L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Zintzhilik aldizkaria
                   -
Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Izenaren bila (Zintzhilik) (1986-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

Odola lokatzaren gainean

 

Ekialdeko Itzala

 

Tiroak gutxitzen dijoaz. Nahiz eta oraindik eztanda batzuk entzutea posible bada, gero eta urrunago dirudite, urrunago... Halaere ez du atertu, egun santu osoan laino grisetatik euri fin eta amaigabe bat erortzen ari da gudazelaia gainean. Lurra zuloz beterik dago; liberalen kainoiak nahiko lan egin dute gaur.

        Zelaian ez da mugimendurik somatzen, bainan ondo begiratzen baldin badugu horietako zulo batetan gizon bat aurki dezakezu. Bere begien keinuak oraindik bizirik dagoela adierazten digute. Lokatzaz inguraturik, bere aho irekian ur tantak erortzen dira, egarria engainatuz. Bere kasaka odolez beterik dago: behintzat hiru tiro eman dizkiote eta ezin da mugitu. Badaki hiltzera dijoala, ez zaiola denbora gehiegi gelditzen, baina halaere ez da kexatzen, bere ahotik ez da ohiurik irtetzen, bere barnean dauden hiru bala madarikatu horiek ez ditu ia sentitzen. "Noizbait hil behar gara", pentsatzen du, "bainan era zikin hontan!"

        Ah, ez zekien zer zen guda! Oso gauza polita lehengo momentutan, bai: Jaungoikoa eta Don Karlos, Don Karlos eta Jaungoikoa. Eta foruak, noski.

        Martinek (hau bait da bere izena) oraindik gororatzen ditu apaizaren sermoi sutsuak: liberal gaiztoeni erasoak Eliz Santuaren kontra, Deabruaren planak erlijioaren kontra, karlistekin Gurutzea defendatzearen ohorea..., Apaizak, seguraski, arrazoia zuen. Gainera, tabernan komentatu zioten liberalak Foruak kenduko balituzte inpostu gehiago izango zirela. Martinek gauza hauetaz ez zuen (eta ez du) gehiegi ulertzen bainan, zer arraio!, inpostu gehiago ziren eta baserriak ez du ordaintzeko haina dirurik ematen. Herrira karlistekin etorri zen buruzagiak gauza gehiago esan zituen, bainan hauetaz ere oso gutxi ulertu zuen. Eta pentsatu gabe gudalostean sartu zen.

        — Amaa...!

        Norbaitek karraxi egin du zuloaren beste aldean. "Gurea edo liberala ote?" galdetzen dio Martinek bere buruari. "Ahal banu ikustera altxako nintzateke, bainan..."

        — Amaa...!

        Bere ama gogoratzen du. Amaren azkenengo urteak ez ziren oso alaiak izan. Ez zirudien pertsona bat, lore ximeldu bat baizik: aurpegia zimurrez beterik, ezin ibili, ezin ikusi, ezin hitzegin... Ala eta guztiz ere bizirik, egoera horrek "bizitza" izena merezi bazuen behintzat. Hiru urte jasan zituen horrela, sukaldean exerita ezer ez egiteko gai, elizako irudi santu eta koloredun bat bezelaxe. Hil zenean inork ez zuen penarik sentitu, ama ez bait zen ama momentu haietan. Horrela ikusita, bera ere ez da Martin, agertzen ez den eguzki izpietan isladatzen den bere azkenengo irudi geldia baizik. Euria ez da bukatzen eta, lokatzean geroz eta gehiago hondoratzen ari da. Eta ezin mugitu.

        — Amaa...!

        — Isildu zaitez, madarikatu hori! —ohiu egiten du Martinek. Beste aldetik negar isil bat entzuten da, bainan momentutik momentura geroz eta ahulagoa. Azkenean ez da ezer entzuten. "Hilko zen. Bere karraxiak ez naute gehiago nekaraziko. Liberal nazkagarri bat izango zen, noski. Baliteke ni hil nauena izatea. Bai...!"

        Martinek ez du ia bera bustitzen duen euria sentitzen eta zeru grisaren ordez mila koloreetako ortzi dizdiratsu bat ikusten du bere gainean bueltaka. Zainetatik odol asko dario bere inguruko lokatz zikina gorrituz. Azkenengo karraxiarekin hitzegiteko indar guztiak joan zaizkio. Bainan konortea ez du osorik galdu, oraindik pentsa dezake, oraindik gogora dezake. Adibidez, gudaren lehenengo egun zoriontsuak: gudalostearen kanta algaratsuak, lehengo gudate irabazien alaitasuna, herrietan ematen zizkieten harrera beroak, gudarien ohorea... Orain oroimenak bakarrik, ezertarako balio ez duten oroimenak heriotzaren ate zabal eta beltzaren ondoan.

