L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Zintzhilik aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Zintzhilik. 4 (1989-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

Eguneroko bizitzaren... urtebetetzea

 

Juan Luis Zabala

 

Eguneroko bizitza ikatza bezelako labexomorroak etengabe ixurtzen dituen gure garai honetako egun arrunt batean, Kepa Zargoate goiz esnatu eta jaiki zen; baina egun hartan ez zela eskolara joango erabaki zuen. Neguaren atetan geundelako imprimatutako bakardadearen milaka kopien arteko bat sentitu zuen bere burua, besterik ez. Bakero urdin arruntak utzi eta tirantezko galtza laranjaz jantzirik irten zen kalera; apur bat atondu eta gosaldu ondoren. Eskailerak jaisterakoan; gutunontzian osaba batek izkribatutako postalea kausitu zuen, urtebetetzea zela eta zorionak emanez; bide batez bere seguretxea kontseilatu nahi zion, "inoiz ez da jakiten noiz". Paseoan hasi eta badiako kaira iritsi zen berehalaxe; hantxe eserita, Otis Redding  ekarri zuen gogora, aideplano eroriei nola kantatzen zien. Paseoan aurrera eginez, agure zahar bat ikusi zuen baldosa zuriko komuna publikotan sartzen; aldizkari pornografikoa eskuan. Errestaurante batetik bi gizon gazte nola botatzen zituzten ikusi zuen; gero elkarri gerritik helduta eta musuka abiatu ziren kalean aurrera. Dispensarioan antitristezi pildorak eta zorion gramoak erostea pasatu zitzaion burutik, baina tirantezko galtza laranjak jantzita zituela ez bide zen itxurazkoa horrelakoetan hastea.

        Orduan herri barruan ibili ohi diren autobusetako bat hartzea erabaki zuen. Autobusaren zai zegoela, zai egote hartan lagun zituztenei izenak jartzen hasi zen. Atso zahar pare bat ari ziren etengabeko jardunean eta haiei Sofia Hitzenvova eta Ingrid Taltalpala deitu zien bere arterako. Alboko mutil gaztea Selmer Linkertermer izan zen eta atzeko gizontxo burusoila Calvin Zenarruza "Txorimaloa". Antiojodun bat ere hurreratu zen talde hartara, itxuraz German Seluston izena zuena. Txoferrari ere izena jarri zion autobusa etorri eta han sartu zenean: Elmer Sintrelier izango zen hura, besterik ez bait zuen merezi egunero hainbeste pezta txanpon ziztrin eskuetan erabiltzen zuenak.

        Autobusetik hiriko etxeei begira gauzak era ezberdinean ikusteko gogoak izan zituenez, burua jarrera arraroetan jartzen hasi zen, begien ikuspegia aldatzearren. Okerka jarri zen begira ezkerraldera, okerka eskuinera, baina buruz behera jarri nahi izan zuenean, lotsatuta, utzi behar izan behar izan zuen jolasa. Tirantezko galtza laranjei begira geratu zen tristaturik bezala. Txukun —txukunak zeuzkan, batere zikinik gabe, inon ere ez. Bizarrari hazka egin zion autobusa Sofia Hitzenvova eta Ingrid Taltalpala jaitsi ahal izateko gelditu zenean.

        Aspertu zenean bera ere autobusetik eta bere osabak kontseilatutako seguretxearen  aurre-aurrean zegoela ikusi zuen. Hasperen egin zuen, eskuekin tiranteetatik tira eginez, etxearen aurrez aurre. Txanpon txikiak atera poltsikotik eta ate aurrera bota zituen irribarrez. Ezkerreko alderantz jo zuen gero oinez. Kiosko batean egunkaria erosi eta lehen orrialde apur bat begiratu ondoren paperontzira bota zuen berehala. Gero, kale hartan jende askorik ez zebilela eta, egunkariari su ematea pentsatu zuen paperontzi barruan. Pospoloak atera eta hala egin zuen, pauso lasaian alde eginez, txistu joka.

