.

        — Ez haiz urrutira joango, ez! —oihukatu zion mutikoak tximinoaren atzetik mastan gora zihoala.

        Tximinoak geroz eta gorago igoarazten zuen, baina mutikoak ez zion harrapaketari ukorik egiten.

        Tximinoa masta muturrean soka batetik zintzilikatu zen esku batez eta besteaz traparen goienean eskegi zuen kapela; ondoren, hortzak erakutsiz, barre-zalapartari. hasi zitzaion.

        Mastatik, mutikoa zegoen lekutik alegia, kapela eskegita zegoen tokira bi metro baino gehiago zeuden. Ez zezakeen, beraz, eskuratu bere burua arrisku larrian jarri gabe.

        Mutikoak tximinoarekin zeraman borrokarekin ederki ari zen gozatzen jendea; baina, mutikoa soka utzi, eta, trapa gainean jartzen ikusi zutenean, marinelak izu-ikaraz beterik gelditu ziren. Edozein mugimendu faltsu egin, eta, bat-batean, zubitik behera eroriko zen; kapela hartu izan balu ere, ez zukeen jaisteko ahalmenik izango.

        Egoera hura nola bukatuko zen zain zeuden, denak irrikiz. Bat-batean, norbaitek garrasi ikaragarri bat atera zuen.

        Mutikoak beherantz begiratu zuen eta kili-kolo jarri zen. Une horretantxe, irten zen ontzi-gelatik mutikoaren aita kapitaina; esku batetan, kaioak hiltzeko eskopeta bat zeraman. Mastaren gainean bere semea ikusi zuen eta berehala eskopeta semearengana zuzenduz, oihu egin zion:

        — Uretara...!, Uretara, bestela bertan hilko zaitut!

        Semea, ulertu ezinean, zalantzan zegoen.

        — Jauzi agudo, bestela hil egingo zaitut eta! Bat, bi!

        Eta kapitainak hiru! oihukatu zuen une bertan, mutikoa itsasorantz amildu zen.

        Amen batetan, haren gorputz osoa uretan murgildu zen: baina, uhinek estalarazi zuteneko, hogeiren bat marinel murgildu ziren haren bila.

        Berrogei segundo barru, ikusleei oso luze zeritzaien arren, mutikoaren gorputza urgainean azaldu zen. Uretan zeuden marinelek itsasontziratu zuten, eta, minutu batzuk geroago ahotik ura botatzen hasi zen, eta arnas-hartzen.

        Aitak ito beharretik salbaturik ikusi zuenean, garrasi egin zuen, bien bitartean zerbaitek hitza galarazi balio bezala; eta, pozik ihes egin zuen, lasterka, bere kamarotera.

 

 

 

© Leon Tolstoi
© itzulpenarena: Bittor Madina

 

 

"Leon Tolstoi: Alegiak" orrialde nagusia