        Bere eskubiko eskuak ez du oraindik askatu bere fusil zaharra, gudate guztian eraman duen fusila, heriotzaren mezulari hegalariak bidaltzen duen tresna miragarri hura. Ezin du ikusi (bere aurrean bueltaka ari diren irudi berde, hori, laranja, urdin eta gorriak ikusten ditu bakarrik), bainan bere buruak oraindik gogoratzen ditu bere zuzentasun luzea, egur leun eta iluna, burni gris garbia... orain lokatzez beteak. Orain arma suntsitzaile ikaragarri hau ez da gai ezta txantxangorri inoxente bat hiltzeko: urak suak itzaltzen ditu, eta fusila ere.

        Guda zelai gainean ez du atertu, bainan tiroak eta kanoiak isildu dira. Gaurkoz guda bukatu da. Bi aldeetako jeneral eta buruzagiak beren lana egin dute; batzuk ehundoko garaipen militarra lortu dute, besteek erretirada taktiko bat bakarrik agindu dute bere gudalosteei "besteek konfidatu daitezen". "Edozein gauza" pensatzen du Martinek "haiek bere koarteletan lasai lasai eserita besteak bere plano eta mapetan hiltzen garen bitartean. Hau zentzugabea!". Momentu hauetan beste aldean dagoen liberal hilataz (ala deitzen du, nahiz eta ez badaki beste aldekoa karlista ala etsaia den) oso gertu sentitzen da. Berak ere, pentsatzen du, bere buruzagien aginteak betetzen zituen eta bera hil behar den bezela hil da. Ah, jeneralak... Martinek Don Karlos gure erregea (Jainkoak gorde bedi) ikusi zuenean nahiko desilusioa hartu zuen. Ez zekien (eta ez daki) zer espero zuen izango zela erregea. Urrezko koroa bat eramango zuela pentsatzen al zuen? Ez al zuen espero gizon normal bat, bere larruzko botak lokatzean ez zikintzeko bere zalditik jeisten ez zen harrotasunez beteriko bat? Hori al zen Don Karlos?

        Hala ta guztiz ere borrokatzen jarraitu zuen inork ulertzen ez zuen Gomez Kapitain erdaldunaren ordenetan. Guztiz euskalduna zen gudaloste baten aurrean erdaldun bat jartzea! Txorakeraik!

        Azkenean erdera pixkat ikasi zuten, baina gudalostea eta kapitaina ia keinuka komunikatzen ziren. Guda kontuak! "Orain Gomez Kapitainak, bizirik baldin badago, ez nau hemendik aterako, ezta nere taldeko inork".

        Azkenengo gudatea oso gogorra izan zen. Bonben eztandek alde guztietatik inguratzen zituzten karlistak eta denbora gutxi barru inork ez zekien nondik nora zijoan. Liberalen fusilak aurrean, albotan suzko herioa. Batzuk buelta eman eta ahal zuten azkarrena alde egin zuten. Besteek ez zuten hainbeste zoriona izan, Martinek haien artean. Bere aurrean liberalen uniforme bat erdikusi zuenean, pentsatu gabe, fusila hartu eta tiro bakar bat bota zuen. Gero trumoien eta balakaden txistuen artean sahietsean min bero bat sentitu zuen. Oraindik zutik beste bala bat sartu zioten tripaldean, eta erortzen zenean beste bat besoan. Karraxi eta ohiu ikaragarriak bonbek irekitako zulo batean erortzean... odola larrosa lirain bat bezela zabaldu zen lokatza hezearen gainean. Mina, mina eta beroa ur tanta hotzen azpian. Euriarekin nahiasten den izerdi koipetsua. Bonben eztandak. Tiroak, karraxiak. Inpernuaren itzala Jaungoikoaren lurraren gainean. Zulo zikinak gudarien hilobiak izango dira, eta haiengatik azken otoitzak euri tantek lurrera erortzean abestuko dituzte. Martinek, azkenengo aldiz, begiak itxi ditu. Bere eskubiko eskuak gogor eusten du oraindik fusil bat; lokatzez estalita, ezkerreko eskua ez da ikusten. Odola dario zaurietatik.

        Atertu du. Eguzkiaren izpiak apal apal agertzen dira hodeien tartean. Guda zelaia gainean haize ebakitzailearen soinua entzuten da bakarrik. Zuloz beteriko lur hau ez da Mundu hontakoa, Heriotz hortz gabearen Erreinukoa baizik. Bihar edo etzi, gizonena izango da berriz ere. Bainan bitartean odola lokatzaren gainean baizik ez dago.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.