        Eskolarekin gogoratzen hasi zen orduan. Ez zekien zer egin goiz jeiki eta eskolara ez joanez gero egun soil eta solte zintzilikatu batean. Damutzen hasi zitzaion eskolara ez joana. Eta horrek halaber amorrua ematen zion. Artean ere hamarrak ez zirela pentsatuta lasaitu egin nahi izan zuen bere burua. Aurrera segitu zuen ibiltari oso ondo ere ezagutzen ez zuen hiriaren alderdi hartan. Udaltzainen kotxe bat pasatu zenean begira —begira geratu zitzaion. Punki bat ikusi zuen pasatzen bere ondoan, begi gorriak, aurpegi zurbila, zimeldua... Gau-pasa egitetik zetorren nonbait hura, auskalo nondik, arraioa!

        Eta pentsatzen hasi zen orduan Kepa Zargoate, nola eguneroko bizitza ikatza bezalako labezomorroak ixurtzen hasi zenez geroztik, etengabe, zerutik atergabe jausitako espermarekin ibaia ernari gelditua zen, alkandora arrosak, loredunak, zuriak, gorri, beltzak, multikoloreak herrestan eramanez; nola eskaleek, baezpare, trapuzko etxeak jaso zituzten zubipean, mitxeletak babesteko; nola eraso zioten katagorriak supermerkatuari, "altxa besoak, non da intzaur kaxafuertea"; azkenez negua heldu eta antzarrek zeruan V bat egin zutenean nolako igoera desnaturala eman zuten Erromako boltsan bertute kardinalek gogoratu zuen, eta baita orduan bankuek "ora eta bereziki labora" lemapean erregalatutako milaka liburuak; liburuak, aldizkariak, egunkariak, folietoak, panfletoak, argazkiak, pelikulak, antzerkiak, bideoak, zintak, diskoak, konpaktoak, informatikako programak, puzzleak, xakeak, partxisak, karta jokoak...

        Hirian aurrera ibiltzen segitu zuen gertaera haiek hasi zirenean nahi izandakoak buruan zituela, palazioak lurrera erortzen imajinatuz alegia, gartzeletako ormak pitzatzen, udaltzainen kotxeak su latzetan erretzen. Eskuak tirantezko galtza laranjen poltsikoetan sartuta, hirian ibiltzen segituko zuela erabaki zuen, nekatu arte, edo gosetu arte behintzat. Eta ea zer etortzen zitzaion burura bitartean. Kepa Zargoatek zerbait egin nahi bait zuen egun hartan.

        Kontatzaile honek ez daki ordea zer egin lezakeen Kepa Zargoatek egun horretan. Irakurleari uzten dio aukera, istorio hasi berri honi aurrerantz bultzatzeko. Aukera batzu iradokitzen dizkizue besterik gabe adio esan aurretik.

        a) Hortxe bukatu ipuina, istorioa edo dena delakoa.

        b) Kepa Zargoateri maitaleak telefonoa jotzen dio kopre zaporezko maitasunez egun horretako gauaren erdian, zorionak eman ez eta ezer ez kontseilatu gabe, eta orduan Kepa Zargoate biziki pozten da, mundua ikusteko ere aldatuz.

        c) Kepa Zargoate trama poliziako baten barnean katramilatzen da oharkabean eta orduan bere gaitasun ezkutuak azaltzen dira: adimen zorrotza, azerikeria, ausardia, burrukarako gaitasuna, unerik larrienetan lasaitasuna eta oreka mantentzeko ahalmena...

        d) Kepa Zargoateren ibilera ganoragabeekin elaberri luze ganoragabea osatzen da, gure gaurko gizartearen hutsaltasun erabatekoaren islada.

        e)  Kepa Zargoatek zerbait egiten du egun horretan, inork imaginatu ere ezin lezakeen zerbait, zerbait zoragarria, liluragarria...

        f) irakurketa bukatu ondoren ez gehiago pentsatu zozokeria honetaz; papera sutara bota eta kitto, nazkatuta bait gaude gaur egun hainbeste idazlan txepel, zozo eta ganoragaberekin, ez al da hala benetan?

        g) beste batzuk eta abar.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.