Maggie, indazu kamamila!
Joseba Sarrionandia
"Itxas-zabal gorri batean murgildu zan, itxas-ontzi zoritxartu baten antzora"
Jon Mirande
I
Iadanik iragan dira hamar urte horditurik etxera eraman behar izan ninduteneko lehen arratsetik. Gogoratzen dut whiskia edan ondoren edalontziaren zelara begira gelditu nintzela eta beiraren moldeen dizdirak zoratu ninduela, eta espiralean lerratua nekusala ortzadarra, suge bat bailitzan, orotatik deusetara biraka eta nigana amiltzen. Garai haretan, orain bezala, Rum karrikan bizi ginen, Manhattango etxarte hestu batetan, bigarren etxebizitzan. Konorte gabe eraman ninduten, bada, biharamunean erran zidatenez, eta esnatu nintzanean gorputz osoa mindurik somatzen nuen. Egunsentia zen eta, atorluzez jantzia, amona hurbildu zitzaidan oherat.
Egun ona al duk, Stephan? erran zidan hasarre. Bart, ganora baino alkohol gehiago ekarri huen etxerat. Elbarriaren gisan heldu hintzen. Har ezak kamamila hau!
Deus ihardetsi gabe edan nuen, kehea zerion arren. Amonak hartu zuen kikara, gure aitona zenak bere garaian lan gehiago eta atxakia gutxiago zituela ahopeka zioela, eta eskaratzerat joan zen. Amonarekin eta amarekin bizi nintzen, eta ez da erreza alargun birekin bizitzea: samin, oroitzapen eta etsipen sobera. Ez zitzaidan laket andere bi haien arrengura: amonaren baitan tristura ohitura zen, adinaren eskaintza; ama maiz kausitzen nuen horditua, bakardadeagatik, ohituragatik ere. Ez da atsegina auhenak aditzea, oinazea kutsatu egin ohi bait da. Halaere maite nituen, ia andere bi haiek ni maite ninduten bezainbat, norbere haragiaren haragia bezala.
Baina ez nintzen usu egoten etxean, lantegitik irten eta ziutateko ostatuetarat abiatu ohi nintzen edo, eguraldi onez, espaloietan barrena paseatzen nintzen. New York geometriaz eta hestutasunez da taiutua. Orri erori bakoitzaren azpian odol tanta bat kausitu ahal da, zementoan iskribatua. Lau miloi ahate hiltzen omen dira hemen egunero, eta miloi bat axuri, eta milaka zakur deslai, New York hitsean. Hudson ibaiak bost miloi gizonen gernua eta lau miloi emakumeren hilerokoa darama, korronte goibelez, olioz gantzuturik. Hiri handian arratsak goizak baino argitsuagoak dira, itzali egin ohi da mundua eta izotu ziutatea. Arratsetako hainitz koloreen artean abiatu ohi nintzen, batzutan, abenida luzeetan zehar, oinez, ilunabarretik goizaldera arte, East River eta Bronx alderaino ere. Neskatilak, zeta koloretsuzko soinekoz, izterrak keinuka erakusten dituzteneko karriketan behera ere ibiltzen nintzen. Ibili, kaixoriak ezkutatzen zirenetik egunkari saltzaileak ihalgitzen zirenera arte, zangoek orenak irabazi nahirik bezala. Bestetan taberna edo ostaturen batera sartzen nintzen, laztan zailaren bila edo sabela whiskitan itotzeko asmoz.
II
Goizero, gosaria berotu eta iratzartzen ninduen amonak lantegirat abiatzeko orduan. Bai, arras maite nuen, oroitzen dut atorluzeaz eta ile urdinduak orraztu gabe etortzen zitzaidala ohera, egunsentiro, kamamila kehetsu bat eskuan.
Udazkeneko goiz batetan amona ez zen esnatu, ez ninduen iratzartu, loak hartua zegoen, baina betirako loak, hila zen. Gauez hil zatekeen, iskanbilarik gabe, bizitzari atxikia irauteko ahaleginik gabe, deihadarrik gabe. Loaren antzera zetzan gorpu, hotzik.
