L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Zintzhilik aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Zintzhilik. 2 (1987-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

Hiri postalak

 

Johan Hadi-Fanay

 

I

Izkina horretan, arretaz begiratuz gero, hiru zigarrokin soma daitezke. Lehenengoa, espaloi erdian. Bigarrenak, eskaparatetik hurbilena, hortz seinaleak erakusten ditu eta ia filtro gorrira arte errea eta, amorruz edo, zapaldua dago. Hirugarrena, berriz, kalada pare bat eman eta gero, soseguz erre dela dirudi, eta tabakoak, alperrik errautsa bihurturik, fitari erantsita dirau.

        Pixka bat haruntzago, trafiko seinale batetan zintzilikaturiko paperontzian, krabelin erramu bat ikusten da, opari paper argiz erdi estalia.

        Bestaldeko espaloitik, txiro zahar xelebre batek kalea zeharkatzen du eta laranja azala eta publizitate orri pusketaren artean dautzan loreak salbatuz, hiru krabelin ale moztu eta zigarrokinei lore bana eskaintzen die, ardura guztiz eta bizkarra nekez makurturik. Gainerako lore sorta eskutan daramala, atxintxiketan hasi eta ez dio lasterketari utziko hirierdiko parkera heldu arte. Han, erretzen dagoen neskari zigarro errubio bat eskatu eta, haren ordez, krabelinak oparituko dizkio.

        Aipaturiko izkinaren pare parean dagoen kafetegi dotorean, marmorezko mahai batean eserita, mutil batek, besterik ezean, loradendako fakturaren atzekaldean ilusioz beteriko lerro hauek idazten ditu.

 

 

II

Arratsalde eta gauaren arteko une mugagaitz batean, Ortzea estraineko kolorez tintatzen da, urdin koldarra eta beltz mugagilearen artean dabilen kolore batez. Orduantxe, negar egiteko gai izatea besterik ez zaio falta gizatasun apur bat ere baduela sinisteko.

 

 

III

Elurra hasi berria denean, demagun duela ordu laurden, hiriak xake taula irregular baten itxura hartzen du. Lurrak, kotxeek eta jendearen oinek bero edota mugimendu apur bat ematen duten zatitan erregina zuriak ezin du bere erresuma areagotu: horrela, espaloiak eta asfaltoak, epe labur batez, beren kolore beltziskaz dihardute. Besteak, berriz, erregina zuriak segidan jartzen ditu bere menpean: kotxeen sabaiak, belardi hoztuak, trafiko seinaleen ertzak, nere beroki beltza.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.