Ikaslearen defentsarik ezaz
M. A. Elustondo
Ikasle-irakasle-bibliotekariek osatzen digute, liburu tzarron konpainiarekin beti ere, unibertsitate komunitaterik hurbilena.
Alegia, gutxi-asko esanik.
"Gutxi-asko"' diot, sarri ez baita hiru maila horietan ez behar besteko, eta ez behar bezalako harreman eta loturarik. Horretan, hainbat ikaslek ez du bibliotekaren albisterik ttikittoena ere, esan nahi baita, biblioteka-bibliotekarena; ez nagokio, honenbestean, ikasgela erraldoi maiz superpopulatuari, hau etsamin-aldietan (ez alferrik!), eta ikasturte amaieran (ez alferrik!), mukuruetaraino ohi baita. Egia esan, kurtsoa hasi eta bosgarren hilabetean, artean liburua ateratzeko bete beharreko fitxa kunplimentatzen ez dakienik fortunatu zait. Eta diotsuedana ez da hiperbatona, egia berdaderoa baizik.
Liburuak liburu, ikasle-irakasleek ere nekez osatzen digute bene-benetazko binomiorik, eta nork bere kasa diharduela esanen nuke, gezur esateko batere beldurrik gabe. Jakina bada, irakasle askok ez du pedagogia eta didaktikari buruzko aztarnarik, baina ezta arrastorik ere!, granorik ere ez daki, eta ezjakinean dela, berak jasan hezkuntz eredua ari zaigu errepikatzen, urtea joan eta urtea etorri, nozitzea tokatzen zaigularik, tamalez, guri.
Eta ez luke horrela behar.
Unibertsitatean irakasle den ikertzaile horrek, astean hainbat alditako klase iharduna birraztertzetik hasi beharko luke, unibertsitateak egiatan dukeen egitekorik behinena gauzatzen lagunduz, hau da, ikasleak ikertzaile izan daitezen ahaleginduz, eta ez beraien ikerketarako aitzakiatzat ikaslea harturik, denbora galdu alde ihardun, bostetan ohi denez. Latin sintaxiari adibide eskatuz, aditz pasiboek ohi daramaten sujeto jasale (nominatiboan ala, Lupe?), baikara bederatzitik zazpira, ikasleok.
Ihardun parregarriaren, hots, negargarriaren entzule eta lekuko, irudi luke, haien sparring lanak betetzen dituela ikasleak, "zaflada guztiak belarrondo batean" jasotzen dituela, Gabrielek ohi zioenez (tontoak izaki gu ere, nonbait).
Eta ez dugu babesik. Ez dugu nora jorik, modu eraginkorrean hartuko gaituenik alegia. Eta hala ere, aitortu egin beharko: berez, bada horretarako biderik, dekanotza bidea liteke hori, segur, baina oztopoak ez ei dira oztopo xamur, eta eguneroko eginkizunetan sarri arrenkura eta behaztoparri ditugun harri beroriekin ez ote genukeen topo egingo goi instantzi horietan, gaude.
Eman dezagun: halako irakasleak urte osoa eman lezake hau eta beste ustez esplikatzen duelakoan, eta ikasleak guztiz jakinaren gainean egon, ezen ez dutela denbora alferrik galdu baino egiten.
Halako irakasle-andereak urtea iraun lezake txutxu eta putxu ikasle koitaduak beldurrak airean dituela, esamesa frango sortaraziz korridoreetan, gorrotagarri egiteraino bihurtuz, bere monologoan aldaketarik eragin gabe, egoeraz majo akordaturik ere.
Eta ikasleak bere burua harrapaturik somatuko du. Eskola iharduna inola ere aldatzerik ez; amets gaiztoak hainbatetan; irakaslearen irudia nahi baino gehiagotan gogoan; tutoretza orduak, hutsaren hurrengo, formalidadea auzoan; etsaminaren atea baino ez, baina hau ere Janosen hura legez, bikoa: betirako pakea vs. lehena berriz ere, etsipen gaiztoa.
Hortaz, etsaminaren trantzeak salba / kondenatuko gaitu. Paretsuan ihardundakook, adur desberdineko gertatuko gara, elkarren meritu eta demerituak ezagutuko ez ditugula; gurekiko, ez dugu arrazoinik izango, irakaslearen gogarako salbatu / kondenatu fermua baino.
Eta gure babes izango dugun elkarterik ez. Makina bat batzorde bai, honetarako eta hartarako, honetaz eta hartaz arduratuak guztiak, baina ikaslearen defentsan ihardungo duenik... inon ez.
Eta nor arduratuko irakaslean prestakuntza didaktiko egokiaz? Nor ikaslea ikertzaile dadin arduratuko? Nor ikaslearen ebaluazio zuzenaz kezkatuko? Nor etsamin puntuazio zuzenaz? Nor irakaslean hizkuntz maila behar bestekoaz?
Kontsumitzaileen Elkarteak eta gisakoak ugaritu zaizkigun honetan, Ikaslearen Babeserakoak ere baluke aski zer egin. Guri galde!
Ezbairik gabe, eta oroz gain, batzordetan premiazkoena litzateke sortzeke dagoen hori!
Eta nork jarriko katuari txintxarria?
|