Musu batez lehortu nituen amaren lehen negar anpuluak, gero, nigarretan lagundu nuen, malko epeletan amamattoren arima gordetzeko. Biharamun arratsaldean ehortzi genuen, panpina zahar bat bailitzan, eta lili more bi ipini genituen haren hilobiaren gainean, han, altzifres garaien artean, horma zuriz hesinguraturiko heriotzlarre berdean.
Amattok ez zuen sekula ahantziren. Hotzaren eta tristuraren ikaraz iragan zuen negu osoa. Horditurik kausitzen nuen egunero, lantegitik itzultzerakoan, eskaratzean edo ankaz gora logelan, auheneka. Laztandu, oi samina, eta ohera sartzen saiatzen nintzen. Batzutan irainez erasotzen ninduen oihuka, bestetan malkoak isuritzen zituen begi ubelduetatik erranez ez zuela berriro edanen. Baina hurrengo egunean ere berdin kausitzen nuen, alkoholean itoa. Alkoholean baino lehenago, ordea, bakardadean itotzen zen amatto, eta bakardadeak bizitza urratzen duenean iadanik hutsalak dira grinak oro.
III
Eurijasa handia zen eta museorat sartu nintzen, aterik zabalena harakoa zelakotz edo. Han, barnebideetan, noragabetu ondoren, kuadro erraldoi bati so geratu nintzen. Pintura koloretsua, marra oroek zipriztindua, aldiberean izugarri geldoa eta izugarri higikorra: pinpilipausa amorratuen lorratza bezalakoa.
Jackson Pollock Number 1, hauxe zen azalpen bakarra. Harriturik nindagoen begira, emakume bat mintzatu zitzaidanean.
Ez al da halakoa erotasuna?
Nik irri egin nuen, ustekabean harrapatu ninduelarik. Kuadroa begiratu nuen berriro, emakumea behatu orduko. Ez nekien zer erantzun. Neska ederra zen. Buruko zapiak ez zion adats hori guzia ezkutatzen, begiak berde eta biziak. Bai, neska liraina zen.
Ni Stephan naiz. Zu?
Maggie, Maggie deitzen naute.
Gero, elkarrekin, beste kuadro batzu ikusi genituen. Wilhem De Kooning pintorearen Woman izenekoak arras ezagunak nituen emegalduak iruditu zitzaizkidan, ile horiko neskari deus ere erran ez nion arren.
Halan ezagutu nuen Maggie. Museotik irten eta zenbait tabernatara gonbidatu nuen, eta biharamunean egoteko orena ere imini genuen. Egunetik egunera elkarrekin egoten hasi ginen. Ez nion sekula galdetu zergatik zitzaion laket nirekin ibiltzea, seguruasko ez lekike, neuk bezala.
Neguan emaztetzat hartu nuen. Laket zitzaion amari, amen semeekiko zalantzan, eta boztu egin zen gurerat ekarri nuenean, Maggiek neska lerden eta finaren planta bait zuen. Ezteiak ez genituen arranditsuak egin, ez Maggiek ez nik genuen adiskide asko, eta ez genuen ezkonibilaldirik egin. Rum karrikako etxebizitzarat abiatu ginen, amarekin. Amak adore berri bat zuela zirudien. Eta, Maggiek eta neuk, gozoki elkar maitatuz iragan genuen lehen arratsa, goizaldera arte, ohea mundu osoa bailitzan.
Garai haretan goiz sartzen nintzen etxerat ilunabarretan eta Maggiek esnatzen ninduen goizero, loak hartu orduko bezala, maitasuna eginez.
