L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Zintzhilik aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Zintzhilik. 3 (1988-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

The rising sun

 

Ron Malehka

 

U.M.F. mugimendu pazifistaren liderra

 

Puff! ba egia esan ez dakit, ez dakit nola izan zen... baina, orain galdetzen didazularik... ba bai, esango nizuke goiz hartan izan zela... begira, ez nago ziur aurreko egunean zein festa zen, baina bai, festa eguna zela, eta ni ere gauez han ibili nintzela, baina dena dela hurrengo goizean garaiz jaiki nintzen, oso garaiz, eguzkiak, oraindik harrotasunik gabe, ilargiari ahopekako bi edo hiru ipuin eta maitasunszko hitz goxoak esan ohi dizkion garaitsuan, gauerarteko agurrarekin tristurazko malkoak isurtzen omen dituzten unean. Etxebueltako airean, dena geldi, aurreko gauekoaren ondarrak oraindik guztiz sosegatzeko, garbitzeko zeuden. Ilunean sartuta gustoko ehizik egin gabeko gaupiztiren batzuk besterik ez ziren gelditzen, eta laister izango ziren erretiran. Urrutirago, amaren aurretik goizegi esnatutako lehoikume batek, oraindik katu polita, harriduraz gauak ere, itzala, muginendua eta hotsak bazituela deskubritu zuen. Ni, etxea utzi eta erreka ondora abiatu nintzen, Afrikan erreka bait da biziaren ama, eta egunean, behin edo bitan, bizidun guztiok,  joan behar izaten dugu hara, zorrak kitatzera, gaueko penak urtzera eta indar espiritualaren iturritik edatera.

        Lur heze, hosto ustel eta belar lehor usai sarkor bat zegoen, sudurretik biriketarantz gorputz eta buru guztia betetzen duen horietakoa, astuna eta lodia. Hobeto usaitzeko belaunikatu nintzen eta aurpegia belarretan ezkutatu barrura, oso barrura, ia lurrean murgiltzeraino, eta nire arnasa naturarenari egokitu nion. Ondoren entzun egin nahi izan nuen, eta belarria jarri eta lehenengo isiltasuna, gero, pixkanaka pixkanaka, lurraren bihotz taupadak entzun nituen, gero eta indartsuago, eta baratu eta txixare, kirker, txingurri eta milaka eta milaka zomorroren bizi kontzertua loratu zen, eta kontzertua brisa leun batek orraztu zuen eta bata bestearekin korapilatuz, kiribilkatuz, jolasti dantzan gorantz, gorantz eta gorantz altxa ziren, eta besoak zabaldurik itzaltzear zeuden izarrei begira gelditu nintzen, eta sinfoniak gorantz jarraitzen zuen, etengabe laino gorrizkek utzitako zirrikitu urdinen bila, irtenbide bila, eta nigandik ere gora tiratzen zuen, gorputza arinduaz, tripetan zirraratxo atsegina eraginaz, irrifarra sorteraziaz, eta belaunikatu eta bi txilimurdi eman nituen, eta zutitu eta korrika egin eta salto eta beste txilimurdi bat, eta berriro ere irrifarra, benetako irrifar bakarra, arrazoirik gabea.

        Poliki, poliki burua altxa nuen, ezkutuka banenbil bezala, gero eta angulo gehiago hartuaz, eta lehenengo laino gorriak ikusi nituen, eta gero urrutiko mendien beltza, eta poliki poliki jarraitu nuen, beti gorantz, elementu berri bakoitzak argazki guztiz desberdina ematen zidalarik, eta bi errekatxoak biltzen ziren lakuan, haitz haietan, soilunean, arbola handi haietan, denetan itxoinaldiak eginez gora eta gora jarraitu nuen, eta hontzaren begiak eta bufaloaren adarrak ikusi nituen, eta gero muturra ere bai, eta azkenean sudurrean kili-kili egiten zizkidaten belar horizka lehorren atzen zeuden beste belar horizka lehorrak ikusi nituen, sabana amaigabea, eta horrela gauza guztiak, ondo aztertuaz, eta are gehiago animaliak ura edatera etorri zirenean, klase guztietatik, erritoa betetzera, eta txinpanzeei aurpegira begiratu nien eta konturatu nintzen oso desberdina zutela, eta berdin lehoiekin ere, batzuak tristeak eta besteak alaiak, eta zebrak ere inguratu ziren eta arraiak kontatzen hasi nintzen, eta lepoan nindoalarik zalantza sortu zitzaidan; zer ote dira zebrak? zuriak arraia beltzekin ala beltzak arraia zuriekin, eta burutazioagatik farre egin nuen.

        Ilargia, eguzkiak minduko zuen beldurrez ezkutatua zen. Honek berriz ia guztiz erabakita gora jarraitzen zuen, eta nik ere horrela jarraitu nuen hurrengo ordubetean, gauzak ikutuaz, usaituaz, eta laztanduaz, eta zenbat txoko, aurpegi, usai eta brillo ezkutu dituzten konturatu nintzen, aldi ero berriren bat bilatzen nielarik, eta denak ezagutu nahi izan nituen, aberastasun hori dastatzeko neu desberdin inguratzea nahikoa nuelarik. Denbora asko jarraitu nuen horrela, ez dakit zenbat, luze, haseta, beteta, guztiz puztuta sentitu arte. Ia ezin nuen ezer berririk hartu, gehiago kabitu. Etzuen ezerk nigandik gora tiratzen, ez saltorako arintzen, ez irrifarrik sorrerazten.

        Itzultzea erabaki nuen, eta ezar pasa ez balitz bezala, mekanikoki, etxerantz abiatu nintzen. Ezkerretara, bideko haustartean, safarira zihoan giza talde bat somatu nuen. Arrotz egin zitzaizkidan, indiferente. Nola ez zitzaizkidan ba egingo, gehiago ikusteko asmotan lepotik zintzilik katalejuak bazituzten? Buru makur, sabanako goizari bizkar eman eta triste eta derrotatuta nire bideari jarraitu nion, eta barne barnetik malko bat, irriki bat, garraisi bat irten zitzaidan...

        Zenbatetan paseatu beharko ote dut bakarrik Olwne iturrira eta Ignkwni tontorrera! Zenbatetan gehiagotan jolastu beharko ote dut goizean begi irrifartsu batzuen laztana urren sentitu gabe! Zenbat aldiz igo beharko ote du eguzkiak antilopeen sekretuak konpartitzeko lagunen bat aurkitu aurretik? Nor ausartuko ote da, niri eskua eman eta, on your place, ready, start!, biok hand to hand haizeari karrera egiten?

        Urrutian, eguzki hori borobilaren azpian putre baten hegalda dotorea ikusi nuen, besoak zabaldurik, boteretsu, aske, aire korronte epelaz domatuaz...

 

Unknown faces of Afrika, 1953

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.