Azken bidaia xuria
Jon Andueza
Ni ez nahiz hemengoa.
Urrutitik etorri nintzen, soineko orlegiz jantzia
eta kapela bat buruan, kapela beltza. Patrikak hutsik.
Goseak jota, eta beharbada horrexegatik erakusten
nuen tristura keinu bat ezpainetan.
Ez. Ni ez nahiz hemengoa.
Tristura keinu bat.
Ongi gogoratzen ditut egun haiek. Anaia eta ni
itsasoz beste aldetik etorri ginen, gurasoak kotxe
istripuz hil eta gero. Ez genuen osaba Carlos ezagutzen
baina nonbaitera joan beharrean aurkitu ginanean
seguituan oroitu ginen berataz.
Patrikak hutsik
Patrikak hutsik eta makina bat amets goxo etorkizunerako.
Jada hamar urte joanak dira. Nere
anaiak aspaldi alde egin zuen osaba Carlos-en etxetik
gauzak bere modura egin nahi zituelako edo. Hasieran
bide berdina jarraitzea pentsatu, baina ez dakit zergatik
azken orduan ideiaz aldatu nuen.
Negar malko bihurri ugari anaia urrundu zenean.
Hura bakardadea.
Lehenengo hilabeteak jasan ezinak iruditu
zitzaizkidan. Halaere, gutxika-gutxika bizimodu berria
onartzeari ekin nion. Gainera osaba Carlos ederki asko
portatu zen nerekin, sarritan eramaten ninduen anaia
bizi zen tokira berarekin ordu batzuk konpartitzeko,
une batzuk elkarrekin igaro genitzan.
Ez. Ez naiz.
Ez naiz, hemengoa.
Denboraren joanean gauzak aldatzen hasi
ziren. Bazirudien nere anaia ez zela gustora sentitzen
arratsalderen bat edo beste nerekin igaro behar zuenean.
Geroz eta aldi gutxiagotan ikusten nuen.
Ordurako, itxura txarreko lagunekin ibiltzeari
ekina zion, kalean gora ta kalean behera. Mehetzen ari
zela iruditu zitzaidan, moteltzen, ahultzen. Bere gaztaroko
indarrak eta bizitzeko gogoak hor nonbait galdu zituela
jakin nuen.
Azkenengo gabonetan jipoi galanta
jaso nuela gogoratzen dut. Anaia ez zen osaba Carlos-en
etxera azaldu urtero egin ohi zuen bezalaxe.
Tristuraz jositako negar malkoak aurpegian, eta
berarentzat munduko maitasun guztiaz erositako opariak
han, zuhaitz azpian.
Ez zituen inork zabaldu, ireki.
Ordutik ez dut anaia gehio ikusi.
Eta oraindik ere opari haiek nere logelan gordetzen
ditut, berarentzat, noizbait jasoko dituenaren itxaropen
sekretuaz.
Bai, zera.
Gaur astelehena da, Martxoak 14, laster
helduko zaigu udaberria. Apirileko lehen euriak, maiatzeko
lore galduak.
Goiz guztiak lanean eman eta gero eguerdi aldean
Carlos-en etxera heldu naiz. Bazkal aurretik telefonoa
eskuratu. Zortzi, sei. Agian gaur nere anaia etxean izanen
da. Zazpi, lau. Agian. Hiru, sei.
Urduri xamar nago. Ez dut aspaldian bere ahotsa entzun.
Une luze batez itxaron.
Badirudi ez duela inortxok nere deia jasoko.
Inortxok.
Ez, ez, ez.
Ez naiz.
Ez naiz inoiz hemengoa izan.
Bazkal ostean kotxea hartu eta Gesalibar hauzorantz
abiatu naiz, Joxue ikusteko asmotan. Joxue, nere anaia txikia.
Auskalo zergatik gidatzen dudan bitartean haurtzaroko egunak
oroitu ditu berriz ere. Gure borrokak amaren magalean esertzeko,
gure parre alaiak aitak zirkora eramaten gintunean pailasoak
ikustera.
Joxue, nere anaia txikia.
Gesalibar hauzora heldu bezain pronto, kotxea
edozein iskinatan aparkatu. Joxue bizi den etxerantz zuzendu
ditut nere pausoak, urratsak. Poliki.
Atarira iritxi eta bigarren pisura igo.
Atea erdi zabalik aurkitu dut. Ze osti, nahiko arraroa
iruditu zait baina ez nahiz barrura sartu. Txirrina jo eta
norbait azalduko delakoan zai gelditu.
Berriz ere txirrina jo.
Azkenean barrukaldera pasatzea
erabaki dut. Amaiaren izena ohiukatu eta ez du inork erantzun
Sukaldean, egongelan, komunean. Badirudi joxue dagoela
etxean.
Guzti hau ez zait normala iruditzen.
Logelako atea bultzatu.
Anaiaren gorpu hila ohe gainean.
Nere anaia txikia.
Joxue.
Lekuko bakarti bezala bere alboan, jeringa puta
bat besterik ez. Zainak zulatuta.
Zaldi txuriaren gainean hasitako azken bidaia.
|