Joan Hadi-Fanay
Joan Hadi
Agindu zenidan herria, baby, ez dut inon ere aurkitzen.
Zuk bidalirik nabil, erromes galduen legez.
Hango lehertze gorriek sarritan hornitzen dituzte
zure iganderoko berripaper nekatu horiek.
Eta hango ikur madarikatuek egurrezko oihartzunez
zunpatzen dute zure altzairuzko hiri zintzoa.
Baina agindutako herria ezin dut inon ere aurkitu, baby.
Apaiz izandako maisu baten ahotsez hango kontu zaharrak
eta soinu xelebrez beteriko berbak ezagutu genituen.
Ohean elkarrekin geundelarik, oroitzen?,
handik hurbilago edo sentitu ginen.
Baina agindu zenidan herria, baby, ezin izan dut ikusi.
Galdezka ibili naiz azoka eta tabernatan
inork ikusi duen
inork harako untzia non hartzen den dakien
inork bere ganbaran gorderik hango maparik duen
baina izenik ere jakin gabe, noraezean, alperrik.
Herri horren izena ez al dakizu, baby?
Batek hantxe jaioa zela esan zidan baina
bere paperetan Espainia besterik ez zuen ipintzen.
Beste batek herri horren lurra denon azkazaletan
daukagula, baina mozkor itxura zuen, baby.
Nekaturik nago, baby. Zatoz inontar honi laguntzera.
|