L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Xaguxarra aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Xaguxarra-2 (1981) —Hurrengo artikulua




 

 

On deritzut

 

El Batxiller Zalakain

 

Argazkian agertzen den bezala zen, bai. Bainan ezberdintasun tipi batekin: orduan gaua zen eta pareko horman daukagun argazkian egunez duzu. Baaai! Ez zaizu gogoratzen?

        Hor, erdian, espaloi izkin batetan farola, izeturik, argi mehez bere ondoko bazterrak soilki argitzen. Eskubitako aldean kafetegiko argia kristalean, kea, argi hark argitutako aide zatian ikuskor. Baina beste xehetasun bat falta dut. Ez duzu uste? Ez, ez esan, nik erranen dizut: musika. Karrikatik barneko ifernuko hauspolariaren musika entzun zitekeen, baina kea eta argia ikusi ahal ziren modu berberaz.

        Edonork Montmartreko edozein tabernatako kopia merke bat dela pentsa dezake, bainan hango alkantarila, jantzi denda eta hondoko ertz hartan hormaren kontra dagoen gizona, eta batez ere argazkiaren eskumatako behe aldean azaltzen den izenpena ikusi eta gero, laster konturatuko da ezinezkoa dela Montmartre izatea. Agian hiri hau Pariseko kopia bat da edo mundu osoko hiri guztiak Pariseko kopia bat besterik ez dira, edo-ta Paris nonnahi aurki dezakegu, Paris deitzen duguna guztien exponentea delarik.

        Eta momentu hartan, (argazkian ez gara azaltzen) sartzen erabaki genuen. Zu bezain ondo gogoratzen naiz benetako eszenariora sartzean ikusitakoaz kanpoko dekoradoa utzi genuenean.

        Tunel batetik kanporatzerakoan gertatu ohi den argi bilakaera agertzen zaigun era berean, halegia gutxiagotik gehiagora, halan jazo zitzaigun tabernara barrruratzean. Karrikako isiltasunetik, argi eta musikazko erdiko belo ahulean zehar igarotzen, hilbete musikal eta argitsura pasatu ginen.

        Ezker aldeko mahai ilun batetan adineko bikote bat ahots motelez hizketan, gure aurrean barman lodi biboteduna, eta barrako eskuin aldean bi soldado beren ezkerretan, leiho ondoan, eserita zeuden bi neskei begira. Goiko aldean balkoi txiki batetan, argipean, ifernuko hauspolaria, aterantz begiratuz, bizitza zeukaten bere gorputzaren atal bakarrak eskuak zirelarik. Gu barrara hurbildu ginen eta han kopa bi eskatu genituen pattarraren usaina eta mamia dastatuz ...ezin izan ginen eseri, ez genuen denborarik izan, oso azkar gerta zedin. Leihotik hamar metrotara eror zedin. Ez genuen gertatuko zenaren seinalerik jaso. Egia esan, ezin dut esan hor zegoen ala erori egin zen. Eztandaz kristalak apur zitezen, kea pasatzen uzten. Zu, besterik ezin nuen ikusi, keak dena itsutzen zuen eta. Bazirudien, kea zeharkatuko balitz beste mundu batetara iritsi edo pasatuko zela. Eta hala izan zedin, kea ezaba baitzedinean han agertu zitzaiguna zen beste mundu horren islada gure munduan.

        Bi nesken hilhotzak, hilhotz ezagun gabeak, deseginda gure aurre-aurrean genituen. Gainerakook salbo gengozen. Soldadoak harritu eta geldirik zegozen, apika, gau hartan fronterantz abiatu behar ziren, han eridenen zutenaren aurreikuste zitzaielako. Berehala Gurutz-Gorriaren destakamentu bat hel zedin, zer edo zer egin zezaketen jakiteko eta erantzuna ezezkoa zedinez gero, hilhotzak jaso eta kamioira eraman zitzaten, agudo alde eginez...

        Ah! Parka isilune honengatik. Kopek zoritxarronez zutik zirauten, eta elkar ezer esan ez genuela, hustu genituen. Nik ez dakit, behar hada pattarraren liluraz edo, elkarri begiratu genion isilik geratuz harik eta leihotik sartzen zen hotzak gure ahoak tartekarazi zitueneneino. Irrifarra timidoto gure aurpegietan zegoen...

        Bai, oraintxe egin duzun moduan, musu eman zenidan.

        Giroa lasaiturik taberna betetzen ari zen eta bakartasun apur bat bilatu nahiz karrikaratu ginen, gogoratzen zaizu?, eta kalean, justu-justu farolapean taberna ondo-ondoan, zatitutako leihoaren kristalak zapaltzen genituela, gelditu zintudan eta zure begiei begira esan nizun:

ON DERITZUT!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.