L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Zintzhilik aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Zintzhilik. 6 (1991-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

Ardi beltza eta beste hainbat alegi

 

Augusto Monterroso

 

        Honako alegia hauek, edo kontra fabulak hobe esan, hor goiko izen berberako liburutik hartuak eta itzuliak dira ("La Oveja Negra y demás fábulas", Seix Barral, 83). Augusto Monterroso, egilea, Uruguayen jaio zen 1921.ean, baina Mexikon atzerriratua bizi da 1944.aren geroztik. Ipuin hauen antzera, bere obrari halako ikutu berezia ematen diona, ustezko errealitate eta "egi" guztiei buelta emateko zaletasuna da. Heldu itzatzu, bestela, ahal duzun modu hoberenean urrengo orrien edukina; aurretik atzera nahiz alderantziz, oraingo honetan bost axola...

 

 

Labezomorro ameslaria

 

Ba zen behin Gregorio Samsa deituriko labezomorroa, Franz Kafka izeneko labezomorroa zela amesten zuena, zeinek Gregorio Samsa izeneko, eta labezomorroa zela amesten zuen, enplegatu bati buruz idazten zuen idazlea zela amesten zuen.

 

 

 

Ardi beltza

 

Ba zen aspaldi batean ardi beltz bat urrutiko lurralde batean bizi zena.

        Fusilatua izan zen.

        Mende bat geroxeago, artaldea damuturik, parkea oso dotore eta ederra uzten zuen estatua bat eraiki zion.

        Handik aurrera, ardi beltzik jaiotzen zen bakoitzean berehala pasatzen zuten armetatik; honela ardi arrunt eta normalen urrengo belaunaldiei ere ez zitzaien faltako eskulturan aritzeko aukerarik.

 

 

 

Ongiaren bakarrizketa

 

"Gauzak ez dira ume askok eta helduen arteko gehientsuenak usten bezain sinpleak —pentsatu zuen Ongiak arrasti hartan—.

        "Denek jakin behar lukete batzutan Gaizkiaren atzean ezkutatzen naizela, adibidez, gaixotu izanagatik ezin duzunean hegazkina hartu, baina gero hegazkina lurrera erori eta ez denean kristaurik salbatzen; eta bestetan, aitzitik, Gaizkia dela nire ondotik ezkutatzen dena, Abel itxurati hark Kain bere anaiari hil zezala eragin zuenean kasu, horrela bigarren hau mundu guztiaren aurrean txarto geldiaraziz.

        "Ez, gauzak ez dira hain sinpleak".

 

 

 

Gaizkiaren bakarrizketa

 

Egun batean Gaizkiak Ongiarekin aurrez aurre topo egin zuen, eta bien arteko zentzugabeko tirabira bukatu nahiean, Ongia irensteko tentatua egon zen, baina hain gauza hutsa ikustean, hauxe pentsatu zuen Gaizkiak:

        "Hau azpijoko bat besterik ezin daiteke izan; nik orain hain ahul dirudien Ongia irensten badut jendeak gaizki jokatu dudala usteko du, eta ni lotsaren lotsaz hainbeste txikituko naiz, Ongiak ez duela ni irensteko aukera galduko, baina jendearen ustetan ondo egingo du, oso zaila bait da jendea bere pentsamoldetatik ateratzea: Gaizkiak egiten duena gaizki dagoela eta Ongiak egiten duena aldiz, ongi".

        Horrela salbatu zen berriro ere Ongia.

 

 

 

Fedea eta mendiak

 

Hasiera batean, Fedeak, guztiz beharrezkoa zenean bakarrik mugitzen zituen mendiak. Honela paisaiak berdintsu iraun zuen milaka eta milaka urtetan.

        Baina Fedea zabaltzen hasi zenean, jendeari atsegina zitzaion mendiak mugi araztea, eta hauek behin eta berriz aldatzen ziren lekuz... beraz, geroz eta zailago bihurtu zen aurreko gauean utzitako leku berean aurkitzea, eta honek noski, zailtasunak gainditu baino gehiago sortu egiten zituen.

        Orduan, jende xeheak, Fedea uztea nahiago izan zuen, eta orain mendiak bere lekuan diraute normalki.

        Noiz edo noiz mendia amildu eta errepidean hainbat bidaiari hiltzen direnean, gertu edo urrutiko norbaitek Fede izpirik izan duelako da.

 

 

 

Astoa eta txirula

 

Belardian aspalditik zegoen botata jada inork jotzen ez zuen Txirula bat. Egun batean, handik paseatzen ari zen Asto batek halako bufada bota zuen, Asto eta Txirularen bizitzako doinurik goxoena atera zuela.

        Ez ziren izan gertatutakoa ulertzeko gai, izan ere arrazionaltasuna ez eurentzako gauza, eta laister askorik urrundu ziren elkarrengandik, beren izate tristean inoiz ederkien egin zutenaz guztiz lotsaturik.

 

 

 

Dortoka eta Akiles

 

Telegrafoari esker jakin ahal izan genuen, iragan astean iritsi zela, azkenean, dortoka helmugara.

        Galtzeko beldurra izan zuela beti azaldu zuen apalki ondorengo prentsaurrekoan, orpoetan bait zeraman aurkakoa.

        Hain zuzen ere, segunduaren milioikoaren hirumilako bat beranduago, gezi baten abiadaz eta Eleako Zenon madarikatuz, Akiles iritsi zen.

 

 

 

Birritan leku berean erori zen tximista

 

Behin tximista bat bi aldiz erori zen leku berean; baina lehenengoan nahiko kalte egin zuela konturatu zen, ez zela jada beharrezkoa; eta guztiz goibeldu zen.

 

 

 

Lo egin ezin zuen ispilua

 

Esku-ispilu hura, bakar bakarrik gelditzen zenean eta inor hargan isladatzen ez zenean, oso gaizki sentitzen zen, existituko ez balitz bezela; baina beste ispiluek parre egiten zioten, eta gabaz apainmaheiko kajoi berdinean gordetzen zituztenean luze eta lasai hartzen zuten lo, neurotikoaren kezkataz ezertxo arduratu gabe.

 

 

 

Konzientzia zuzena

 

Ba zen aspaldi batean ohianaren erdi erdian bizi zen landare haragijale familia xelebre bat. Apurka apurka, beren ohitura arraroaren konzientzia txarra hartu zuten, batez ere lau haizeek hiri guztietatik zekarzkieten zurrumurruengatik.

        Kritika guzti hoien eraginez, nazka hartu zioten pixkanaka haragiari, eta ez bakarrik sexu kontuetan. Are gehiago, haragia jateari uko egin zioten azken finean, ikuste bakarrak botakarainoko higuina sortzen zielarik.

        Barazkijale bihurtzea erabaki zuten.

        Egun hartatik aurrera, ahazturik beren iragan zikina, lasai eta zoriontsu bizi dira, batak beste elkar janaz.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.