IV
Baina iragan egin zen denbora eta, sukarrak itzaliz, elkar hurruntzen hasi ginen. Amodioa akigarria delakotz. Ezkonberritan egunero egiten bagenuen, iadanik ez genuen astero behin baino haboro egiten, larunbat arratsetan bakarrik, usu. Ni berandu iritsi ohi nintzen etxerat, maiz sukaldean kausitzen nuen ama, horditua, eta ohera eraman behar izaten nuen, lausenguka ihardesten zidala. Maggie ohean izaten nuen biluzik eta zain, nik ez nuen izaten grinarik ez gogorik deusetarako, eta maindire arterat sartzen nintzen haren bekaitzari so egin gabe. Ohartu nintzen, halaber, gure ama eta Maggieren arteko harremanak geroago eta hotzagoak eta betilunagoak zirela. Ni kaleetan barrena abiatzen nintzen, batzutan ostatuetarat sartzeko, hotzetik zein etsipenetik gordetzeko.
Ama gaisotzen hasi zen, horditua ez bazen sabeleko minez zen oinazetan. Han egoten zen, sukalde zokoan, eskuak ikara, ezpainak urdinegi eta koloreak zuri. Ediren ahal nituen boteila guziak kentzen nizkion, ohe azpietan eta armairu gainetan ezkutatu ohi zituen, baina harek, amatto maiteak, irainka ihardesten ninduen. Neuk eta Maggiek hil gura genuela erraten zidan oihuka. Nik ez nion eldarnio hari kasurik egiten, baina egunetik egunera ahultzen eta hondatzen ikusten nuen ene amatto, landare zimelduaren antzera. Dardaraka zuen gorputza eta ubelduz zihoazkion betazpiak, zeintzu arras hedatuak bait zituen aurpegian. Edanak, erraten genuen.
Maggie xeratsuagoa zen orduan, ama eriturik zela. Kamamila prestatu eta ohera eramaten zion. Baina amatto ahitu eginen zen hilabete batzuen buruan: zuhaitz eiharren antzera geratu zen egun batez. Hil zenean negar egin genuen, Maggiek ere, eta amonaren hilobiaren alboan ehortzi genuen, horma zuriek hesinguraturiko larre berde berberean, altzifresen artean. Eta lili horiak utzi genituen hango bakardadean.
V
Eta denbora iragan zen, astiro betidanik bezala, egunez egun. Maggiek ohean itxaroten ninduen arratsero, nik lan egin ondoren abenida eta karrika luzeetan barrena noragabetzen nuen, ez dakit nor edo zeren bila. Ohera sartzerakoan ez nuen mintzatzeko ez besterako desirarik, larrutan behar nuenean aski zen Maggieren bizkarra ferekatzea eta onartzen ninduen, eta amodioa egiten genuen. Ez, ordea, astero behin baino gehiagotan, ez amodio amultsua, ohiturak irakasten duena baizik.
Halako egun batetan, negua zela ez dut ahantzi espaloietan baztertua bait zegoen elurra, etxerat abiatu nintzen lantegitik irten ahala. Aurreko astebetean sorturiko sabeleko mina nuen eta ostatuetarat sartu gabe nindoan, ustekabean, gure ezteien laugarren urtebetetzea zela oroitu nuenean. Emazte maitagarria zen, ez ote nuen desestiman, saminez gogoratu nituen harek niri egindako onak eta nik hari emandago desplazer guziak. Une haretanxe loresaltzaile bat ikusirik larrosasorta bat erosi nuen, larrosa gorriak. Laket izanen zitzaizkion loreak.
Etxerat heldu eta isilkari igon nituen eskailerak gure bigarren etageraino. Ez nuen hotsik egin sarrailtzuloan higitzen, eta barrenerantz sartu nintzen, urratsak behatzetan sostengaturik eta larrosasorta bizkarrean ezkutaturik. Eskaratzeko aterat heldu nintzenean gelditu egin nintzen, han ari bait zen Maggie enetzako kamamila prestatzen. Zer emazte ona, pentsatu nuen, zer gotorra izan nintzen hainbeste urtetan zehar, baziren lau urte elkarrekin bizi ginela eta sekula ez nuen, sekula haren laztanarekiko eta ardurarekiko eskerrik izan. Eta, haatik, Maggie kamamila bero bat ari zen prestatzen ene mina sendatzeko.
