L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Zantzoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Zantzoa-4 (1997-negua) —Hurrengo artikulua




 

 

Elurraren perbertsioaz

 

Iragorri

 

Goiz jeiki ziren, eguzkia irtetzeko zenbait ordu falta zenean. Zaindariak beren dendetara abiatu ziren, erdi jelatuta, erdi ohituta. Monotonia beldurgarri batez kanpamendua mugitzen hasi zen, astiro-astiro. Lutterrek, desertatu ez zuen soldadu mehe hark, elur poltsak batzen ziharduen, egun hartan ere zopa. Elur birjinaren zuriak hura eta haragoko beste hura ere estaltzen zituen , inongo gupidarik gabe, eta Lutterri ez zitzaion poltsarik geldituko.

        Eguzkia irtetzeko beldurrez zegoela ematen zuen, ilargiak ere desertatu zuela esaten zutenean. Bitartean, trintxerako gizonak ez ziren inoiz gero eta hurbilago zirudien bonben melodia horretara ohituko, denbora izozten zuten instrumentuenera. Sukaldetik hurbilen zegoen trintxerako gizon gaztea aurrez-aurre zuen pinudian fijatu zen, etsaia noiz azalduko zain, etxaldera noiz itzuliko zain. Alboan zuen trintxerako bigarren gizona, zaharragoa, ez zen arduratzen, bazekielako bihar ere elurra egingo zuela, eta berriz ere zopa izango zutela. Ez oso urrun, Lutterrek elurra batzen jarraitzen zuen oraindik. Noizean behin begirada jasotzen zuen, gelditzen zitzaion elur guztia ikusi eta buruaz ezezko keinu bat egiten zuen, ezetz, ez zuela poltsa nahikorik izango. Eguzkia atera zen, badaezpadako mugimenduekin, eta mezulari berria heldu zen kanpamendura, zerbait beroa nahi zuela xuxurlatuz. Mezularien trintxerara salto egin zuen, zoparik gabe, Lutterrek ez baizuen oraindik elur guztia batu. Mezularien trintxeraren aldamenean heroeena zegoen, sukaldetik oso urrun. Bertan, trintxerako hirugarren gizona punteria lantzen zebilen pazienteki erortzen ziren elur malutekin. Egitan elur malutek ez zuten oihu latzik botatzen, baina eguzkia izozten zuten, eta trintxerako gizona.

        Goian, hodeiek eta eguzkiak betikoa zen burruka hasi zuten. Behean, betirako zirudien sintonia paranoiko horretan denak berdin jarraitzen zuen, zerbait hotzago agian. Inori ez zitzaion elur boletara jostatzea bururatu, ez eta panpinak egitea ere, soilik Lutterri, elurra batzeaz aspertuta. Gero eta urrunago botatzen zituen elur bolak segitzen zituen heinean, apurka-apurka sukaldetik urruntzen zen, metro bat, eta bi, eta konturatu zenerako desertatu zutenen zerrendan zegoen, elur bola batekin. Trintxeretan, beste sukaldari bat aukeratzen zuten bitartean, elurrak gero eta tontor handiagoak sortzen zituen, eta inor ohartu orduko trintxera bat gutxiago izango zuten. Baina eguzkia elur malutekin batera erori zen, eta egunero bezala, betiko ordu berean, pinudiaren bestaldetik zetorren bala galdu batek trintxerako laugarren gizon bat zatitu zuen, begiak puztu zizkion, eta tinta gorri lodi bero batek, elurrean irristatuz eta zuria zikinduz, eguneroko trintxera berria zabaldu zuen, borrokan hildako gizonena. Eguzkia joana zen, eta gaueko zaindariak beren dendetatik atera ziren. Bakoitza bere posturantz, lurrina ahoan, elurraren kolorea zein ote zen komentatzen zioten elkarri, trintxera laberintoetan.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.