Tiro hotsak
Joseba Sarrionandia
Tiro hotsak eta harrizko isiltasuna.
Ezertaz ohartu gabe doaz hodeiak.
Polizia espainol bat espaloian ahuzpez.
Zer tinta moeta da saihetseko gorri hori?
Leihotik andere bat hilari begira:
Ez diat hire arnasagatik negar egingo
harik eta gure semea etxera bueltatu arte.
Gorputza harri gainean odolustuko da,
isilean, hodei berrien babesik gabe.
Gero kalean kaskilo bat geratuko da,
seme galduaren gela baino hutsagoa.
|