Mariano Rubiori eta enparauei zigorra
gureko Juan Bauren arabera
Miel Anjel Elustondo Etxeberria
Askoren ahotan dabil egunotan Mariano Rubio (MR hemendik goiti). Bide batez esanik anitzek ez Mariano eta ez Marino baina harako Marioren mengantza ikusi uste izan du MRren beherakoan. Bankari zimur burusoilek ez bezala, kaskoa orraz-orraz eta engomatua ibiltzeko ohitura makurra zuenarena. Indurainen patroi devotionezco izanaren esku beltza alegia; bizikietazale ez direnei disimuloan jardutea aferrik izango denez hotsegin dezagun builan eta hoska: Mario Conde (Mariocón hemendik atzera fortunatzen bada).
Horiek horrela, auzoan eliza zuzentzen digun abadeak ez dio muzin egin gaiari. Juan Bauk On Juan Bautista, baina Juan Bau haren artaldeko garenok izentatzera, urak bere errotara eramateko probetxatu zigun orain astebeteko sermoian. Guztiz jakingarri etsirik eta bekatu larrian zabiltzaten neska-mutil unibertstario malapartatuak arriskutik aiena zaitezten, gure abadearen predikua ekarri dizuegu.
Apika, komeniko da Juan Bauren tesiaren abiapunduaren berri axal badare, zuei ematea. Juan Bauren arabera, usura dugu mundu hau azotatzen digun gaitz bizietarik bat. Usura, beraz. Hargatik jardun ohi digu Juan Bauk behin eta berriro usura gora eta usura behera. Hori esanik, honebestean samur jasoko duzue gureko abadearen erakusaldia. Horren gainean izango da orain hemengo hitzaldia. Irakur arretarekin. (Harenganako errespetoak zor eta berak gure eskuetara bezalaxe eman dugu testua. Ona da hura ezer aldatzeko ere! Bere horretan, honatx testua).
Zerbait aditzera eman da, baiña ez premiaren neurrian, eta beste gauz askoren artean, ukitukizun daude, gauzak epetan ematean geratu oi diran usura, edo bekatu itsusiak. Oen gañean bada izango da gaurko itzaldia. Enzun arretarekin.
Zer ote da Usura esaten diogun bekatu itsusia? Da epetan gauza ematea, eta ematea dana baño geyago kentzea, zerren epetan ematen dan. Au gerta diteke dirua, garia, artoa, idiak, edo beyak epetan ematen diranean. Epetan gauza ematen dezuenean eman ezazue geyagoren uste gabe, esaten digu Jesusek.
Usuren bekatua zeñ itsusi, ta lotsagarria dan ezagutu nai badezu, Kristaua, begira ezazu, zer penak ipiñi dituan Elizak beraren kontra, eta nolako kastiguak bidaldu oi dituan Jaunak Usuragilleen gañera. Ara kastigu oetatik bat.
Usurero bat gaisotu, eta iltzeko zegoala, deitu zioen Eskribauari. Etorri zan au: eta konfesari, ta etxekoak ere eriaren aldean zeudela, esan zion Eskribauak: ea esazu zein nai dezun. Eriak esan zion: Diot nik, eta ipintzu, «Lenengo lekuan, uzten diet nere anima Demonioai. Arri egiñak bezala geratu ziran an zeuden guziak. Jesus! Jesus, zioen: gaitzaren indarrarekin burutik jauzi da. Eriak dio: Ez nago, ez, burutik jauzia: badakit zer esaten dedan: ipintzu bada: Lenengo lekuan: uzten diet nere anima Demonioai: eraman dezeela infernuko penen artera, bada nere bekaluai begiraturik ez det gauz oberik uste. Emen ziran aditzen zeudenen negarrak, eta adiak: emen alegin guziak eriari adirazteko, zer ontasunarekin artean dituan Jaunak beregana biurtzen diran bekatariak. Baña alperrik. Ea, esan zien, utzi dezagun ori, eta zoaz aurrera. Bigarren lekuan uzten diet Demonioai nere emaztearen anima: bada nire nere igoal gaiztoak eragozteko alegiña egiñ beharrean, poztutzen zan, bere arrotasun, eta zorakerietarako dirua izateagatik. Irugarren lekuan: agintzen det, nerekin batean jatxi ditezela infernura nere umeak, bada ondasun geyagorekin geratzeagatik lagundu didee nere trampetan. Emen berriro negarrez, et ay! izugarriakin deadar egiten zuen etxeko guziak, eta konfesoreari zitzaion, bere bekatuen damuz biur zedin Jaunagana. Erantzun zion eriak: Aita, itxedon beza piskabat. Ipintzu zuk eskribaua, laugarren lekuan agintzen det, nere konfesorea ere jatxi dedila nerekin, egon gaitezen biok mai batean, bada emengo erakgatik isilik utzi dit usuren gañean, eta eman dit nere bekatuen barkazio, edo absoluzioa irabazi gaiztoak jabeai biurtu gabe. Ea, goazen guziok irabazi degun tokira. Itz oek esan zituan bezala, sartzen da etxe artan Demonioen talde bat: itsasten dieza eriari, emazteari, umeai, eta konfesoreari, eta berekin eraman zituen betiko».
Gertakuntza guziz izugarrial nere Kristaua, baña sinisten det, eta sinistu dezake edozeñek, eziñ konta al anima irabazien biskarekin amilduaz dijoazela betiko su eta garren osiñean. Ay! eta ez ote dira emen bertan ere bat baño geyago igoal gaiztoak, eta usurak egiten dituenak? Mariano Rubio bera ote dugu bada bakar gaizto? Sinestu ezin dezaket nik hori. Ez ote dira emen bertan ere gaizki eraman jabeari biurtzeko biotzik ez duenak? Ay! ta zeñ gauza negargarria, Zerurako Jaunak egindako anima ezerez bategatik betiko galtzea! Zentza gaitezen, nere Kristaua: biur gaitezen gure Aita onagana, onela iristeko, prestatu digun betiko bizitza. Amen.
Honaino bada gureko anima guarda dugun Juan Baurena. Nork uste izan zezakeen usura modu itsusiak egingo zituela MR batek? Ez zen sinesteko gauza, baina dirudienez hala gertatu da denbora dohakabe hauetan. Eta ez ote duzu hau bera egin zuk ere, irakurtzen zaudenori? Zentza zakizkigu beraz, eta itzul bide onela. Zaitez Jaunaren bakean eta iraun luzaro horretan.
|