|
Eder bati
Jon Mirande
Beraz, Eder, ez zera
Etorri deikunera
Nahiz otoitz egin nik.
Hits ordea ez nago:
Zuretzako gehiago
Ez dut maitasunik.
Iruditzen zitzaidan
Zeudela zure baitan
Atse denak — atso
Gaurgero, neska gazte
Eskua dut emazte,
Eutsiko zait zintzo.
Andere bihotz aizun
Damutuko ez zaizun
Ni utziz, nork daki?
Bai orduan alperrik:
Ez dizuket eskerrik,
Eskua dut aski.
Andere begi urdin,
Zu joanik ere berdin
Bai pozik naizela!
Nerau neronen jabe,
Besteen beharrik gabe
Jainko bat bezela.
50.12.18
|
|