Euskara Batzordea
Aldizkari hau argitaratzen denerako ikasturtearen hondarrean izango gara eta, beraz, balantzeak egiteko sasoian izango gara. Hamaika kontu, amorrazio eta atzerapen izan dugu hilabete hauetan euskararekiko konpromezua ezaguna ez den Parke Jurasiko honetan.
Beharbada, aurten ez dugu aurreko urteetako zalapartarik egin, ez da KORRIKArik izan, ez EUSKAL JAIrik, baina apalki bada ere gu geurea aurrera ateratzen ahalegindu gara.
Urteak izan ditu gazi-gozoak eta ikasturteari hasiera politta eman genion: EUSKARA BATZORDEAren aurkezpena bazkari eta guzti, Arestiren gogoratuz Zirrika-Mirrikakoekin batera egindako ekitaldiak, dantza ikastaroa, Bosniako argazki erakusketa, LITERATUR LEHIAKETA, esku artean duzun aldizkari hau,... Beste batzuk, berriz, ezin izan ditugu aurrera eraman (Euskal Jaia, Zuberoako Astea) etxe santu honetan diru laguntzak urriak izateaz gain ikastaroa amaitu arte ez baititugu jasoko eta badakizue horrek zer dakarren...
Horrelakoetan, ordea, badakizue zer esaten den, ongi esanak gogoan hartu eta gaizki esanak (gure kasuan "esan gabekoak") ahaztu.
AMEN
Gogoeta egin deza...
Ikasturtean barrena hamaika gora behera izan ohi da etxetzar honetan eta aurtengoan ere ohitura "onak" ez dira galdu. Guztioi dagokigu, bertan gauden neurrian, honetaz kezkatzea, euskara eta euskal kulturaren etorkizunari dagokionez batez ere ("E.H.U."n baldin bagaude behintzat).
Lehen dirua urri eta hura berandu ematen dutela esan dizuegu. Alegia, diru apurrak ikasturte amaieran jasotzen ditugula. Nola arraio nahi dute guk ezer antolatzea (ala ez dute nahi?) erreztasunak eman beharrean oztopoak jarriaz?
Ikasketa plan berriak zirela eta iaz beldur ginen ez ote zen Euskal Adarra kaltetua gertatuko, egin diogun jarraipena kontuan hartuaz neurri haundi batean eskaintzari eutsi zaiola ikusi ahal izan dugu, ez beti ordea, murrizketak egiteko orduan euskal adarreko ikasleak gertatu dira kaltetuak berriro ere (Irakaslerik ez, ikasturtea berandu hasi, baldintza desegokitan,...). Horixe gertatu zaie historiako ikasleei, edo "bigarren" adarra jotzeko asmoz jarria ote? hizkuntza ikasten dutenei (ikasle euskaldun mordoa egon arren irakasle euskaldunik ez hauentzat). Hori da aurten gertatu dena eta datorren urtean arazoa bikoiztu egin daiteke ikasleak zikloan aurrera goazen neurrian, ERNE EGON BEHARRA DAUKAGU ETA BEHAR DEN GUZTIA SALATU.
Euskaldunon eskubideak zirt eta zart batez murriztu ondoren bada etxe honetan hemendik etekin oparoagoa atera nahi duenik euskaldunon kaltetan. Euskal Adarraren aukerak murriztu ondoren eta ondorioz ikasleak gutxitu matrikulazioak behera egin omen du, bejondeiela!; horra hor Colon berriak!; benetan zuzena argumentua.
Ezin dugu ahaztu, oraindik ere, eta unibertsitateak araututakoari jaramonik egin gabe, euskarak gutxietsia jarraitzen duela, antza denez zenbait irakasle, arduradun eta departamentu oraindik ez dira ohartu euskara "ere" ofiziala dela eta ondorioz ezinbestekoa. "Humanitateak" irakasten diren fakultate honetan gehiegi dira halakoak, gehiengoaren eta pragmatikotasun demokratikoaren izenean euskal kultura lurrarekin berdindu nahi dutenak. Unibertsitate honek normalizatu (ala mortalizatu?) behar al du euskara elkarte autonomo honetan?
Beldur gara ez ote dugun jai honekin.
|