Iratzartze aitzin oreneko
burutazio ospetsuak
Aintzinaborda
I.
Lagun baten etsipenak sinistea zaila, arront zaila gertaturen litzaidake, etsipen ber horiek nihaurk aiseki sentituko ez banitu. Baina, arimaren berpizte grisak ez ninduke asetuko, astintzen nauten kezka zorrotz guzi guziak bere etsipenen mareetan murgilduko ez balira.
Denboraren poderioz, asetzen doa zimikoa, artegatasun beltza zuritzen. Bakartasuna itzal beltzez moldatzen ari didate, eta ezsinistasun oro hedatzen dira iadanik etsaien artean. Ezetz erranen nuke betirakotz, baina ixiltasunaren orena ez da iritsi, ez oraindiño, ez niretzat.
Herioa jinen da, apika, lasaitasunez apaindurik, bere urrats sendoak lurrean zeharo ontsa tinkaturik, ea bere nahi gardenak kunplitzerik baduen, ea bere ilusiorik gabeko axola-gabetasunak gauzatzerik baduen.
II.
Biziki untsa konprenitzekotz
mundu huntako gezurra
dudarik gabe izan behar dut
zuen denboraren lapurra
ediren gabe diraden gauza
guzier emanez agurra
mundu huntako esistentziaz
ez nago zihurra.
III.
Izutzen nauten gezurrek susurratu egin dizkidaten aleak haizeak daramatza. Azken mementuetako unerik ixilenean argizariaren sinfonia txuriak argituko dizkit memorian galduta dauzkadan irrifarre guztiak, eta nik jakin gabe, maleziaren sapaiaruntz begira, so, ixilduko naiz betirakotz.
|