L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Xaguxarra aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Xaguxarra-2 (1981) —Hurrengo artikulua




 

 

Ondotik hondora

 

Imanol Zurutuza

 

"Ilunpean galdu zen ene itzala" —kontatu zidan— "eta ikaratu egin nintzen. Bakarrik sentitu nuen neure burua, inork ez omen zidan oraingoan lagunduko. Agure bat agertu zitzaidan, jaka beltz bat jantzita, makulu batez, soina aurrerantz okertua. Ardo botila bat eskeiniz edan nezan esan zidan eta egin ere halaxe egin nuen. Lehen aldiz edaten nuen ene bizitzan Oporto ardoa eta gustatu ere gustatu egin zitzaidan. Bigarren zurrupada bat eman nion botilari eta agureak farre egin zuen. Neronek ere, ispilu bat bainintz, farrari ekin nion algaraka. Gero ardoa berreskuratu nion, pena piska batez, baina aurrean nuena lagun fidegarria zatekeela pentsatuz. Hala gertatu zen eta luzaroan zurrupatuz gero berriro pasa zidan likidu gorriska hura. Irrikaz hartu nuen eta kolpe batez hustu. Eten egin zuen une luze batez hizketaldia eta leihotik barrena itsasorantz begira gelditu zen".

        "Gaztainak jatera gonbidatu nuen" —jarraiki zuen kontaera— "eta basotik elkar helduta ibili ginen euria hasi zuen arteraino, Taberna ilun batean sartu ginen orduan eta ardo botila bat eskatuz mahai ezkutuenean eseri. Laster hustu zitzaigun ordea botila eta bigarren bat eskatu genuen. Hitzegiten hasi zitzaidan —ordurarte ez genion elkarri deus ere esan—. Bere historia zen. Nik oso tristea izango zela uste nuen hasieran. Gero ikusi nuen ez zela batere tristea" —berriro etenaldi bat egin zuen, oraingoan laburragoa, eta honela jarraiki zuen—: "Gau ilun bat omen kale hestu ezezagun haietan lehen aldiz galdu zenekoa, eta beldurtu egin omen zen. Ba omen zekien mozkortzea erremedio on bat izan zitekeela, ze gazte zelarik frogatua baitzuen, eta hartara jarri omen zen. Tabernaratu omen zen lasterka, zoko ilun batetan eseri zela, eta botila baten ondoren beste bigarren bat ere hustu omen zuen luzaro gabe. Baina berriro kaleratu zenean inoiz baino beldurtzenago omen itzal bakoitzaz, haize balada bakoitzaz, mozkor beste zenbaitekin topo egin zuen arte eta haien bizkarretik ibiltzen hasi. Edaten jarraiki omen zuten gau osoz eta orduz gero gau oroz ere etortzen omen zen taberna haretara mozkortzera, eta beti ere beldur zelako gizon zuhurregiez, eta berak ez zuelako probetxuko gizona izan nahi. Hemen gelditu egin zuen kontaera eta aurreko ispilu beltzaruntz begira gelditu zen. Patrikan gelditzen zitzaidan azken gaztaina hotza eskeini nion eta bihotzez eskertuz hartu zidan, eta bere jaka beltzean jaso. Bazirudien malko bat isuri behar zitzaiola, baina ez zitzaion isuri. Isilune luze batek menperatu gintuen. Neroni urdurixe nengoen".

        "Pentsatuko duzu" —hasi zen berriro azkenik— "hizketaldi honekin neure burua lasaitzea bilatzen dudala bakar-bakarrik, baina hori ez da egia. Ni neroni baino gehiagoren bat izan behar du nire hitzaldiaren entzule, horregatik ari natzaizu, baina berdin da, gizonok adierazpide berezi bat asmatu arte ez dugu elkarrekin komunikatzen ikasiko. Baina ahaleginak bai, egingo ditugu oraino". Nik ez nion deus ere erantzun benetan gustora entzuten nuen haren hizketaldia, eta bitartean bigarren botila bat eskatu nuen.

        Luzaroan iraun zuen hark berean. Azkenean, berriro ere besotik heldurik, kanporantz abiatu ginen tranbalaka, mozkorturik baikeunden.

        Zubi ondora iritsi ginenean berriro hasi zitzaidan bizitzaren zentzugabetasunaz hitzegiten, berak behintzat ez omen zion zentzurik aurkitzen. Neronek ere ez niola aurkitzen erantzun nion eta ez nuela uste gainera beharrezkoa zenik bizitzari zentzu bat aurkitzea, hobe litekeela zentzugabetasunaren kontzientzian irautea, eta haserretu egin zeneko antza hartu nion orduan. Isildu egin nintzen, ze uste bainuen bere ideologiako puntu garrantzitsu eta horregatik perilosen batetan ukitu nuela eta hura zela haserrearen zioa. Hobe da, pentsatu nuen, berak bakarrik hitzegin dezan, eta isilik jarraikitzeko asmoa hartu nuen.

