Farolaren argipean
Aintzane
Arratsaldeko sei ta erdiak ziren eta Anek hanka hankaren gainean jarrita, bere zapatila lokaztuen zintek lurrean egiten zuten itzalari begiratzeari ekin zion. Astiro astiro itzala ezereztuaz joan zen bitartean aurreko etxeetako argiak naharitzen zituen lehiotik barna. Baina Anek ez zituen ikusten, behin eta berriz begi marroi haien irudia etortzen zitzaion burura, orduan bai... orduan, edozer egingo zukeen huragatik. Bapatean auzoetako argiak biraka hasi ziren eta inguruan zituen aulki, irrati, armario eta beste gauza guztiak dantza erogarri batean galdu ziren. Dena nahastu zen Aneren buruan, hanka jaitsi zuen gira-biraka hasi zitzaion lurra geratu nahiean, baina alperrik, ahalegin horretan erabilitako indarrek zorabio madarikatu hura handitu baino ez zuten egin.
Hau da iluntasuna! Non nago? Poliki poliki begiak zabaltzen ausartzerakoan portale eskina batean jarrita nagoela konturatu naiz. Argitasun bakarra farola zahar horren argi tristea da eta zirrizarra bat pasatu zait gorputz guztian zehar... Baina orduan ere begi marroixka haiek han zeuden, begira begira... ardura, tristura, pena, maitasuna? Ez dakit zer adierazi nahi duten, baina inork ez dit sekula horrela begiratu. Euriak dihardu, oinak busti bustita ditugu biok baina aurpegira kolorea bueltatzen den neurrian irribarrea sortzen hasi zaigu. Hitzegiteko premiarik ez dugu, begiratzea aski da. Altxatu portala humel hortatik eta kalean gora abiatu gara. Euri sirimiriaren artean, farolen argi triste hauts koloreko horrek ez du hilargi bete erromantikoaren dizdira liluragarria baina berdin da, gauza horiek pelikuletan eta neure ametsetan gertatzen dira bakarrik... Kale surkulo baten barna sartu ginen lehen bait lehen taberna batera heltzeko asmotan, nonahi jauzten ziren itogin tantak eta putzuak eskribatuaz elkarren atzetik korrika abiatu ginen...
Anek erorita zegoen lekutik altxatzea nahi zuen, baina bere gorputzak ez zion erantzuten, begiak zabalik baina puntutxu zuri beltzak ikusten zituen bakarrik. Oroitzapenen mundu heterogeneo horretatik ihesi ezinik aurkitzen zen, erbestetua, lotua. Mundu hartan gelditzeko gogoa ere handitzen zihoan bere barnean, baina ez! bueltatu behar zuen... Negarra, negarra zen bide bakarra. Berehala aspalditik irtetzeko irrikatzen zeuden malkoek irrixu bat sartu zuten Aneren aurpegian behera... Bai, kostaldeko hirixka lanbrotsu hartan sortutako abentura ezerezten zihoan, farola erdoilduaren argia kontsumitzen zihoan bezala, halabeharrez...
Gaua heldu zen Anek berriz begiak zabaldu zituenerako, hiriko argi guztiak eta horien artean seguru etxe dorrearen txartel berdea ere piztuta zeuden. Gogortuta zegoen, hotz dardarak gorputz guztian, baina bere beldurrak eta tristurak desagertuak ziren. Zegoen lekutik altxatu gabe zapatila lokaztuak kendu zituen eta karta luze bat idazteari ekin zion...
|