L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Zintzhilik aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Zintzhilik. 8 (1993-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

Euskal filologia v.s. euskalzaletasuna

 

Euskaltzalea

 

"Letras" deitzen dituzten ikasketetan ikasle garenok idealistak eta Don Quijoteren oinordeko zuzenak garela sarri entzun behar izaten dugu. Bertan sartuta gaudenok, berriz, aski ongi dakigu zein den errealitatea. Geure buruari inoiz galdetu ote diogu zerk bultzatu gintuen karrera hau aukeratzera? Zehatzago galdetuko dut. Zertarako ikasten dugu euskal filologia? Hilzorian dagoen hizkuntza zaharkitu baten ezagutzan sakontzeak zein helburu du? Bakoitzak eman diezaiola nahi duen erantzuna galderari.

        Euskal filologiako ikasle askoren jokabidea benetan larritzeko adinakoa da. Ez al da asaldagarria galzorian dagoen hizkuntza bat sakon ezagutzeko (Bultzatzeko?) lana hartzen duenak hain arduragabe agertzea? Euskal filologiako zenbat ikaslek sentitzen du behar lukeen konpromezua euskararekiko? Ikasketa hauek hasten dituenak konpromezu berezi bat hartzen du: euskararen alde zintzo jardutea, dela era batera nahiz bestera. Hortxe dago gakoa.

        Esandakoari bi ohar:

        Norberaren baitan dago konpromezua betetzeko parada egokia eta prestutasuna zein izango den erabakitzea. Horrek ez gaitu, ordea, folklorismo antzu batera eraman behar, unibertsitatetik pasa garenez ikuspegi zabalagoz eta zorrotzagoz jokatzera behartuak gaude. Ez ditzagun, bada, bi gauzak nahas.

        Era berean, ez dezagun pentsa euskararen lepotik bizitzea euskararen alde egin dezakegun gauza bakarra denik, hori inola ere ez. Guk euskarari EMAN egin behar diogu eta ez gure kontzientzia lasaitu euskara "irakasten" dugulako.

        Gutuna amaitzeko ideia bat bereziki azpimarratu nahi nuke, euskaltzaletasuna ez dute gure ideiek egiten, gure eguneroko jarrera zintzo eta euskaltzaleak baizik. Euskararen alde lau pezeta emateak ez gaitu euskaltzale egiten, euskaraz ez jakin arren hori egiten dutenen parean jartzen gaitu, besterik ez. Eta nor murgilduko da orduan euskararen aldeko borrokan?

        Izan gaitezen euskaltzale, lagun dezagun ikasitakoaz gure auzoan, herrian, denda edo edozein txokotan euskaraz gehiago eta egokiago egin dadin.

        Kontuak oso argi daude, ondorengoa bakoitzaren esku.

 

Gasteiz, 1993. otsailak 5

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.