        Nik nahi baino gehiago luzatu zen isilunea. Hala ere galdegin zidan azkenean ea zer esan nahi izan nuen zentzugabetasunaren kontzientzia aipatu nuenean, eta hori dogmatikoki asumitzen ote nuen ala aldiz egunez egun ziurtasun hori bera —zentzugabetasunarena— ez ote zitzaidan dudamuden mailara iristen, kulunkatzen. Erantzun nion dogmaren etsai gogorrenetakoa gogorrik badago naizela, baina oso eskeptikoa naizela, eta mozkorra nengoela, eta esaten ari nintzen guztia bizitza bera baino zentzugabekoagoa zela, eta beste batetan hitzegingo genuela horretaz, berak bahi balu, eta barka, ze absurdoa naiz, eta nigar egiteko gogoa sentitzen nuela esan nuen guztiagatik, eta barka... eta negarrari ekin nion, eta berak bere besoetan hestutu ninduen maitale on eta konprensiboa bailitz, eta eskerrak eman nizkion, eta inoiz bere ondotik aldeginen ez nueneko zina egin nion, nere odol gorriagatik, nere ohoreagatik, ez dakit zenbat gauzagatik.

        Begiak ireki nituenean tren geltoki batetako banku zahar batetan etzanik nengoen, gainean jaka beltz bat neukalarik, eta ez nuen hotzik. Bera lurrean eserita zegoen, jertse hutsean, hotzez dardarikotan. Eskatu nion etzan zedin nik lo egindako tokian eta utz ziezadan bere jakaz eta baita nere urdinaz ere estal nezan ardo botila baten bila joango nintzen bitartean.

        Tabernatik itzuli nintzenean ez nuen banku gainean nere jaka urdina baizik aurkitu, eta eskolako haur letrez idatzi paper zikin bat "barka bizitza absurdua da". Beldurturik, hasi nintzen alde guztietara begira eta ez nuen aurkitu nahiz egun guztiz hiriko zokorik zokoenetan ibili. Arrastiriko orduan entzun nion atso bati gizon bat aurkitu zutela uretan itota zubi zaharraren parean eta ikara zabaltzenago zitzaidan gorputz guztian zehar. Laister jakin ahal izan nuen, ikusi egin nuen, bera zela. Hilerriko mahai hotzgainean ikusi nuenean negarrari ekin nion indarka ordu luzez barru kanporatu ninduten arte. Gau hartan ere berriro mozkortu nintzen.

        Taberna zokoan emakume lodi bat zegoen. Hurbildu nintzaion, eta hitzik atera gabe ene besoez inguratu nuen, zuhaitz lodi bat inguratu nahi banu legez. Ez zen mugitu, eta ezta zen gizonik ere etorri zeloski niregana. Honela besarkaturik nuela kontatu nion neure tragedia eta larrua jo nahi nuela konfesatu. Bertan egin genuen gertuen zegoen —nahiko urruti— bonbila itzali nuen ondoren.

        Gau izarreztatuaz alegeratuko ote nintzen, gonbidatu nuen paseia gintezen. Uste gabean iritsi ginen zubi zaharreraino, konturatu nintzeneko, eta bera hasi zen lehenik negarrez, kontatu dizkiodan gauzagatik agurea nahiko ezagutu eta estimatu ahal balu legez, haren deitoratzaile ordaingabea. Orain ere ustegabean, zaflada bat jo zidan masailean, konortea galtzeraino; ene onera itzuli nintzeneko ene begibistatik galdua zen. Orduan ordea garraisi ito batzuk entzun nituen errekaldetik: bera zen. Ezin ahal izan nuen ezer ere egin. Baina nik ezin nezakeen neure buruaz beste egin, nik bizitzaren zentzugabetasuna dastatu nahi omen nuen, emeki, poliki, geldiro, astiro, eztiki,... eta gertueneko tabernarantz zuzendu nintzen ardo botila baten bila.

        Gazte bat topatu nuen tabernarantz nihoalarik, eta nere ezbeharrezko historia luzearen berri norbaiti eman beharrez, gonbidatu egin nuen, nahiz ardorik ez omen zuen edaten, baina egia esan gaur berdin zitzaiola, berak ere bazidala zer kontaturik, norbaiti kontatu beharrik, bere ezbeharrak, mozkortzeak onik egingo ziola agian egun hartan. Botila botila ondoren hiru lau hustu genuen, eta besotik elkar heldurik kalera irten ginen ilargiaren argitasunaz, melodia leun bat bailitz, geure buruak errekari eskeintzera.

(1980)

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.