Baina, eskuartean zer zedukan, botika bat, zertarako ote, kamamilara hauts batzu isurtzen zituen. Hobeto begiratu nuen, ikusi egin nuen, eta izutu egin nintzen, hura pozoina zen, pozoina zen.
VI
Izoztu egin zitzaidan zainetan odola, ez nekien zer egin, egoera berriaren aurrean hunkitua. Baina azkarki gibeleratu nintzen eta aldiberean sukalderantz bota nituen larrosak. Eskaileratatik behera egin nuen ihes, eroturik, orein erasoen gisan. Ez buruak, baizik eta oinek agindua. Ihes egin nuen, ihes, balanzaka, eta dardaraka heldu nintzen tabernarik hurbileneraino. Whiskia edan nuen eta honek itzuli zidan konortea, oldartuak nituen kirioak, arinduak biotzaren taupadak, eta aiherkundea, aiherkundea heldu zitzaidan gogora. Pozoinatu egin gura ninduen, horregatik sabeleko mina. Maggiek hil zuen ama, amatto maitea. Orduan entelegatzen nuen. Gorrotozkoa zen haren laztana. Mendekua behar nuen, Maggieren odola, haren giharrak, astindu egin behar nituen, beltzitu arte, bitsa atera arte. Hil eginen nuen.
Beste whiski bat edan eta abiatu nintzen etxerat. Iadanik arratsa zen, kolorezko argiak hiriko hormetan, euri eme bat. Hil eginen nuen labanez, soina hautsi eta erbaindu eginen nion aurpegia alde batetik bestera eta kolpatu, hil arte kolpatu, kolpatu. Laster heldu nintzen etxerat. Atea zabalik zegoen. Sukaldera sartu nintzen, altzairuzko labana hartu nuen, dardara senditu nuen. Han zegoen Maggie, zurbil, harriturik, ene haiduru sukaldeko baztarrean, auhenik ez, nigarrik ez, eni so.
Zergatik ez dun ihes egin? galdetu nion.
Norat nahi duk joan nadin? erantzun zidan begirada jasangaitzez.
Hara, han zegoen higatu gabe, hil nezan igurikatzen, ezpain lodiak erdi irekiak eta begi berde biak dizdiraz. Urrats bi egin nituen harenganantz, baina ezin nuen deus egin. Han nintzen ni Golem berpiztu baten antzera. Besoa nekaturik nuen eta erortzen utzi nuen altzairuzko labana saihetsetik zolara. Lasaitu egin nituen giharrak eta eseri egin nintzen aulkian. Erantzi eta ohera sartu nintzen, akitua.
VII
Ohean, maindire artean, larri nindagoen, ez bait nekien zer egin, aiherkundea heltzen zitzaidan gogoan berriz ere. Luzaroan pentsatu nuen ea gauzak halan utzi behar zirenentz, ez, hil eginen nuen. Harek hil zuen amatto, neu ere hil nahi ninduen, bere senarra, eta ez hasarraldi batez, egunez eguneko gorrotoez baizik. Emeki eta luzaroan asmaturiko hilketa bat zatekeen, hilzori gotor eta luze bat sortzeko, harria xahutzen duen itogia bezalakoa.
Ekar iezadan kamamila, Maggie! deitu nion errime.
Laster etorri zitzaidan kamamila kehetsu bat eskuetan, zurbil zetorren, lau hormen artean bizi direnen kolore urdinduez.
Biluztu hadi! agindu nion gotorki, altzatu gabe.
Erantzi eta ohearen alboan utzi zituen erropak, larrugorri edo areago larruzuri geratu zen higitzen ausartu gabe. Haren gorputza desiragarria zen oraindik, baina hil egin behar nuen, kolpatu.
Etor hadi ohera! erran nion, betizuari bezala.
