Tip tip teletipo tipo...
Euskara, Fakultateko Juntan
Ikasle xunteiro bat
Nahiko garbi dago Fakultate Juntako ikasleen ordezkariek, azken urteotan aurrera eraman zuten borrokarik garrantzitsuenetako bat, euskararena izan dela, Ikasleen Euskara Batzordea sortu zenetik, hain zuzen.
Borroka honek, azken finean, zera frogatu du: Fakultate honetako irakasle batzuek, euskararekiko sekulako mesfidantza eta, batzuetan, gorrotoa dutela. Gure aldetik, lortu nahi duguna (beste helburu askoren artean) legea betetzea besterik ez da: euskaldunok gure ikasketak EUSKARAZ egiteko aukera izatea.
Gure Fakultatea, arlo honetan, EHU-ko atzeratuenetako bat da, bai orain dela lau urte, bai gaur ere; eta hau lotsagarria da Filologia, Geografia eta Historiako Fakultate batentzat.
Gure eskakizunei ukapenak, behin eta berriro arazo ekonomikoen eta azpiestruktura ezaren aitzakian atzekaldean ezkutatuak izan dira. Euskararen kontra dijoazten "partiduaren" buruak ezagunak dira: Santos Yanguas jauna, Melena jauna, Minguez jauna... beste askoren artean.
Borroka gogorra izan da, eta, batzutan higuingarria benetan. Baina lau urte eta gero, zerbait lortu genuela uste genuen: azaroko Juntan hartutako akordioa, hain zuzen. Bertan, Euskal Filologiako karrera osoa eta Geografia eta Historiako lehenengo zikloa euskaratzeko hurratsak eta epeak ematen ziren:
88/89 kurtsoan 1. eta 2. Euskal Filologia, eta 1. Geografia eta Historia.
89/90 kurtsoan 3. eta 4. Euskal Filologia, eta 2. Geografia eta Historia.
90/91 kurtsoan 5. Euskal Filologia, eta 3. Geografia eta Historia.
Akordio hau, Juntan botatu eta onartu egin zen: aurtengo kontratazio eskaeretan kontutan hartu beharko zen hau dena. Lau urteetan ematen zen pausorik handiena, dudarik gabe. Pozteko arrazoi bat, noski. Baina, zoritrarrez gure pozak ez du gehiegi iraun.
Otsailak 11-n egin zen Juntan, argi eta garbi geratu zen, jakina, "betikoek" ez zutela batere binkulantea kontsideratzen Juntako akordio hori: aurten ezarri den kontratazio sistema berriaren arabera, Departamentuak dira, irakasleen plaza eskakizunak egiten dituztenak, eta ez Junta, lehen bezala; hortaz, Juntak kontratazioei buruz hartu dezakeen akordio guztiak ez dira haintzat bete beharrezkoak, gomendioak baizik, eta Departamentua, soberanoa denez gero, bere plaza eskakizunean, elebitasuna nahitanahiezko betebehar bezala, alde batean utzi dezake.
Asunto honek, arazoak eta zatiketak ekarriko ditu Junta barnera, irakasleen artean badagoelako euskararen aldeko "korronte bat" ere, Jainkoari eskerrak.
Hurrengo hilabeteak, erabakikorrak izango dira gai honetan, eta bide "instituzionalak" porrot egiten badigu, beste presio dinamika batean sartzeko prest egon behar dugu, Euskara Batzordetik.
Arrazoiak, LEGEAK, etorkizuna, gure alde daude.
|