Sartu egin zen Maggie, astiro baina beldurrez, emeki baina urduri. Haren gorputza ene alboan izan nuenean, hotza, ebatu egin nuen eta zaflatu, ezpainetatik odol hari bat zeriola geratu zen arte, baina ez zuen auhenik egin. Kolpatu egin nuen bizkarrean, eta sabelean, ahal nuen indar guziez. Kolpatzen nuen heinean Maggie ikaraz hurbiltzen zitzaidan, oinazez. Ukaldiko iraun nuen luzaroan. Maggie minetan umildua, odoletan, ene kontra hestutzen zen, besarkada basati batetan bezala. Nik kolpatzen eta Maggie auhenaka, arnas hestuka gorputza bihurrikatzen, oinazeak enegana bultzatzen bailuen. Biok odoleztaturik ginen, izerditan ere bai, elkarren kontra hestutuak, besarkatuak. Zauriak mihizkatuz eta musu gogorrez bildu ginen, mihiz haginkatzen zidala, kolpeka ninderraiola, haragia altzatzen zitzaidan artean. Orduan, elkar atxikiak geundelarik, amodioa egin genuen eta, oreka galdurik, zakarki estali nuen.
VIII
Geroztik, kamamila edan ondoren halan kolpatu ohi dut behar dudan guzietan, gupida gabe, baina ez sarri, ez. Iadanik ez naiz ohetik ihalgitzen, gaisorik nago, eta minez ikusten ditut iragaiten ene albotik egunak, eta gauak. Eta amaiera datorrela, oroimenaren irudiak itzultzen zaizkit gogora; hitzak eta eldarniozko ametsak ere.
Ametsak, amets asko eta amets berbera. Ortzera begiratzen dut eta hegaztiak ikusten ditut, usopasa bailitzan hegatsez, baina ez dira usoak, erroiak baizik, edo miruak. Erroi frango, munduko miru guziak bilduak, ekialdetik sartalderantz abiatuak ortze guzia estaltzen dutela, zohardia hozpeltzen dutela. Eta arraultzak lurrean, hareetan eta harkaitzetan, zuhaitzetan ere bai, eta arraultzakoskoak hausten xorikumeak sortzeko, zeintzu arineketan eta dardarka noragabetu ondoren hegaldatzen bait dira. Ni gaztelu garai batetan egoten naiz, murrailatik lantadatara beha, hegalek sortutako brisaraz. Gero hegaztiak biraka hasten dira goian, espiralean bezala hegatsez ertzean, argia ezkutatzen dutela, ilunbeak sortzen dituztela. Orduan Maggie etortzen zait ondora, ile horia eta larru zuria, sorbaldan erroi bat, esku batetan kriselua eta bestean kamamila dakarrela. Baina hegazti espiral eroaren dunbada eta haizeak itzali egiten du kriselua eta amilarazten nau amaigabeko leizera, ilunpeetako deusetara.
Esnatzerakoan Maggieri kondatzen diot ametsa, beti amets berbera, kamamila dakarkidanean. Erbainez betea du aurpegia, baina ez da itsusia, liraina da, gorputz guzia urdindu zaion arren. Seguruasko ez da egia inor hil duenik, ezer hil nahi izan duenik, agian ametsak dira ene oroitzapenak ere, agian neuk eragin dut Maggieren hilzoria. Orain, ohean natzalarik, maindire artetik, Maggie eta hiria besterik ez zaizkit benetakoak iruditzen, eta ez beti. Gauez, New York leihotik behatzen dut, desagertu egiten dira etxeak, eta leihoetako argi laukoitzak ikusten dira bakarrik, hiriko etxe handiak, gorputzik gabeko eta mila begiko mamuak bailiran. Mamua da, sarri, Maggie ere.
Bai, mamuak, heriotzaren igorleak, eta ni hemen, oinazetan ohean etzana, heriotze geroago eta hurbilago baten esperoan. Heriotzea, gauaren alaba, ametsaren emaztea, ailedi enekiko amoltsua izan.
|